Edukira joan

Apo pikart

Wikipedia, Entziklopedia askea
Apo pikart
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAmphibia
OrdenaAnura
FamiliaPelodytidae (en) Itzuli
GeneroaPelodytes
Espeziea Pelodytes punctatus
(Daudin, 1802)
Banaketa mapa
Eguneko zikloagaueko

Apo pikarta (Pelodytes punctatus) Pelodytidae familiako urlehortarra da, iparraldeko Italian, hegoaldeko Frantzian, Euskal Herrian eta Iberiar penintsulan bizi dena[1].

Apo pikarta, igel-itxurako apotxo liraina da, hanka luzekoa, buru triangeluarra duena, eta mutur zorrotzekoa. Tamainaz txikia da eta nekez iristen da 5 cm-ra; normalean 3,5-4,5 cm bitartekoa izaten da. Bere izaera bakartia eta gautarra dela eta, anfibio hau nahiko ezezaguna da Euskal Herrian, baina Araban eta Nafarroako hegoaldean nahiko ugaria da.

Apo pikartaren zapaburuak 3-4 mm-koak dira arrautzatik ateratzean eta 65 mm-rainokoak metamorfosiaren aurretik, hau da, apo helduak baino handiagoak. Buru eta gorputz oso obalak dituzte eta isats nahiko luzea dute, gandor batez hornituta, gorputz erdialderaino luzatzen dena. Gris ilun kolorea dute, urre koloreko orbanekin. Isatsa, kolorez gorputza baino argiagoa da eta mutur biribildua du. Begiak lateralki nahiko nabarmentzen dira.

Heldua, apo txikitxoa dugu, liraina eta atze-hanka luzeekin, buru laua eta begi-nini bertikalak. Arrek ez dituzte inoiz 3,5 cm-ak gainditzen eta emeek 4,5 cm inguru izaten dituzte. Bizkarraldearen kolorea aldakorra da eta orokorrean orban irregularrak izaten ditu, oliba, marroi edo gris kolorekoak. Izan ere, punctatus izen espezifikoak orbanduna esan nahi du. Gainera, garatxo luzez beteta izaten dute azala, maiz ilaretan kokatzen direnak, laranja koloreko lerroak irudikatuz bizkarraren alde bietara. Sabelaldea zuri kolorekoa da baina pelbisaren inguruan tonalitate laranjak hartzen ditu.

Hatzak meheak eta ia askeak izaten dira, eta hauen artean mintz interdigitalaren hasikina baino ez dauka. Begiak handiak eta alde dortsalean nabarmenak ditu, eta beltzez pintarratutako iris horixkan begi-nini bertikala izatea espeziearen ezaugarri bereizgarrietariko bat dugu. Bestalde, tinpanoa txikia du, zeinaren diametroa begiarenaren 1/3 eta 2/3 bitartekoa izaten baita. Begiaren atzean, eta tinpanoaren gainean, alderdi guruintsu bat ageri da, eta horrez gainera, alde dortsalean, azala luzetaraka lerrokatutako bikor eta garatza txiki berde edo arre ilunez jantzia izaten da. Hala ere, ez dituzte guruin parotidarik.

Araldian zehar, arrek aurreko hatzetan eta bularraldean disko modukoak garatzen dituzte. Gainera, arrek emeek baino hanka sendoagoak izaten dituzte eta atzeko hankak bizkarrean zehar eta bururantz luzatuz, orpoko artikulazioa begietaraino iristen da arra bada, eta tinpanoraino emea bada.

Apo pikarta mendebaldeko Europan bizi den anuroa dugu, eta batik bat Belgikan, Luxenburgon, Italiako iparraldean, Frantziako estatuan eta Iberiar penintsulan ikus daiteke. Penintsulari dagokionez, Kantaurialdean izan ezik nahiko zabalduta dago.

Euskal Herrian apo pikarta eremu azpikantauriarrean eta eskualde mediterraniarrean ikusi da batez ere, ugariena Araba eta Nafarroako hegoaldean izanik.

Ugaltzeko habitata aukeratzerakoan, apo pikartak edozein ur-masa hautatzen du: iragankorra edo iraunkorra, geldo edo azkarra, landarediduna edo landaredi gabekoa. Zapaburuak, beraz, horietan haziko dira.

Euskal Herriko inguruneetan apo helduak nekazal eremuak eta sastrakadi mediterraniarrak ditu gogokoen, baina erkamezti eta artadietan ere ikusi izan da, beti ere errekasto eta ur-masa txikietatik gertu. Iparraldeari dagokionez berriz, ez dugu datu zehatzik, baina Frantziako estatuan zabal banatuta dago, eta Pirinioetan ere isurialde bietako datuak badira; hauetariko batzuk oso leku hezeetan kokatzen dira.

Zapaburuek batik bat alga berdeak eta detritua jaten dute eta maiz inurriak ere. Batzuetan, apo lasterkariaren arrautzak jaten ere ikusi izan dira.

Gure inguruko gainerako anfibioak bezala, apo pikarta ere ornogabe desberdinez elikatzen den harraparia dugu, eta intsektuak, moluskuak, zizareak, labezomorrok, eta abar hartzen ditu ehizakitzat.

Ugalketa eta ontogenia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martxo edo apiril aldera ugaltzeko sasoia iristen zaio apotxo honi, eta bere joera lehortarra utziz, putzu edo errekatxoren batera hurbildu beharra izaten du. Anuroetan ohikoa denez, apo pikartaren kasuan ere arrak izaten dira uretaratzen lehenak, eta eztarri barruan duten aho-zorroaz baliatuz kantari hasten dira emeak erakarri nahian. Apo pikarten arrek soinu lasaia egiten dute ur azpian eta batzuetan emeek 'kee, kee' moduko kantu batekin erantzuten dute.

Sexu biak elkartuz gero, akoplamendua anplexu lunbarrez burutzen da, arrak emea gerriaren ingurutik heltzen du aurreko hankekin, eta ez galtzarbeen ingurutik. Hala ere, helburu horrek makina bat borroka eragin dezake ar lehiakideen artean.

Arrautzak adar bertikal edo ihien gainean jartzen ditu emeak eta kanporatzen doazen heinean ernaltzen dira. Eme bakoitzak 1.000 eta 1.500 arrautza errun ditzake, 50-100 aleko multzotan. Arrautzak gris ilun kolorekoak dira eta gainaldea bilduki lirdingatsu batean inguratuta izaten dute. Bertatik jaiotzen diren zapaburuak izugarri handitzen dira, eta metamorfosia burutu aurretik 65 mm-ko luzera lor dezake, animalia helduarena baino handiagoa alegia.

Apo pikarta jarduera gautarreko espezie arras lehortar eta bakartia dugu, eta ondorioz nahikoa zaila da bere jardueren berri izatea. Edozelan ere, eta dakigunaren arabera, apo pikarta jauzilari bikaina eta lauzikatzaile fina da, eta liraintasun horri esker, portaera erdi zuhaiztarra du sarritan: zuhaitz-igela bailitzan sastraka eta zuhamuxketan gora aritzen da. Egunez berriz, harripetan, edota berak indusitako zulo eta barrenbideetan ezkutatzen da. Izan ere, Pelodytes izen generikoa antzinako grezieratik dator, pelo-k lokatza esan nahi du eta dytes-ek urpekaria, hau da, lokatzetan hondoratzen den apoa.

Espezieen arteko elkarrekintzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amerikar ibai-karramarroak, Procambarus clarkii, larba eta helduak harrapatzen ditu eta kalte handiak eragiten ari da espezie inbaditzaile hau apo pikarten populazioengan.

Kontserbazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso ugaria da Euskal Herri osoan eta itxura guztien arabera, populazioak egonkorrak dira.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Nöllert, Andreas; Nöllert, Christel. (1992). Die Amphibien Europas. Stuttgart: Franckh-Kosmos ISBN 3-440-06340-2..