Al-Mamun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Al-Mamun
Mamun sends an envoy to Theophilos (cropped).png
Abbastar kalifa

Bizitza
Jaiotza Bagdad786ko irailaren 13a
Herrialdea Abbastar Kaliferria
Heriotza Bagdad833ko abuztuaren 9a (46 urte)
Familia
Aita Harun al-Rashid
Ama Marajil
Anai-arrebak
Leinua Abbasids
Jarduerak
Jarduerak idazlea
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa islama

Abu al-Abbas al-Mamun ibn Harun al-Rashid (arabieraz: أبو العباس عبد الله المأمون‎, Abū l-ʿAbbās ʿAbd Allāh al-Maʾmūn; Bagdad, c. 786ko irailaren 13a - 833ko abuztuaren 9a) Abbastar Kalifa-herriko zazpigarren kalifa izan zen, 813-833 bitartean. Islama eta filosofia helenistikoa uztartzen saiatu zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Al-Mamun Bagdaden jaio zen 786ko irailaren 13 edo 14an. Harun al-Rashid kalifa izan zuen aita, Islamaren Urrezko Aroari hasiera eman ziona; ama, Marajil izenekoa, al-Rashiden pertsiar ohaidea zen. Sei hilabete geroago jaio zen Al-Amin, Zobaydaren, al-Rashiden legezko emaztearen, semea.[1] Al-Tabariren esanetan,[2] Al-Mamun azal argiko gizona zen, dotorea, eta bizar luzea eraman ohi zuen. Hizlari ona omen zen, eskuzabala eta oso erlijiozalea, zentzuduna, zuzena eta poesiarako zaletasun handikoa.

802an, al-Rashidek oinordeko izendatu zuen al-Amin, eta Khorasango gobernadore al-Mamun. Al-Rashid 809ko martxoan hil zen, eta berehala piztu zen bi anaien arteko liskarra. Bien arteko lehiaz gain, erlijio eta politika joera desberdinak zeuden gatazkaren oinarrian: al-Amin tradizionalismoaren eta arabiar kulturaren aldekoa zen, al-Mamun, aldiz, irekia zegoen pentsamolde berrietara, eta pertsiarren babesa lortzen saiatu zen.[1] 811n, gerra zibila hasi zen. Tahir ibn Husayn khorasandar jenerala izan zen al-Mamunen armadako buruzagia. Al-Amin garaitua izan zen Teherandik hurbil eta 813an, hamahiru hilabeteko setioaren ostean, al-Mamunen indarrek Bagdad hartu zuten; errenditu bazen ere, al-Amin hilarazi zuten. 813ko irailean Abbastar Inperio osoko kalifa bihurtu ondoren ere, al-Mamunek Merven jarraitu zuen bizitzen, Khorasan Handiko hiriburuan (egun Turkmenistan).[3]

Xiiten eta suniten arteko zatiketari amaiera emateko asmoz, Ali al-Ridha imam xiita izendatu zuen bere ondorengo. Adiskidetze keinu gisa, banderaren kolorea aldatu zuen, eta berdea hartu zuen abbastarren beltzaren ordez. Erabaki horiek zirela-eta, Bagdadeko abbastar legitimistak sutu egin ziren. Luze gabe, al-Mamun kargugabetutzat jo eta Ibrahim ibn al-Mahdi izendatu zuten haren ordezko. 818ko urtarrilean, matxinada horren berri izan ostean, al-Mamun Bagdaderantz abiatu zen. Bidaia luze horretan, Ali al-Ridha imama eta Al-Fadl ibn Sahl bizirra erailak izan ziren. Historialarien arabera, al-Mamunek hilarazi zituen biak, Bagdadeko abbastarren sostengua berreskuratzeko. 919ko abuztuan, garaile sartu zen kalifa-herriko hiriburuan; Ibrahim ihes egina zegoen ordurako.[1][3]

Joan VII.a Konstatinoplakoaren enbaxada al-Mamun (ezkerrean) eta Teofiloren (eskuinean) artean, 829.

Iraken eta mendebaldeko Persian bere agintea sendoturik, aurre egin behar izan zien inperioko beste probintzia batzuetako matxinada eta nahasmenduei. Persiako ipar-ekialdeko mendialdean ezin izan zuen Babak Khorramdin azpiratu, haren aurkako zenbait kanpaina antolatu zituen arren. Tahir ibn Husayn izendatu zuen Khorasango gobernadore, Tahirdar dinastiari hasiera emanez; Tahir 822an eraila izan ondoren, haren seme Talha ibn Tahir izan zen ondorengoa.[3] 825-826an, Alexandrian kokatutako al-Andalusiar iheslariak istiluak sortzen hasi zirenean, Tahir-en beste seme bat, Abdallah ibn Tahir al-Khurasani, bidali zuen haien kontra; andalusiarrak Kretara aldatu ziren.[4] Qom, Yemen, Egipto eta Sindhen ere izan ziren altxamenduak.

830etik aurrera, Bizantziar Inperioaren aurka borrokatu zen Asia Txikian. 833an, Al-Mutasim anaia erdia izendatu zuen oinordeko, Urte bereko abuztuan hil zen, Tarsotik hurbil, bizantziarren kontrako kanpaina handi bat prestatzen ari zela. Al-Mamunen heriotzarekin batera amaitu zen Abbastar Kalifa-herriaren urrezko aroa.

Ekarpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bagdadera itzuli zenetik sunitak eta xiitak adiskidetzeko politika alde batera utzi bazuen ere, helburu bera beste bide batetik lortzen saiatu zen. Izan ere, mutazila izeneko higikundearen jarraitzaile bilakatu zen. VIII. mendean sortutako teologia eskola islamiko horrek bere egin zituen metodo razionalistak, eta filosofo greko eta helenistikoen arrazoibideak hartu zituen. Al-Mamunek sustatu zuen Antzinako Greziako obra zientifiko eta filosofikoen itzulpena,[1] eta Jakintzaren Etxea (Bayt al-Hikmah) ezarri zuen Bagdaden, akademia eta liburutegia espazio berean uztartuz. Garaiko diziplina oro hartzen zituzten liburuak gordetzen ziren liburutegian, literatura, natur zientziak eta logika tarteko. Bertan aritzen ziren itzultzaileak, kristauak gehienak, Grezia eta Egiptotik zetozen zientzia eta filosofiako lanak arabierara bihurtzen.[1] Garai hartan ekarri zituzten maisu arabiarrek aljebra eta karaktere bereziak (arabiar zifrak) Indiatik Mendebaldera.

Behatokiak ere eraiki zituen, antzinateko ezagupen astronomikoak egiaztatzeko. Ekarpenetako bat lurraren meridianoa neurtzeko saiakera izan zen, baina erabilitako unitateak ukondoak izan ziren eta ez dira oraindik ekibalentziak ezagutzen. Horregatik, hainbat autorek ez du aintzat hartzen[5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e   Al-Mamun, Encyclopædia Britannica, global.britannica.com, https://global.britannica.com/biography/al-Mamun. Noiz kontsultatua: 2018-6-15 .
  2.   Muhammad ibn Yarir al- Tabari, The History of al-Tabari Vol. 32: The Reunification of the 'Abbasid Caliphate', SUNY Press, 1987, https://books.google.es/books?id=4J3PJZDYBMoC&printsec=frontcover&hl=es#v=onepage&q&f=false. Noiz kontsultatua: 2018-6-15 .
  3. a b c   Bosworth, C. Edmund, Maʾmun, Encyclopædia Iranica, online edition, 2016, http://www.iranicaonline.org/articles/mamun-abul-abbas-abd-allah. Noiz kontsultatua: 2018-6-15 .
  4.   Martínez Carrasco, Carlos, Un periplo andalusí por el Mediterráneo oriental, Descubrir la historia, https://descubrirlahistoria.es/2016/07/periplo-andalusi-mediterraneo-oriental/. Noiz kontsultatua: 2018-6-17 .
  5. Hurtado García, José Antonio, “El califa Al-Mamun y la qibla”, webislam.com
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Al-Mamun Aldatu lotura Wikidatan