Edukira joan

Arkear

Wikipedia, Entziklopedia askea
Theklan (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 23:49, 28 otsaila 2021
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)
Arkear
Arkear
Kronologia
Hasieraduela 4.031 milioi urte
Amaieraduela 2.500 milioi urte
Honen parte daAurrekanbriar eta ICS Standard Global Chronostratigraphic (Geochronologic) Scale (en) Itzuli
OsatutaEoarkearra
Paleoarkearra
Mesoarkear
Neoarkear

Hadear Arkear Proterozoiko
Dolomeu kraterra, Reunion. Lurraren itxura, Arkearrean, honen antzekoa izango zen beharbada.

Arkear[1] eona —aurretik Arkeozoiko izenaz ezaguna— denbora eskala geologikoaren banaketa bat da, Kanbriarraurrearen bigarren banaketa geologikoa. Duela 4.000 milioi urte hasi zen, Eon Hadearraren ondoren, eta duela 2.500 milioi urte amaitu, Proterozoikoa hasten denean, 1.500 milioi urteko iraupena izanez. Datak kronometrikoki ezartzen dira, estratigrafian oinarrituta egon beharrean. Behe muga (hasiera puntua) ez du ofizialki ezarri Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak. Antzinako literaturan Hadearra Arkearraren zatitzat hartzen da. Arkear hitza antzinako grezierazko Αρχή hitzetik dator, eta «jatorria» edo «sorrera» esan nahi du.

Ezaugarri nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai honetan lurrazalaren eboluzio bat gertatzen da. Planeta beroagoa zen baina gaur egungo barne-egituraren antza izango zuen dagoeneko eta honek plaken tektonika sortaraziko zuen. Litosfera sortzeko abiadura handiak adierazten duenez jarduera tektonikoa askoz handiagoa zen gaur egun baino. Ozeano dortsalak eta puntu beroak asko ziren eta fosa tektonikoetan er jarduera handia zegoen. Gure planetako lehenengo kontinenteak orduan sortu ziren, puntu beroei loturik ziurrenik[2], baina jarduera tektoniko handiaren eraginez inoiz ez ziren haundi bihurtu. Gaur egun ditugun kratoien %7-a baino ez dute osatzen[2].

Atmosferan berotegi-efektuko gasek inoizko portzentai handiena zuten. Lurrazalean ur likidoa bazela erakusten duten arro ozeanikoen berri eman digute sedimentazio kimikoaren ondorioz sortu ziren basalto eta sukarriek.

Arkear harriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arkear eonean sortu ziren arrokak magmatikoak izan ziren jatorriz baina gaur egun sedimentu oso metamorfizatuak dira. Graubakak, eskistoak eta gneissak dira gehienbat. Arroka karbonataturik ez dago ia, ozeanoak azidoak izan ziren seinale.

Arkera arrokak Groenlandian, Ezkutu Kanadarrean, Ezkutu Baltikoan, Eskozian, Indian, Brasilen, Mendebaldeko Australian eta Hegoafrikan aurkitu dira.

Biziaren sorrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Estromatolitoak Australiako Thetis lakuan.

Arkearrean sortu zen bizia. Duela 3.500 milioi urtetako estromatolitoak ugariak dira[3]. Pentsatzekoa da bizidun prokariotoak ugariak izango zirela garaiko uretan, baina hauen aztarnak aurkitzea oso zaila da.

Garai hartan hasi ziren bakterioak fotosintesia egiten, baina anoxigenikoa izanik ez zen oxigenorik askatzen hasiko oraindik. Arkear eonaren amaieran agertu zen fotosintesi oxigenikoa.

Azpibanaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arkearra lau arotan banatzen da:

Aroa Milioi urteak Gertakizun aipagarriena(k)
Neoarkearra 2.800-2.500 Fotosintesi oxigenikoa hasi zen eta atmosferara askatu zen ekoizturiko oxigenoa.
Mesoarkearra 3.200-2.800 Lehenengo glaziazioa gertatu zen.
Vaalbara kontinentea zatitzen hasi zen.
Paleoarkearra 3.600-3.200 Estromatolito zaharrenak azaldu ziren.
Fotosintesi anoxigenikoa egiten hasi ziren bakterioak.
Eoarkearra 4.000-3.600 Vaalbara kontinentea eratu zen.
Lehenengo bizidunak azaldu zirela uste da.
Barne-nukleoa kristalizatzen hasi zen eta ondorioz eremu magnetikoa sortu zen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Jose Ramon Etxebarria: Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak[Betiko hautsitako esteka], EIMA, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
  2. a b Stanley, Steven M. (1999). Earth System History. W.H. Freeman and Company ISBN 0-7167-2882-6..
  3. (Ingelesez) Allwood, Abigail C.; Walter, Malcolm R.; Kamber, Balz S.; Marshall, Craig P.; Burch, Ian W.. (2006-06). «Stromatolite reef from the Early Archaean era of Australia» Nature 441 (7094): 714–718.  doi:10.1038/nature04764. ISSN 0028-0836. (Noiz kontsultatua: 2018-10-31).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]