Edukira joan

Bento

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ohiko bento bat, janari dendan erosia. Erloju-orratzen arabera: letxuga eta cherry tomate entsalada; berdel errea; haragi bolak (daikon errefauz beteak), brokolia eta takuan; fukujinzuke; tamagoyaki; txanpinoi ozpinkia; eta arroza.

Bento (japonieraz 弁当, bentō) Japonian erabiltzen den eramateko janari errazio bat da, oro har bazkalorduan, azpil edo kutxatxo batean aurkeztua. Bento tradizional batek arroza edo ziriolak izan ditzake arrain edo haragiarekin, askotan barazki ozpinki edo egosiekin.

Japoniatik kanpo, ohikoa da Asia ekialdeko eta hego-ekialdeko beste gastronomia batzuetan, bereziki Txinako, Koreako, Singapurko eta beste hainbat gastronomietan, non arroza oinarrizko elikagaia den. "Bento" hitza txinerazko biandang terminotik eratorria da (便當, pinyin biàndāng), "komenigarria" edo "komenientzia" esan nahi duena[1].

Hanami bento Edo Aroan

Bentoaren jatorria Kanakura Aro amaieran (1185etik 1333ra) etor daiteke, hoshi-ii (糒 edo 干し飯, "jaki lehor") izeneko arroz egosi eta lehortu bat zerbitzatzen zenean, poltsa txiki batean ontziratzen zena. Azuchi-Momoyama Aroan (1568tik 1600era) zurezko kutxatxo lakatuak sortzen hasi ziren ontzi tradizional bezala, eta bentoa hanami edo te-festetan kontsumitu.

Edo Aroan (1603tik 1867ra) bentoaren erabilera Japonia osoan zehar garatzen hasi zen eta prestaketa sofistikatzen, barietate handiagoa eskainiz. Adibidez, bisitari eta bidaiariek koshibentō (腰弁当, "gerri bento") zeramatzaten, banbu hostoekin biribilkatutako edo banbuz ehundutako kutxadun onigiriak. Bento mota ezagunenetako bat, makuno-uchi bentō izenekoa ("atsedenaldi bento"), aro honetan egin zen lehen aldiz. Noh eta Kabuki antzezlanak ikustera zihoaztenak, ekitaldi arteko atsadenaldian jateko bentoak ziren. Garai hartan, sukaldaritza liburu ugari argitaratu ziren, nola prestatu, nola paketatu eta ekitldi bakoitzerako zer prestatu zehazten dutenak.

Meiji Aroan (1868tik 1912ra) aurrez prestatutako bentoa merkaturatzen hasi zen eta bere erabilera ikasle eta langileen artean ere orokortu zen, enpresek eta eskolek ez zutelako jatekorik zerbitzatzen.

Aldi batez bentoen erabilera gutxitu ondoren herritarren artean, 1980ko hamarkadan bere ospea berreskuratu zuen mikrouhin-labearen eta komenentzia denden orokortzearekin, Gainera, zurezko edo metalezko kutxa garestien ordez, erabili eta botatzeko poliestirenozko kutxatxo merkeak jarri zituzten bento denda gehienetan. Hala ere, eskuz egindako bentoak ere itzuli egin dira, eta berriro ere ohikoa da japoniar eskoletan. Oraindik ere erabiltzen dituzte langileek bazkaria eramateko, familieak egunpasan eta ikasleek txango edo kirol-egunetan ere. Bentoa etxean egina bada, furoshiki batean biltzen da, era berean poltsa eta mahai-zapi efginkizunak betez.

Arrain Bentōa.

Bentoak plater konposatu bat edo askotariko aukera bat izaten du. Oro har, honako hauek izaten ditu:

  • Gohan arroz errazio bat (gopor bat), erdian sushi edo umeboshi bat duela, Japoniako bandera irudikatzeko.
  • Arrain zati bat, normalean frijitua tenpura edo izokina bezalako, eta/edo okela (txerria edo oilaskoa). Tsukudani erako itsaskia ere egon daiteke, edo tortilla biribilkatu bat ere bai.
  • Barazki gordin, beratu edo ozpinetako zati txiki bat.
  • Fruta-atalak zati txikietan.

Bentoa hotza jan ohi da, nahiz eta mikrouhin-labeak orokortu zirenetik janaria berotu egin daitekeen.

Hinomaru bento (umeboshi bakarra erdian)
Makunouchi bento
Shōkadō bentō

Osagaien arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Hinomaru bento (日の丸弁当) arroz zuri hutsa da, erdian umeboshi bat duena. Izena Hinomaru banderatik hartu zen, erdian disko gorri bat duen atzealde zuria duena. Metalezko bento kutxak, garai batean Japonian ohikoak zirenak, sarritan umeboshi azidoarekin herdoiltzen ziren, eta horrek zulo bat egiten zuen estalkiaren erdian.
  • Noriben (海苔弁) soja-saltsan bustitako nori orri bat, arroz egosia estaliz.
  • Sake bentō (鮭弁当), plater nagusi bezala izokin errea duen bento sinple bat da.
  • Tori bento (鳥弁当) saltsan egositako oilasko zatiak dira, arrozaren gainean zerbitzatuak. Ohiko bento bat da Gunma prefekturan.

Ontziaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Kamameshi bentō (釜飯弁当) buztinezko eltze batean egosi eta zerbitzatzen da. Eltzea oroigarri bat da. Nagano prefekturako tren geltokietan saltzen dira.
  • Kyaraben (キャラ弁) pertsonaia herrikoiak diruditen edukiak ditu, anime, manga edo bideojokoetakoak.
  • Makunouchi bentō (幕の内弁当) estilo klasikoa da: arrozarekin, umeboshiarekin, izokin egosiarekin eta arrautza bilduarekin.
  • Shōkadō bentō (松花堂弁当) laka beltzezko kutxa tradizionala da.
  • Wappameshi (わっぱめし) zurezko ontzi biribil batean zerbitzatua[2].

Saltokien arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Ekiben (駅弁) tren-geltokietan (eki) edo trenetan saltzen den bento bat da. Ekiben mota asko daude, gehienak merkeak eta asegarriak.
  • Hokaben (ホカ弁) eramateko janari dendetan erositako edozein bento mota da. Arroz bero egosi berria (hokahoka), osagai prestatu berriekin zerbitzatzen da.
  • Shidashi bentō (仕出し弁当) jatetxe batean egiten da eta bazkalorduan ematen. Bento hau, askotan, hileta edo bestelako ospakizunetan jaten da. Oro har, Japoniako janari tradizionalez beteta dago: tenpura, arroza eta barazki ozpinkiak. Shidashi bento bat ere badago Europako janariz egina.
  • Soraben (空弁) aireportuetan saltzen den bento bat da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Bento 弁当(べんとう) 語源由来辞典 (Hiztegi etimologikoa)
  2. (Ingelesez) Savor Japan. Ministry of Agriculture, Forestry and Fisheries of Japan 2018-09-21, 13 or. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2021-08-11).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]