Teknologia

Wikipedia, Entziklopedia askea
XX. mendearen erdialdean gizakiek Lurraren atmosferatik irteteko adina ezagutza teknologiko eskuratu zuen, espazioaren esplorazioan murgilduz.

Teknologia, grezierazko τεχνολογος-tik, tekne (τεχνη, "zientzia, arte, edo lanbide") eta logos (λογος, "jakintza-multzoa") hitzez osatuta dago. Hainbat definizio dituen arren, kontzeptu zabalenean, espezie batek tresnak sortu, erabili eta ingurunea bere nahi eta beharretara aldatzeko duen jakintza-multzoari deritzo teknologia. Teknologia hain zuzen, objektu horiek guztiak diseinatzeko eta fabrikatzeko teknikak, makinak eta prozesuak aztertzen dituen diziplina da teknologia.

Teknologiek modu nabarmenean aldatzen dute gizakiak zein beste animalia-espezie batzuk beren ingurune naturala kontrolatu eta moldatzeko duten ahalmena. Gizakiaren kasuan, teknologiaren erabilera natur baliabideak tresna sinple bihurtzean hasi zen, historiaurrean. Sua kontrolatzeko abilezia jauzi garrantzitsua izan zen, janari-iturriak asko zabaldu baitzituen, eta gurpilaren asmakizunak ondasunak urrutiago garraiatzeko eta mugikortasuna handitzeko aukera eman zuen. Berrikiago izandako garapen teknologikoek, esaterako telefonoak, hedabideak edo interneta, komunikaziorako mugak asko txikitu dituzte eta eskala planetarioko elkarrekintzak sortzea ahalbidetu dute.

Hala ere, teknologia guztiak ez dira helburu baketsuetarako garatu: gero eta ahalmen suntsitzaile handiagoa duten armak sortu dira, adibidez.

Teknologia giza jarduerarekin lotzeko joera dago. Hau ez da guztiz zuzena, beste hainbat animalia-espeziek ere teknologia jarduerak garatzen baitituzte. Beste joera bat, teknologia gizakiek erabiltzen dituzten produktuekin soilik lotzea da, produktu konplexuak orokorrean. Prozedura eta metodo teknikoek eta tresnek ere teknologia osatzen dute, hala nola, jantziek, produktu sinpleek, idazkerak, komunikazio-teknikek, abeltzaintzak, nekazaritzak, apaingarriek, eta abar.

Teknologiak gizartean eta ingurumenean eragiten du hainbat moduz. Zenbait gizartetan teknologiak ekonomia aurreratuagoak sortzen lagundu du (gaur egungo ekonomia globala barne). Prozesu teknologiko askok nahi ez diren azpiproduktuak sortzen dituzte, adibidez poluzioa, eta natur baliabideak agortzen dituzte, Lurrari eta ingurumenari kalte eginez. Teknologia berrien garapenak gizarteen balioak alda ditzake, eta batzuetan galdera etiko berriak eragiten dituzte.

Garapen teknologikoaren mugarri historikoak

  • Harrizko tresnak eta armak: Lehen hominidoek sortu zituzten duela 1.000.000 urte baino gehiago. Armen bidez, animalia basatien ehiza hobetu ahal izan zen. Tresnek animalien zatikatzea eta larru, hezur eta zuraren lanketa erraztu zituzten, gizakien bizimoduan lehen aldaketa esanguratsuak eraginez.
  • Sua sortzea: Sua lehenagotik ere erabiltzen bazen ere, gizakiek sua beraiek sortzearen lehen aztarna duela 200.000 urtekoa da. Suaren kontrolak hainbat abantaila ekarri zituen: animalia arriskutsuak uxatzea, eguna luzatu ahal izatea lanerako zein gizarte-harremanetarako, klima hotzagoa duten eremuetan bizi ahal izatea, janariak suaren bidez moldatzea, etab.
  • Saskigintza: Ez da segurtasunez ezagutzen noiz sortu zen, baina buztingintza baino lehenagokoa dela uste da. Saskiak janariak eta objektu txikiak garraiatzeko lehen ontziak izan ziren.
  • Buztingintza: K. a. 8000. urtearen inguruan sortu zen (Neolitoaren hasieran) Europan. Buztingileen labeak ondoren sortuko ziren metal-galdaketarako oinarria izan ziren.
  • Zerealen laborantza: K. a. 8500. urtearen inguruan sortu zen, Ilgora Emankorrean. Nekazaritzaren emankortasun handiak elikadurarako behar zen denbora murriztu zuen eta erreserben biltegiratzea erraztu zuen, giza populazioaren emendioa eraginez. Nekazaritzak nomadismoa murriztu zuen eta lehen hirien sorrera eragin zuen. Hirietan lanaren gizarte-banaketa sortu zen eta teknologien ugaritzea agertu zen.
  • Kobrearen metalurgia: K. a. 7000. urtearen inguruan gaur egun Turkia den eskualdean.
  • Ahuntz eta ardien etxekotzea: K. a. 7000. urtearen inguruan Anatolia eta Persian. Animalien lehen hautespen artifizialak egin ziren, gizakientzat egokienak ziren ezaugarriak hobetuz animalietan.
  • Oihalgintza: Animalien zein landareen zuntzak erabiliz egindako lehen oihalak K. a. 5000. urtean sortu ziren Anatolian, Mediterraneoko Levanten eta Egipton.
  • Gurpildun orga: Mota honetako tramankulu baten lehen irudikapena K. a. 3500. urtearen ingurukoa da, eta Kaukasoan sortu zen.
  • Idazkera: K. a. 3300. urtean, Sumerren, sortu zen idazkera kuneiformea. Lehen idazkera hau zergen ordainketa kontrolatzeko eta inbentarioak egiteko erabili zen.

Idazkeraren asmakuntzak periodo historikoaren hasiera markatzen du. Ondoren, informazioaren transmisiorako prozesu sistematikoak eta teknologien analisi arrazionalak azkartu egin zuen teknologiaren bilakaera.

Teknologia eta gizartea

Aldaketa sozialekin batera, askotan teknologia-erronka berriak sortzen dira. Esate baterako, egun, herrialde garatuetako biztanleriaren zahartze-denbora luzatzen ari denez, joera horrek osasunean, aisian edo gizarte-laguntzan behar garrantzitsuak sortzen ditu, horrenbestez teknologiaren hobekuntza ez dago gelditzeko prest eta aurrerapenez aurrerapen jarraituko du gizakiaren betebearrak asetuz.

Lanbide tekniko eta teknologikoak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Teknologia Aldatu lotura Wikidatan
Zientzia Artikulu hau zientziari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.