Francis Lopez

Wikipedia, Entziklopedia askea
Francis Lopez

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakFrancisco Jean Lopez
JaiotzaMontbéliard1916ko ekainaren 15a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaParisko 8. barrutia1995eko urtarrilaren 5a (78 urte)
Hobiratze lekuaMontmartreko hilerria
Familia
Ezkontidea(k)Sylvia Lopez (en) Itzuli  (1956ko azaroaren 7a -  1959ko azaroaren 20a)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakmusikagilea
Genero artistikoaopereta

IMDB: nm0530117 Allocine: 35841 Allmovie: p162480
Musicbrainz: e28378f0-7c63-46ee-b995-69fb61864f6b Discogs: 628115 Find a Grave: 6813 Edit the value on Wikidata

Francis Lopez, izen osoaz Francisco López (Montbéliard, Frantzia 1916ko ekainaren 15a - Paris 1995eko urtarrilaren 5a) musikagile bat zen. Kanpoan jaio eta hil bazen ere, Hendaiartzat jo ohi da. Luis Marianoren opereten egilea izateagatik lortu zuen ospea, besteak beste.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1916-1939: haur eta gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerraren inguruabarrengatik Franche-Comtén jaio bazen ere, euskal herritarra zen familiaz eta bizitzaren lehen urteez.

Francisco (Liman 1889an jaioa) bere aitaren familiak Perura emigratu zuen, hainbeste euskaldunek XIX. mendean egin zuten bezala. Europara itzulita, bere aita izango zena Hendaian kokatu eta dentista lanetan hasi zen. Berta-Ena Jambreau bere ama izango zena ere Hego Amerikan jaio zen, Buenos Airesen. Bere familia hendaiar jatorrikoa zen eta aita hil zenean hara bueltatu ziren. Beraz, Txingudi aldeko herri honetan ezagutu zuten elkar bi gurasoek.

Bere aita bost urterekin galdu zuen Lopezek. Ikasketak Paueko lizeoan egin eta gero Parisera jo zuen Medikuntza ikasketak egin eta bere aitaren moduan dentista bihurtu nahian. Piano jole amateur ona zenez Auzo Latindarreko kabaretetan jotzen zuen arratsaldeetan bere ikasketen zati bat ordaindu ahal izateko; orduan ez zuen buruan karrera musikalean bide egitea.

1939-1945: kantaren munduko hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurasoak kanpoan jaio baina bera frantses estatuaren barruan jaio zenez eta hiritartasun ofizial gisa frantsesa hartua zuenez Bigarren Mundu Gerraren hasieratik (1939ko irailetik) mobilizatu zuten; bere unitate militarraren Gabon ospakizunen harira konposatu zituen lehen kantak. 1940an zauritu zuten eta bizitza zibilera bueltatu zen. Parisen kabinete kirurgiko-dentista zabaldu zuen, arratsaldeak konposatzen pasatzen zituen bitartean.

Parisko euskal diasporan André Dassary kantaria ezagutu zuen, orduan Raymond Legrand orkestraburu eta moldatzailearekin lanean zebilena. 1942an aipatzeko moduko arrakasta lortu zuen Legranden orkestrak interpretatu zituen lau kantarekin: Le Rat des villes et le rat des champs, Perrette, Jim eta Refrain sauvage; azken honek beranduago "Diskoaren Sari Nagusia" erdietsi zuen.

Hortik aurrera Lopez arrakastaz arrakasta ibiliko da, ospe handiko interprete batzuen eskutik: Lucienne Delyle, Léo Marjane, Maurice Chevalier, Tino Rossi; baita orduan variété delakoan hasi berria zen Georges Guétary ere. Azken honen arrakastan ekarpen handia egin zion hendaiarrak Caballero, Robin des Bois edo A Honolulu kantekin, urte horietan guztion ahotan egon zirenak. Lopez bera kantuan ere ibili zen, berak konposatu eta aukerarako letrak idatzitako abesti batzuekin (Ma midinette, Heureux comme un roi) eta Le Parnasse kabaretaren zuzendaritza artisktikoa ere hartu zuen denbora batez.

1945-1970: ospearen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1945eko amaieran kanta arrakastasuen konpositore gisa jadanik ospetsua zela, Raymond Vincyren libreto bat oinarritzat hartuta La Belle de Cadix bere lehen opereta aste gutxitan idazteko mandatua jaso zuen. Lanaren izarra garai horretan ia erabat ezezaguna zen kantari bat zen, Luis Mariano. Oso bitarteko gutxirekin antolatu zen ikuskizun honek Casino Montparnasse delakoan ikusi zuen argia 1945eko abenduaren 22an. Berrogeita hamar bat antzezpen ematea pentsatuta bazegoen ere, bi urtez mantendu zen karteldegian.

La Belle de Cadix hirukote baten elkarlanaren hasiera izango da: Raymond Vincy, Francis Lopez eta Luis Mariano; taldea operetaren munduan jaun eta jabe izango da hogei urte baino gehiago. Hurrengo lana musikalki zailtasun handiagokoa egin nahi izan zuen, Andalousie; Gaîté Lyrique antzokian 1947ko urriaren 25ean eman zen, Luis Marianorekin ostera ere.

Lopezen ospea oso finkatuta zegoen dagoeneko eta opereta ugari ekoitzi zuen beti Vincyren (batzuetan bakarrik, beste batzuetan elkarlanean) libretoetan oinarrituta eta batez beste urtean bana egiten zuelarik; batzuk komedia musikal motatakoak (Quatre jours à Paris, 1948; Monsieur Bourgogne, 1949), beste batzuek dimentsio handiagoak hartu zituzten eta genero hau bere goreneko mailan kokatu zuten (Pour Don Carlos, 1950, Georges Guétaryrekin; Le Chanteur de Mexico, 1951, Luis Marianorekin). Châtelet antzokian ekoiztutako azken bi hauekin Lopez bere ospearen gailurrera heldu zen; 35 urte zituen.

Hamar bat urtez beste arrakasta batzuk kateatu zituen: La Route Fleurie (ABC, 1952, Georges Guétary, Bourvil eta Annie Cordyrekin); À la Jamaïque (Porte-Saint-Martin, 1954, Jeanne Sourza eta Christian Selvarekin); La Toison d’Or, (Châtelet, 1954, André Dassaryrekin); Méditerranée (Châtelet, 1955, Tino Rossik interpretatutako lehen opereta); Tête de Linotte (ABC, 1957, Annie Cordy eta Jean Richardekin).

1960ko hamarkada ez zen hain distiratsua izan.Yéyé musika (melodikoa baino erritmikoa) modan jarri eta variétéren munduan nagusitasuna hartu zuen. Francis Lopezek hurbilpen bat burutu zuen estilo berri honekiko, twist erritmoa opereta berrietan sartuz: Visa pour l’amour (Luis Mariano eta Annie Cordyrekin, 1961) eta batez ere Le Temps des guitares (1963an Tino Rossirentzat idatzita), non erritmo berrien eragina are handiagoa den eta belaunaldi berriaren kantari bat ere, Josy Andrieu, agertzen den.

Hala ere ikuskizun handiko operetak ez ziren erabat bazterrean geratu. Maurice Lamy, Châtelet antzokiaren zuzendaritzan Maurice Lehmannen ondorengoa zenak Le Prince de Madrid enkargatu zuen; 1967ko martxoan sortua eta Luis Mariano izarra zela bi urtez mantendu zen. 1968ko maiatzean Raymond Vincy bere kolaboratzailea hil zen. Châteleten 1969ko abendurako ekoiztu behar zen La Caravelle d’Or ikuskizunerako libretoa egiteko Jean Valmy eta hitzetarako Jacques Plante deitu zituzten. Luis Mariano, gaixorik, zenbait astetan agerraldiak eman eta gero utzi behar izan zuen. 1970eko uztailaren 14an hil zen Parisen.

1950eko hamarkadan frantses operetan arrakasta itzela lortu zuen hirukotean Lopez konpositorea baino ez zen geratzen. Hala ere beste arrakasta batzuk lortu zituen: Parisetik kanpo Rudy Hirigoyenek Viva Napoli! opereta arrakastatsu bihurtu zuen 1969 eta 1970eko irailean hiriburuan ere eman zen, Mogador antzokian.

1970-1994: zailtasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1970eko hamarkadan opereta krisialdian sartuta dago ezbairik gabe: rocka gailentzen ari zen eta gazte jendeak komedia musikal estatubatuarraren alde jotzen zuen. Gaîté-Lyrique itxita, Mogador beste estilo batzuen bila zebilen eta Châtelet porrot ekonomikoan zegoen Marcel Lamy hil eta gero. Bere itxiera ekiditeko Lopezi deitu zioten; hendaiarrak zuzendaritza artistikoa hartu zuen. Larrialdiak jota Gipsy (Parisen aretorik egon ezean Lillen 1971ko abenduan taularatutako opereta) ekoitzi zuen, José Todaro hasiberria izar zuela. 1972ko otsailetik lan horrek arratsaldero arrakasta jaso zuen aipatu antzokian[1]; André Martial orkestraburuak zuzenduta zegoen.

Les Trois Mousquetaires, Alexandre Dumasen liburuari oso egokitzapen librea eginiko opereta-western dei litekeena izan zen hurrengoa, 1974ko otsailetik hasita; Mario Brunini tenorearekin kontatzen zuten baina hau denbora laburra pasatu eta gero hil egin zen.

Volga, Châteleten 1976ko azaroan ekoitzia José Todaro eta Maria Candidorekin Lopezen neurri handiko azken opereta izan zen; 19 hilabetez mantentzea lortu zuen. Bien bitartean antzokia kudeatzen zuen elkartearekin desadostasun batzuk izan zituen eta bere zuzendaritza utzi zuen[2].

Mogador ere antzean zebilenez Lopezek ez zeukan neurri handiko opereta bat egiterik. Areto txikigoetan (Renaissance, Elysée-Montmartre, Eldorado) aritu behar izan zuen. Halakoetan orkestra kabitu ezinik, kantariak sintetizatzaile baten laguntza zuten musika tresna bakan batzuekin baino ezin ziren aritu.

Bitarteko mugatuekin bazen ere temati ibili zen Lopez: 1979tik 1994rako bere lanen katalogoak hogei titulu ditu (opereta bana urtero batez beste), hori bai garai bateko arrakasta ezin bilduz. Gainera azken urteetan zaila da jakitea zein den Lopezen ekarpena ekoizpen hauetan, Anja emaztearen eta gero Rodrigo semearen doinuak ere sartu zirelako. Azken obretarako Gésip Légitimus hartu zuen zuzendaritza artistikorako eta ordurako zaharrak ziren izar handiak izandako Georges Guétary, Rudy Hirigoyen, Maria Candido, Josy Andrieu...eta antzeko arrakasta mailarik lortu ez zuten gazteagoak: José Villamor, Katia Tchenko, Ricardo Garcia, Tony Gama, Richard Finell, Chris Keller.

Francis Lopez Parisen hil zen 1995eko urtarrilaren 5ean. Frantses estatu mailan XX. mendeko melodia egilerik handienetakoa da Vincent Scottorekin batera. Parisen ez honenbeste[3] baina bera hil eta gero oraindik ere probintzietako antzokietan sarritan ematen dira bere operetak: La Belle de Cadix, Andalousie, Quatre jours à Paris...Pasa den mendeko musikagilerik herrikoienetako gisa gogoratzen da[4].

Euskal Herrian ere bere kantarik famatuenak bertsio ezagun bat ezagutu du: Mejiko Eganek kantatua[5].

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Utzi digun obra kopurua munta handikoa da: 50 bat opereta, 1000 bat kanta eta 50 bat filmen musika.

Operetak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lopezek egindako opereten tituluak eta zein antzokitan eman ziren jasotzen dira; besterik esan ezean Pariskoak dira.

Iturriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Francis Lopez: Flamenco. La gloire et les larmes, Presses de la Cité, 1987, Paris; autobiografia.
  • Rodrigo Lopez[7], Daniel Ringold[8] (Philippe Guibousten esku hartzearekin): Francis Lopez et ses grandes opérettes, Editions du Rocher, 1996.
  • "Dossier Francis Lopez", Opérette aldizkarian, 95 alea, 1995eko apirilaren 15-uztailaren 15.
  • Syvie Février: "Francis Lopez (1916-1995)", Encyclopaedia universalis delakoan, 1996.
  • 1995ean hil zenean zenbait egunkari eta aldizkaritan agertutako artikuluak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. 600 aldiz baino gehiagotan emana.
  2. 1979an Parisko Hiriko Etxeak bere kudeaketa hartu eta bere XIX. mendeko bokaziora itzulita Théâtre Musical de Paris izenpean batez ere kontzertu-areto moduan erabiltzen da.
  3. 2006an Chanteur de Mexico obraren emanaldi berriek ez zuten arrakasta handirik erdietsi.
  4. Jean-Claude Fournier, "Un mélodiste exceptionnel : Francis Lopez", Opérette aldizkaria, 95 alea, 1995eko apirila-uztaila, 22.or.
  5. Datuak badok.infon.[Betiko hautsitako esteka]
  6. Iturria: filmaren datu orokorrak.
  7. Rodrigo Francisen seme bakarra da.
  8. Ringold Lopezen azken opereten doinuen egilea da.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]