Fiodor Xaliapin
Fiodor Ivanovitx Xaliapin, errusieraz Фёдор Иванович Шаляпин, (Ometeva, Kazan, Errusiar Inperioa, 1873 - Paris, Frantzia, 1938) opera-kantaria izan zen, bere garaiko kantari liriko ospetsuenetako bat.
Nekazari familia batean jaio zen, eta bere kasa ikasi zuen kantuan. San Petersburgon (1894), Moskun (1899), Milanen (1901), New Yorken (1907) eta Parisen (1908) egin zituen aurkezpenak Musorgskiren Boris Godunov operarekin; hogeita hamar urtez kantatu zuen mundu osoan, eta oso ospetsu bihurtu zuen. Europako hiri handienetan kantatu zuen, eta urte askoan New Yorkeko Metropolitan Opera antzokian. Beste interpretazio ospetsu batzuk: Dossifei, Musorgskiren Khovanshchina (Khovanstxina) lanean; Mephisto, Gounoden Faust lanean; Boïtoren Mefistofele; Masseneten Don Quichotte (Kixotea), eta Rossiniren Il barbiere di Siviglia (Sevillako bizargina). Antzezle bikaina zen, eta Pabst zinemagilearen Don Quixote filmean parte hartu zuen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.