Mika (hegaztia)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Life

Mika
Iraute egoera
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Aves
Ordena: Passeriformes
Familia: Corvidae
Generoa: Pica
Espeziea: Pica pica
Linneaus, 1758
Hedapen mapa

Mika (Pica pica) korbidoen familiako hegazti paseriformea da. Omniboroa da eta oso ezaguna, herri gehienetan eta hirietako parkeetan ere bizi delako. Gorputz osoak 45 zentimetro inguruko luzera du. Buztan luzea eta lumadi zuri-beltz nabarmena ditu.

Bere kolore eta hegaldi ederrarengatik bezain ezaguna da txori hau bere kantu lehor eta errepikakorragatik. Egoera onean dagoen hegaztia da eta Euskal Herri guztian aurki daiteke, kostaldeko gune hezeetatik hasi eta isurialde mediterraniarreko ingurune lehorretaraino.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina ertaineko hegaztia da: 43-50 cmko luzera, 60 cm inguruko hego luzera eta 200-250 gramoko pisua. Arrak emeak baino apur bat sendoagoak izaten dira. Lumadia, zuri eta beltz irisatua, oso bereizgarria da, eta ar zein emeetan oso antzekoa. Burua, lepoa, bizkarraldea, buztana eta papoa beltzak izaten dira, mokoa eta hankak bezala. Sabelaldea, berriz, zuria. Hegoak zuri eta beltzak dira, motzak, oinarri zabal eta mutur biribilkarekin. Buztan luzea (20-30 cm).

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mikaren Azpiespezieak (Pica pica)
Pica p. pica, P. p. asirensis, P. p. bactriana, P. p. bottanensis, P. p. fennorum, P. p. galliae, P. p. germanica, P. p. hemileucoptera, P. p. hudsonia, P. p. jankowskii, P. p. japonica, P. p. kamtschatica, P. p. leucoptera, P. p. mauritanica, P. p. melanotos, P. p. nuttalli, P. p. sericea

Ipar Amerikako mendebaldean, Europa osoan eta Erdialdeko Asian hedaturik dagoen hegaztia da. Iberiar penintsularen hegoaldeko muturrean salbu gainerako lurralde guztian aurki daiteke, iparraldean batez ere, eta Euskal Herrian ohikoa da kostaldetik Pirinioetako txoko altuenetaraino.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso handi sarrietan, eta zuhaitzik gabeko lurretan izan ezik, edozein ingurunetan habia egin dezakete, itsas mailatik 1.400 metroko altueraraino (Granadan 2.400 metrotan ere ikusi izan dira) Nekazal inguruneak gogokoak dituzte eta askotan herri eta hirietan egiten dute habia.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegazti omniboroak dira. Udaberri eta udan intsektuak dira helduen eta txiten dietaren ardatza. Era guztietako ornogabeak harrapa ditzakete eta baita ornodun txikiak ere (narrasti txikiak, hegaztiak eta mikrougaztunak). Hazi eta fruitu ugari jaten dute, udazken eta neguan batez ere. Sarraskia ere atsegin dute eta maiz ikusiko ditugu errepide bazterretan hildako animaliak jaten.

Elikagai asko dagoenean (sarraskia edo haziak adibidez) habiatik gertu gordetzen dute, lurpean edo orbelaren azpian. Zenbait egunez janaria non gorde duten gogoratzeko gai dira.

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegazti monogamoak izan arren, nahiko sozialak dira, orokorrean. Udazken eta neguan talde handietan bildu daitezke gaua igarotzeko. Gazteek talde handiak sortzea ohikoa da eta kasu hauetan erlazio hierarkikoak behatu izan dira. Arrek, normalean, emeenganako dominantzia erakusten dute eta gazteen taldeetan maila sozial altuenak dituzten horiek izan ohi dira lurraldea eskuratu eta ugaltzeko aukera gehien izaten dutenak.

Hegazti sedentarioa da, nahiz eta gazteek hedadura-hegaldi batzuk burutzen dituzten. Gazteak, ordea, ez dira beren jaiotza lekutik 30-40 km baino gehiago urruntzen.

15 urte bizi izan diren banakoak ezagutu diren arren, gehienak ez dira 3 urte baino gehiago bizi.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mikaren habia

Mikak bi urterekin ugaldu ohi dira lehen aldiz, nahiz eta gutxi batzuek lehenengo urtean egiten duten. Gaztetan talde handietan bizi ostean bikotekide bat lortzen dute. Hala ere, bikotekidea ez den eme batekin kopulatzea nahiko zabaldua dagoen joera dela behatu da.

Udaberri hasieran zuhaitz edo zuhaiska baten buruan habia egiten dute. Honek adaxkez egindako teilatua izaten du. Emeak (3)6-8(10) arrautza errunen ditu, eguneko bat, normalean. Inkubazio aldia 17 egunekoa da eta txitek 25 egun inguru igarotzen dute habian. Bi gurasoek elikatzen dituzte.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mikaren etsai nagusia kukua da, bere habia erabiltzen baitu arrautzak erruteko. Parasitismoaren ondoriozko presio hautagarriak eraginda, populazio askotako mikek defentsa-mekanismoak garatu dituzte, arrautza arrotzak ezagutu eta kanporatzeko gaitasuna lortu dutelarik. Kukuak parasitaturiko habiatan, normalean, ez du mika bat berak ere bizirauten.

Mika helduen harrapari nagusiak hegazti harrapari eta ugaztun haragijaleak dira. Arrautzak berriz, bele, erroi, miru eta bestelako hegaztiek jan ditzakete. Sugea, katajineta eta karraskariak ere miken arrautzetaz elikatzen dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Mika (hegaztia)
Wikispezieetan informazioa gehiago aurki dezakezu: Pica_pica