Edukira joan

Hamaika Telebista

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hamaika Telebista
Hamaika Telebista
JabeaHamaika Telebista Hedatze Taldea S.A.
Emisio eremuaEuskal Herria Euskal Herria
Hasiera data2006ko irailaren 19a (18 urte)
EgoitzaBilbo eta Donostia
BaliagarritasunaLTD, Euskaltel
www.hamaika.eus
Hamaika Telebista Donostian

Hamaika Telebista euskarazko telebista-kateetako bat da. Egoitzak Bilbo, Donostian, Gasteizen eta Iruñean ditu, eta batik bat Euskal Herriko gaurkotasuna lantzen du. Telebista-kate handiekin konparatuta aurrekontua askoz txikiagoa duenez Hamaikak bere espazioa bilatzen du telebista-eredu gazte, bizi, hiriko eta parte hartzailea egiten. 2006an sortu zen, euskarazko komunikabideak hedatzeko helburuarekin. Kable bidez eta modu digitalean ikus daiteke, baita antena bidez edo Android eta iOS sistemetako gailu eramangarrietan ere.[1] Orokorrean, ikuspegi ezkertiarretik lantzen dute informazioa, ezaugarri hauek lortu nahi ditu: euskalduna eta euskaltzalea, gertukoa eta Euskal Herrikoa, baterakoia eta zabala, independentea, parte hartzailea, aurrerakoia eta berritzailea.[2] Edukiak lizentzia librearekin zabaltzen ditu (CreativeCommons-Aitortu-PartekatuBerdin, CC-BY-SA).

Beren webgunean azaltzen dutenez, Tokiko Telebista Digitalen lizentziak lortu eta eskualde bakoitzean euskarazko telebista bat bermatzea du helburu nagusi.[2][3] Horregatik, Euskarazko Toki Telebisten Sarea osatu du lehendik martxan zeuden telebistekin elkarlanean.[4]

Ildoa

Ildo editorialaren ezaugarri nagusiena euskalduna izatea da. Hiritarra, modernoa eta teknologia berrietan aurreratua izatea da beraien adierazgarri. Hori dela eta, telebistako programa guztietan hitz egiten da euskaraz, eta normalean gonbidatu edo elkarrizketatuei dagokienez, genero parekidetasuna mantentzen ahalegintzen dira. Kazetari gehienak emakumeak dira. Baina, azken batean, Euskal Herrikoa, euskalduna eta berritzailea izatea izango lirateke bere hiru ezaugarri nagusiak.

Programazioa

Hamaika TBko programak 2019an[5]

Hamaikaren historian zehar mota askotako saioak ekoitzi eta igorri ditu. Saio garrantzitsuenak edo hedapen handiena izan zutenak zerrendatuko dira. Programazioan, albistegia da pisu handiena hartzen duen saioetako bat Hamaika Telebistan.[5]

Albistegiak

Gurean gaur eta Gakoak dira eguneroko albistegiak. Beñat Zarrabeitia, Ekhine Atorrasagasti eta Oihan Larrañaga izan dira aurkezleetako batzuk, baita Irati Elizalde, Jon Gomez, Naroa Iturri, Irati Sarasua, Nekane Zinkunegi eta Nagore Uriarte ere. Batik bat, euskal politika eta gizarteari ematen diote garrantzia, baina baita kultura, teknologia edota jai eta elkarretaratezei ere.[6] Bestalde, Nafarroa Gaur albistegia Iruñetik egiten dute Iosu Ganuza da aurkezlea.

Kultura

  • Musika zuzenean TB programan Euskal Herriko musika-taldeen ekarpenak erakusten ditu Koldo Otamendik.
  • Nafar away: Nafarroa ezagutzeko saioa Yasmine Khris Maansrik euskaldun berriaren begiradaren bidez (2021).
  • Hiri baratzea. Hiri inguruko baratzetan aritzen da Anabel Arraiza ortuko jarduerez adituekin. Arraizak berak Ajoarrieroa programan pertsona mediatikoak elkarrizketatzen ditu sukaldean aritzen direla,[7] eta Euskaltzale programan euskara egiten du protagonista.
  • Lotsagabe, Iruñerriko emakumeen hainbat lanbide eta bizimodu erakusten ditu, ikuspuntu feminista batetik mikromatxismoak azaleratuz.
  • Elkarrekin programak gizarte-lankidetza sustatzen duten Nafarroako elkarteak aurkezten zituen.
  • Artekale. Iker Aginagak aukezkutako euskal kulturaren asteroko saioa.
  • Musikariak ikastetxeetan. Nafarroako ikastetxeetara musikari ezagunek beren lana nola egiten duten ikasleei azaltzeko egiten dituzten saioak. Besteak beste: Iker Lauroba, Pantxix Bidart, Ines Osinaga...[8][9]

Eztabaidak

Aktualitateko gaiei errepasoa egiten diote Ekhiñe Atorrasagasti eta Naroa Iturrik Kolpez kolpe programan alboko sofan jezartzen diren gonbidatuekin.[10]

Historia

Kirola

  • Marakana Txikia programa aurkezten du Beñat Zarrabeitiak.

Programa bereziak

Programa bereziak pantailaratu ohi dituzte urtean zehar antolatzen diren ekitaldi kultural edo jai-girokoen inguruan; adibidez, Durangoko azoka, hiriburuetako aste nagusiak edo Donostiako zinemaldiari buruz (Zurriolako butaka).

Egitura

Hamaika Telebistaren egitura enpresa ezberdinek osatzen dute. Sei enpresa daude sortu zen unetik oinarrian: Araba Ikusentzunezkoak, S.A. (Laudio eta Gasteizeko barrutietarako); Arno Ikusentzunezkoak S.L. (Eibarren); Donostialdea Ikusentzunezkoak S.A. (Donostian); Oarsoaldea-Bidasoa Ikusentzunezkoak S.L. (Irunen); Urkiola Ikusentzunezkoak S.L. (Durangon); eta Bilbo Handia Ikusentzunezkoak S.A.k (Bilbon, Barakaldon, Getxon eta Mungian).[12][13]

Enpresa bakoitzak independenteki funtzionatzen badu ere Hamaika Telebista Hedatze Taldea SAren baitan biltzen dira enpresa guztiak. Hamaika Telebista Hedatze Taldeak Sozietate Anonimo gisa funtzionatzen du baina, fundazio handiago batek barnebiltzen du hedabidea. Fundazio horren helburu nagusia ikus-entzunezko piezak euskaraz egiteak dakarren gainkarga ekonomikoa arintzea da.[14]

Fundazioaren barnean, hasieratik gaurdainoko sustatzaileak honakoak dira:

  • EKT %20ko partehartzea
  • EKHE %20ko partehartzea
  • CMN %20ko partehartzea

Egitura hori osatzeaz gain, Euskal Herrian emititzen ari ziren euskarazko tokiko telebistekin harremanetan jarri zen eta elkarlanean aritzeko Sare hitzarmena sinatu zuten.[15]

Hamaika Telebista Hedatzeko Taldearen zuzendari nagusia Iñaki Uria idazle eta kazetaria da. Bazkide bakoitzeko ordezkari bat dago administrazio-kontseiluan. Honela osatzen da: Iñaki Alzaga (CMN) lehendakari, Joanmari Larrarte (EKT) lehendakariorde eta Gorka Altuna (EKHE) idazkari.

Negozio eredua

Hamaika Telebistako eduki guztiak doakoak dira. Webgunea nahiz telebista libreki ikus daitezke, eta sortzen dituen edukiak lizentzia librearekin zabaltzen ditu (CreativeCommons-Aitortu-PartekatuBerdin, CC-BY-SA).

Hamaika Telebista diruz lagundu nahi duen orok babesle izateko aukera dauka. Urtean diru kopuru bat emateko konpromisoa eskatzen da, eta horren truke onura batzuk jasotzen ditu babesleak (norbanakoa zein eragilea izan daiteke), Hamaika Telebistako plataforma desberdinetan bere burua iragartzea ahalbidetzen diona. Ematen den diru kopuruaren arabera lau aukera daude: babesle estrategikoa, babeslea, laguntzailea eta laguna. Babesle hauek Hamaika Telebistako fundazioaren parte bilakatuko lirateke.[16]

Euskarazko ikus-entzunezko medio bakarra izanik, Eusko Jaurlaritzako diru-laguntzak jasotzen ditu, publizitate instituzionala edukitzeaz gain. Tokiko telebistek jasotzen duten diru laguntzaren zati bat ere Hamaika Telebistari bideratzen zaio eta interneten jarduteagatik ere beste laguntza bat jasotzen du.

Erreferentziak

  1. Urkizu, Urtzi. «Hamaika telebistak aplikazio berria sortu du, eta webgunea egokitu» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).
  2. a b «Nor gara | Hamaika Telebista» www.hamaika.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-14).
  3. Argia. (2006-12-11). Iñaki Uria: "Eskualde bakoitzean euskarazko telebista bat, eta guztion artean sare bat sortzea dugu helburu. Argia.
  4. Irureta Azkune, Onintza. (). «Hamaika eta Tokiko Elkartearen akordioa» Argia (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).
  5. a b «Saioak» hamaika.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-26).
  6. Urkizu, Urtzi. ««Testuingurua ematen saiatuko gara gauero»» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).
  7. Urkizu, Urtzi. ««Aurreiritziak izaten ditugu mediatikoak diren pertsona gehienekin»» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).
  8. «MUSIKARIAK IKASTETXEETAN» www.hamaika.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-25).
  9. Ines Osinaga #MusikariakIkastetxeetan / Barañain Alaiz BHI. (Noiz kontsultatua: 2019-12-25).
  10. Urkizu, Urtzi. «Aktualitatea «umore gaziarekin» landuko dute gaurtik Hamaikan» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).
  11. Urkizu, Urtzi. «Hamaikak memoria historikoari buruzko atal berriak emango ditu» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).
  12. (Gaztelaniaz) Umaran, Amaia Nerekan; Artetxe, Estitxu Garai. (2013). «Hamaika Telebista: tokiko hedabideen habiatik hegoak astintzen» Mediatika: cuadernos de medios de comunicación (14) ISSN 1137-4462. (Noiz kontsultatua: 2018-05-14).
  13. Berria. «Tokiko euskarazko telebista digitala bultzatzeko Hamaika enpresa taldea osatu dute» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-12-11).
  14. «Fundazioa | Hamaika Telebista» www.hamaika.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-14).
  15. «Hamaika Euskarazko Toki Telebisten Sarea | Hamaika Telebista» www.hamaika.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-14).
  16. «Babesleak | Hamaika Telebista» www.hamaika.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-14).

Ikus, gainera

Kanpo estekak