Edukira joan

Gamazada

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kilkerra (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 03:24, 13 martxoa 2024
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)

Gamazada XIX. mendeko Hego Euskal Herriko herri matxinada bat izan zen, 1893-1894an gertatua, erdigunean Nafarroa Garaia izan zuena. Germán Gamazo alderdi liberaleko Ogasuneko ministroa Nafarroa Garaiaren zerga autonomia deusezten saiatu zenean, aho bateko erreakzioa piztu zuen lurralde horretan[1].

Nafar altxamendu militar baten hasiera ere jazo zen, aurrera egin ez bazuen ere. Mobilizazioak Hego Euskal Herri osora barreiatu ziren. Protesta eta istiluek 1893ko maiatzetik 1894ko martxora iraun zuten. Nahiz eta "Gamazada" izenak istiluei erreferentzia egiten dien, protesta eragin zuen legea izendatzeko ere erabili izan da. Euskal nazionalismo politikoaren sorrera ekarri zuen, Arana anaien eskutik, Gernikako Sanrokadan gauzatua.

Nafarren protesta sinadurak bildu zituen liburuaren erreplika
Germán Gamazo, 1892tik 1894ra Ogasun Ministroa zena.

1841ko Nafarroako foruak eraldatzeko legetik aurrera, Nafarroako foruak eskumen fiskaletara zeuden mugaturik, funtsean. Bestalde, Espainiaren kontzesiotzat hartzen ziren foruak, legearen arabera, eta estatuak deusezta zitzakeen, hala erabakiz gero. Eta horixe gertatu zen, hain zuzen.

1893ko maiatzaren 11n, Germán Gamazo Ogasun Ministroak Estatuko Aurrekontuen lege berria aurkeztu zuen. Lege horretako 17. artikuluak honela zioen:

« Gobernuak berehala erabiliko du 1877ko uztailaren 11ko legearen 8. artikuluak ematen dion baimena, Nafarroa probintzian zama, errenta eta zergak ezartzeko, lege honen arabera gainerako probintzietan aplikatu eta sortzen diren bezalaxe. »

—Jatorrizkoaren itzulpena[oh 1]


Nafarrek berehala asaldaturik eta haserre erantzun zuten, eta pertsonaia publiko guztiak agiriaren kontra mintzatu ziren. Udaletxeek, merindadeek eta parlamentariek kexa gutunak bidali zizkioten gobernuari. Sinadura bilketak antolatu eta jendea kalera atera zen legeari uko egingo ziola esanez. Manifestaldiak eta istiluak izan ziren, eta talde batek armak ere hartu zituen[1]. Gatazka Hegoaldeko lau lurraldeetara zabaldu zen.

Manifestazioak eta sinadura bilketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jose Mari Esparzaren hitzaldia, Castejóngo protesta elkarretaratzearen 130. urteurrenean (2024ko otsaila)

Legeak, edo legearen 17. artikulu hark, 1893 eta 1894 urteetan Nafarroa Garaian, bai herriaren, bai erakundeen mobilizazio orokorrak, manifestazioak eta sinadura bilketak eragin zituen. 1893ko maiatzaren 16an hasi ziren kexa gutunak bidali eta sinadura bilketak egiten. Maiatzaren 28rako manifestaldiak deituak izan ziren hirietan, astebete beranduago Iruñean manifestaldi bateratu handi bat egiteko hitzordua ere ezarriz[2]. Hegoaldeko hiriburu guztietan urduritasuna zen nagusi eta gobernuaren kontrako aldarriak entzuten ziren. Espainiako Gorteetan, Javier Los Arcos diputatu kontserbadore nafarra nabarmendu zen foruen aldeko hitzaldi sutsuetan, eta Nafarroaren independentzia historikoa aldeztu.[3]

Nafarroa osoan manifestazioek izandako arrakasta ikusirik, Iruñeko Udalak, Aldundiaren laguntzaz, beste mobilizazio bat antolatu zuen ekainaren 4rako, igandea. Deialdi horretan, Hermilio Oloritzen poema bat erantsi zen. Manifestaziora, Nafarroa Garaiko 269 udaletako ordezkariak, Aldundiko diputatuak eta 15.000 pertsona bertaratu ziren, ordu arteko Nafarroako manifestazio jendetsuena. Gaztelu Plazatik abiatu eta Foru Jauregira joan ziren, jendetzaren harrabotsaren erdian. Ekitaldia Gernikako Arbola kantatuz amaitu zen. Hurrengo egunean, Nafarroa Garaiko alkateak Aldundiarekin bildu ziren Aldundiaren eraikinean. Adostu zen idazten zekiten nafarrek protesta adierazteko sinadura bilketa bat egitea. Bada, hiru asteren buruan, ekainaren 28rako, 120.000 sinadura bildu zituzten, Protesta foral de Navarra: Libro de honor de los navarros izenburupean. Aristotelesen esaera batek irekitzen zuen liburua: «Nam republica nulla est ubi leges non tenent imperium».[4]

1894ko ekainaren 2an matxinada armatua ere bazegoen, nolabait: bi egunetan zehar Lopez Zabalegi sarjentuak bost kiderekin batera Obanos eta Garesen izan zuena. Lopez Zabalegi sarjentuak fusilak hartu eta taldetxo batekin Garesetik Iruñerantz jo zuen, foruen alde oihuka[2]. Gertaera horrek ez zuen ondoriorik izan, baina aitzakia horrekin gobernuak hurrengo egunerako antolatua zegoen Iruñeko manifestaldi bateratua debekatu zuen. Hala ere, ekainaren 4an, Gamazoren neurriaren aurkako manifestazioak 15.000 lagun baino gehiago bildu zituen Iruñeko kaleetan, estamentu eta ideologia guztietakoak. Hori Nafarroan ordu arte izandako manifestaziorik handiena izan zen. Manifestaldi bukaeran "Gernikako Arbola" kantatu zuen Iruñeko Orfeoiak. Erakundeek 120.000 sinadura inguru bildu zituzten neurriaren aurka, Nafarroa Garaiak 300.000 biztanle izanik. Ekainaren 6an igorri zitzaizkion bildutako sinadurak Maria Kristina erregeordeari.[2]

Istiluak eta negoziaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gamazadan, Castejóngo ongi etorri eta protesta elkarretaratze masiboa oroitzen duen plaka (2024)

Abuztuaren hasieran Gasteizen istiluak gertatu ziren. Egun batzuk geroago, 16 eta 17an, Iruñeko Orfeoia Gernikan gonbidatua zelarik, Espainiako bandera erre zuten publikoki, gaur egun Sanrokada deitzen den ekintzan[1]. Abuztuaren 20an istilu bortitzak izan ziren Guardian, Guardia Zibila herrian zabaldu zen, eta hildako bat eragin, Fernando Cano, baita hainbat zauritu ere.[5] 27an, istiluak izan ziren Donostian, udal musika taldeak Gernikako Arbola jotzeari uko egin ziola eta, entzuleek behin eta berriz eskatu arren[6]. Donostiarrek, haserre, kalean bildu eta Londres hotelari eraso zioten. Bertara oporretara iritsi berria zen Sagasta ministroa, eta hura babesten ari zen Guardia Zibilak tiroka uxatu zuen jendea, sei hildako eta zauritu anitz gertatuz, Sagastaren tiroen gaua deitu izan den horretan.[5] Hurrengo egunetan, istiluek eta gobernuarekiko etsaitasun keinuak nonahi ikus zitezkeen. Bizkaia eta Gipuzkoan gatazkak ugariak ziren eta Bilboko langileak protestan hasi ziren, Gobernuak ontzioletako enkarguak Ferroli esleitu nahi zizkiolako.

Istilu horiek guztiek ez zuten ministroaren legea atzera botatzea lortu, kexak gorabehera gorteek onartu egin baitzuten. Nolabait giroa lasaitu asmoz, gobernuak Nafarroako delegatuak deitu zituen Madrilera, negoziatzera. Gogo txarrez joan ziren nafarrak, eta legea atzera bota ezean zer mintzaturik ez zela adierazi zuten. Negoziazioa gogorra izan zen, eta Gamazo ministroak foru berezitasunak errotik kentzeko mehatxua bota zuen, baina Nafarrek ez zuten amore eman[7]. 1894ko otsailean negoziaketak porrot egitean, Nafarroa eta beste probintziak indarrez baketzeko aukera kontuan hartzen hasi omen zen Maria Kristina. Etxabe-Susaetak El Partido Carlista y los Fueros liburuan adierazi zuenez, Maria Kristina erregeordeak Martínez-Campos jeneralari galdetu zion eskua sartu behar zuenetz, eta honela erantzun zion jeneralak:

« Andrea: Beste probintzia bat izango balitz, gogoan izango genuke bertan lege orokorra ezartzea, beharrezkoa izanez gero, indarra erabiliz; Nafarroa Garaia bakarrik izango balitz, oraindik bide bera erabiliko genuke, baina gogoan hartu behar dugu Nafarroa Garaiak beste hiru probintziak aldamenean dituela, eta Nafarroa Garaia erasoz gero, euskal herritar guztiek haren alde egingo luketela, eta haiekin batera Espainiako karlista guztiek; probintzia haietan matxinada orokorra sortuz eta berriro guda zibila. »


Nafar delegatuak 1894ko otsailaren 18an itzuli ziren Iruñerako trenean, eta bidean txaloka hartu zituzten. Castejonen 50.000 lagun kontatu zituzten lekukoek[7]; Oloritzek 30.000 zenbatu zituen.[8] Hango giroak biziki hunkitu zituen bertan ziren Arana anaiak[1]. Manifestazio, istilu, sinadura bilketa eta negoziazioek ez zuten legea baliogabetzea lortu. Hala ere, legea ez zen sekula indarrean ezarri. Gamazok, Sasgastarekin desadostasunak tarteko, dimititu egin zuen, eta bere ondorengo zen Amós Salvador legea aurrera eramaten saiatu bazen ere, ezin izan zuen legea aplikatu Kubako altxamendua eta Filipinetako iraultza zirela eta[7]. Gamazada foruzaletasunaren eta euskaltzaletasunaren inguruan sorturiko lehen herri mugimendua izan zen. Foruen defentsak Hegoaldeko herrialde guztien batasuna indartu zuen, bai eta Laurak Bat goiburua ere[2].

Gamazadaren ondorioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Foruen monumentua Iruñeko Sarasate pasealekuan, Gamazadaren ostean egina.

Gamazada goresteko, Nafarroa Garaiko herri eta hiri askotan kale eta plaza nagusiei Foruak izena jarri zieten. 1894ko ekainean Nafarroako foruak oroitarazi eta askatasuna aldarrikatuko zuen monumentu bat eraikitzea onartu zen Iruñean. 1903an Iruñeko Sarasate pasealekuan eraiki zen gaur Foruen monumentua deitzen dena, Nafarroako Jauregiaren ondoan. Monumentuaren oinarriko idazkiak hauxe dio:

« Gu gaurko euskaldunok

gure aitasoen illezkorren
oroipenean, bildu gera emen
gure legea gorde nai
degula erakusteko.

»


Euskal nazionalismoaren hastapenetan eragin handia izan zuen gamazadak, Aranatarren pentsamendua Bizkaitarren nazionalismo izatetik lau probintzien batasunera bideratu baitzen. Herritarren ikuspuntutik, foruzaletasuna eta euskaltasunaren aldeko lehen herri ekintzak izan ziren[7], eta hegoaldeko Euskal Herritarren artean lau probintzien elkartasun sentimendua hauspotu zuen[9].

Arana Goiri anaiak Gamazadan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Sabin Arana» eta «Luis Arana Goiri»
1894ko otsailaren 18an, Castejónen Sabino eta Luis Arana Goiri anaiek erabilitako bandera eta goiburua
2024ko Castejóngo 130. urteurrenean erakutsitako aranatarren estandartearen erreplika

1894ko otsailaren 18an Nafarroako Castejón udalerrian lorpen hura ospatzeko ekitaldi edo manifestazio masibo eta erraldoi bat antolatu zen.[10] Hori dela eta, Arana Goiri anaiak eta abertzale talde bat zekartzan tren berezi bat Bilbotik Iruñera ailegatu zen.[10] Arana anaien talde abertzale hau manifestazio hartara batu eta bizkaitarrek nafarrenganako elkartasuna adierazten zuen honako esaldia zeraman pankarta ondo zuri eta hizki gorriduna erakutsi zuten:

« Jaun-Goikua eta Lagi-Zarra. - Bizkaitarrak agur eiten deutse Naparrei. »


Pankarta hura, aurretik eta gau batez Iruñeko Iruña kafetegian diseinatu eta Estanislao Arantzadi nafar diputatuaren Juana Irujo emazteak josi zuen.[11][12] Daniel Irujok, Estanislaok eta Juanak berak egin zuten diseinua, eta otsailaren 17ko gauean gauzatu.[13] Aipatzekoa da, manifestazio hartara bertaratu zen bizkaitar abertzaleen ordezkaritzako kideek haritz hosto orlegi eta lokarri zuri-gorriz osatutako ikurrak zeramatzatela.[11] Manifestapen hartara Euskal-Erria eta Bilboko Zirkulu Integrista elkarteak ere bertaratu ziren. Nafarroako Foru Aldundiak Sabin Aranari gonbidapena luzatu eta hark nafar aldundiei aurrean honako hitzaldi hau zuzendu zien:[10]

« Hemen dauden bizkaitarren izenean, eta bizkaitar guztienean ere esango nuke, denak Nafarroan baitaude, eta baita "Bizkaitarra" egunkariaren izenean ere, haren zuzendaria naizenez, Nafarroako Foru Aldundia begirunez agurtu eta gogoz eskertzen dut, Espainiar Gobernuaren egitasmo injustuen aurrean izandako jarrera abertzale eta heroi kanpainarengatik, eta gure aldetik, otoi, gure herriaren anaia den, gure bihotzeko herri maitea den, nafar herriari besarkada indartsu bat eman bezaiola. »

—Sabin Arana Goirik Nafarroako Foru Aldundian emandako hitzaldia.[14]


Iruñetik Bilbora itzultzean, Sabin Aranak zorion mezu bat idatzi eta bere amaieran honako hitz hauek jarri zituen:[10]

« Gora Nafarroa! Gora Euskeria! »

—Sabin Arana Goiri.[10]


  1. El Gobierno usará inmediatamente la autorización que le otorga el articulo 8.° de la ley del 11 de julio de 1877 para aplicar a la provincia de Navarra las contribuciones, rentas e impuestos que actualmente rigen, y los que por la presente ley se crean en las demás provincias del reino.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d (Gaztelaniaz) Estornés Zubizarreta, Idoia. «La Gamazada» Auñamendi Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2019-11-15).
  2. a b c d (Gaztelaniaz) Jimeno Jurío, José María. (2007). Navarra en la época moderna y contemporánea.. Pamiela ISBN 978-84-7681-457-4..
  3. Irujo, Xabier. (2023). Gamazada. Batasunaren indarra. Txalaparta, 50-51 or..
  4. Irujo, Xabier. (2023). Gamazada. Batasunaren indarra. Txalaparta, 66-72 or..
  5. a b Esparza Zabalegui, José Mari; Lopez de Luzuriaga, Iñaki (itzul.). (2020). Gernikako Arbolaren biografia: Euskal Herriko ereserkia. (2. edizioa. argitaraldia) Txalaparta, 76-82 or. ISBN 978-84-18252-41-9. PMC 1242024933. (Noiz kontsultatua: 2023-03-03).
  6. (Gaztelaniaz) Estornés Lasa, Bernardo. «la Sanrocada» Auñamendi Entziklopedia (Noiz kontsultatua: 2019-11-16).
  7. a b c d (Gaztelaniaz) «Gamazada» enciclopedianavarra.com.
  8. Irujo, Xabier. (2023). Gamazada. Batasunaren indarra. Txalaparta, 50-51 or..
  9. (Gaztelaniaz) Jimeno Jurío, José María. (2004). Navarra, 1917-1919. Reivindicaciones autonómicas y reintegación foral. Pamiela ISBN 84-7681-402-X..
  10. a b c d e (Gaztelaniaz) Auñamendi Eusko Entziklopedia. Gamazada (La). Euskomedia.org.
  11. a b (Gaztelaniaz) Auñamendi Eusko Entziklopedia. Bandera. Bandera vizcaína en la Gamazada. Euskomedia.org.
  12. (Ingelesez) Olle, Jaume. «Basque Flags of National Type» Electronical Bulletin of Vexillology from Cataloniasque Flags of National Type.
  13. Irujo, Xabier. (2023). Gamazada. Batasunaren indarra. Txalaparta, 100-101 or..
  14. Gamazada. Auñamendi entziklopedia. Euskomedia.org (Gaztelaniaz)

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]