Mixel Etxeberri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Heletako pilotari eta kantariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Etxeberri (argipena)».
Mixel Etxeberri
Datu pertsonalak
Jaio 1948ko apirilaren 1a
Heleta ( Nafarroa Beherea)
Bikotekidea(k) Anne-Marie
Webgunea http://www.micheletcheverry.com

Mixel Etxeberri[1] (Heleta, Nafarroa Beherea, 1948ko apirilaren 1a) esku huskako pilotari ohia eta kantaria da.

Bizitza

Heletan jaio zen; lau anaietarik gazteena da. Lucien Etxeberri eta Marie Hegi gurasoek Aguerria jatetxea eta ospe handiko behi ustiategi bat zituzten. Etxeko hizkuntza bakarra euskara izan zuen eta frantsesa eskolan baino ez zuen ikasi. Herriko eskola 10 urterekin utzi eta Jean-Pierre anaiarekin Uztaritzeko Saint-François-Xavier apaizgaitegira joan zen. Han bi ikasturte egin ostean, Hazparneko nekazaritza lizeotik atera zen lehen promoziokoa izateko aukera izan zuen.

Biarrizko banku batean lan egin zuen eta 1975ean ezkondu zen Angelun; Lapurdiko herri horretan bizi da eta Anne-Marierekin seme bat izan zuen, Patxi;[2] semea Otsoak musika taldeko kantaria da.

Bi arlok eman diote ospe publikoa: lehen pilotak eta geroago, kantari izateak.

Pilotan

Esku huskako pilotaria izan zen. Lau aldiz izan zen Frantziako txapelduna eta birritan (1970ean Donostian eta 1974an Montevideon) munduko txapeldunordea ezker paretan.

1975ean, beste inork egin ez duen marka lortu zuen: Robert Dufourcq egun Milafrangako auzapeza denarekin batera Ipar Euskal Herriko eta Frantziako txapelketak irabazi zituen hiru arloetan, hau da, plaza librean, ezker paretan eta trinketean.

Pilotako ibilbidea 1982an bukatu zitzaion, infekzio bat zela kausa.

Kantuan

Kantua txikitatik gustukoa izan du eta 1960ko hamarkadan Maite Barnetxek Radio Côte Basquen zeukan irratsaio batean 10 urte zituela Etxahun-Iruriren Pilotarien Biltzarra abestu zuen. Haren lehen orkestra amateurrarekin, gero eta leku urrunagoetatik konbidatu zuten kantatzera, Amerikatik barne.

1986tik kantari profesionala da; urte hartan bere lehen musika talde profesionala sortzearekin bankuan zuen lana utzi zuen. Euskal kanta tradizionalak eta errugbiarekin lotutakoak (Frantziako errugbi selekzioaren hainbeste partidatan kantari aritu da) abesten ditu gehienbat. 2007an Baionako Agorila bere diskoetxea utzi eta Bordeleko V Musicekin izenpetu zuen kontratua. 2007an Luis Marianoren omenezko diskoa atera zuen; horren harira, 2009ko irailaren 14an Michel Etcheverry chante Luis Mariano et le Pays Basque izeneko kontzertua burutu zuen Parisko Olympian.

Diskografia

Bere lehen diskoetan euskaraz soilik kantatu bazuen ere, ospea handitu ahala, gero eta kanta gehiago sartu ditu frantsesez. Oro har, bere disko andanarekin Ipar Euskal Herria eta frantses estatuko Sud-Ouest delakoaren irudi folklorikoa eman eta lantzen du; eremu horretan, heletarra erreferentzia saihestezina da.

Horiez gain, CD single batzuk ere atera ditu eta zenbait bildumatan esku hartu.

Erreferentziak

  1. Gehien erabiltzen den grafia frantsesezkoa da: Michel Etcheverry; bere lehen diskoetan Mixel Etxeberri grafia erabili zuen; ikus disko honen erreferentzia.
  2. Biografia bere web orri ofizialean.

Ikus, gainera

Kanpo loturak