Theodor Schwann
| Zientzialaria | ||
|---|---|---|
| Arloa | anatomia, fisiologia, histologia | |
| Jaio | 1810ko abenduaren 7a | |
| Hil | 1882ko urtarrilaren 11a | |
| Lan-erakundeak | Royal Society | |
| Frantziako Zientzia Akademia | ||
| Lanak | Teoria zelularra | |
| Schwannen zelula | ||
Theodor Schwann (Neuss, 1810ko abenduaren 7a - Kolonia, 1882ko urtarrilaren 11a) Jakob Schleidenekin batera teoria zelularra formulatu zuen zientzialari alemaniarra izan zen.
Biografia [aldatu]
1810an Neussen jaio zen, Düsseldorf ondoan. Ikasketak Bonn, Würzburg eta Berlingo Humboldt Unibertsitatean egin zituen. 1834ean graduazioa lortu zuen oilaskoaren enbrioiari buruzko tesiarekin.
1839an Lovainako unibertsitatean (Belgika) anatomia irakasle bihurtu zen. 1848an Liejako unibertsitateko katedra hartu eta bertan egon zen 1880an erretiratu zen arte. Bi urte beranduago hil zen Kolonian.
Ekarpen zientifikoak [aldatu]
1829an Johannes Müller fisiologoa ezagutu zuen Bonnen eta harreman handia izan zuten Belgikara iritsi arte. Urte horietakoak dira Schwannen lorpenik handienak.
Fisiologia eta anatomiari dagokionez Liseriketaren erantzulea azido klorhidrikoa ez zela frogatu zuen, pepsina baizik. Urte berean berezko sorreraren teoria atzera bota nahian ari zela azukrearen hartzidura eragiten zuen legamia aurkitu zuen. Azkenik Nerbio Sistema Periferikoko glia zelulak aurkitu zituen, bere omenez Schwannen zelula deitzen direnak.
Histologiari dagokionez animalien ehunak bost taldetan sailkatu zituen, hala nola: zelula askeak (adibidez odol zelulak), konpaktaturiko zelulak (azala), hormak baturik dituzten zelulak (kartilago, hezur eta hortzak), zuntzak eratzen dituzten zelula luzeak (zurdak eta lotailuak) eta horma eta zuloak baturik dituzten zelulak (muskuluak).
Baina sona handiena eman ziona Teoria zelularraren formulazioa izan zen. Jakob Schleidenek landareekin eginiko ikerketak aztertu eta animali zelulekin froga berdinak egin zituen. 1838an teoria zelularra aurkeztu zuen, sakonago oraindik 1839an argitaraturiko Mikroskopische Untersuchungen über die Uebereinstimmung in der Struktur und der dem Thiere Wachstum und Pflanzen (faunaren eta floraren hazkuntzen arteko berdintasunen inguruko azterketa mikroskopikoak) lanean.
Ikus, gainera [aldatu]
| Artikulu hau Alemaniako biografia bati buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |