Edukira joan

Anna Mahler

Wikipedia, Entziklopedia askea
Anna Mahler

Bizitza
JaiotzaViena1904ko ekainaren 15a
Herrialdea Austria
HeriotzaLondres1988ko ekainaren 3a (83 urte)
Hobiratze lekuaHighgate Cemetery (en) Itzuli
Familia
AitaGustav Mahler
AmaAlma Mahler
Ezkontidea(k)Albrecht Joseph (en) Itzuli
Rupert Koller (en) Itzuli  (1920ko azaroaren 2a -  1921)
Ernst Krenek  (1924 -  1925)
Paul Zsolnay (en) Itzuli  (1929ko abenduaren 2a -  1934)
Anatole Fistoulari (en) Itzuli  (1943ko martxoaren 3a -  ezezaguna)
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakalemana
Jarduerak
Jarduerakeskultorea, musikagilea, artista eta margolaria
Lantokia(k)New York

Musicbrainz: b7bbf9b6-2fb0-4339-bcb9-d843399d24c5 Find a Grave: 27968572 Edit the value on Wikidata

Anna Mahler (Viena, Austria, 1904ko ekainaren 15aLondres, Erresuma Batua, 1988ko ekainaren 3a) austriar eskultorea izan zen. Gurasoak Gustav Mahler musikagile eta zuzendaria eta Alma Mahler-Werfel musikagile eta margolaria izan ziren.

Anna Mahler eskuinean, amarekin eta Maria ahizparekin, 1907 aurrekoa

Anna Justine Mahler Astriako hiriburuan, Vienan jaio zen 1904ko ekainaren 15ean. Gustav eta Alma Mahlerren (ezkongabetan Schindler) alaba zen. Gucki ezizena jarri zioten bere begi urdin handiengatik (Gucken alemanez "ikustea" edo "begiratzea" esan nahi du).[1] Senar-emazteek bazuten alaba nagusiago bat, bi urte lehenago jaioa, Maria (1902-1907). 1907ko udan, aitak, Vienan bere kontrako kanpainetan murgilduta, bere familia Maierniggera eraman zuen.[oh 1] Iritsi eta gutxira, bere alabak eskarlatina eta difteriaz gaixotu ziren. Anna sendatu zen, baina Maria, bi asteko borrokaren ostean, uztailaren 12an hil zen.[2] (Almak Mahlerri leporatzen zion bere Kindertotenlieder, Umeen Heriotzarako Kantuetan "patua tentatu" izana). 1907an egin zuen familiak lehen bidaia New Yorkera.[1]

1911n New Yorkera egin zuen laugarren bidaian, aita larri gaixotu zen. Eriondo zegoela, Vienara itzuli ziren, Paris eta Alemaniatik.[1] Anna bere aita etzanda zegoen ohera hurbildu zenean, honek besarkatu egin zuen "Izan zaitez nire ume txikia, nire kuttuna!" esanez.[oh 2] Gustav Mahler maiatzaren 18an hil zen, Anna Mahlerrek sei urte baino ez zituenean.

Bere amak, Alma Mahler-Werfelek, Gustav Mahlerren heriotzaren unean Walter Gropius arkitektoarekin maitasun harremana hasi zuen. 1916an ezkondu ziren, eta urte horretan bertan, ahizpaordea, Manon izena hartu zuen neskatoa jaio zen.[1] Jarduera bizia hasi zuen Almak, Europako kulturako pertsonaia ugarirekin lotura estuak zituena. Amaren aretoa Vienako bizitza intelektualaren erdiguneetako bat izan zen, eta, besteak beste, Gerhart Hauptmann, Alexander von Zemlinsky, Alban Berg, Bruno Walter, Paul Kammerer eta Willem Mengelberg izan ziren bertan. Anna bisitarien erretratuak egiten entretenitzen zen.[1] Ama Mahlerren alarguna zenez eta askok gorteiatzen zutenez, gero eta ospe handiagoa hartu zuen zorigaiztoko emakume gisa. Anna Mahler bere amaren bizitza sentimental ezegonkorraren lekuko izan zen, Oskar Kokoschka margolari espresionistarekin harreman gorabeheratsua izan eta Walter Gropiusekin ezkontza labur bat izan ostean, harreman luzea izan zuen Franz Werfelekin. Oliver Hilmesek, Alma Mahler-Werfelen biografoak, Anna Mahlerrentzat sexualitatez beteriko atmosfera ikaragarria izan zela esan zuen, 16 urterekin Rupert Koller orkestra zuzendari musikariarekin ezkontzera eraman zuena, egoera horretatik ateratzeko baino ez. 1920ko azaroaren 2an egindako ezkontzak, hilabete batzuen ostean porrot egin zuen.

Anna Mahler Berlinera joan zen, eta Ernst Krenek konpositorearekin maitemindu zen. Bere memorietan, Ernstek bere amaginarreba Almaren irudi kritikoa utzi zuen; sexualitatez beteriko atmosferaren aurka zegoen Mahler-Werfelen etxean: "sexua zen hizketagai nagusia, lagun eta etsaien sexu ohiturak zaratatsu aztertuak izanik".[3] Almak suhiaz hauxe esan zuen: Anna Mahler egozentriko batekin bizi da, Berlinen. Bera Ernst Krenek da, oso saritutako konpositorea...[oh 3] Ernst Krenek-ek Mahlerren Hamargarren Sinfonia amaitu gabearen bi mugimenduren kopia garbia egiteko kontsulta egin zion geroago Almak. Bikotea 1924ko urtarrilaren 15ean ezkondu zen, senar-emazteek ere porrot egin zuten urtebete eta gero, eta Annak 1924ko azaroan utzi zuen Krenek. Harreman horrek iraun zuen bitartean, Krenek-ek Biolinerako 1. kontzertua osatu zuen, Op. 29. Alma Moodie biolin-jotzaile australiarrak Krenek-i finantza-laguntza emanez lagundu zion Werner Reinhart mezenas suitzarrarekin (Krenek eta Mahler presionatu zituen Zürichera eramateko) eta, esker onez, Krenek-ek Moodieri eskaini zion kontzertua, 1925eko urtarrilaren 5ean estreinatu zuena, Dessau-n. Anna Mahlerren eta Krenek-en arteko dibortzioa lan hori estreinatu eta egun gutxira sinatu zen.[4] Krenek ez zen estreinaldian izan, baina Moodierekin idilioa izan zuen, "iraupen laburrekoa eta konplikatua" bezala deskribatua izan zena.[5][6]

Artista ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orduan hasi zuen bere prestakuntza artistikoa. Erromara bidaiatu zuen, Giorgio de Chiricoren ikasle izan zelarik.[1] Parisen ere negu bat eman zuen pinturari emana, baina bere ahaleginak alferrikakoak izan ziren, kolorearen erabilerarekin gustura ez zegoen eta. Pinturetatik baino, erliebeetatik hurbilago zeuden bi dimentsiotako irudiak sortzen zituen.[1]

Fritz Wotrubaren gidaritzapean Vienan eskultura ikasi ondoren, Anna eskultore gisa bertan kokatzeko gai izan zen.[1] Paul Zsolnayrekin ere ezkondu zen, Franz Werfel aitaordearen editorea, Gustav eta Alma gurasoen arteko gutunak aurkeztu zituena. Ezkontza horretatik Alma Zsolnay (1930-2010) jaio zen, aitarekin hazi zen alaba.

Kurt von Schuschnigg, Austriako kantzilerra eta Annaren maitalea.

Oliver Hilmesek idatzi bezala, hogeita hamarreko hamarkadaren lehen erdian politikoki ezkerrerago zeudenak entretenitu zituen, Kurt von Schuschnigg politikari austriar, ministro eta 1934tik, Austriako kantziler (berez diktadorea) eta Fronte Patriotikoko buruzagiarekin, maitasun harremana mantenduz. Emaztea Linz-Ebelsberg eta Astenen arteko trafiko istripu batean hil ostean, Schuschnigg bera bizirik atera zen zauri arinekin, baina Anna Mahlerrekin harremana moztu zuen, zorigaitza, bere bekatuen ondorioz Jainkoaren zigor gisa sentitzen zuen eta.

1934. urtearen amaieran Manon Gropius ahizpaordea gaixotu zen Venezian, Anna familiarekin elkartu zen eta bera zaintzen egon zen. Manon apirilean hil zen eta Alban Berg konpositoreak bere Biolin eta orkestrarako kontzertua, Aingeru baten memoriari eskaini zion. Annak, bere aldetik, musikariaren bustozko erretratua egin zuen.[1]

1937an, Anna Mahlerrek Emakume biluzia eskultura aurkeztu zuen Parisko Nazioarteko Erakusketan, eta erakusketako Sari Nagusia jaso zuen.[1]

1938an, otsailaren 12ko Berchtesgadengo itunaren ostean, Fronte Patriotikoaren gobernuaren eta Austriako sozial demokraten arteko akordio bat bilatzen zuten bilera ezberdinetan (5 eta 12 artean) sartuta egon zen, Adolf Hitlerren eta nazien aurka fronte berri bat eraikitzeko.[1]

Anna Mahlerrek 1939an naziengandik Londresera ihes egin zuen, bere aita judua zen eta. Bertan, eskultura estudio txiki bat ireki zuen eta Paul von Zsolnay eta bere alaba Alma, Erich Kleiber, Olda Slobotskaja,[oh 4] Arnold Rose,[oh 5] John Murray eta Arthur Blissen bustoak egin zituen.[1]

Anatole Fistoulari orkestra zuzendariarekin ezkondu zen, eta harekin beste alaba bat izan zuen, Marina izenekoa.[1]

Bigarren Mundu Gerraren ostean, Los Angelesen bizi izan zen, Kalifornian, bere ama eta aitaorde Franz Werfelengandik gertu.[1]

1964an ama hil ondoren, Spoleton bizitzeko baliabide ekonomikoak zituen.[1] 1970ean Albrecht Josephekin, Werfelen idazkari pribatuarekin ezkondu zen.[1] [oh 6]

Anna Mahlerren hilarria, Highgate

1988an, Londresen hil zen, Marina Fistoulari alaba bisitatzen ari zela.[1] Londresko Highgate hilerrian lurperatuta dago. Hilobia bere 1974ko Ikusmena izeneko eskulturaren brontzezko erreprodukzio batekin apainduta dago.[oh 7]

Soina, eskultura Luisenparken, Mannheim-en

Anna Mahlerren lanen artean, honako hauek daude:

  • Soina, Mannheimeko Luisenparken
  • Emakume biluzia, 1937ko Nazioarteko Erakusketan aurkeztua, Parisen
  • Ikusmena, Marina bere alabaren erretratua, aurpegia bi eskuekin estaltzen zuela.

Harrian zizelkatzen arrakasta lortu zuenez, Anna Mahlerrek XX. mendeko musikari garrantzitsuenetako batzuen brontzezko buruak ekoitzi zituen, besteak beste, Arnold Schönberg, Alban Berg, Artur Schnabel, Otto Klemperer, Bruno Walter, Rudolf Serkin eta Eileen Joyce.[7]

Sariak eta aintzatespenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Maiernigg Wörthersee lakuaren ertzean dagoen herrixka bat da, Carintiako Maria Wörth udalerrian dagoena, Austriako hegoaldean. Alemanezko Wikipediako
  2. Ingelesez: 'Be my good girl, my child. Alma Mahler-Werfel "Gustav Mahler, Memories and Letters" biografiaren arabera
  3. Ingelesez:Anna Mahler is living with an egocentric, out there in Berlin. He is Ernst Krenek, a highly gifted composer... . Alma Mahler-Werfel "And the Bridge is Love" lanean halaxe agertzen da.
  4. Olda Slobotskaja-ren erretratua ikusteko aukera duzu: http://www.omnibus.rs/anna/biography.htm
  5. Arnold Rose-ren erretratua ikusteko aukera duzu: http://www.omnibus.rs/anna/biography.htm
  6. Gidoilaria (* 1901eko azaroaren 20a, Fráncfort del Menon; † 28. Abril 1991ko apirilaren 28a Beverly Hillsen)
  7. Bere hilarria ikusteko aukera duzu: flickr

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g h i j k l m n o p q r Marina Mahler. Biografía de Anna Mahler. .
  2. Franklin, Peter. (2007). «Mahler, Gustav (8. Europe and New York, 1907–11)» Oxford Music Online.
  3. Ernst Krenek: Im Atem der Zeit – Erinnerungen an die Moderne, S. 365
  4. Answers.com
  5. BBC Music magazine. .
  6. En inglés"short-lived and complicated "Kay Dreyfus, Alma Moodie and the Landscape of Giftedness
  7. Richard Davis, Eileen Joyce: A Portrait
  • Marlene Streeruwitz: Nachwelt. Ein Reisebericht. Roman. S. Fischer, Frankfurt, 1999, ISBN 3-10-074424-1.
  • Barbara Weidle, Ursula Seeber (Hrsg. ): Anna Mahler. Ich bin mir selbst zu Hause. Weidle, Bonn 2004, ISBN 3-931135-79-9.
  • Oliver Hilmes: Witwe im Wahn. Das Leben der Alma Mahler-Werfel. Siedler, Munich 2006, ISBN 3-88680-797-5.
  • Anna Mahler. Ich bin mir selbst zu Hause Arg. de Barbara Weidle & Ursula Seeber (Weidle Verlag, Bonn, 2004)

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]