Txikipedia:Maialen Axpe

Wikipedia, Entziklopedia askea

Maialen Axpe Etxabe 1993ko maiatzaren 4an Arrasaten jaiotako gipuzkoar atleta da, pertika jauzian espezializatua. Club Atlético San Sebastián taldeko partaidea da.

Maialen Axpe
Maialen Axpe

Espainiako txapelketa asko irabazi ditu eta nazioarteko txapelketatan ere ibili izan da.[1]

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrasateko taldean aurkeztu zen lehenengo aldiz jendearen aurrean (debuta) 2008an eta, ondoren, Donostiako taldean sartu zen. Nazioarteko lehen txapelketa 2012an izan zuen Bartzelonan, Munduko gazte mailako txapelketa: 24. postuan gelditu zen. Hurrengo urtetan 23 urtez azpiko Europako txapelketatan egon zen, Tamperen, Aubagnen eta Tallinnen.

2018an nazioarteko hiru txapelketa jokatu zituen. Europako Txapelketan ez zen pertigako jauziko finalera iritsi, baina Iberoamerikako Txapelketan zilarrezko domina eskuratu zuen Trujillon.

2019an egin zuen bere marka pertsonala, 4,50 metro Antequeran, pista estalian. Urte berean Stockholmen Diamantezko Ligan parte hartu behar zuen baina Iberia hegazkin konpainiak ez zion utzi pertikak hegazkinean eramaten eta ezin izan zuen lehiaketa jokatu.

2023an Espainiako txapelduna izan zen aire librean eta pista estalian.[1]

Emaitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarteko txapelketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Txapelketa Lekua Postua Marka
2012 Munduko txapelketa (Gazte mailan) Bartzelona ( Katalunia) 24.a 3'85 m
2013 Europako txapelketa (23 urte azpitik) Tampere ( Finlandia) 24.a 3'70 m
2014 Europako txapelketa (23 urte azpitik) Aubagne ( Frantzia) - -
2015 Europako txapelketa (23 urte azpitik) Tallinn ( Estonia) 17.a 4'00 m
2018 Mediterraneoko Jokoak Tarragona ( Katalunia) 10.a 4'00 m
Europako Txapelketa Berlin ( Alemania) 19.a 4'35 m
Iberoamerikar txapelketa Trujillo ( Peru) 4'20 m
2019 Europako txapelketa (Indoor) Glasgow ( Eskozia) 17.a 4'25 m
2023 Europako Jokoak Chorzów ( Polonia) 12.a 4'25 m

Espainiako txapelketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Espainiako txapelketa aire librean: txapeldun 2021, 2022 eta 2023an gelditu zen. Bigarren postuan 2017 eta 2018an geratu zen.
  • Espainiako txapelketa pista estalian: 2019 eta 2023an lehenengo postua lortu zuen. Inoiz ez da geratu bigarren postuan baina hirugarren postuan, 2017 eta 2020ean gelditu zen.[1]

Marka pertsonalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Pista estalian: 2019ko otsailaren 16an, Antequeran,  4,50 metroko saltoa egin zuen.
  • Aire librean: 2018ko uztailaren 22an 4,45 metroko saltoa egin zuen Getafen.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Maialen Axpe. 2023-07-31 (Noiz kontsultatua: 2024-03-13).