Fontes Linguae Vasconum
Fontes Linguae Vasconum: Stvdia et documenta (FLV) hizkuntza ikerkuntzako aldizkaria da, Jose Maria Satrustegik sortua (1969); Institución Príncipe de Viana erakundeak argitaratzen du. Hasieratik eta 1991 arte seihilabetekaria zen, 58 zenbaki kaleratu baitziren, eta hortik aurrera lauhilabetekaria. 2010ean 110 zenbakira iritsi zen. Lehenengo hiru hamarkadetan 219 autoreren 675 artikulu atera zituen argitara. Euskararen oinarri historikoen ikerketak eta azterketa filologikoak argitaratzen ditu, bai eta hizkuntzaren lekukotasun aunitz ere, euskalkien berri edo eta beste alderdi historikoena ere ematen dutenak.
Artikuluak gehienbat euskaraz edo gaztelaniaz agertu dira.
Jose Esteban Uranga Galdeano izan zen lehen zuzendaria. Urte askoz, Jose Maria Satrustegik gidatu zuen, eta gaur egun Patxi Salaberri Zaratiegi, Uxueko nafar euskaltzaina da horren ardura duena.
Haren orrialdeetan zehar, hizkuntzalari ospetsu askoren sinadurak ikus daitezke, hala nola Koldo Mitxelena, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Ricardo Cierbide, Joan Corominas, Estornes Lasa anaiak, Julio Caro Baroja, Antonio Tovar, Jose Maria Sánchez Carrión Txepetx, Jimeno Jurio, Koldo Artola, Jose Maria Satrustegi bera, Iñaki Kamino, Iñaki Gaminde, edo egungo zuzendari Patxi Salaberri Zaratiegi, bai eta nazioartean ezagunak diren beste hainbat, Nils Holmer edo W. W. Schuhmacher esate baterako.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen iturrietako bat Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa da.
[aldatu] Kanpo erreferentziak
- Aldizkariaren web orria, Nafarroako Gobernuaren webgunean.