1520-1521eko Gipuzkoako matxinada

Wikipedia, Entziklopedia askea

1520-1521eko Gipuzkoako matxinada Gipuzkoan korrexidore berriaren izendapenaren ondorioz sortutako istiluek duten izena da. Historiografikoki, eta kronologia parekotasuna dela eta, arazoa Gaztelako Komunitateekin erlazionatua izan da. Dena dela, 1970 eta 1980ko hamarkadetan egindako ikerketek ez zuten antzekotasun hori oso garbi utzi, ondorioak Probintziaren dinamikarekin erlazionatutako arazotzat izan zutelarik, baina gipuzkoar faktoreak erabat argitu gabe[1].

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1520. urte amaieran Gipuzkoako hiribilduen artean arazoak sortu ziren korrexidore berriaren izendapena zela eta. Donostia buru zuen taldeak Cristóbal Vázquez de Acuña erregearen delegatutzat onartu bazuen, ez zen hala izan Hernanik bideratzen zuten taldearekin[oh 1]. Azken honek, izendapena Gipuzkoako eskubide eta pribilegioen aurka zihoala argudiatzen zuen. Izendapenaren inguruko tira-birak hilabete istilutsuak ekarri zituen, nagusienak, 1520ko azaroa eta 1521eko urtarrila bitartean izan zirelarik. Baina apirila eta maiatzean ere, oraindik nolabaiteko tentsioa bizi zen hiribilduen artean, zeina frantsesek Nafarroan eragindako ofentsibarekin itzali zela dirudien[1]. Esate baterako, Hondarribiko setioaren denboran (1521-1524) Gipuzkoa jarri zen erabat Gaztelako erregearen aginduetan.

Gaztelar Komunitateen gerra eta gipuzkoar istiluen artean dauden kronologia antzekotasunak direla eta, ikerlari gehienek arazo probintzialari zentzu horretan erreparatu egin diote; hau da, Gipuzkoan gertatutakoa Komunitateekin zerikusia zuen arazo bat zen edo ez aztertzeari ekin diote. Ondorioak orokorrean arazo ezberdinen aurrean gaudela zioten, nahiz eta Hernaniko taldeak gaztelar komuneroekin kontaktuak izan. Hori dela eta, 1970 eta 1980ko hamarkadetan izandako ikerketek arazoa gipuzkoar dinamikarekin zerikusia zuela ondorioztatu zuten eta beraz, benetako arrazoiak Erdi Aro eta Aro Modernoen arteko trantsizio garaian oinarriturik zeudela. Azken finean, Gipuzkoaren egituraketa korporatiboa finkatzen ari zenean, behin Behe Ertaroan lurralde hori antolatzeko bi aukeren arteko borroka —Ahaide Nagusiena eta hiribilduena-puntu nagusienetan behinik behin, gainditua zegoelarik[1].

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c
    CC BY-SA icon.svg
    IrijoaCortés, Iago. (2004-07-01). «Gipuzkoa komunitateen gerran (1520-1521): Eguneratze historiografikoa» Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País 60 (2) ISSN 0211-111X. (Noiz kontsultatua: 2022-06-17).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]