Listeriosi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Listeriosia janarien bitartez hartutako infekzioa da, bakterioz kutsatuta dauden janariak kontsumitzerakoan harrapatzen dena, alegia.

Gaixo immunogutxituak izan ohi dira listeriosia harrapatzen dutenak. Horiengan, meningitisa da ohiko konplikazioa, gaixoaren bizitza kinka larrian jartzen duena. Haurdun dauden emakumeek umekia galtzen dute gaitzaren ondorioz.

Gazta eta esnekiak dira listeriosi gehienen sorburua, eta baita okela eta hestebeteak ere.

Listeriosia aitortu beharreko gaixotasuna da Ipar Euskal Herrian, baina Hego Euskal Herrian ez.


Etiologia eta infekzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Listeria monocytogenes-en koloniak laborategiko hazkuntza-inguru batean


Listeria monocytogenes bakterioa da listeriosiaren eragilea. Listeriosia zoonosi bat da, hots, infekzioa animalietatik gizakiarengana pasatzen da. Gizakiak infekzioa harrapatzen du kutsatutako animaliak edo haien produktuak (esnea, esaterako) kontsumitzen duenean.

Bakterio eragilea lurzoruan eta uretan bizi da, eta hortik animalietara pasatzen da. Erresistentzia handia du hotzarekiko (5º C-tan hazi daiteke), gatzarekiko eta azidotasunarekiko. Hozkailuan dauden janarietan hazi daiteke, bakterioen artean oso ohikoa ez dena (mikrobio psikrofiloa baita).

Listeriosia ez da oso gaitz hedatua (1-10 kasu/milioi bat biztanleko). Batzuetan agerraldi moduan agertzen da, kutsatutako janaria pertsona askok jaten dutenean.

Listeriosi kasu gehienen atzean dauden janariak esnea eta esnekiak dira (batez ere, esne gordina) eta baita hestebeteak, okela eta barazkiak ere. Kutsatuta dagoen behi baten esneak 10.000 bakterio patogeno/mililitroko dauzka.

Erasobidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontaminatutako janaria irentsi ondoren, digestio-hodiaren bidez sartzen da Listeria monocytogenes gorputzean.

Bakterioa zelula barneko patogenoa da, eta makrofagoen barnean bizi daiteke. T linfozitoen bidezko immunitate zelularrak aurre egiten dio infekzioari.

Listeriosiaren aitzinean sentikortasun handiagoa dute zelula bidezko immunitate ahula dutenek.

Digestio-aparatutik bakterioa gorputz osora zabal daiteke, odolaren bitartez (septizemia); nerbio-sistemara iristen bada meningitis larria eragin dezake.

Sintoma klinikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaitzaren inkubazio epea luzea da, 3 eta 5 aste bitartekoa; hori dela eta, zaila da gaitzaren sorburuan egon den janaria identifikatzea.

Listeriosoaren sintomak lehenengo fase batean gripearen antzekoak dira (sukarra, buruko mina, artralgiak...). Bigarren fase batean, septizemia gertatutakoan, sintomak okertzen dira, eta nerbio-sistemaren gaitz larriak agertzen dira (entzefalitis eta meningitis, batez ere).

Haurdun dauden emakumeengan umekiak kalte larriak jasaten ditu, heriotza dakartenak.

Pertsona osasuntsuengan Listeriak sintoma kliniko arinak eragiten ditu batzuetan, septizemiarik gabeko gaixotasun mugatua. Beste janari intoxikazioen antzera, beherakoak eta sukarra dira sintoma nagusiak infekzio mota honetan.

Listeriosi septizemikoa, aldiz, gaitz larria da, hilkortasun-tasa handia duena: infektatuen %20 inguru hiltzen dira, kopuru hori askoz handiagoa izanik immunogutxituen artean. Immunogutxituak dira, hain zuzen ere, gaixotasuna harrapatzeko joera handiagoa dutenak (zaharrak, jaioberriak, botika immunosupresoreak hartzen dituztenak, HIESa dutenak, e.a.).

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Penizilina da listeriosia tratatzeko gehien erabiltzen den botika (anpizilina moduan erabiltzen da gehienbat penizilina hori). Honekin batera gentamizina erabili ohi da, bi antibiotiko horiek efektu sinergikoa baitute.


Prebentzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Janarien kutsapen mikrobiologikoa ekiditean datza. Listeriosia janari gordinak kontsumitzerakoan harrapatzen denez (esne gordina eta gazta freskoa, sukaldean gutxi egindako okelak, barazki gordinak, e.a.) prebentziorik onena janariak ongi kozinatzea da. Kontuan hartu behar da mikrobio eragilea tenperatura bajuetan (5º C-tan) hazteko gai dela, eta beraz hozkailuaren tenperaturak ez direla nahikoak janariak babesteko.