Joan Prim
| Joan Prim | |
|
|
|
|---|---|
| 1869ko ekainaren 18a – 1870eko abenduaren 27a | |
| Aurrekoa | Francisco Serrano |
| Ondorengoa | Juan Bautista Topete |
|
|
|
| Jaiotza | 1814ko abenduaren 16a Reus, Tarragona, |
| Heriotza | 1870eko abenduaren 30a Madril, |
| Ezkontidea | Francisca Agüero y González |
| Erlijioa | Katolikoa |
| Sinadura | |
Joan Prim i Prats (Reus, Katalunia, 1814ko abenduaren 16a - Madril, 1870eko abenduaren 30a), gaztelaniaz Juan Prim y Prats, espainiar politikari eta militarra izan zen. 1869ko ekainaren 18tik 1870eko abenduaren 27 arte, Espainiako Ministro Kontseiluaren presidentea izan zen. Besteak beste, Gerra Karlistetan parte hartu zuelako da ezaguna.
Biografia [aldatu]
Lehen Gerra Karlista (1833-1840) hasi zenean Elisabet II.aren aldeko agertu zen eta izandako garaipenengatik teniente izendatu zuten. Urteekin, baina, jeneral izatera iritsi zen. 1841ean diputatu hautatu zuten Tarragonako probintzia ordezkatuz[1]. Aurre egin zion gainbehera etorria zen Esparteroren gobernuari, eta haren aitzinean Kataluniako interesak defendatu zituen.
Madrilgo gobernari militar izendatu zuten lehenik eta Bartzelonakoa gero. 1846an Ramón Narváez, alderdi moderatuko buruzagiaren gobernuaren aurka matxinatu zen, baina matxinadak huts egin zuen eta erbesteratu behar izan zuen. 1847. urtean Puerto Ricoko kapitain jeneral izendatu zuten, baina kargua utzi eta Espainiara itzuli zen. 1853an Konstantinopolisera joan zen, Krimeako gerran Otomandarren aholkulari izateko. Ondoren, Marokon (1859-1860) eta Mexikoko gerran (1861) jardun zuen[1].
Espainiara itzulitakoan, eta progresisten buruzagi zela, Elisabet II.ari kontra egin eta bigarrenez joan behar izan zuen erbestera. 1868. urteko iraultzan Espainiara itzuli zen, garaile. Harrezkero gobernu berriko buruzagi izan zen Prim, monarkia konstituzionalaren aldeko. Amadeo Savoiakoa erregetzat onar zezaten lortu zuen, baina errege berria Espainiara etorri baino egun batzuk lehentxeago (1870eko abenduaren 27an) atentatu bat pairatu zuen Madrilen, eta hiru egun geroago hil zen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/02/06 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b Joan Prim i Prats Enciclopedia.cat