Edukira joan

Bailen kalea (Bilbo)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Bailen kalea San Frantzisko auzoan dagoen kalea da, Bilboko udalerrian, Bizkaiko lurralde historikoan.

Bailen kalea (Bilbo)
Geografia
LurraldeaBilbo
Map
Ezaugarriak
LoturakNaxa kalea
Lamana kalea
Castillo Generalaren kalea
San Frantzisko kalea
Particular del Norte kalea

Bailen kalea Areatzako zubian hasi eta San Frantzisko kalean amaitzen da. Izena 1808 urteko uztailean Jaen probintziako Bailen herrian,Napoleonen tropen aurkako Iberiar Penintsulako Gerra deiturikoan izandako borrokari egindako omenaldia da.[1]

Geroago Bailen kalea izango zenaren beheko aldea 1817 urtean ireki zen, Sortzez Garbiaren komentuak Bilboko Udalarekin beharrezko lursaila lagatzea erabaki zuenean, Naxa inguruan eraiki zen eta Ibaizabal ibaia zeharkatzen zuen txalupa-zubi berritik Erripara bitarteko bidea irekitzeko. Akordioaren arabera, bideak 20 oineko zabalera izango luke, eta landatuko liratekeen zuhaitzek ezingo lukete itxierako horma igaro. Urte batzuk geroago, Bilbotik Tuterara doan trenbidearen geltokia Abandoko elizateko lurretan kokatzeak komentuari eta haren lur eta baratzeei eragin zien, eta 1859 urtean desjabetu ziren.[2]

1835 urteko Bilboko setioaren plano militarrean oraindik ez da ikusten inguru horretan eraikuntzarik,[3] baina 1857 urteko Francisco Coelloren Atlasaren Bilboko planoan ikusten denez, kalearen goiko aldeko eraikuntzak eta San Frantzisko kalearekiko lotura forma hartzen ari dira.[4]

Sortzez Garbiaren komentua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santimami ermitatik gertu zegoen beaterio batetik abiatuta, 1530 urtean komunitatea Bilbo aurreko Naxa parajera lekualdatu zen, eta han, 1629 urtean, Sortzez Garbiaren Ordenako komentu berri bat eraiki zuten. XIX. mendean, Bilbori eragin zioten gerrak zirela eta, komentua ospitale militar bihurtu zen behin eta berriz, eta, ondorioz, erlijio-komunitatearen hainbat leku-aldaketa egin behar izan ziren. Azkenik, 1859 urtean, Tuteratik Bilborako trenbiderako Abandoko geltokia eraikitzeko komentua eta haren lursailak desjabetu zituztenez, behin betiko lekualdatu behar izan zuten egungo kokalekura, Zabala auzoan, 1861 urtean komentu berria inauguratu zuten lekura.[5]

Tuteratik Bilborainoko trena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tuteratik Bilborako linearen emakida 1856ko uztailaren 11ko legearen bidez eman zen, eta Tuteratik Bilborako Trenbidearen Konpainia 1858ko urtarrilaren 13an eratu zen. Linea 1863ko abuztuaren 31n inauguratu zen. Sozietatea kiebra jo ondoren, Norteko konpainiak hartu zuen bere gain linea, 1878ko martxoaren 28an. Ibilbidea Miranda de Ebrora zihoan, Urduñako mendatetik barrena, eta Bilbo eta Castejon (Nafarroa) lotzen zituen.[6]

Tren geltokiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abandoko geltokiaz gain, Bailen kaleak tren-azpiegitura ugari ditu.

Altzolaren Naxako geltokia

Bilbo-Naxa geltokia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pablo Altzola Minondok egin zuen Bilbo-Portugalete lineako Bilbo-Naxako lehen tren geltokiaren proiektua. 1888ko martxoaren 19an inauguratu zen, eta 1926an linea Santurtziraino zabaldu zen. Eraikinari txoritegia edo kapera deitu zioten, maiolikazko mosaikoz apaindutako Art Nouveau estiloko eraikin bateko teilatuaren buru zen dorre txikia zela eta. Eraikitzeko, Bartzelonako teila beiraztatua erabili zen, lau kolorekoa, erronbo eta ezkata beiraztatu eran konbinatua, eta mosaikozko hormak dorrean, lau esferako erlojuari eusteko, tximistorratz batekin eta haize-orratz batekin errematatua. Bilbo 1937an tropa frankisten aurrean erori zenean antolatu zen zubi-leherketaren ondorioz, eraikina eraitsi behar izan zuten. Norteko Konpainiak, linearen jabeak, udalaren proposamenari jarraiki, lurpeko geltoki bat proiektatu zuen, eta Bailen kalearen hasieran 95 metro luzeko plaza batek estali zuen, Manuel Ignacio Guillermo Galíndez Zabala arkitektoaren proiektuari jarraituz.[7]

1941urtean Estatuak ofizialki konfiskatu eta RENFEren barruan sartu zen eta 1999ko martxoaren 3an linea itxi egin zen, Bilbo-Abandoko geltokira pasatuz.[8] Orduz geroztik, eta baztertu diren hainbat proiektu aztertu diren arren, geltokia hutsik dago, instalazioei erabilera bat emateko zain.[9]

Bailengo etxe orratza eta Naxako geltokia azpian

Bailengo etxe orratza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geltokia lurperatzean sortu zen plaza eraikin berri batekin itxi zen, tren-konpainiaren bulegoak hartzeko, eta Bilboko lehen etxe orratz bihurtu zen. Galindezek diseinatua, 1939-1946 urteen artean eraiki zen eta bere 43 metro eta 13 solairuko altuerarekin Bilboko eraikinik altuena izan zen 1968 urtean Plaza Biribileko Bizkaia Bankuaren dorrea eraiki zen arte.[10]

Konkordetza geltokia

Konkordetza geltokia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1902 urtean Concordiako geltokia inauguratu zen Bailen kalean, Bilbotik Santanderrerako Trenbideen konpainiarena, Severino Atxukarro arkitektoaren obra, kanpoaldea diseinatu zuena, eta Valentín de Gorbeña ingeniariarena, barnealdea eta trenbidea antolatzeaz arduratu zena. Proiektu monumentala eta dotorea izan zen, kokalekuaren ikusgarritasuna zela eta. Art nouveau fatxadak harlandua eta burdina forjatua eta pintatua tartekatzen ditu, eta horrek azalera handiagoko irekidurak ahalbidetu zituen eraikinaren barrualdea argiztatzeko. Trenbideak goiko solairuan daude, bulegoak hartzen dituen eraikin erantsi batekin batera. Urteetan zehar izan dituen birmoldaketek, neurri batean, jatorrizko itxura aldatu diote, batez ere barrualdean.[11] Bestalde, kalearen eskuineko espaloian ataririk ez badago, 1929 eta 1935 artean egindako obrengatik da. Orduan eraiki zen Santanderretik Bilborako tren-geltokiaren trenbidea estaltzen duen hormigoi armatuzko egitura, kalearekin muga egiten duena.[12]

Oinezkoentzako tunela

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geltokiaren azpian oinezkoentzako tunel bat dago, 2007 urtetik itxita dagoena. Tunel horrek Bailen kalea eta Jose Maria Olabarri kalea[13] lotzen zituen. Adifena da kale hori, eta Abandoko geltokiaren atzealdean dago. Geltokiak izan zituen eraldaketetako batean, oinezkoentzako tunela kentzea erabaki zen, eta atondoaren atzeko fatxada itsua Olabarriko kalezulora irekitzea. Sarrera handi horri esker, gaur egun kale batetik bestera igaro daiteke atari horretatik.[14]

Beste baliabide batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontsumo-gela

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003ko apirilaren 30ean Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Euskadiko Munduko Medikuak elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu zuten, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestuta, Bailen kalean kokatutako Kontsumo Gainbegiratuaren Aretoa irekitzeko, legez kanpoko drogen kontsumoarekin lotutako arriskuak eta kalteak murrizteko estrategia gisa. Lehen etapa 2014ko azaroaren 25ean amaitu zen.[15] 2015eko urtarrilaren 15ean berriro ireki zen Kaia izenarekin, Gizakia fundazioak, Caritasek sortutako erakundea, zuzendutako mendekotasunei arreta integrala emateko zentroa bezala.[16]

2017ko Ruth Juanen murala gaur egun

2010eko urtarrilaren 4tik aurrera, auzoan bizi diren artisten ekimenez eta Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako Birgaitze Mahaiaren[17] babesarekin, arte publikoko eta aldi baterako espazioaren proiektu bat hasi zen. Proiektu hau Bailen kalean dago, San Frantzisko kalearen eta Castillo Jeneralaren kalearen artean, 55 metroko horma zatian, eta lehen esku-hartzea, Panoramikas izenburuarekin, Jorge Rubio, Fermin Moreno, Ektor Rodriguez, Ismael Iglesias eta Satonek egin zuten.[18] Azken murala 2017an egin zuen Ruth Juan artistak,[19] baina ordutik ez dute ez berritu ez mantendu.

Ikus, halaber

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Bilbaopedia - Bailén. Calle» www.bilbaopedia.info.
  2. Lanzagorta Arco, Mª José. (2003). «El convento de la Concepción en el Bilbao del Antiguo Régimen» Bidebarrieta (12): 303-312..
  3. «Plano topográfico de la Villa de Bilbao y sus inmediaciones, manifestando la línea de defensa y el terreno ocupado por los facciosos durante el sitio, que dió principio el dia 10 de Junio, y fué levantado el 1º de Julio por las tropas de la Reina N.S. año 1835, Dedicado al heroe de Bilbao, al inclito Conde de Mirasol por D. Antonio de Goycoechea» Biblioteca Digital Hispánica.
  4. «Atlas de Coello» guiadigital.uam.es.
  5. (Gaztelaniaz) «Bilbo zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoak Egitamu Komunitario - SORTZEZ GARBIAREN KOMENTUA» www.bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2024-07-16).
  6. «Bilbaopedia - EL FERROCARRIL DE TUDELA A BILBAO» www.bilbaopedia.info.
  7. «Estaciones singulares: La Naja de Bilbao» treneando 2020-07-12.
  8. Olaizola, Juanjo. (martes, 24 de septiembre de 2013). «Historias del tren: EL FERROCARRIL DE BILBAO A PORTUGALETE CUMPLE 125 AÑOS» Historias del tren.
  9. Araluzea, Ane. (2024-06-04). «La antigua estación de La Naja de Bilbao sigue a la espera de una actividad que la devuelva a la vida» Deia.
  10. Olalde, Rafa. (2019-03-10). «El Rascacielos de Bailén (Bailén 1)» Bilbao: Arquitectura y urbanismo (2º).
  11. «Bilbaopedia - Estación de la Concordia» www.bilbaopedia.info.
  12. Joaquin. (2021-01-25). «La estación de Abando. El proyecto y la construcción de la actual terminal» AVPIOP.
  13. «Bilbaopedia - Olavarri, José María. Calle» www.bilbaopedia.info (Noiz kontsultatua: 2024-07-16).
  14. Alonso, Alberto G.. (2024-06-02). «Un callejón de Bilbao con gran historia» Deia.
  15. «La sala de consumo supervisado de drogas de Bilbo ha sido utilizada por 1.830 usuarios desde 2003 - GARA» gara.naiz.eus.
  16. Sáez, Olga. (2016-01-17). «La sala de consumo de Bailén evita en su primer año 23 muertes por sobredosis» Deia.
  17. (Gaztelaniaz) «Bilbo zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoak Egitamu Komunitario - Birgaitze Mahaia» www.bilbao.eus (Noiz kontsultatua: 2024-07-18).
  18. González, Aida. (2010-01-04). «La calle Bailén se convierte en una galería de arte al aire libre» Deia.
  19. (Gaztelaniaz) «Mural Bailén» Ruth Juan Ilustración (Noiz kontsultatua: 2024-07-18).

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]