Stana Kovačević

Wikipedia, Entziklopedia askea
Stana Kovačević
Bizitza
JaiotzaBijeljina, 1850
Heriotzaezezaguna (173/174 urte)
Jarduerak
Jarduerakmilitarra

Stana Kovačević (serbieraz zirilikoz: Стана Ковачевић) –Crnjelovo, Bijeljina, Serbiako Printzerria (egun, Republika Srpska, Bosnia eta Herzegovina); 1850-heriotza-data eta toki ezezagunak- serbiar gudari eta heroi militar bat izan zen, 1876-78ko Serbiar-Turkiar gudan boluntario gisa borrokatu zena. XIX mendeko emakume soldadu apurrenetakoa izan zen. Nahiz eta XIX mendean itzal handia izan XX mendean bere figura ahaztuz joan da, orain berriz oroitzeko saiakerak badaude ere.

Guda aurreko bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez zaigu apenas ezer iritsi bere guda aurreko bizitzaz. 1850 urtean, ezagutzen ez den egun batean, jaio zen Bijeljina hiriaren ondoko Crnjelovo herrian (egun herria Bijeljinaren parte da, eta egun eskualde hori Bosniaren parte da). 20 bat urterekin ezkondu zen Stevan Kovačević deitutako gizon batekin eta harekin Šabac hirira joan zen bizitzera.

Serbiar-turkiar guda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1875an, Herzegovinanserbiar baserritarrak matxinatu ziren turkiar agintarien kontra. Era berean, bulgariar matxinada bat ere gertatu zen 1876an. Serbiako Printzerriak (formalki Otomandar Inperioaren parte, baina estatus quasi-independente batekin) 1876an matxinoak babestea erabaki zuen, bai hurbiltasun etnikoko arrazoiengatik eta baita ere Balkanetan turkiar posizioa ahultzeko eta lur gehiago irabazteko –eta hala bai Serbiak zein Montenegrok independentzia osoa lortu ahal izateko-. Guda bi frontetan borrokatu zuten, bat Iparraldera (Bosniara begira) eta bestea Hegoaldera (egungo Hego Serbiara begira)[1]. Beste alde batetik, Balkanetako beste herri ortodoxoek –egoera berriko independentean edo ia-independentean-, aspaldiko tentsioen eztanda baliatu zuten Turkiaren kontra guda nazional ezberdinak (independentziazkoak edo irredentistak) deklaratzeko. Horrela matxinoek hasitako krisi politikoa guda internazional bilakatu zen. Beraz, Serbiar-Turkiar guda Balkaniar guda-sorta baten barruan kokatzen da, non Estatu balkaniar txiki ezberdinek (Errusiaren laguntzaz), elkarrekin aliaturik, Turkiaren kontra borrokatu zuten, guda erregularraren (armaden bidezkoaren) eta irregularraren (oraindik Turkiar Inperioak kontrolatzen zituen barneko baserritar-gerrillarien erabilpenaren) konbinazio batean[2][3].

Stana Kovačevićek guda horretan parte hartzeko aukera ikusi zuen, eta Drinako boluntarioen batailoian borrokatu zuen. Horretarako gizonez mozorrotu zen -orduko armadak ez baitzuen ondo ikusten emakumeek borrokan egitea[4][5]- , ilea moztuz eta gizon-jantziak jantziz. Gizonezko “Stanko” izena ere hartu zuen. Podrinje eskualdeko frontean borrokatu zuen[6]. Gudan zen artean, ausardia saritzeko zilarrezko domina bat irabazi zuen, Mikhail Txernaiev errusiar jeneralak -Errusiar Espedizio-Indarreko buruak- emandakoa[4][5]. Hiru hilabetez iraun zuen amarruak, ahalik eta Stevan senarra gudan zauritua izan arte. Orduan erretiratu zuten guda-oinetik.

Stevan zauriez osatu zenean Stana Kovačević etxera itzuli zen guda aurreko bizitza arrunta egitera. Hala ere, gudan egoerak Serbiarentzat okerrera egin zuenean, guda-oinetik lekutu zutenek berriz deitu zuten eta berriz borrokatu zuen, Moravako frontean (Hegoaldean)[4][5].

Serbiar-Turkiar guda 1878an bukatu zen, serbiarren garaipenarekin, beraz Serbiako Erresuma aldarrikatua izan zen, independentzia osoa lortuz. Bosniako frontean ez zituzten lur gehiago irabazi (bai Bosnia eta Sandžak Austriak okupatu zituen), baina bai Hegoaldean, Niš, Leskovac, Pirot, Preševo eta Vranje hiriak askatuz[7][8]. Hala ere, John K. Cox historiagilearen arabera, salneurri garestia ordian du behar izan zuen: 16.000 pertsona hildako eta milaka errefuxiatu[9]. Beste gudei dagokionez, Montenegrok eta Errumaniak ere independentzia osoa lortu zuten azken loturak hautsiz, eta bestetik Bulgariar Printzerria ere aldarrikatu zuten ia-ia independentzia osoarekin (1885ean lortuko zuen). Greziak ere lur berriak konkistatu zituen. Turkiaren lurrak Europan oso murriztuta geratu ziren.

Kovačević, bere garaian, Serbian heroi bezala tratatua izan zen eta gudako beteranoen elkarteko kide ere bazen, hauen ospakizunetan eta desfile militarretan parte hartuz. Kovačevićen eresuaren itzala nahiko handia izan zen, kontuan izanik Lehen Mundu Gudan Serbia izan zela emakume boluntarioak onartu zituen armada bakarra[10]. Hala ere, XX mendean zehar bere itzala apalduz joan zen[4][5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) FORBES, Nevill. (1915). The Balkans: a history of Bulgaria, Serbia, Greece, Rumania, Turkey. Oxford: Oxford University Press.
  2. (Ingelesez) PAVLOWITCH, Stevan K.. (1999). A History of the Balkans 1804–1945.. Londres/New York: Longman, 115 or. ISBN 9780582045859..
  3. (Ingelesez) ĆIRKOVIĆ, Sima. (2004). The Serbs. Erresuma Batua: Malden: Blackwell Publishing, 223-224 or. ISBN 9781405142915..
  4. a b c d (Serbieraz) «Pre Milunke Savić postojala je Stana Kovačević, danas potpuno zaboravljena junakinja Srpsko-turskog rata (Milunka Savićen aurretik Stana Kovačević izan zen, egun ahantzia izan den serbiar-turkiar gudako heroia).» opanak.rs.
  5. a b c d (Serbieraz) Stana Kovačević – zaboravljena junakinja srpsko – turskog rata (Stana Kovačević, serbiar-turkiar gudako heroi ahaztua). .
  6. (Serbieraz) «Crnjelovka Stana Kovačević, junakinja srpsko-turskog rata (Stana Kovačević crnjelovotarra, serbiar-turkiar gudako heroia).» bijeljina.org.
  7. (Ingelesez) PAVLOWITCH, Stevan K. (1999). A History of the Balkans 1804–1945. Londres/New York: Longman, 64-65 or. ISBN 9780582045859..
  8. (Ingelesez) ĆIRKOVIĆ, Sima. (2004). The Serbs. Erresuma Batua: Malden: Blackwell Publishing., 224-225 or. ISBN 9781405142915..
  9. (Ingelesez) COX, John K. (2002). The History of Serbia. Westport/Londres: Greenwood Publishing House, 53 or..
  10. (Serbieraz) BOŠKOVIĆ, V.. (2018-XI-15). “Srpske heroine i deca - ratnici na fotografijama” (Serbiar heroi-emakumeak eta umeak-gerlarien argazkiak). .

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]