Julio Zesar: berrikuspenen arteko aldeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezabatutako edukia Gehitutako edukia
No edit summary
230. lerroa: 230. lerroa:
[[sco:Julius Caesar]]
[[sco:Julius Caesar]]
[[sh:Gaj Julije Cezar]]
[[sh:Gaj Julije Cezar]]
[[si:ජුලියස් සීසර්]]
[[simple:Julius Caesar]]
[[simple:Julius Caesar]]
[[sk:Gaius Iulius Caesar]]
[[sk:Gaius Iulius Caesar]]

05:42, 22 urtarrila 2011ko berrikusketa

Julio Zesar
Julio Zesar
Julio Zesarren irudia.
Datu pertsonalak
Izen osoa Gaius Iulius Caesar
Jaio K. a. 100eko uztailaren 12a
Subura, Erroma
(Erromatar Errepublika)
Hil K. a. 44ko martxoaren 15a
Ponpeioren Antzokia, Erroma
(Erromatar Errepublika)

Julio Zesar, latinez Gaius Iulius Caesar, ([ˈgaːius ˈjuːlius ˈkaɪsar], ahoskera klasikoan; K. a. 100eko uztailaren 12 edo 13a - K. a. 44ko martxoaren 15a) militar eta politikari erromatarra izan zen.

Galia menperatzean eta Britainia Handiko lehen inbasioarekin, Erroma Ozeano Atlantikoari begira jarri zuen eta garai guztietako militar handienetakotzat jotzen dute. Errepublika Inperio bilakaeran ere parte hartze garrantzitsua eduki zuen. Hori guztia dela eta, hil ondoren, Senatuak ofizialki Erromako Jainko izendatu zuen.

Ponpeioren kontra Gerra Zibilean borrokatu ostean, Erromako buru nagusi eta bakar bihurtu zen. Bizitza osorako diktatore izendatuta, Erromako gizartea eta gobernatzeko era zaharberritzen hasi zen. Politika horren desadostasunean, Marko Brutok, Kasiok eta Zesarren adiskide eta laguntzaile gehiagok Zesar bera hil zuten, horrela Errepublikara itzuliko zelakoan. Hala ere, hilketak beste Gerra Zibil bat eragin zuen, zesartarren eta Zesarren kotrakoen artean. Gerra zesartarrek (Oktaviok eta Marko Antoniok besteak beste) irabazi zutenez, Inperioaren aldeko urrats sendoa egin zen.

Estraineko urteak

Zesar Erromako familia ospetsu batean, Julia izenekoan hain zuzen ere, jaio zen. Legendaren arabera, Venus jainkosaren ondorengoa zen familia hori. Izan ere, Venus Eneas printze troiarraren ama zen. Eneas, Romulo eta Remoren aitona izateaz gain, Juloren aita ere bazen. Julok, Julia familia sortu zuen, eta baita izena bera eman ere.

Familiaren noblezia zalantzezkoa ez izan arren, Julio Zesartarrak ez ziren bereziki dirudunak, Erromako aristokraziaren irizpidetarako behintzat. Hori dela-eta, azken garaian haren familiako inork ez zuen lehen mailako posturik lortu. Zesarren aitaren belaunaldian, berriz, familiaren aberastasuna suspertu zen, eta K.a. 85ean pretor kargua lortu zuen.

Aita-semeek izen bera, Gaio Julio Zesar, zeukaten. Zesarren amak, Aurelia Kota zuen izena. Haren arreba zaharrena, Julia Zesaris, Oktavio Augustoren amona izan zen. Haren izeba, Julia Zesaris izenekoa ere, Gaio Mario jeneral handiarekin ezkondu zen. Mario garaiko gizon boteretsuenetako bat bilakatu ahala, haren familia indarra eta ospea berreskuratzen hasi zen.

Marioren azken urteetan, Erromako politika bueltarik gabeko punturaino iritsi zen. Bi taldetan banatzen ziren politikariak: alde batetik, Marioren Populares izenekoan, eta bigarrenetik, Optimates delakoan, zeinek Sila zeukan nagusitzat. Zesar lehenengoarekin zegoen lotua. Marioren iloba ez ezik, Luzio Kornelio Zinaren alabaren senarra ere bazen. Zina Marioren laguntzailea eta Silaren etsai porrokatua zen.

Bi talderen arteko ika-mikek Gerra Zibila eragin zuten. Optimates-en garaipenak diktaturaren ateak zabaldu zizkion Silari, zeinek beste talderen kontrako politika hasi zuen. Nolanahi ere, Zesarri bizitza barkatu zion.

Zesarrek, hala ere, Erromatik ekialderantz egin zuen alde. Hor kanpaina militar askotan hartu zuen parte, eta Miletoko setioan erakutsitako ausardiari esker, corona civica (harizko koroa) jaso zuen. Oso ohore handia izan zen hori, gutxitan agintean ez zegoenari ematen baitzitzaion.

K. a. 78an, Sila hilik, Erromara bueltatu zen. Hor, ospe handiko abokatu bilakatu zen, gobernari ohien kontrako jazarpen gogorrarengatik. Erretorika sakonki ikasteko nahian, Apolonio Moloren eskolara bidaiatu zuen K. a. 75ean.

Hara zihoazela, piratek bahitu zuten. Plutarkoren arabera, erreskatea 20 talentokoa zela entzunda, barrezka hasi zen Zesar. Gutxienez 50 talento balio zuela erantzun zien. Erreskatea ordainduta, itsasontzi batzuk bildu zituen eta piraten kontra jo zuen Zesarrek.

Zesarren Cursus honorum

K. a. 70ean, 30 urte zituela, Erromako Herri-Asanbladak questor izendatu zuen Zesar. Kargu hori, Hispania Ulterior probintzian garatu behar izan zuen. Hor, Gadesko Herkulesen tenpluan, Alexandro Handiaren estatua bat ikustean bitxi erreakzionatu zuen legendaren arabera: negar zotinka hasi omen zen. Horren inguruan galdetuta, erantzuen zuen: "Malkoak darizkit pentsatzen dudanean Alexandrok nire adinerako hainbeste herri garaitu zituela eta nik, berriz, ezer gogoangarririk egin ez dudala."

Erromara itzulitakoan, haren lehen emaztea, Cornelia Cinilla, hil zitzaion. K. a. 67an, arrazoi politikoengatik, berriro ezkondu zen. Ezusteko emakumea aukeratu zuen, aldiz: Silaren biloba, Ponpeia Sila hain zuzen ere. Bazirudien horrela Optimates-ekin bat egiten zuela, baina haren gainerako erabakiek kontrakoa adierazten zuten. Lehen piraten kontra eta ondoren Pontoko Mitridates VI.en kontrako kanpainetarako, Ponpeiori mugarik gabeko boterea ematekoaren alde agertu zen Zesar. Krasok, Ponpeioren aurkaria izan arren, Zesarren zorrak kitatzen jarraitu zuen. Hori zela medio, bere ospea handitzeko nahian, Zesarrek dirutza gastatu ahal izan zuen.

K. a. 65ean, edil hautatu zuten Zesar, Optimates taldearen aldeko Bibulorekin batera. Edilak tenpluez, eraikin publikoez eta jokoez arduratzen ziren. Zesar ia-ia hondamendi ekonomikoraino iritsi zen haren irudia ezagutarazteko eta herritar arruntekin lotzeko. Horrela, berak antolatutako jokoak izugarriak izaten ziren. Marioren omenez, Errepublikak ordaindutako estatuak eraiki zituen, senatarien amorrurako. Edilaldia herriaren elkartasunarekin baina dirurik gabe bukatu zuen.

Lortutako elkartasunak, halere, izugarrizko bultzada eman zion K. a. 63an Pontifex Maximo kargua eskuratzerakoan. Honela, Erromako kontu erlijioso guztiak, Forumeko Domus Publica (Etxe publikoa) eta Birjina Vestalak Zesarren ardurapean zeuden. Bizitza osorako kargua izateaz gain, lege eta arauei zegokienez, postuak abantaila dezente eskaintzen zion. Hala ere, eskandalu batek eman zion hasiera Zesarren agintaldi honi. Ponpeia Silak, haren emazteak, Bona Dea izeneko jaia antolatu behar izan zuen. Errito horietan parte hartzerik emakumeek baino ez zuten arren, Publio Klodio Pulkerrek, emakumez mozorrotuta, tenpluan sartzen lortu zuen. Sakrilegio horren aurrean, Zesarrek Ponpeia Sila dibortziatu zuen, esanez haren emaztea errugabe irudi ere egin behar zuela.

K. a. 63a Katilinaren konspirazioarena izan zen. Zizeronek, urte horretako kontsulek, Errepublika suntsitzeko plana egotzi zion Katilinari. Honek, Zizeron hil saiatu ostean, Etruriara alde egin zuen eta matxinatu zen. Konspirazioan Zesarren parte hartzea salatu zuen Katonek, baina ezin izan zuen frogatu. Hala izan ala ez, Zesarren ibilbide politikoak ez zuen kalterik jaso. Hurrengo urtean, pretor aukeratu zuten, eta K. a. 61ean, propretor Hispanian. Hor, galeziarrak eta lusitaniarrak garaitu zituen. Gerra haietan lortutako diruari esker, zorrak kitatu ahal zituen. K. a. 60an Erromara itzulita, kontsulatua, Erromako kargurik garrantzitsuena, eskuratu zuen.

Lehen Triunbiratoa eta Galiako Gerra

Sakontzeko, irakurri: «Galiako gerrak»
Pompeio Handia.

K. a. 60an, Erromako hiritarrek kontsul izendatu zituzten Zesar eta Bibulo, zein elkarren arerioak ziren. Azken hau postutik erretiratu zen Zesarren agintaldia oztopatu nahian. Izan ere, aliatuak oso beharrezkoak ziren kontsulatua aurrera eraman ahal izateko. Zesarrek inork espero ez zuen tokian aurkitu zituen.

Ponpeiok, orduko jeneral ospetsuenak, bere gerra-beteranoentzako lurrak eskuratu nahi zuen, baina Senatuen ezezkoa jasotzen zuen etengabe. Krasok, kontsul ohiak eta agian Erromako gizonik aberatsuenak, halaber, bere laborarientzako laguntzak lortzerakoan arazoak izaten zituen. Zesarrek Krasoren dirua eta Ponpeioren harremanak behar-beharrezkoak zituen. Horrela, haien arteko ituna, triunbirato izenekoa (hiru gizonek osatzen zutelako) sortu zen. Akordioa indartzearren, Ponpeio Zesarren alaba bakarrarekin ezkondu zen.

Kontsulaldi zail horren ondoren, Galia Transalpina (gaurko Frantziaren hegoaldea) eta Iliriaren (gaurko Kroaziaren kostaldea) gobernaria izendatu zuten Zesar. Alferrikako agintaldia nahi ez zuenez, Zesarrek Galiako Gerrak piztu zituen, eta Galia osoa konkistatu ahal izan zuen. K. a. 58an helvetiak garaitu zituen; K. a. 57an nerviak eta belgiarren elkartasuna; eta, K. a. 56an, venetiak. K. a. 55ean, Britaina Handia inbaditzen saiatu zen. K. a. 52an, Vertzingetorixek osatu zuen Galia osoko armada batua gailendu zuen. Kanpaina horien guztien gorabeherak Commenatarii de Bello Gallico (Galiako Gerren Iruzkinak) izeneko liburuan idatzi zituen.

Plutarkoren arabera, kanpaina osoan 800 hiri eta 300 tribu konkistatu ziren, milioi bat gizon esklabu bihurtu ziren eta 3 milioi batailetan hilik suertatu ziren. Antzinako historialariek kopuru hauek handitu zituzten zalantzarik gabe. Hala ere, Galiaren menderatzea Alexandro Handiaren garaipenekin parekatu zen. Ondorioek gainera luzeago iraun zuten: galiarrak ez ziren berriro matxinatu Erromaren aurka. Are gutxiago, leial jarraitu zuten Mendebaldeko Inperioaren erorialdiaren arte, K. o. 476an.

Arrakastaren gorabehera, Zesarren ospea ez zen zabaldu goi mailako hiritarren artean. Atzerakoiek, batik bat, errege bihurtzeko gogoa leporatzen zioten. K. a. 55ean, Ponpeiok eta Krasok kontsulatua erdietsi zuten. Zesarren agintaldi beste 5 urtez luzatu zuten. Hau izan zen Lehen Triunbiratoren azken erabaki adostua.

K. a. 54an, Zesarren alaba, Julia Zesaris, erditzen ari zela hil zen. K. a. 53an, Kraso ere hil zen partiarren kontrako kanpaina bat antolatzen zuen bitartean. Ponpeiok, Optimates-en aldera jo zuen orduan. Galiatik, Zesar Ponpeioren babesa ziurtatzen saiatu zen: iloba bat eskaini zion emaztegai. Ponpeiok, berriz, Zesarren etsai handienetako baten alaba hautatu zuen.

Gerra Zibila

Gaio Julio Zesar.

K. a. 50ean, Senatuak, Ponpeiok eskatuta, Erromara itzultzeko eta armada desegiteko agindu zion, haren Galiako agintaldia bukatu zitzaiolako. Are gehiago, Senatuak bigarren kontsulaturako aurkeztea debekatu zion. Armada edo kontsulen inmunitaterik gabe auziperatu eta politikoki baztertuko zutela uste zuen Zesarrek. K. a. 49ko urtarrilaren 10ean, Zesarrek Rubicon ibaia (Italiako muga naturala) zeharkatu zuen legio bat lagunduta eta Alea iacta est ("zortea botata dago") esanda. Honela, Gerra Zibila piztu zen.

Optimates taldekoak hegoaldera jo zuten. Zesarrek Ponpeiori jarraitu zion elkarrekiko ituna eraberritu nahian. Ponpeioren ezezkoa jasota, 27 egunetan Hispaniara iritsi zen, non Ponpeioren laguntzaileen armadak suntsitu zituen. Ekialdera egin zuen orduan, Grezia aldera, Ponpeiori berari aurre egiteko. Dirrakion Ponpeio atera zen irabazle. Hala ere, Farsaloko bataila erabakigarrian, Zesarrek garaitu zuen, Ponpeioren armada ia-ia bikoitza izan arren.

Ponpeiok Egiptora egin zuen alde. Hor, Ptolomeo XIII-k aginduta, hil zuten. Erroman, Zesarrek, nahiz eta diktatore izendatu, kontsul kargua hobestu zuen. Ponpeio atzemateko asmotan, Egiptora joan zen eta horko gerra zibilean parte hartzera behartu zuten. Agian Ptolomeo XIII-k Ponpeio hiltzeagatik (Ponpeioren buru moztuaren aurrean negar egin omen zuen), Kleopatra VII.en alde jo zuen. Kleopatra Ptolomeoren arreba eta emaztea (eta aurkaria) izan zen. Zesarrek Ptolomeoren armada garaitu ondoren, Kleopatra kokatu zuen Egiptoren buruan. Honekin ezagutzen zaion seme bakarra izan zuen Zesarrek, Zesarion edo Ptolomeo XV Zesar izenekoa.

K. a. 47an, Egiptotik bueltatzerakoan, Pontoko Farnazes II.en armadak suntsitu zituen Zesarrek. Garaipen erraza zen oso, eta Zesarrek Veni, vidi, vici (etorri, ikusi eta garaitu nuen) esaldia aipatu zuen. Hortik, Afrikako ponpeiarraei egin zien aurre. Tapso izeneko batailan Metelo Eszipio, zein borrokan hil zen, eta Katon Minor, zeinek bere buruaz beste egin zuen, menderatu zituen. Ponpeioren semeek, Gneo Ponpeiok eta Sexto Ponpeiok, Tito Labienorekin, Zesarren laguntzaile ohiarekin batera, Hispania aldera egin zuten ihes. Zesarrek Mundan garaitu zituen K. a. 45eko martxoan. Aldi berean, Zesar hirugarren eta laugarren aldiz izendatu zuten kontsul.

Gerraren ondokoa

K. a. 45ean, Italiara itzulitakoan, Zesarrek Oktavio izendatu zuen oinordeko. Dena utzi zion, titulua barne. Oktavio hiltzen bazen, Bruto izango litzateke oinordekoa.

Apirilaren 21ean Zesarren omenezko jokoak ospatu ziren. Zesarrek festa publikoetan garaipen arropa janzteko ohorea izan zuen: tunika morea (antzinako Erromako erregeen oroigarria) eta ereinozko koroa. Enperadore titulua eramateko eskubidea ere eskuratu zuen. Haren bolizko estatua bat agertzekoa zen prozesio erlijioso guztietan. Kirinoren tenpluan Zesarren beste estatua bat jarri zen, "Jainko garaiezina" lelopean. Kirino edo Romulo, hiriaren fundatzaile eta lehen erregea izan zen. Honela, Zesar jainkoekin ez ezik, erregeekin ere lotzen zen. Hirugarren estatua bat Kapitolio muinoan kokatu zuten, antzinako erregeen eta Luzio Junio Brutoren (erregeak kanporatu zituena) estatuen ondoan. Are gehiago, Zesarren irudia txanponetan ipini zen. Lehen aldiz agertu zen txanponetan bizirik zegoen erromatar baten irudia.

Bere laugarren kontsulaldia amaitutakoan, Zesarrek Kinto Fabio Maximo eta Gaio Trebonio kontsul izendatu zituen Zesarrek, Errepublikako hautaketa-sistema kontuan hartu gabe. Senatuak, hala ere, ohore geihago eman zion: liberatore titulua, nahi zuen edozein postua, plebeioentzakoak ere, lortzeko ahalmena, legio guztien gaineko agintea... Haren urtebetetzearen hilabeteak, uztailak, izen berria, Julius, jaso zuen, Quintilis ordez. Haren familiaren ohorez, tenplu bat sortu zen.

Nolanahi ere, Zesar Errepublikako hainbat arazo konpontzeko ekinean murgildu zen. 20 eta 40 urte bitartean zituzten hiritarrei debekatu zien Italiatik kanpo 3 urtez baino gehigo egotea. Honela, Italiako populazioa mantentzekoa zen eta kanpoko ustelkeria behera egitekoa. Goi mailako batek beheko bat hilez gero, hiltzaileari ondare osoa kenduko zitzaion. Zorra guztien laurden bat bertan behera utzi zuen, jende apalaren mirespen are handiagoa lortuz.

Prostituzioa eta Estatuak ordaindutako garia arautu zituen zehazki. Beteranoei lurrak eman zizken Erromako mundu osoan zehar. Egutegia ere eraberritu zuen. Urteak 365 egunekoak izango ziren, eta 4 urte oro, 366koa. (Juliar egutegi hau Gregorio XIII. Aita Santuak aldatu zuen 1582an, gaur egungoa sortuz). Hori zela medio, K. a. 46ak 445 egun izan zituen, juliar egutegia ahalbideratzeko.

Horretaz gain, Erroma bera zaharberritu zuen. Adreiluzko hiria horri marmolezko geruza ipini zion. Auzitegi eta azoka berriak eraiki zituen. Lehen liburutegia ere bai, Varronen aginpean. Senatuak Curia Hostilia izeneko etxea utzi zuen eta Curia Julia izeneko berrira mugitu zen. Hiriaren pomperium (muga sakratuak) handitu zituen hazi ahal izateko.

Plutarkoren arabera, Zesarrek Senatuari ohoreak urritzea eskatu nahi bazion ere, ez zuen egin, eskertxarrekoa ez iruditzearren. Pater Patriae (Aberriko Aita) titulua eman zioten eta 10 urterako diktadore izendatu zuten. Batzuk errege ere deitzen hasi zitzaizkion, baina Zesarrek titulu hori arbuiatu zuen. Tituluak jaso ahala, Zesarren eta aristokraten arteko amildegia sakondu zen. Konspirazioaren artilea iruten hasi zen.

Hilketa

Zesar errege bihurtzeko beldurrak bizirik jarraitzen zuen. Norbaitek Zesarren estatua baten gainean diadema bat kokatu zuen. Tribunoek, Gaio Epidio Martzelok eta Luzio Zesetio Flaviok, kendu egin zuten. Tribuno horiek ere herritar batzuk atzeman zituzten Zesarri erregea deitzeren kargupean. Zesarrek atxilotutakoak askatzeko agindu zuen, eta tribunoak postutik at utzi zituen.

Luperkaliako festetarako, K. a. 44ko otsailaren 15ean, Zesar morez jantzita, ereinozko koroa buruan eta bizitza osorako diktadorearen titulupean agertu zen erromatarren aurrean. Marko Antonio saiatu zen Zesarren gainean didema bat jartzen. "Herriak, nik bitartez, hau (erregearen titulua) eskaintzen dizu" esan zion. Hor bildutako jendetzaren elkartasun urria ikusita, Zesarrek muzin egin zion. Jendetzak txalotu arren, berriro saiatu zen Marko Antonio; eta berriro errefusatu zuen Zesarrek: "Ez naiz Erromako erregea izango. Jupiter da erromatarren errege bakarra." Jendetzak orro egin zuen oniritzia ematean.

Bitartean, Dazia eta Partiaren kontrako kanpainak prestatzen ari ziren. Partiakoak diru franko, eta 9 urte lehenago Krasok galdutako zutoihalak, ekarriko lituzke Erromara. Leienda zahar baten arabera, errege batek baino ezin zuen Partia konkistatu. Horregatik, Zesarrek Italiatik kanpo koroa eramateko eskubidea lortu zuen. Kanpaina apirilean zen hastekoa. Haren aurkariek zirt edo zart egin behar zuten. Bazekiten abiatu baino lehen burutu behar zutela euren plana.

K. a. 44ko martxoaren 15ean, Zesarrek Ponpeioko antzokian biltzeko eskatu zion Senatuari. Horra zihoazela, senatari batzuek sastatu eta hil zuten. Hauek tiranizidatzat eta ez hiltzailetzat jotzen zuten euren burua. Haien ustetan, Zesar Errepublikarako arriskua bihurtu zen. Konspiratzaileak (Gaio Trebonio, Dezimo Bruto, Marko Bruto eta Gaio Kasio Longino besteak beste), gero, Jupiterren tenpluan ezkutatu ziren. Gehienak Zesarren barkamena eta bultzada politikoa jasoak ziren. Marko Bruto ahaide urruna ez ezik, Zesarren oinordeko bat ere izan zen. 23 sastakaik bizitza kendu zioten Zesarri, zein, ironikoki, Ponpeioren omenezko estatua baten azpian hil zen. Suetoniok dioenez, Zesarren azken hitzak, Marko Brutori zuzendutakoak, hauek omen ziren: και συ τεκνον; (Kai su, teknon?) Hau da, "Zu ere, ene semea?"

Hilketaren ondokoa

Hiltzaileen asmoak gorabehera, Zesarren hilketak Erromatar Errepublikaren bukaera ekarri zuen. Erromako erdi eta behe mailako klaseek, Zesarren sostengua hain zuzen ere, uste zuten goi mailako talde txiki batek bere txapelduna hil zutela. Marko Antoniok jende arrunt hori hunkitu zuen haren hiletan Zesar goraipatu zuenean. Honela erromatarren begikotasuna bereganatu zuen. Halere, Zesarren oinordeko bakarra Oktavio izan zen. Haren izena, ospea eta aberastasuna jaso zuen. Oktavio, 19 urte baino ez izan arren, gupidarik gabe saiatu zen bere egoera indartzen eta botere osoa eskuratzen.

Bruto eta Kasiori aurre egiteko, Marko Antoniok Zesarren dirua zein ospea behar zuen armada bat erreklutatu ahal izateko. Beste triunbirato bat osatu zen Oktavio, Marko Antonio eta Lepidorekin (Zesarren laguntzaile zaharrarekin). Bigarren Triunbirato honek jainko izendatu zuen Zesar.

Triunbiratoak Zesarren hiltzaileak Filipo batailan suntsitu zituen. Ondotik, hirugarren gerra zibila piztu zen Oktavio eta Marko Antonioren artean. Aktio batailan, Oktaviok Marko Antonio eta Kleopatra menderatu zituen, eta, aurkaririk gabe, Erromako lehen enperadore bihurtu zen.

Zesarren idazkiak

Bizialdian oratore finatzat jotzen zen Zesar. Zizeronek ere goraipatu zuen Zesarren erretorika eta estiloa. Bere izeba Juliaren (Marioren emaztea) omenezko hileta-otoitza eta Katonen kontrako hitzaldia dira Zesarren erretorika ospetsuena.

Zoritxarrez, haren idazki gehienak galduta daude. Guregana ailegatu direnen artean, famatueanak hauek dira:

  • Commentarii de Bello Gallico (Galiako Gerren iruzkinak), prokontul ari zela Galian izandako kanpainei burzkoa; eta
  • Commentarii de Bello Civili (Gerra Zibilaren iruzkinak), Ponpeio hil zenez geroztik Gerra Zibileko kontakizunak.

Zesarri esleitutako idazkiak:

  • De Bello Hispaniensis (Hispaniako Gerrri buruzkoa)
  • De Bello Africo (Afrikako Gerrari buruzkoa), eta
  • De Bello Alexandrino (Alexandriako gerrari buruzkoa)

Idazki hauen estilo erraza eta zuzena gorabehera, haren aldeko benetako iragarki kanpaina sofistikatua da, Erromako, Italiako eta probintzietako aristokratei zuzendutakoa.


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Julio Zesar

Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura