Kindertransport

Wikipedia, Entziklopedia askea
Haur iheslari juduak Londresera iristen

Kindertransport delakoa haur iheslariak erreskatatzeko ekimen bat izan zen, 1938ko abenduaren eta 1940ko maiatzaren artean gertatu zena, Bigarren Mundu Gerra hastear zegoela. Ekimen honi esker, Erresuma Batuak ia 10.000 adintxikiko lagundugabe jaso zituen, gehienak juduak, Alemania nazitik eta Austria, Txekoslovakia eta Danzigeko lurralde okupatuetatik zetozenak, eta harrera-familietan, ostatuetan eta landetxeetan kokatu zituzten.

Programaren hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1938ko azaroaren 9 eta 10eko Kristal hautsien gaua Hirugarren Reicheko biztanle juduen aurkako lehen pogrom handia izan zen, eta hura gertatu ondoren interesatu zen mundu mailako iritzi publikoa Alemaniako, Austriako eta Txekoslovakiako gutxiengo juduez, bereziki haurrez. Azaroaren 15ean, Britainia Handiko buruzagi judu eta kuakeroen ordezkaritza batek dei egin zion Neville Chamberlain Erresuma Batuko Lehen ministroari haur horiei laguntzeko programa bat has zezan lehenbailehen, erakunde humanitario eta erlijiozaleek finantzatuta. 1938ko azaroaren 18an, Komunen Ganberak gaia eztabaidatu, programa onartu eta Norbert Wollheimen kargu utzi zuen. Erresuma Batuak herrialde horietako haurrei immigrazio kontrolik ez egitea erabaki zuen.

Programa Estatu Batuetara zabaltzeko ahalegina ere egin zen: Wollheim berak senatari estatubatuar askori idatzi zien, baina bertako Kongresuak uko egin zion lankidetasunean aritzeari, gurasorik gabeko haur horiek jasotzeak Jainkoaren legeei kontra egiten ziela argudiatuz.

Britainia Handian, ezinbestekoa zen haur bakoitza jasotzeko prest zegoen familia bat aurkitzea. Proiektua babesten zuten gizaldeko elkarteek haur guztientzako bizilekua aurkitzeko eta haien bidaia- eta mantenu- gastuak finantzatzeko konpromisoa hartzen zuten, iheslariak estatuarentzat diru-zama ez bilakatzeko. Gainera, 50 libera (2024an 4.200 libera izango lirateke) ordaindu behar izaten zituzten haur bakoitzagatik geroago beren herrialdera itzultzeko berme gisa, haurrak Erresuma Batuan aldi batez bakarrik geratzea baitzen asmoa hasiera batean.

Operazioen hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erakunde koordinatzaile bat sortu zen, "Haur Iheslarien Mugimendua" (MCR) izenekoa eta gehienbat boluntarioek osatua, ekimena kudeatzeko.

Eskuin muturreko hainbat taldek aurka egin arren -Oswald Mosleyk zuzendutako Britainiar Faxisten Batasunak, nagusiki- programa oso azkar jarri zen martxan. Azaroaren 25ean, BBCk deialdi bat eman zien irratiz britainiar herritarrei haurrak jaso zitzaten eskatuz, eta egun gutxitan 500 familia baino gehiago zeuden prest. Ez zen familien egokitasuna eta arrazoiak gehiegi aztertzeko astirik izan: etxeak garbiak eta familiak errespetagarriak iruditzearekin nahikoa zen.

Aldi berean, ordezkariak bidali zituzten Alemania eta Austriara haurren aukeraketa, antolaketa eta garraiatze sistemak ezartzeko. Lurralde haietako gurasoak beren seme-alaben izenak ematen hasi ziren programan. Umezurtzei, arazo ekonomikoak zituzten familietako haurrei edo iheslari politikoen haurrei eman zitzaien lehentasuna, baina familia dirudunetako haurrak ere sartu ziren programan.

Erregimen naziak ez zion oztoporik jarri programari, baina hitzartu zuen haur bakoitzak maleta bat, esku-zorro bat eta 10 marko bakarrik eraman zitzakeela, eta balio handiko objektuen esportazioa debekatu zuen. Irteterakoan, haur bakoitzak etiketa bana jasotzen zuen, alde batean zenbaki bat eta beste aldean bere izena zeramana, lepotik zintzilik eramateko. Batzuetan nortasun-agiri zenbakidun eta argazkidun bat ere ematen zitzaien.

Haurrak Herbehereetara iristen ziren mugako polizia-kontroletatik igaro ostean: Alemaniakoaren helburua, batez ere, baimendu gabeko salgaien esportazioa eragoztea zen. Mugaren bestaldean, emakume taldeek jasotzen zituzten haurrak, eta txokolatea eta gozokiak eskaintzen zizkieten. Trena Hoek van Holland herriraino iristen zen, Rotterdamdik gertu, eta handik aurrera 200 km baino gehiago itsasoz egiten zituzten, askotan baldintza txarretan neguan, Harwichera iritsi arte. Bertatik beste tren bat hartzen zuten Londresko Liverpool Street geltokiraino, eta hara bertaratzen ziren harrera-familiak haurrak jasotzera.

Bultzatzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nicholas Winton[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nicholas Winstonen omenezko eskultura Pragako tren geltoki nagusian

1938ko gabonen aurretik, Nicholas Wintonek, alemaniar judu jatorriko 29 urteko burtsa-artekari britainiarrak, Pragara bidaiatu zuen iheslari juduei laguntzen ari zen adiskide bati laguntzeko. Doreen Warrinerrek zuzendutako Txekoslovakiako Iheslarientzako Britainiar Batzordearen (BCRC) laguntzarekin, Winton hiru astez egon zen Pragan Txekoslovakiako haurren zerrenda bat osatzen, gehienak Alemania naziko iheslariak izanik. Ondoren, Britainia Handira itzuli zen haurrak bertara eramateko lege-baldintzak betetzeko eta haientzat bizilekuak aurkitzeko helburuarekin. Trevor Chadwick Txekoslovakian geratu zen, programa bertatik kudeatzeko. Wintonen amak ere lagundu zion bere semeari haurrak etxe eta geroago aterpetxeetan ere kokatzen, hainbat babesleren sostenguarekin, hala nola Maidenheadeko Rotary Klubarena eta Rugbyko Iheslarien Batzordearena. Udan zehar, Wintonek hainbat iragarki zabaldu zituen haur horiek jasotzeko familiak bilatzeko Britainia Handian. Guztira, 669 haur ebakuatu zituzten Txekoslovakiatik Erresuma batura 1939an Chadwicken, Warrinerren, Beatrice Wellingtonen, boluntario kuakeroen eta Txekoslovakian lanean aritu ziren beste hainbat pertsonaren laguntzari esker Winton Britainia Handian zegoen bitartean. Azken haur taldeak, Pragatik 1939ko irailaren 3an atera zihoala, atzera egin behar izan zuen, naziek Polonia inbaditu baitzuten: Bigarren Mundu Gerraren hasiera zen.

Oso jende gutxik zuen BCRCk Txekoslovakian egindako lanaren berri 1988an haur iheslariek bilera bat egin zuten arte. Une horretan, Txekoslovakiako haurren garraiatzean lan egin zuten pertsona gehienak hilda zeuden, eta Winton bilakatu zen Bigarren Mundu Gerra aurretik naziengandik ihesi zebiltzan iheslariei, batez ere juduei, britainiarrek emandako laguntzaren ikur.

Wilfrid Israel[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wilfrid Israel (1899 - 1943) pertsona garrantzitsuenetako bat izan zen Alemaniako eta Europa okupatuko juduen erreskatean. Lord Samuelen bitartez, laster gertatuko zen Kristal hautsien gauaz ohartarazi zion britainiar gobernuari 1938ko azaroan. Berlingo kontsuletxean pasaporteez arduratzen zen Frank Foley agente britainiarraren bitartez, britainiar inteligentziari nazien ekintzen berri ematen zion. Reichsvertretung-en (alemaniar juduen elkartearen) eta Hilfsverein-en (autolaguntza elkartearen) izenean hitz eginez, erreskate-plan bat premiatu zuen Kanpo Harremanen Ministerioan eta britainiar kuakeroei Alemania osoko komunitate juduak bisitatzen lagundu zien, britainiar gobernuari erakusteko guraso juduak benetan prest zeudela beren seme-alabengandik banantzeko.

Salomón Schonfeld[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Solomon Schonfeld errabinoak 300 haur judu ortodoxo eraman zituen Erresuma Batura. Haietako asko bere Londresko etxean hartu zituen aldi batez. Londresko bonbardaketetan, harrera-etxeak aurkitu zituen haientzat hiritik kanpo, askotan juduak ez ziren familienak. Beste judu asko ere salbatu zituen babes-agiri hegoamerikarrekin. Milaka gazte, errabino, maisu eta bestelako erlijio-kargu eraman zituen Ingalaterrara.

Bidaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iheslari gazteen lehen taldea Harwichera 1938ko abenduaren 2an iritsi zen Berlindik, Kristal hautsien gaua gertatu eta hiru astera. Haien artean, gau horretan suntsitutako Berlingo umezurztegi bateko 196 haur zeuden. Ondorengo hilabeteetan, ia 10.000 adintxikiko lagundugabe, gehienak juduak, iritsi ziren Ingalaterrara, astero hirurehun bat haur alegia, Bigarren Mundu Gerra hasi aurretik. Iheslarien kopurua hain handia zenez, gero eta zailagoa zen haiek hartzeko prest zeuden familiak garaiz aurkitzea. Beraz, segituan sortu zituzten aldi baterako harrera-zentroak lehen udalekuetarako erabiltzen ziren lekuetan. Familiak eta pertsona taldeak asteburuero joaten ziren zentro hauetara haurrak jasotzera.

Hasieran, haur gehienak Alemaniatik eta Austriatik zetozen. 1939ko martxoaren 15ean alemaniarrek Txekoslovakia okupatu ostean, hainbat bidaia prestatu zituzten presaka Pragatik (batzuek baita hegazkinez ere), Nicholas Wintonek zuzenduriko boluntario talde baten lanari esker. 1939ko otsailaren eta abuztuaren artean, Poloniatik ere antolatu zituzten bidaiak trenez.

1939ko irailaren 1ean gerra hasi ondoren, ezin izan ziren bidaia gehiago antolatu alemaniarrek hartutako lurraldeetatik, baina egin ziren beste hainbat Herbehereetatik eta Frantziatik, oraindik ez baitzituzten okupatu. Azken 74 haurrak Rotterdamdik iritsi ziren 1940ko maiatzaren 14an, alemaniarrek hiria hartu baino ordu eskas batzuk lehenago abiatu zen itsasontzi batean.

Haurren integrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingalaterrara iritsi ziren haurretako bakar bat ere ez zen senide batek lagunduta iritsi. Bidaian zehar, taldeko handienek txikienak zaintzen zituzten. Haur horietako oso gutxi jaso zituzten lehendik Britainia Handian bizi ziren senide, lagun edo ezagunek. Kasu gehien-gehienetan, haurrak haiek zaintzeko prest agertu ziren ezezagunei eman zizkieten, trukean ezer jaso gabe. Kontrol gutxi egon arren, oso tratu txar kasu gutxi izan ziren. Ohikoena integrazio arazoak izatea zen, hizkuntzen eta kulturen arteko aldeagatik eta, sarritan, gizarte-maila ezberdin batekoa izateagatik, eta kasu hauetako batzuetan haurrak beste familia batzuek hartu zituzten.

Haurrak harremanetan mantendu ziren beren jatorrizko familiekin alemaniar eta britainiar posta zerbitzuei esker, 1939ko irailean gerra hasi zen arte. Une horretatik aurrera, Nazioarteko Gurutze Gorriak entregatzen zituen gutunen bidez mantendu zuten harremana, kasu gehienetan guztiz eten zen arte.

Gerra hasi zenean, paradoxikoki, Kindertransport-ean iritsi ziren mutil zaharrenetako mila inguru, jada adinekoak zirenak, giltzapetuak izan ziren "etsai atzerritar" izateagatik Man uhartean, Kanadan edo Australian. Haietako asko iheslari alemaniar eta austriarrez osatutako armada-gorputzetan sartu ziren, eta nesketako batzuek erizain edo laguntzaile gisa egin zuten lan. Bonbardaketen arriskuaren ondorioz, txikienak hirietatik kanpo eraman zituzten, adin bereko haur britaniarrak bezalaxe.

Gerra amaitu zenean, haiek iritsi eta 7 urte geroago, haurrek haien guraso eta senideekin zer gertatu zen jakin nahi zuten, ez baitzuten haien berri. Kasu gehien-gehienetan, beren jatorrizko familiak sarraskitu egin zituzten holokaustoan. Haur haietako asko Britainia Handian geratu ziren, eta beste batzuk Israelera, Estatu Batuetara edo Australiara joan ziren.

Kindertransport-eko haurrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kindertransport-eko haurren artean badaude beren lanbideetan ospetsuak izan diren pertsonak, baita bi Nobel sari ere:

Frank Auerbach (Alemania), margolari britainiarra Walter Feit (Austria), matematikari estatubatuarra Heini Halberstam (Txekoslovakia), matematikari britainiarra Eva Hesse (Alemania), artista estatubatuarra Walter Kohn (Austria), Nobel saridun fisikari estatubatuarra Gustav Metzger (Alemania), artista britainiarra Arno Penzias (Alemania), Nobel saridun fisikari estatubatuarra Karel Reisz (Txekoslovakia), film-zuzendari britainiarra Wolfgang Rindler (Austria), fisikari britainiarra.

Oroimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vienako geltokiko estatua, kindertransport delakoaren oroigarri

Kindertransport-eko haurrak irudikatzen dituzten haien neurriko hainbat brontzezko eskultura jarri dira trenak egiten zuen ibilbideko hainbat geltokitan: London Liverpool Street (2006), Berlin Friedrichstraße (2008), Vienna West (2008), Gdansk Central (2009), Hoek van Holland-Rotterdam (2011) eta Hamburg Dammtor (2015). Eskulturak Frank Meisler artista israeldarrarenak dira. Jatorriz Gdanskekoa eta Ingalaterran hezia, Meisler bera Kindertransport-ari esker salbatu zuten.

Dokumental eta filmak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kindertransport programa Holokaustoaren zorigaiztoko historiaren funtsezko zati berezi bat da. Horregatik, garrantzitsua zen historia hau jendeari ezagutaraztea.

Dokumentalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

The Hostel (1990), bi zati dituen BBCren dokumentala, Andrew Sachsek kontatua. Erregimen nazitik ihes egin zuten 25 pertsonaren bizitzak dokumentatu zituen, 1939an haurrak zirela Manninghameko Hotel Carltonen lehen aldiz ezagutu zirenetik 50 urtera.

My Knees Were Jumping: Remembering the Kindertransport (1996, zinemetan lehen aldiz 1998an emana), Joanne Woodwardek kontatua. Sundanceko Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Gorenerako proposatu zuten. Melissa Hackerrek zuzendu zuen, Ruth Morley jantzi-diseinatzaile eta Kindertransport-eko haurraren alabak. Melissa Hackerrek eragin handia izan du orain Estatu Batuetan bizi diren Kindertransport-eko haurren antolatzean. Haur horietako bakoitzari Alemaniako gobernuak emandako 2.500 euroen banaketa kudeatzeko lanetan ere aritu zen.

Into the Arms of Strangers: Stories of the Kindertransport (2000), Judi Denchek kontatua eta 2001eko dokumental luze onenaren Oscar sariaren irabazlea. Deborah Oppenheimerrek ekoitzi zuen, Kindertransport-eko haur baten alabak, eta Oscar saria hiru aldiz irabazi duen Mark Jonathan Harrisek idatzi eta zuzendu zuen. Film honek Kindertransport-a oso modu pertsonalean erakusten du, benetako istorioak kontatzen baititu hainbat pertsonari egindako elkarrizketa sakonen bitartez. Elkarrizketak haurrei, erreskate lanetan aritu ziren Norbert Wollheim eta Nicholas Wintoni, haur bat jaso zuen adopzio-amari eta Lore Segal izeneko alabarekin berriz elkartu ahal izan zuen amari egin zizkieten. Mundu osoko zinemetan eman zuten, Britainia Handian, Estatu Batuetan, Austrian eta Alemanian barne, eta baita HBOn ere. Izenburu bereko liburu osagarri batek gauza gehiago kontatzen ditu filmak dioenaren gainean.

The Children Who Cheated the Nazis (2000), Channel 4 telebista kate britainiarrak eginiko dokumentala. Richard Attenboroughek kontatu zuen, Sue Readek zuzendu eta Jim Gouldingek ekoitzi. Attenboroughen gurasoak haur iheslariak jasotzeko deialdiari baietz esan ziotenetako batzuk ziren, bi neska jaso baitzituzten.

Nicky's Family (2011), txekiar dokumentala. Nicholas Winton ere agertzen da bertan.

The Essential Link: The Story of Wilfrid Israel (2017), Yonatan Nirrek egindako dokumental israeldarra. Dokumentalaren zati bat Kindertransport-aren hastapenen eta martxan jartzearen ingurukoa da, Wilfrid Israelen lana garrantzitsua izan baitzen bertan. Herrialde eta jatorri oso ezberdineko zazpi gizon eta emakumek Alemanian Kindertransport-eko trena hartzeko unea eta aurreko egunetan gertatutakoak kontatzen dituzte.

Filmak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

One Life (2023) britainiar film biografiko bat da, James Hawesek zuzendua. Nicholas Winton banku-langile eta filantropo britainiarraren benetako istorioa kontatzen du. Bertan, Wintonek atzera begiratzen du eta 1938 eta 1939 artean alemaniarrek hartutako Txekoslovakiatik haur juduei ihes egiten laguntzeko egindako lana ekartzen du gogora. Anthony Hopkins eta Johnny Flynnek egiten dute Nicholas Wintonen papera, eta Lena Olin, Romola Garai, Alex Sharp, Jonathan Pryce eta Helena Bonham Carter ere agertzen dira bigarren mailako pertsonaia gisa.

Literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Modu batera edo bestera Kindertransport-a landu duten liburu narratiboen artean W. G. Sebald nobelagile alemaniar-britainiarraren Austerlitz (2001) eleberria nabarmentzen da. Eleberri honek Galesko etxe batean hazi zen Kindertransport-eko haur baten istorioa kontatzen du, geroago Pragara joaten dena bere jatorria ikertzera. Haren ama ezagutu zuen norbait aurkitzen du eta berriz egiten du trenez egin zuen bidea.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]