Paloteado

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rabadán edo artzaina eta deabrua, Cortesko paloteadoan, 2014an.
Ribaforadako paloteadoko partaideak, 2008an.

Paloteadoa edo, herri batzuetan, Dance delakoa, Nafarroako Erriberan egiten diren dantza ikuskizun batzuk dira, dantza eta antzerki herrikoia uztartzen dutenak, eta zeinetan makil dantzak parte inportantea dute[1]: hortik izena ere, palo edo makilatik, makilkada koreografiatuak dira paloteadoa.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

17. mendeko testigantzak daude Aragoin eta Nafarroan[2], baina ez dago argi noiztik egiten den herri bakoitzean. Hori bai, Nafarroako herri gehienetan 19. mendearen amaieran eta 20.aren hasieran desagertu zela dirudi. Bakarrik iraun zuen Cortes herrian eta han ere, 1936ko gerratik 1950eko hamarkadara eten egin zen. Hala ere, 20. mendeko azken laurdenean, eta 21. mendean, berreskuratu egin da hainbat herritan. Batzuetan tradizio lokala berreraiki ahal izan delako, beste batzuetan inguruko herrietako paloteadoren bertsioak garatuz.

Paloteadoren hitzezko parteak euskaraz eman zituzten lehen aldiz 2016ko ikuskizun batean, Iruñean eta Sanferminetan, Lodosa, Sartaguda eta Cabanillasko dantzariek. Hitzak Patxi Labordak egin zituen eta dantzak eta musika Cabanillasen berreskuratutakoak izan ziren[3].

Hedadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paloteadoak ez dira bakarrik Nafarroako Erriberako kontua, Ebro ibaiaren isurian, eta baita Queiles, Alhama eta Huecha ibaien arroetako herrietan egiten dira, Errioxako eta Aragoiko herrietan, eta Euskal Herrian bertan ere, baita Arabako Errioxako herri batzuetan, hala nola Villabuenan[4].

Nafarroan Corteskoak dira ezagunenak, iraupen historikoaren ondorioz, baina baiata ere berreskuratu dira Murchanten (1970eko hamarkada, Jose Maria Jimeno Jurioren ekimenez), Ribaforadan 1975ean, Fustiñanan 1979an, Tuteran 1982an, Monteagudon 1989an, Ablitasen 1996an, Cabanillasen 2013an[3]; baita ere Buñuel, Cascante, Corella eta Cintruenigon. Berreskuratze hauetarik askotan Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak parte hartze zuzena izan du[1].

Tuteran bezala Dance esaten zaio ikuskizunari Aragoiko zenbait herritan, bereziki Borja, Ainzon eta Tausten[2].

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erriberako paloteadoek eskema orokor bati jarraitzen diote normalean. Segizioa plazan sartu, eta gazteek dantza egiten dute lehenbizi; ondotik, herriko santuari agurra egin, eta nagusiak (mayoral, gazteleraz, hauxe baita paloteadoen ohiko hizkuntza) haren omenezko diskurtsoa eginez. Artzaina agertzen da gero (rabadán, gazteleraz). Normalean, petardo hotsekin batera deabrua ailegatzen da, eta bera bakarrik aritzen da solasean, plazan bildu direnen begiradapean. Horren ostean, aingerua agertzen da plazan, eta Ongiaren eta Gaizkiaren arteko borroka antzezten dute. Artzainak eta nagusiak artean solasaldia dute gero, eta orduan dantzarien txanda dator. Dantzen artean, artzainaren mintzaldia eta nagusiaren agurra izaten dira[1].

Pertsonaia gehiago ere badira toki batzuetan. Adibidez, Tuteran ohiko aktoreez gainera, hiru lagun igotzen dira taula gainera: Taranbana bufoia; alkatea, botere zibilaren irudi, eta Pepa, herritarren hitza lau haizeetara zabaltzen duen pertsonaia. Tuteran Dance esaten zaio ikuskizunari, El Dance, artikuluarekin ohikoan[5].

Agurreko testua finkoa izaten da, nola ongiak gaizkia gainditzen duen, baina tarteko pasarteetan bestelako bertsoak ere botatzen dituzte pertsonaiek, urtean herrian gertaturikoak gogoratuz, kontu barregarriez trufatuz edota salaketa soziopolitikoa eginez. Kritika hauek ez dira izaten gogoko toki batzuetako udalentzat, eta jai-egitarautik erori izan dira inoiz paloteadoak, adibidez Fustiñanan berriro eten ziren 1995. urtean, 21. mendean berragertzeko[1].

Hitzaldien eta parte antzeztuen artean, dantzak izaten dira. Makilekin egiten dira dantza nagusiak, baina badira bestelakoak: zinta dantzak, arkuekin eginak, giza dorreak, ezpata dantzak arraragoak baina aurki litezke.

Gizonezkoak izan dira tradizionalki palotedoko antzezle eta dantzariak, baina 21. mendea hastearekin, emakumezkoak ere parte hartzen hasi dira herri gehienetan[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Tubia, Iker. «Makiletan, sustraiak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-05-11).
  2. a b (Gaztelaniaz) Aranburu Urtasun, Mikel. (1987). «Contribución al estudio del paloteado: dances próximos a Borja, Ainzón y Tauste» Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra (50): 289-364. ISSN 0590-1871..
  3. a b omolinetl. «Paloteadoa, estreinakoz euskaraz» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-11).
  4. (Gaztelaniaz) «Villabuena» Araba Dantzarien Biltzarra (Noiz kontsultatua: 2020-05-11).
  5. «Centro Cultural "Miguel Sánchez Montes" Tudela - Navarra» www.perrinche.com (Noiz kontsultatua: 2020-05-11).[Betiko hautsitako esteka]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]