2014ko Hong Kongeko protestak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
29.9.14 Hong Kong protest cellphone vigil.jpg

2014ko Hong Kongeko protestak 2014ko irailaren 27an demokrazia eske hasi ziren protestak izan ziren. Aterkien iraultza izenez ere ezagutu zen protesta, izan ere, manifestariak euritakoak erabili zituzten Poliziak jaurtitako gasaz babesteko[1].

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1982an, Den Xiaopingek Estatu bat, bi eredu printzipioa ezarri zuen Txinako Herri Errepublikan, Hong Kong, Macao eta Taiwanekin bat egitea errazteko itxaropenez[2].

1997era arte izan zen Hong Kong Erresuma Batuko kolonia. Geroztik, Txinako Herri Errepublikako Eskualde Administratibo berezia da, Kanton eta Macaorekin batera. Kolonia Txinaren parte izatera igaro zenean, Deng Xiaopingek eta Margaret Thatcherrek adostu zutenez, "herrialde bakarra, bi sistema" premisapean aginduko zuen Pekinek[1].

Sistema horren arabera, eskualdeak Txina kontinentalak baino autonomia gehiago izango zuen eta sistema kapitalistari irekiago egongo zen. Sufragio unibertsaladun hauteskundeak bateratzea izan zenetik 20 urtera egitea onartu zuten bi aldeek, hau da, 2017an egingo ziren[1].

Gatazka Txinaren jarrera aldaketa eragin zuen. Txinako presidenteak hauteskunde erreformak iragarri zituen abuztuan, baina sufragio unibertsalari mugak jarri zizkion. Ondorioz, Pekingo gobernuaren oniritzia duten hautagaiek bakarrik parte hartu ahalko zuten hiru urte barru egitekoak diren bozetan. Hong Kongeko gobernuak erreforma babesteagatik piztu zen herritarren haserrea[1].

Gertaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014ko uda: lehen protestak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasleek lehenengo eta Occupy Central mugimenduak gero deitu zituzten Hong Kongeko protestak. Azken mugimendu honek hiriko kale eta eraikin publikoak okupatzeko deia egin zuen. 2014ko udan manifestazio masiboak izan ziren Hong Kongen; ez, ordea, irailean bezalako garrantzitsuak[1].

2014ko iraila: protesta jendetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014ko irailaren 28an, negarra eragiteko gasa bota zuten Hong Kongeko manifestarien kontra. Txinako Gobernuak ez zuen baimenduko Hong Kongeko hurrengo agintaria hautaketa ireki bidez aukeratzea eta milaka herritar kalera atera ziren protesta egitera. Bigarren Hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleen astebeteko greba hasi zuten irailaren 22an eta asteari amaiera emateko ostiralean manifestazioa egin zuten Gobernuaren egoitzaren aurrean. Manifestazio horretan istiluak izan ziren manifestarien eta Poliziaren artean[3].

Irailaren 29an, Hong Kongen ez esku hartzeko ohartarazi zien Txinak beste herrialdeei[4].

Irailaren 30ean, tentsio isila zegoen Hong Kongen, poliziaren presentzia txikituta. Hiri erdigunean bildutakoen kopuruak behera egin zuen, baina urriaren 1ean jaiegun seinalatua zen Txinan, eta protestak areagotzea espero zen. 100.000 lagun inguru zeuden kolonia britainiar ohiaren erdigunean bilduta, Occupy Central izeneko mugimenduak deituta[5].

Urriaren 1ean, Hong Kongen gobernuaren bulegoak hartzen saiatuko zirela urriaren 2tik aurrera manifestariak zabaldu zen. Protestak gogortu egingo zituen Ikasleen Federazioak. Txinak babestu egin zuen gobernuko burua, eta kargua uztea baztertu zuen Cy Leungek[6].

Urriaren 2an, Hong Kongeko exekutibo buruak dimisioa baztertu zuen, eta elkarrizketa eskaini zien manifestariei. Hitz egiteko prest zeuden manifestariak, baina Cy Leung Chun-yongek kargua uzteko eskatu zuten[7]. Egun berean, hala ere, Hong Kongen gogortu egin zen manifestarien eta gobernuaren arteko pultsua. Exekutiboko buruak ez zuen eman dimisioa, manifestariek jarritako epea bete bazen ere. Elkarrizketa proposatu zuen, Txinaren lege erreformen barruan[8].

Urriaren 3an, istiluak izan ziren manifestarien eta protesten aurkakoen artean. Hong Kongeko gobernadoreak manifestariekin bilduko zela iragarri arren, tentsioa nagusi zen Hong Kongen[9]. Azkenik, gobernuarekin elkarrizketa bertan behera utzi zuten ikasleek. Gertatu ziren istiluengatik erabakia hartu zuten ikasleek; izan ere, herritar batzuek manifestariei eraso egin zieten Poliziaren pasibotasuna aprobetxatuz[10].

Urriaren 4an, protesten aldeko eta aurkako manifestarien arteko liskarrak izan ziren Hong Kongeko kaleetan. 19 lagun atxilotu zituzten, hiriko hainbat auzotan izandako liskarretan. Hainbat lekukok aitortu zutenez, hainbat lagunek manifestarien aurka egin zuten Mong Kok auzoan. Protesta horiengatik, ikasleek Gobernuaren bozeramaileekin izaten ari ziren negoziazioak eten zituzten[11]. Egun berean, Hong Kongeko Gobernuak "beharrezkoak diren neurri guztiak" hartu zituen ordena soziala berrezartzeko eta astelehenean hiria normaltasunera itzultzeko, Leung Chun-ying Hong Kongeko Gobernuko buruak iragarri zuenez[12].

Urriaren 5ean, protestei eusten zieten Hong Kongen, akordioaren aukera zabalduta ere. Milaka manifestari irten ziren kalera, gobernadoreak kargua utzi eta Txinari buru berria hautatzen uzteko eskatzeko. Lekukoen arabera, Occupy Central mugimenduko hainbat taldek zenbait toki jendez hustea onartu zuten. Zehazki, Mong Kok auzoa eta bertako gobernuburuaren eraikinaren inguruak libratzea adostu zuten[13].

Urriaren 9an zabaldu zenez, urriaren 10ean zen biltzekoa Hong Kongeko Gobernua demokrazia handiagoaren eske protestan aritu ziren ikasleen ordezkariekin. Baina Occupy Centrali eta Ikasleen Federazioari «desobedientzia plan bat» bultzatzea egotzita, lehen bilera ofizial hori bertan behera utzi zuen gobernuak[14].

Urriaren 10ean egitekoa zuten aurreneko bilera ofiziala Hong Kongeko Gobernuak eta Occupy Centraleko eta Ikasleen Federazioko ordezkariek. Baina bezperan gobernuak bilera bertan behera utzi ondoren, mobilizazioen antolatzaileek berriro kaleak hartzeko deia egin zieten Txinako erregio administratibo berezian demokrazia gehiago eskatzen zuten herritarrei eta ondorioz, milaka manifestari elkartu ziren Hong Kongeko plaza eta etorbideetan[15].

Urriaren 20an, Hong Kongeko Gobernua eta ikasleak, lehen aldiz hitz egiteko prest agertu ziren. Hong Kongeko Auzitegi Gorenak Mong Kok auzoko okupazioa debekatu zuen, eta manifestariei irteteko agindu zien. Nahiz eta manifestarien kopuruak behera egin, urriaren 18an eta urriaren 19an istiluak izan ziren ikasleen eta Poliziaren artean, eta 40 lagun atxilotu zituzten eta beste dozenaka zauritu, tartean hogei bat polizia. Bi orduz bilduko ziren ikasleak eta agintariak, eta ikasleek eskatu moduan, bilkura irekia izango da eta telebistan emango zuten. Agintarien eta Poliziaren adierazpenek giroa are gehiago gaiztotu zuten. Leung Chin-yung Hong Kongeko gobernuburuak «indar atzerritarrei» egotzi zien protesten atzean egotea. Egoerak okerrera egin zuen urriaren 17tik. Poliziak barrikadak kentzen saiatu zen orduan, baina milaka manifestarik berriro hartu zituzten kaleak, eta segurtasun indarrek atzera egin behar izan zuten[16].

Urriaren 21ean, lehen aldiz bildu zen Hong Kongeko Gobernua ikasleekin, baina ez zuten aurrerapen nabarmenik egin. Halere, gobernuak hainbat keinu egin zizkien. 2017ko hauteskundeen ondoren konstituzioa moldatzeko aukera aipatu zuten agintariek, baina ikasleak ez ziren fio[17].

Azaroaren 18an, Hong Kongeko Poliziak manifestariak kaletik kanporatzeko asmoa zuen[18].

Azaroaren 25ean, lau mila poliziak baino gehiagok 116 manifestari atxilotu zituzten Hong Kongen, tartean protestako bi buruzagi[19].

Abenduaren 2an, Hong Kongeko protestak bukatzeko eskatu zuten Occupy Centraleko buruek[20].

Abenduaren 9an jakin zenez, Hong Kongen abenduaren 11 arteko epea eman zuten kaleak husteko[21].

Abenduaren 11ean, Hong Kongeko manifestariak kanporatzerakoan hainbat atxilotu egin ziren. Egun hori arteko epea zegoen protestak bukatzeko[22].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Eider Garaikoetxea, «Hong Kongeko protestak ulertzeko gakoak», EiTB, 2014-10-01
  2. «Kronologia», Berria, 2014-10-03
  3. «Negarra eragiteko gasa bota dute Hong Kongeko manifestarien kontra», EiTB, 2014-09-28
  4. «Hong Kongen ez esku hartzeko ohartarazi die Txinak beste herrialdeei», Berria, 2014-09-30
  5. «Tentsio isila Hong Kongen, poliziaren presentzia txikituta», EiTB, 2014-09-30
  6. Xabin Makazaga, «Hong Kongen gobernuaren bulegoak hartzen saiatuko dira bihartik manifestariak», Berria, 2014-10-01
  7. «Hong Kongeko exekutibo buruak dimisioa baztertu du, eta elkarrizketa eskaini die manifestariei», Berria, 2014-10-02
  8. Xabin Makazaga, «Hong Kongen gogortu egin da manifestarien eta gobernuaren arteko pultsua», Berria, 2014-10-03
  9. «Istiluak izan dira manifestarien eta protesten aurkakoen artean», EiTB, 2014-10-03
  10. «Gobernuarekin elkarrizketa bertan behera utzi dute ikasleek», EiTB, 2014-10-03
  11. «19 atxilotu Hong Kongen, liskar gehiago izan ostean», EiTB, 2014-10-04
  12. «Gobernuak ordena berrezartzeko neurri guztiak hartuko ditu Hong Kongen», EiTB, 2014-10-04
  13. «Protestei eusten diete Hong Kongen, akordioaren aukera zabalduta ere», EiTB, 2014-10-05
  14. «Ikasleekin bilera bertan behera utzi du Hong Kongek», Berria, 2014-10-10
  15. «Elkarrizketarik ezean, manifestariek berriro kalea hartu dute Hong Kongen», Berria, 2014-10-11
  16. A.G., «Hong Kongeko Gobernua eta ikasleak, lehen aldiz hitz egiteko prest», Berria, 2014-10-21
  17. «Hong Kongeko negoziazioak, ez atzera ez aurrera», Berria, 2014-10-22
  18. «Hong Kongeko Poliziak manifestariak kaletik bidaltzeko asmoa du gaur», Berria, 2014-11-18
  19. «116 manifestari atxilotu dituzte Hong Kongen», EiTB, 2014-11-26
  20. «Hong Kongeko protestak amaitzeko deia egin dute Occupy Centraleko buruek», Berria, 2014-12-03
  21. «Hong Kongen bihar arteko epea dute kaleak husteko», Berria, 2014-12-10
  22. «Hong Kongeko manifestariak kanporatu eta dozenaka lagun atxilotu ditu Poliziak», Berria, 2014-12-11