Itziar Aldabe

Wikipedia, Entziklopedia askea
Itziar Aldabe
Bizitza
JaiotzaBeasain
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
HeziketaEuskal Herriko Unibertsitatea
Tesi zuzendariaMontse Maritxalar Anglada
Jarduerak
Jarduerakikertzailea eta informatikaria
Enplegatzailea(k)Euskal Herriko Unibertsitatea
Ixa taldea
HiTZ zentroa
KidetzaIxa taldea

Itziar Aldabe Arregi (Beasain, Gipuzkoa) Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzailea da Informatika Fakultatean, Ixa Taldean 2004tik eta HiTZ Zentroan 2018an sortu zenetik.[1] HiTZ zentroko zuzendaritza-taldeko kidea da.[2] Doktorego eta master ikastaroetan ere parte hartu du irakasle gisa.[3] Bere ikerketa-ibilbidean garatu duen lerro nagusia hizkuntzak, hezkuntza eta teknologia digitalak ikuspegi eraikitzaile eta kritikoz uztartzea da.[4][5]

« Euskara ondo dago kokatuta Hizkuntza Teknologian, Ixa taldeari eta beste erakunde batzuei esker, Elhuyarri adibidez. Hizkuntza gutxituen artetik esango nuke, ondoena posizionatuta dagoena dela. Hemen urteak daramatzate baliabideak sortzen edo biltzen. »

Itziar Aldabe (Goiherriko Hitza, 2017)

Ikerketa-ildoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzaren prozesamenduaren arloan aritzen diren Ixa Taldeko eta HiTZ zentroko ikertzailea da. 2011n defenditu zuen doktore tesian Arikiturri aplikazioa sortu zuen, euskara ikasteko ariketak automatikoki sortzen zituen aplikazioa. Tesiaren zuzendaria Montse Maritxalar izan zen eta testu-corpusak eta hizkuntza teknologia erabili zituzten ariketak automatikoki sortzeko.[6]

Ixa Taldean 2008an Hizkuntz irakaskuntza lantzen zuen azpitaldea
« * @Jibalari txiolariaren sei txioak 2013ko Txiotesia lehiaketan:
  1. Gramatika eta hiztegia lantzeko ariketen sorkuntza automatikoa, hizkuntzalaritza konputazionala jorratuz – ArikIturri tresna #txiotesia
  2. “Itsasoko ………… , esaterako, CO2 asko “irensten” du fotosintesia egitean.” a) florak b) planktonak c) animaliak d) landareak #txiotesia
  3. Zientzia-hiztegia; Distraigarrien sorkuntza automatikoa; Antzekotasun neurrien aplikazioa; Sistemaren ebal.:DBH2ko 951 ikasle #txiotesia
  4. “Jarraitu baino lehen ………… naizela esan behar dut.” a) rock zalea bat b) rock zale bat c) rocka zalea bat #txiotesia
  5. Gramatika ariketak: dekl., determ., aditzen erabilera;Adituen jakintza/corpusetatik jasotako erroreak; Ebal: euskara irakasleak #txiotesia
  6. ArikIturri: irakasleei ariketak sortzen laguntzeko tresna erabilgarria. HAP; Aplikazio domeinuak: Euskara; Zientzia @IxaTaldea #txiotesia
»

Itziar Aldabe (Txiotesia lehiaketa, 2013)[7]

Horrela, hizkuntzaren tratamenduko tresnak euskararen irakaskuntzan nola erabil daitezkeen aztertu izan du geroko ikerketetan; ikerketan hizkuntzaren prozesamendua, ikaskuntza eta material didaktikoen sorkuntza lantzen du.[8] Taldean sortutako tresnak euskararako eta Irlandako gaelerarako ere erabili izan dituzte geroago.[9]

Euskara-irakasleei laguntzeko egiten duten beste ikerketa bat erantzunen kalifikazio automatikoarena da. Oro har galdera irekien erantzunak guztiz zuzen kalifikatuko dituen sistemarik ez dago egun, baina nazioarteko ataza hauetan pixkana-pixkana aurrerapauso handiak ematen ari dira ikertzaileek. Galdera irekiei erantzuteak ahalegin handia eskatzen du, baita kontzeptuak argi antolatuta edikitzea ere.[10]

Besteak beste, EHUko, Eusko Jaurlaritzako, Madrileko Ministerioko eta Europar Batasuneko deialdietako hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu du, eta ikerketaren arloko enpresekin eta zentroekin kontratuak ere izan ditu.  Besteak beste proiektu hauetan parte hartu du:[11] NewsReader[5] (2013), Linguatec[12] (2018), DeepReading[13] (2019), ELE: European Language Equality I[14] (2021), ELE II[14] (2022), Scaling language models for low-resource languages (Baliabide gutxiko hizkuntzentzako hizkuntz ereduak eskalatzea)[15] (2023), eta ILENIA: Impulso de las lenguas en Inteligencia Artificial (Hizkuntzak aupatzea Adimen Artifizialean)[16] (2023).

Prestigio handia duen Association For Computational Linguistics inguruko aldizkari eta kongresuetan 10etik gora ekarpen zientifiko egin ditu.[1]

LINGUATEC eta ELE proiektuak. Hizkuntza gutxituentzako teknologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ELE proiektuan[14] (European Language Equality, 2021-2022) Europako 43 hizkuntzen teknologia-baliabideak aztertu zituzten.[17][18]

Baliabide gutxiko hizkuntzentzat mesedegarri izan daitezkeen tresna teknologikoak direla eta, aipagarria da Aldabek LINGUATEC eta ELE: European Language Equality proiektu europarretan parte hartu zuela.

LINGUATEC proiektuaren xedea oso praktikoa zen: okzitanieraren, aragoieraren eta euskararen digitalizazio-maila hobetzea. Helburu hori bete-betean lortu zuten proiektuko partaideek: Elhuyar Fundazioa. (proiektuaren burua), Lo Congrès Permanent De La Lenga Occitana, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHUko Ixa Taldea) CNRS-Toulouse (Centre National De La Recherche Scientifique), Euskaltzaindia eta Aragon Turismo. Hauek izan ziren 2018 eta 2022 urteetan lortutako emaitzak:[19]

  • EUSKARA: Hizketa ezagutzeko tekniken bidez, Iparraldeko euskarazko hizketaren sintesia; Funtsezkoa zena gailu mugikor ugariren interfazerako. Gaztelania-euskara bikotearen itzulpen automatikoa hobetzea.
  • OKZITANIERA: Hiztegi elebakarra: ohiko hitzen bilduma okzitanieraz; Hiztegi elebiduna: ohiko hitzen bilduma okzitanieraz eta haien ordainak beste hizkuntza batzuetan; Analisi morfosintaktikoa: hitzen erroa, aurrizkiak eta atzizkiak banatzea; Analisi sintaktikoa: taldeak osatzen dituzten hitz-segidak ezagutzea; VOTZ: Okzitanierazko hizketaren sintesia. Funtsezkoa gailu mugikor ugariren interfazerako; ReVOc: Okzitanierazko hizketa-ezagutzailea; Frantses-okzitaniera bikotearen itzulpen automatikoa hobetzea
  • ARAGOIERA: Aragoierazko hizketaren sintesia. TRA: UZE: Gaztelania-aragoiera bikotearen itzulpen automatikoa hobetzea; Aragonario: Aragoierazko onlineko hiztegia; Audiogida eleaniztuna eta inklusiboa, turismora eta baliabide kulturaletara bideratua
  • BALIABIDE ELEANIZTUNAK: Pirinioetako hizkuntzen artean itzulpen automatikoa egiteko APPa: euskara-frantsesa, euskara-gaztelania, frantsesa-okzitaniera eta gaztelania-aragoiera
Linguatec proiektuaren emaitzak (2018-2021). Hizkuntza Teknologiako tresnak euskarararentzat, okzitanierarentzat eta aragoierarentzat.

Bestalde European Language Equality (ELE) ELE proiektuaren helburu nagusia Hizkuntza Berdintasunerako Europako Programa prestatzea izan zen, ikerketarako, berrikuntzarako eta inplementaziorako agenda estrategiko gisa, eta Europan 2030erako hizkuntza digitalaren erabateko berdintasuna lortzeko ibilbide-orri gisa.[14] 2021 eta 2022 urteetan Europako 43 hizkuntzen teknologia-baliabideak aztertu zituzten eta bakoitzerako txosten zehatz bat argitaratu zuten.[18] Eta, jakina, euskarako txostena ere argitaratu zuten.[17] Aldabek 2022ko apirilaren 7an parte hartu zuen LEIA proiektua abiatzeko ekitaldian.

Itziar Aldabek hartu zuen parte 2022an Espainiako Gobernuak eta RAEk antolatu zuten LEIA proiektuaren aurkezpenean. Proiektuan adimen artifizialaren garapenean ikertzen da Espainiako hizkuntzak bultzatu eta indartzeko. Aurkezpeneko mahai-inguruan gaia hau izan zen: « Nola lortu teknologiak gaztelaniaz pentsatzeko?». ekitaldiko mahaikideak hauek izan ziren: Cristina Gallach, Hizkuntzaren Ekonomia Berri baten aldeko Aliantzarako ordezkaria; Alberto Granados, Microsoft-eko presidentea Espainian; Chema Alonso, Telefonicako Estrategia Digitaleko zuzendaria, eta Itziar Aldabe, EHUko eta Hitz Zentroko aditu gisa.[20][21]

« Europako Parlamentuak sustatzen du ELE proiektua (European Language Equality). Haiek ere ohartu baitira hizkuntza-teknologia hori eragile ekonomiko ona dela Europako edozein hizkuntzarentzat, eta, jakina, gaztelania, katalana, euskara eta galizierarentzat ere bai. [...]

Europako hizkuntza guztiak monitorizatzen ari gara (70), eta ikusten ari gara oso garrantzitsua dela teknologien garapena, hizkuntza bat eta besteak bereizten dituena datuen kantitatea/kalitatea eta datuetarako sarbidea baitira.

»

Itziar Aldabe, RAEn, Madrid, 2022[20][21]


Udako Euskal Unibertsitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat ikastaro eta hitzaldi eman ditu euskaraz.[22] Beti ere gai hauen inguruan: IKTak eta Konpetentzia Digitalak Hezkuntzan, Etengabeko Formakuntzan, eta Hizkuntzen Irakaskuntzan.

Lanaren izenburua Urtea Egileak
Adimen Artifiziala: Erronkak, aukerak eta arriskuak 2022 Jurgi Kanblong Ruiz, Itziar Aldabe Arregi, Josu Aztiria Urtaran
Corpusak eta beren aplikazioak 2019 Itziar Aldabe Arregi, Montse Maritxalar Anglada
Hizkuntzen irakaskuntza eta garapenerako teknologiak 2017 Hiart Legarra Uruburu, Aitziber Iturricastillo Arrizabalaga, Itziar Aldabe Arregi, Mikel Larrañaga Olagaray, Mikel Iruskieta Quintian
Erantzunen kalifikazio automatikorako lehen urratsak 2016 Eneko Agirre Bengoa, Itziar Aldabe Arregi, Oier Lopez de Lacalle Lekuona, Iñigo Lopez Gazpio, Montse Maritxalar Anglada
Hizkuntzaren tratamendu automatikoa euskararen irakaskuntzan 2008 Bertol Arrieta Kortajarrena, Arantza Diaz de Ilarraza Sanchez, Montse Maritxalar Anglada, Larraitz Uria Garin, Maite Oronoz Antxordoki, Itziar Aldabe Arregi, Ianire Niebla Toledano

e-makumeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Informatikako Ingeniaritzan emakumeek duten egoeraz informazioa biltzeko eta zabaltzeko e-makumeak bilguneko partaidea izan da hainbat urtez.[23] Alde horretatik teknologiaren sorkuntzan emakumeen presentzia oso beharrezkoa dela defenditu izan dute.[24][25][26]

Teknologiaren sorkuntzan emakumeen presentzia oso beharrezkoa dela-eta Aldabek parte hartu du e-makumeak taldeak Gaur8 astekarian duen atalean:[27]

Gainera, Emakumeak Zientzian ekimenean parte hartzen du, Informatika fakultateko beste hainbat kiderekin batera. Esate baterako, 2021ean, pandemia garaian, "Informatika ipuin eta magia bidez: algoritmoak" bideo didaktiko-ludikoan aurkezle gisa agertzen da, Edurne Larrazarekin batera. Bideoan ipuin bat eta magia-joko bat erabiltzen dira algoritmoaren kontzeptua azaltzeko. Lehenengo, Banatzaile despistatuen ipuina ikus daiteke eta gero, "Ada" magoak magia truko baten bidez landuko du kontzeptu bera

IXA Taldea Abbadia Saria jasotzen (2013)

Errekonozimenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Ingelesez) «Itziar Aldabe - ACL Anthology» aclanthology.org (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).
  2. HiTZ Zentroko zuzendaritza. HiTZ Zentroa - UPV/EHU.
  3. Uruburu, Hiart Legarra; Arrizabalaga, Aitziber Iturricastillo; Arregi, Itziar Aldabe; Olagaray, Mikel Larrañaga; Quintian, Mikel Iruskieta. (2017). Hizkuntzen irakaskuntza eta garapenerako teknologiak. UPV/EHUko Irakasleen Unibertsitate Eskola Bilbon (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).
  4. Jaurena, Isabel. (2022-11-30). «Puntako teknologia euskaraz» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).
  5. a b Agirre, Loinaz. (2017). ««Ordenagailuari euskara erakustea da gure helburua»» Goierriko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).
  6. Aldabe, Itziar. (2011). «Automatic Exercise Generation Based on Corpora and Natural Language Processing Techniques | Ixa taldea» www.ixa.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).
  7. #txiotesia. Hizkuntza-teknologia arloko tesiak – Hizkuntza-teknologiak, Ixa Taldearen bloga. (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).
  8. [https://www.unibertsitatea.net/blogak/ixa/2010/04/16/euskarazko-erroreen-eta-desbideratzeen-analisirako-lan-ingurunea/ Euskarazko erroreen eta desbideratzeen analisirako lan-ingurunea – Hizkuntza-teknologiak. ] (Noiz kontsultatua: 2019-03-08).
  9. [http://www.soziolinguistika.eus/node/3949 «Hizkuntzaren tratamendu automatikoa euskararen irakaskuntzAN | Soziolinguistika Klusterra»] www.soziolinguistika.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-08).
  10. Eneko Agirre. Itziar Aldabe. Oier Lopez de Lacalle. Iñigo Lopez-Gazpio eta Montse Maritxalar. (2017). «Erantzunen kalifikazio automatikorako lehen urratsak» Zientzia Kaiera (Zientzia Kaiera, UPV/EHU) (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
  11. Aldabe, Itziar. «Ixakidearen proiektuak | Ixa taldea» www.ixa.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).
  12. Sarrera - Interreg Poctefa Linguatec. 2019-02-21 (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  13. «DeepReading | DeepReading» ixa2.si.ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  14. a b c d (Ingelesez) «European Language Equality Goals and Features» European Language Equality (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  15. «Scaling language models for low-resource languages | Ixa taldea» www.ixa.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  16. (Gaztelaniaz) marc. «Proyecto ILENIA» Proyecto ILENIA (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  17. a b (Ingelesez) Sarasola, Kepa; Aldabe, Itziar; Ilarraza, Arantza Diaz de; Estarrona, Ainara; Farwell, Aritz; Hernáez, Inma; Navas, Eva. (2023). Rehm, Georg ed. «Language Report Basque» European Language Equality: A Strategic Agenda for Digital Language Equality (Springer International Publishing): 95–98.  doi:10.1007/978-3-031-28819-7_5. ISBN 978-3-031-28819-7. (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  18. a b Rehm, Georg; Way, Andy. (2023). «Strategic Research, Innovation and Implementation Agenda for Digital Language Equality in Europe by 2030» European Language Equality (Springer International Publishing): 387–412. ISBN 978-3-031-28818-0. (Noiz kontsultatua: 2023-09-14).
  19. LINGUATEC proiektuko emaitzak META-FORUM 2021en (2021-11-15) – Hizkuntza-teknologiak, Ixa Taldearen bloga. (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  20. a b Informatika ipuin eta magia bidez: algoritmoak. (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
  21. a b RAE. (2022-04-07). El Gobierno y la RAE impulsan el proyecto LEIA y potencian el español en el desarrollo de la inteligencia artificial -- Mesa redonda «¿Cómo hacer que la tecnología piense en español?». Cristina Gallach, comisionada para la Alianza por una Nueva Economía de la Lengua; Alberto Granados, presidente de Microsoft en España; Chema Alonso, director de Estrategia Digital de Telefónica, e Itziar Aldabe, experta en lenguaje natural (Universidad del País Vasco).. Real Academia del Español.
  22. «Itziar Aldabe Arregi :: Inguma - Euskal komunitate zientifikoaren datu-basea» www.inguma.eus (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).
  23. e-makumeak Informatikako Ingeniaritzan emakumeek duten egoeraz informazioa biltzeko eta zabaltzeko bilgunea.
  24. Lasa, I.. [https://www.berria.eus/albisteak/85344/ «Montse Maritxalar: "Teknologiaren sorkuntzan egon behar dugu emakumeok"»] Berria (Noiz kontsultatua: 2019-03-08).[Betiko hautsitako esteka]
  25. [https://www.argia.eus/albistea/informatika-ingeniaritza-osorik-euskaraz-joseba-makazaga-eta-montse-maritxalar «Informatika Ingeniaritza: osorik euskaraz (Joseba Makazaga eta Montse Maritxalar)»] Argia (Noiz kontsultatua: 2019-03-08).
  26. Maritxalar, Montse. (2016-09-24). [https://www.ehu.eus/ehusfera/ifbloga/2016/09/27/zer-egin-dezaket-teknologiaren-martxa-ez-galtzeko-gaur8-2016-02-28/ «Zer egin dezaket teknologiaren martxa ez galtzeko? (Gaur8, 2016-09-24)»] DIFusio@ (Noiz kontsultatua: 2019-03-08).
  27. «GAUR8koak, e-makumeak» e-makumeak (Noiz kontsultatua: 2024-03-02).
  28. Aldabe, Itziar. (2023). «Adimen artifiziala eta dislexia» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).
  29. Aldabe, Itziar. (2020). «Sare sozialak informazio iturri?» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2024-03-05).
  30. Ikastolen Elkartea, Bizkaia. (2012-06-03). Euskara Teknologia Berrietan. Elkarrizketak 2012ko Ibilaldian omendukoekin.. Ikastolen Elkartea (Noiz kontsultatua: 2020-02-11).
  31. Ibilaldia 2012 omenaldia: Euskara teknologia berrietan sartzeko aintzindariak – Hizkuntza-teknologiak. (Noiz kontsultatua: 2020-02-11).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]