Bosnia-Herzegovina

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Bosnia eta Herzegovinako
Bosna i Hercegovina
Босна и Херцеговин
Bosnia-Herzegovinako bandera
Bandera

Bosnia-Herzegovinako armarria
Armarria

Nazio ereserkia:
Državna himna Bosne i Hercegovine
Bosnia-Herzegovina: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Sarajevo
43°52′N 18°25′E / 43.867°N 18.417°E / 43.867; 18.417
Hizkuntza ofiziala(k) Bosniera / Kroaziera / Serbiera
Gobernua
Presidentziako kideak
Errepublika
Bakir Izetbegović1
Nebojša Radmanović2
Željko Komšić3
Independentzia
- Jugoslaviatik

1992 apirilaren 5
Eremua
• Guztira

51.129 km² (127.)
Biztanleria
• Zenbatespena (2009)
• Dentsitatea

Herritarra

4.613.414 (120.)
90,2 biztanle/km² (126.)

bosniar
Dirua Marko aldagarria (BAM)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
CET (UTC +1)
CEST (UTC +2)
Interneteko domeinua .ba
Telefono aurrezenbakia +387
1 Presidentziaren burua; bosniarra.
2 Kide serbiarra.
3 Kide kroaziarra.
Map Bih entities.png

Bosnia-Herzegovina[1] (bosnieraz eta kroazieraz: Bosna i Hercegovina; serbieraz: Босна и Херцеговина) Europa hego-ekialdeko estatua da, Balkanetan kokatua Itsaso Adriatikoaren ertzean. Hala ere, ia estatu itsasgabea da, 20 kilometroko kosta zerrenda motza besterik ez baitu, Neum hiriaren inguruan.

Hiriburua Sarajevo da.

Mugakideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugakide ditu Kroazia ipar, hego eta mendebaldean, Serbia ekialdean eta Montenegro hegoaldean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bosnia-Herzegovinako historia»

Eslaviarren aurreko garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bosnia-Herzegovinako Paleolitoan Badanj leizeko (Stolac, Herzegovina) grabatuak nabarmentzen dira, Europako hego-ekialdeko zaharrenak baitira. Geziz erasotutako zaldia K.a. 14-12000 urtekoa da.

Neolitikoan iliriarrak bizi izan ziren. Proto-indoeuropar herri hau aski ezezaguna da, baino Erdialdeko Europan garrantzi handikoa izan zen. K. a. IV. mendean zeltak iritsi ziren. K. a. 229an iliriarren eta Antzinako Erromaren arteko gerrak hasi ziren. Gure aroko 9. artera arte ez zuen Erromak eskualde osoa bereganatu.

Suetonio historialariaren arabera, Bosnia-Herzegovinan izan zuen Erromak Gerra Punikoen osteko gudu zailenetako bat, iliriarren matxinadaren (Panoniako matxinada eta Batonianum Bellum ere deitua) aurkako kanpaina, hain zuzen ere.

Erromatar Inperioa zatitu zelarik (337-395) Iliria, Dalmazia eta Panonia Mendebaldeko Erromatar Inperioaren barnean gelditu ziren. 455ean ostrogodoek inbaditu zuten eskualdea eta, geroago, alano eta hunoen eskuetan ibili zen. VI. mendean Justiniano I.a enperadoreak Bizantziar Inperioarentzat konkistatu zituen lurralde hauek. Ondoren abaroen inbasioa gertatu zen.

Erdi Aroko Bosnia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goi Erdi Aroan mendebaldeko Balkanetan zegoen egoera politikoa ez dago erabat argitua. VI. mendetik aurrera, gaur egungo Poloniako hegoaldetik eta Txekiar Errepublikatik, talde eslaboak iritsi ziren. IX. mendean Frankoen inbasioarekin feudalismoa finkatu zen. Garai honetan, Dalmaziako itsasaldetik hasita, kristautu ziren bosniarrak.

IX. mendean bi erresuma jaio ziren inguru honetan, Serbia (Bosniako hego-ekialdean) eta Kroazia (Bosniako mendebaldean). XI. eta XII. mendeetan Bosnia, Kroazia bezala, Hungariako Erresumaren menpean egon zen. 1200 aldean bosniarrek autonomia zabala lortu zuten. Horretarako hungariarren eta serbiarren aurka borrokatu behar izan zuten.[2] XIV. mendean herrialdea erresuma bihurtu zen: Bosniako Erresuma. Laister, ordea, Otomandar Inperioaren inbasioa gertatu zen.

Otomandar eta Austrohungariar garaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bosnia-Herzegovinako biztanleriaren gehiengoa musulmana izatearen arrazoia (ondoko herrialdeetan ez bezala) 1463ko otomandar konkistan dago. Urte hartan Mehmet II.ak lurraldea Otomandar Inperioarentzat irabazi zuen. Lau mende geroago, Berlingo kongresuan (1878), Austria-Hungariako Inperioaren eskuetara pasatu zen eta Bosnia-Herzegovinako nazionalismoak (serbiarra batez ere) indartuz joan ziren. Haserre nazionalista honen testuinguruan, 1914an serbiar abertzale batek Austriako Franz Ferdinand artxidukea hil zuen, Lehenengo Mundu Gerrari hasiera emanez. Guda amaituta (1918) herrialdea Serbiarren, Kroaziarren eta Esloveniarren Erresuman (1929tik aurrera Jugoslaviako Erresuma deitua) integratu zuten.

Bigarren Mundu Gerratik aurrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1941eko apirilean Hitlerrek Jugoslavia inbaditu zuen. Bosnia nazien mendeko Kroaziako Estatu Independentearen barnean gelditu zen. Bosnia gudu zelai bilakatu zen: okupazio indarrek (Alemania eta Italia), kroaziar ustaxak, serbiar txetnikek, herri miliziek eta partisanoek, elkarren aurka borrokatzeaz gain, zibilen artean izua zabaldu zuten[2]

Partisanoek lagundutako Aliatuen garaipenaren ondoren, Bosnia-Herzegovina, Kroazia, Mazedonia, Montenegro, Serbia eta Esloveniak Jugoslaviako Errepublika Federal Popularra eratu zuten. 35 urtez alderdi bakarreko diktadura izan zen, Josip Broz Titok hil arte (1980) gobernatu zuena.

1980ko hamarkadan, komunismoa desegin ahala, nazionalismoa indartuz joan zen. Jugoslaviako errepublika bakoitza bere bidea egiten saiatu zen. Sobietarrek Ekialdeko Europan zeukaten nagusitasuna kolapsatu zenean, Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren amaiera etorri zen. 1990ean lehenbiziko alderdi anitzeko hauteskundeak egin ziren. Serbia eta Montenegron alderdi komunista nagusitu zen baino gainerako errepubliketan abertzaleak garaile atera ziren. Jugoslavia desegiten hasi zen eta 1991an Esloveniak eta Kroaziak independentzia aldarrikatu zuten.

Bosniako gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bosniako gerra»
Parlamentuaren eraikina sutan, Sarajevoko 1992ko setioan.

Testuinguru honetan, 1991ko urrian Bosnia-Herzegovinak bere subiranotasunaren adierazpena egin zuen eta 1992ko martxoaren 3an parlamentuak independentzia aldarrikatu zuen.

Bosnia-Herzegovinako gutxiengo serbiarrak erresistentzia erakutsi zuen independentziaren aurrean eta Jugoslaviako armadaren laguntza jaso zuen. Gerra zibila 1992ko apirilaren 1ean piztu zen. Jugoslaviako (hots, Serbiako) armadaz gain, Kroaziakoak ere esku hartu zuen. Gerrak 100.000 hildako inguru[3] eta 2.5 milioi erbesteratu eragin zituen. Gerrako krimen ugari egin ziren (garbiketa etnikoak, bortxaketa masiboak eta genozidioa). 1995eko abenduaren 14an, Daytongo akordioarekin, amaiera eman zitzaion.

Gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bosnia-Herzegovina bi entitate politikoren konfederazioa da: Bosnia-Herzegovinako Federazioa eta Bosniako Serbiar Errepublika.

Gerra amaitu zenetik, talde etniko desberdinen arteko gatazka bortitzak ekiditeko, interposizio indarrak daude Bosnia-Herzegovinan. 2004 arte NATOkoak egon ziren eta, ondotik, Europako Batasuneko armadetakoak daude.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bosnia-Herzegovinaren banaketa administratiboa»

Bosnia-Herzegovinako Errepublika errepublika federal bat da eta 50 barruti administratibotan banatzen da, herrialdeko hiriburua Sarajevo izanik. Herrialdea bi entitate guztiz autonomotan banatzen da bakoitzak bere gobernua eta Biltzar Nazionala duelarik: Bosnia-Herzegovinako Federazioa (herrialdearen %51) eta Bosniako Serbiar Errepublika, %49.

2000 urtean Brčkoko Barrutia gehitu zen entitate bezala, aurretik aipatutako bi entitateen lur-eremuak hartuz.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Bosnia-Herzegovinako geografia»

Bosnia-Herzegovina Europako hego-ekialdean dago, Balkanen mendebaldean, ipar latitudeko 42°- 46° artean eta ekialdeko longitudeko 15°- 20° artean. Iparraldean eta mendebaldean 932 kmko muga du Kroaziarekin, ekialdean 302 kmko muga Serbiarekin eta hego-ekialdean 225 kmko muga Montenegrorekin. Hegoaldean 20 kmko itsasertza du Adriatikoan, Neum udalerrian.

Oso herrialde menditsua da, Dinariar Alpeen magalean baitago. Tontorrik altuena Maglić (2.386 m) da.

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bosniera, serbiera eta kroaziera dira mintzaira ofizialak. Hiruak eslaviar hizkuntza den serbokroazieraren aldaerak dira, eta euren arteko desberdintasunak oso txikiak dira. Hala ere, azken urteetan mintzaira bakoitzak bere estandar propioa garatu du.

Bosniar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bosnia-Herzegovina Aldatu lotura Wikidatan