Bonobo
Bonobo | |
---|---|
1,5 Ma-0 Ma | |
![]() | |
Iraute egoera | |
Invalid status (IUCN 3.1) [1] | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Primates |
Familia | Hominidae |
Leinua | Hominini |
Generoa | Pan |
Espeziea | Pan paniscus Schwartz 1929[2]
|
Banaketa mapa | |
![]() | |
Datu orokorrak | |
Ernaldia | 8 hilabete |
Masa | 43 kg 33 kg |
Genomaren kokapena | ensembl.org… |
Bonoboa (Pan paniscus), txinpantze pigmeo gisa ere ezaguna, primateen barruko Hominidae familiako animalia da. Txinpantze arruntarekin (Pan troglodytes) batera, Pan generoa osatzen du.
Begibistaz, txinpantze arruntarekin oso antza handia dute, baina ezaugarri morfologiko ezberdinak: bonoboek aurpegi iluna izaten dute, txinpantzeenak baino belarri txikiagoekin. Gainera, hanka luzeagoak garatu dituzte.
Banaketari dagokionez, Erdialdeko Afrikako oihan hezeetan kokatzen dira; bertako zuhaitzetatik bildutako fruitu eta hostoez elikatzen dira.
Espezie horren ezaugarri nabariena berdintasunean oinarrituriko kultura matriarkala da. Gainera, jarduera sexualak paper oso garrantzitsua hartzen du beraien taldean.[3]
Bonoboa Ernst Schwarz alemaniarrak deskribatu zuen 1929an, Belgikako Tervuren museoan kontserbatutako garezur batean oinarriturik; ordu arte, txinpantze gazte batena zela uste zen.
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bonoboaren izen zientifikoa Pan paniscus da. Azterketa molekularrak egin ostean, bonoboen ADNaren % 98 Homo sapiens[4] espeziea bezalakoa dela ikusi da: gizakiekin estuki lotuta daude.
Aurkikuntza horren ondorioz, bonoboaren eta txinpantzearen taxonomia berrantolatu eta Pongidae familia Hominidae gisa berrizendatzea erabaki zuten.[5]
Gizakiekiko lotura estua dela eta, zientzialari talde batek Pan generoa Homo genero gisa sailkatu beharko litzatekeela defendatzen du.
Bonobo eta txinpantze arruntaren lerroa duela 6 milioi urte ezberdindu zen gizakiaren lerro ebolutibotik.[6] Txinpantze arrunta eta bonoboa dira Homo sapiens espeziearen oraindik bizirik dauden ahaiderik hurbilenak.
Ezaugarri morfologikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txinpantze arruntarekin alderatuz, bonoboa meheagoa da, eta metro bateko altuera har dezakete. Heldutasunean, eme eta arren tamainen artean desberdintasunak daude. Eme helduen pisua 30 kg ingurukoa da, eta har heldu batek 34-70 kg bitartekoa izan dezake. [7]
Garezurraren tamaina txikiagoa da, baina bekoki zabalagoa dute. Aurpegi iluna du, ezpain arrosekin, belarri txiki eta sudur-zulo nabariekin. Buruan ile luzea aurkezten dute.
Beste primate eme batzuekin alderatuta, emeek ugatz nabariak dituzte. Dena den, ez dira emakumeen titiak bezain nabariak izaten.
Gorputzaren goiko zatia mehea dute, sorbalda estu, lepo mehe eta hanka luzeekin. Ibilkerari dagokionez, denboraren laurdenean tente ibiltzen dira: ezaugarri horri esker, txinpantze arruntek baino gizaki itxura handiagoa dute. Gainera, bonoboen kasuan, gizakietan bezala, indibiduo bakoitzaren aurpegiko itxura aldatzen denez, talde barnean ezagutze bisuala gerta daiteke.
Jokabidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bonoboak zuhaitzetan zein lurzoruan topa daitezke. Lurzoruko ibilerarik ohikoena kuadrupedoa da, eta ingurune naturalean lokomozio bipedoaren erabilera % 1 baina txikiagoa da. Hala ere, lokomozio bipedoaren erabilera handitu egin ohi da gatibu direnean.[8]
Frans de Waal primatologoaren esanetan, bonoboak altruismoa, errukia, enpatia, atsegintasuna, eroapena eta sentsibilitatea adierazteko gai dira [9]. Askotariko jokamoldeak deskribatu dira bonobo basatien artean, tartean agresiboak, afektiboak eta baita sexualak ere. Izan ere, erlazio mota askotan behatu dira jokabide sexualak.
Primatologoen komunitatean eztabaida dago de Waalek egindako baieztapenen harira. Jokabide horiek kautibitatean egonda soilik garatzen dituztela leporatzen diote, basatiak direnean txinpantzeekiko agresibitate maila antzekoagoa baitute. Frans de Waalen arabera, ordea, eta 2014ean egindako ikerketa batek ere hala ondorioztatuta, jokamoldean eragiten duen faktore garrantzitsuena ingurunea da[10].
Jokabide soziala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bonoboen talde sozialen antolamendua matriarkatuan datza. Taldea hierarkizatuta dago eta nukleo gisa funtzionatzen duen bonobo eme talde bat dago hierarkiaren maila gorenean. Nahiz eta taldeko buruzagi ar alfa bat bereizten den, hierarkiaren maila altueneko eme taldearen babesa beharrezkoa du estatus hori mantentzeko. Ar alfak kodominantziazko erlazio bat mantendu ohi du eme talde horrekin: harreman horren adibide garbia da soilik berak duela eme talde horrekin bazkatzeko aukera.
Ar eta emeen arteko borrokak ez dira ohikoak izaten eta arrek jarrera tolerantea dute kume eta gazteekin. Arrek taldeko estatusa amarengandik oinordetzan jasotzen dute[11]. Amaren eta bere ondorengoaren arteko lotura oso sendoa da eta bizi guztian zehar mantentzen da. Gainera, amak ondorengo arrari lagun diezaioke beste arrekin sortzen diren gatazketan eta beste emeekin lotura sortzen, horrela bere semeak ondorengoak izateko probabilitatea handitzen du[12]. Gizarte hierarkizatu bat den arren, indibiduoek hirerakian duten kokapenak ez du jokabide soziala erakusten duten beste primateetan eduki lezakeen garrantzia[13].
Emeek hierarkia maila altuko arrak bilatzen dituzte ondorengoak izateko eta, horrenbestez, maila hierarkiko altuagoko arrek ondorengo gehiago izango dituzte. Ondorengoen zaintza emeei soilik dagokie[14]. Horren arrazoia emeen promiskuitate handian datza. Maiz, arrak ezin du jakin emeak izandako kumea berea ote den eta, beraz, zaintzari uko egiten dio.
Taldeen tamaina nahiko aldakorra da. Talde handiak egunean zehar talde txikiagoetan banatzen dira janaria bilatu eta biltzeko. Gaua igarotzeko, talde osoa berriro elkartzen da.
Kautibitatean janariarekin erlazionaturiko agresioak ohikoak izaten dira emeen aldetik. Koalizioak sortzen dituzte arren aurka, jaki zehatzen monopolioa eskuratzeko. Askotan arrak mutilatzera ere heldu dira, haiek ohartarazpenei muzin egitekotan[13]. Bonobo basatien kasuan, hala ere, behatu da sexuan oinarrituriko hierarkiak ez direla hain sendoak. Hala eta guztiz ere, emeak ugaztun ertainen ehizaldiak lideratzea ohikoa da, ondoren lapurtzera gerturatzen diren arrekiko defentsa sendoa gauzatuz. Ar gazteekiko toleranteagoak dira helduagoekiko baino[15].
Jokabide soziosexuala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sexuak pisu handia du bonoboen gizartean: elkar agurtzeko, lotura afektiboak sortzeko eta indartzeko, gatazkak konpontzeko eta berradiskitzeko erabiltzen dute. Orotariko jarduera sexualak praktikatzen dituztela ikusi da, duen garrantziaren eta garapenaren erakusle. Ez dute betirako erlazio monogamorik osatzen eta ez dute sexuaren edo adinaren arabera diskriminaziorik egiten. Salbuespen bakartzat ama eta seme helduen artekoa hartu ohi da. Garapen horren adibide da, gizakiaz gain, musuetan mingaina erabiltzen duen espezie bakarra dela[16].
Sexuak funtzio soziokultural askotarikoak betetzen ditu bonoboetan. Bazka-eremu aberats bat aurkitzean, adibidez, taldeak kitzikadura sexu jarduera komunal moduan askatzen du. Modu horretara uste da otorduak eragin ditzakeen tentsioak baretzen direla, eta otordua modu baketsuan egiten dutela[17].
Arretan ematen dena baino maizago, bonobo emeek elkarren artean genitalak igurzten dituzte, seguruenik lotura afektiboak gauzatu eta horrela eme nukleo sendoa osatzeko. Lotura afektibo horiek aukera ematen diete arren gehiengoa dominatu ahal izatea[17]. Izan ere, bonoboen klitorisak ugaztun gehienenak baino handiagoak eta azaleratuagoak dira[18]. Horrek errazten du emeen arteko igurzketa genitala eta, horren ondorioz, maiztasun handiarekin egiten dute.
Jarduera homosexualak, ordea, ez dira emeenak esklusiboki[19]. Arrek ere elkarren genitalak estimulatzen dituzten jarduerak egiten dituzte. Ohikoena estaldura heterosexualaren modukoa da, bata bestearen gainean eseri eta zakilak igurtziz[20]. Gutxiagotan, adarretatik zintzilikatuta edo lurrean bertan, aurrez aurre kokatu eta zakilak igurzten dituzte. Mingain-muinak eta ahozko sexua ere gertatu izan dira arren artean.
Bonoboen ugalketa tasa ez da txinpantzeena baino handiagoa[3]. Hala ere, bonobo emeen araldia luzeagoa da[21]. Denbora horretan, emeei ehun perineala inflamatzen zaie hamar eta hogei egunean, arrei sexurako prest daudela adieraziz. Sabelaldia 240 egunekoa da bataz beste. Erditu ondoren, amenorreak (menstruaziorik gabeko denbora tartea) urtebete baino gutxiago irauten du eta araldiaren kanpoko seinaleak urtebetera azal daitezke, nahiz eta oraindik ugalkorra ez izan. Kumea lau urtez zaintzen dute eta bataz beste 4,6 urtez behin erditzen dira. Txinpantzeekin alderaturik, bonobo emeek lehenago hartzen dute berriro araldiak eragindako zikloa; hori dela eta, taldearen jarduera sexualetan lehenago parte har dezakete. Eme antzu edota kumeak izateko gazteegiak direek ere talde-jarduera horietan parte hartzen dute, taldean duen garrantzia dela-eta.
Infantizidioa, txinpantzeetan ohikoa dena, bonoboetan agertzen ez dela dirudi[22]. Jokamolde sexualetan hain aktiboak izanik, eta lehia sexualik ezaren ondorioz, ar eta emeek maiz kopulatzen dute eta arrek euren kumeak zeintzuk diren ez dakiten: horrek infantizidioa saihesten du. Bonoboen ugalketa-estrategia zehatza da hori, infantizidioa simio handi guztietan gertatzen baita, bonobo eta orangutanetan salbu.
Bakezaletasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txinpantzeen kasuan ohikoa izaten da komunitateko kideak ez diren banakoekiko erasokorrak izatea, ar bakartiak hiltzeraino[23]. Bonoboetan, aldiz, ez da ohikoa eta dirudienez nahiago izaten dute kontaktu sexuala konfrontazio bortitza baino. Hala ere, ezin da ziur esan oldarkorrak ez direnik[24]. Populazio basatietan, arrak txinpantzeak baino lasaiagoak badira ere, emeak oldarkorragoak dira. Gizakiokin alderatuz, guk adina ehun ekintza bortitz egiten dituzte.
Ikerketek erakutsi dute ezberdintasun esanguratsuak daudela bonoboen eta txinpantzeen garunaren artean[25]. Bonoboek materia gris bolumen handiagoa dute eskuin insulako kortexean, eskuin amigdala dortsalean, hipotalamoan eta eskuin kortex dortsomedial prefrontalean. Horiek enpatia, besteen larritasunak eta antsietatea sentitzeko eskualde gakoak dira. Gainera, amigdalaren (erasoak piztu ditzakeen eremua) eta gizakietan bulkada kontrolatzen laguntzen duen eskualdearen artean[26]. Uste da konexio estu horrek laguntzen diela bulkada eta jokabide emozionalak eraentzen[27].
Txinpantzeen habitata eta bonoboena Kongo ibaiak banatzen ditu, bonoboak hegoaldean bizi baitira[28]. Uste da bonoboak modu baketsuagoan bizi direla bizileku naturalean duten bazka-oparotasunarengatik. Horrek, ordea, ez du esan nahi bonoboek gatazkarik ez dutenik. Aitzitik, gatazka kopuru handiak uste da bultzatu duela espeziea horren jokabide sexual garatua izatera.
Dieta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bonoboak omniboroak dira. Dietaren ia % 60 fruituak eta haziak diren arren, zuhaitzen azalez, hostoez, loreez, trufaez eta eztiaz ere osatzen dute.[29] [30]Dirudienez, txinpantzeek baino menoekotasun handiagoa dute lurreko begetazioarekiko. Zenbaitetan, ornodun txikien (esaterako, primate txikiagoak) eta ornogabeen (adibide, termitak eta beldarrak) ehiza eta elikadura ere behatu izan da.[31]
Gizakiekiko antzekotasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Simio handi guztiak bezala, bonoboak ispiluaren proba gainditzen du[32]. Gehienbat fonetikoki komunikatzen dira, nahiz eta bokalizazioen esanahiak oraindik ez dauden argi. Hala ere, gizaki gehienentzat ulergarriak dira egiten dituzten expresio fazialak zein eskuekin gauzatzen dituzten keinuak. Bonobo basatiek, halaber, gizakioi esleitzen zitzaigun ezaugarri bat ere badute: momentu ezberdinetan dei berdina gauzatzen dute, esanahi ezberdina duelarik. Beraz, deiaren esanahia ulertzeko testuingurua kontuan hartu behar dute hartzaileek[33]. Bi banakoekin eginiko esperimentu batean lortu dute hauei irudi geometrikoetan oinarrituriko komunikazio sistema bat erakustea, non esaldiak hitzez esanda, banakoek arbel baten bidez erantzuten duten.
Beste ezaugarri esanguratsu bat kontsolazioarena da, hau da, eraso baten biktima batekiko kontaktu afektiboa[34]. Ikerketek erakutsi dute kontaktu afektiboak, izan espontaneoki espresatua edo bitimak hala eskatua, biktima berriro ere erasotua izateko probabilitatea murrizten duela. Hala ere, ikusi da kontaktu espontaneoak soilik gutxitzen duela biktimaren antsietatea, erakutsiz afektu espontaneo honek funtzio kontsolatzailea betetzen duela, eta are gehiago, sujetu estresatua lasaitzeko balio duela. Hortaz, hipotesi bezala landu da erasoa jasan duten banakoak gai direla ulertzeko eskatu gabe kontsolatzera gerturatzen diren banakoen motibazioa afektiboa dela. Gainera, behatu da kontsolazio espontaneo honek gradiente bat jarraitzen duela: maizen senideen artean ematen da, gutxiagotan harreman ona duten eta “lagun” kontsidera ditzakegunen artean eta gutxien ezagunak soilik direnen artean. Beraz, ondorioztatu daiteke kontsolazioa bonoboen artean enpatian oinarrituriko fenomenoa dela.
Banaketa eta habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erdialdeko Afrikako Kongoko Errepublika Demokratikoan soilik topa daitezke, Kongo ibaiaren hegoalde eta Kasai ibaiaren iparraldeko oihan hezeetan, zehazki.[35]

Kontserbazio egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundea-k (jatorrian, ingelesez: International Union for Conservation of Nature edo IUCN) argitaratzen duen "Zerrenda Gorria"-n, galzorian dagoen espezie gisa sailkatuta dago: 29.500-50.000 indibiduo inguru daudela estimatzen da. [36] Mehatxu nagusiak habitataren galera eta euren haragiaren salmentarako ehiza dira. Bi arrazoi horik direla medio, populazioak gainbehera nabaria jazo du azken 15-20 urtean eta horrek hurrengo 60 urtean hala segituko duela estimatzen da.
Gaur egun, mehatxurik handiena basa animalien legez kanpoko haragiaren merkataritzarako ehiza da. Bonoboaren banaketan 50.000 km²-ko azalera babestuan egunero basa animalien bederatzi tona haragi erauzten direla kalkulatu da. Bestalde, fragmentazioaren eta deforestazioaren ondorioz, habitataren galera mehatxu handia da. Oihanen galeraren arrazoi nagusia iraupeneko nekazaritza da, mozketan eta erretzean oinarritzen dena. Egun, meatzaritzak eta zuhaitzen mozketak haien bizilekuan eraginik ez duen arren, nekazaritza industrialak indarra hartuko duela pentsa daiteke. Horrenbestez, bonoboaren bizilekuak okerrera egingo bide due. [37]
Bonoboek habitata gizakiekin konpartitzen dutenez, biztanle lokalei sortzen zaizkien arazoak konpondu behar dira aurretik. Izan ere, parkeak sortzerakoan maiz bertako biztanle indigenak euren etxeetatik kanporatuak izan direnez, horrek haserrea eta proiektuarekiko mesfidantza sortu die. Salonga parkea bonoboaren habitatean dagoen bakarra da eta ikusi denez, bertako biztanleek ez dute proiektuarekiko atxikipenik; horrek kontserbazioari kalteak ekarri dizkio. Bestalde, esanguratsua da nola parkerik gabeko eremuetan populazioek gora egin duten, indigenek bonoboaren ehizarekiko dituzten sinesmen eta tabuei esker.
1990eko hamarkadako gerran, ikertzaile eta GKEak kanporatuak izan ziren bonoboaren habitatetik. 2002. urtean, ordea, Bonobo Conservation Initiative-ak Bonobo Peace Forest Project jarri zuen martxan, instituzio, GKE eta komunitate nazional zein lokalekin elkarlanean. Proiektuak bertako komunitateekin egiten du lan, komunitateetan oinarrituriko erreserben saretze bat osatzeko. Nahiz eta laguntza handirik ez duten jasotzen, badirudi arrakastatsua dela, bonoboaren habitatean 5.000 milla karratu babesteko akordioetara heldu baitira.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez)Mammals - full taxonomy and Red List status Ugaztun guztien egoera 2008an
- ↑ Schwartz. (1929). 16 Rev. Zool. Bot. Afr., 4 or..
- ↑ a b Waal, Frans B. M. de. (1995-03). «Bonobo Sex and Society» Scientific American 272 (3): 82–88. doi: . ISSN 0036-8733. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ «Bonobo» web.archive.org 2006-05-02 (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ Hecht, J. (2003). Chimps are human, gene study implies. New Scientist, 19.
- ↑ Won, Yong-Jin et al., Divergence Population Genetics of Chimpanzees, 22 Molecular Biology & Evolution 297-307 (2005); Fischer, Anne et al., Evidence for a Complex Demographic History of Chimpanzees, 21 Molecular Biology & Evolution 799-808 (2004).
- ↑ (Ingelesez) Scholz, Melanie N; D'Août, Kristiaan; Bobbert, Maarten F; Aerts, Peter. (2006-09-07). «Vertical jumping performance of bonobo ( Pan paniscus ) suggests superior muscle properties» Proceedings of the Royal Society B: Biological Sciences 273 (1598): 2177–2184. doi: . ISSN 0962-8452. PMID 16901837. PMC PMC1635523. (kontsulta data: 2020-12-10).
- ↑ Doran, Diane M.. (1993-05). «Comparative locomotor behavior of chimpanzees and bonobos: The influence of morphology on locomotion» American Journal of Physical Anthropology 91 (1): 83–98. doi: . ISSN 0002-9483. (kontsulta data: 2020-12-10).
- ↑ Waal, F. B. M. de (Frans B. M.), 1948-. (1997). Bonobo : the forgotten ape. University of California Press ISBN 0-520-20535-9. PMC 35450429. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ (Ingelesez) Stanford, Craig B.. (1998-08). «The Social Behavior of Chimpanzees and Bonobos: Empirical Evidence and Shifting Assumptions» Current Anthropology 39 (4): 399–420. doi: . ISSN 0011-3204. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ Great ape societies. Cambridge University Press 1996 ISBN 0-521-55494-2. PMC 33104578. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ Surbeck, Martin; Mundry, Roger; Hohmann, Gottfried. (2010-09). [http://dx.doi.org/10.1098/rspb.2010.1572 «Mothers matter! Maternal support, dominance status and mating success in male bonobos ( Pan paniscus )»] Proceedings of the Royal Society B: Biological Sciences 278 (1705): 590–598. doi: . ISSN 0962-8452. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ a b «BBC - Homepage» www.bbc.com (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ HASHIMOTO, Chie. (1994). «Development of Genital Contact Behavior of Wild Bonobo (Pan paniscus)» Primate Research 10 (3): 261–267. doi: . ISSN 1880-2117. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ «3. Equal, Similar, but Different: Convergent Bonobos and Conserved Chimpanzees» Chimpanzees and Human Evolution (Harvard University Press): 142–174. 2017-12-31 ISBN 978-0-674-98264-2. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ Manson, Joseph H.; Perry, Susan; Parish, Amy R.. (1997). «[No title found»] International Journal of Primatology 18 (5): 767–786. doi: . (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ a b Waal, Frans B. M. de. (1995-03). «Bonobo Sex and Society» Scientific American 272 (3): 82–88. doi: . ISSN 0036-8733. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ Balcombe, Jonathan Peter. (2011-05-09). The Exultant Ark. University of California Press ISBN 978-0-520-94864-8. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ Marlaire, Courtney L., ed. (2017-09-29). «Social Problems and the Organization of Talk and Interaction» Reconsidering Social Constructionism (Routledge): 173–198. ISBN 978-1-315-12815-3. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ King, Barbara J.. (2001-06). «Debating CultureThe Ape and the Sushi Master: Cultural Reflections of a Primatologist. By Frans de Waal. New York: Basic Books, 2001.» Current Anthropology 42 (3): 441–443. doi: . ISSN 0011-3204. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ Ihobe, Hiroshi; Furuichi, Takeshi. (1994). «Variation in Male Relationships in Bonobos and Chimpanzees» Behaviour 130 (3-4): 211–228. doi: . ISSN 0005-7959. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ Gottfried, Hohmann; Vigilant, Linda; Mundry, Roger; Behringer, Verena; Surbeck, Martin. (2019-02-02). «Aggression by male bonobos against immature individuals does not fit with predictions of infanticide» Aggressive Behavior 45 (3): 300–309. doi: . ISSN 0096-140X. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ Nishida, Toshisada; Zamma, Koichiro; Matsusaka, Takahisa; Inaba, Agumi; McGrew, William C.. (2010). «Catalogue» Chimpanzee Behavior in the Wild (Springer Japan): 15–24. ISBN 978-4-431-53894-3. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ Aboushaar, Hamouda M. Khair; Shackelford, Todd K.. (2020-04-24). «Goodness by Execution: a Review of Richard Wrangham (2019), The Goodness Paradox: the Strange Relationship Between Virtue and Violence in Human Evolution (New York: Pantheon Books)» Evolutionary Psychological Science 6 (3): 298–300. doi: . ISSN 2198-9885. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ (Ingelesez) Rilling, James K.; Scholz, Jan; Preuss, Todd M.; Glasser, Matthew F.; Errangi, Bhargav K.; Behrens, Timothy E.. (2012-04). «Differences between chimpanzees and bonobos in neural systems supporting social cognition» Social Cognitive and Affective Neuroscience 7 (4): 369–379. doi: . ISSN 1749-5016. PMID 21467047. PMC PMC3324566. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ Davidson, R. J.. (2000-07-28). «Dysfunction in the Neural Circuitry of Emotion Regulation--A Possible Prelude to Violence» Science 289 (5479): 591–594. doi: . (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ Hopkins, William D.; Lyn, Heidi; Cantalupo, Claudio. (2009-12). «Volumetric and lateralized differences in selected brain regions of chimpanzees (Pan troglodytes) and bonobos (Pan paniscus)» American Journal of Primatology 71 (12): 988–997. doi: . ISSN 0275-2565. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ «Pan paniscus Gracile Chimpanzee (Bonobo, Pygmy Chimpanzee) : Fr. Bonobo; Ger. Bonobo» Mammals of Africa : Primates (Bloomsbury Publishing (UK)) ISBN 978-1-4729-2692-0. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ Crissey, Susan D.; Pribyl, Linda S.. (1997-11). «Utilizing wild foraging ecology information to provide captive primates with an appropriate diet» Proceedings of the Nutrition Society 56 (3): 1083–1094. doi: . ISSN 0029-6651. (kontsulta data: 2020-12-10).
- ↑ Stanford, Craig B.. (2008-02). «Hohmann, Robbins, and Boesch — Feeding ecology in apes and other primates Feeding ecology in apes and other primates. Cambridge Studies in Biological and Evolutionary Anthropology 48 Hohmann Gottfried Martha M. Robbins Christoph. Boesch editors. 2006 New York Cambridge University Press xvi + 523 p. $130.00 ISBN: 978-0-521-85837-3.» Ecology 89 (2): 591–592. doi: . ISSN 0012-9658. (kontsulta data: 2020-12-10).
- ↑ Hohmann, Gottfried; Fruth, Barbara. (2008). «New records on prey capture and meat eating by bonobos at Lui Kotale, Salonga National Park, Democratic Republic of Congo» Folia Primatologica; International Journal of Primatology 79 (2): 103–110. doi: . ISSN 1421-9980. PMID 17975315. (kontsulta data: 2020-12-10).
- ↑ Best, Steven. (2014). «Minding the Animals: Cognitive Ethology and the Obsolescence of Left Humanism» The Politics of Total Liberation (Palgrave Macmillan US): 107–135. ISBN 978-1-349-50086-4. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ «Oral Presentations - Abstracts of the 19th Annual Congress of the SBRA, Búzios, RJ, 05-08 August 2015» JBRA Assisted Reproduction 19 (3): 156–158. 2015 doi: . ISSN 1518-0557. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ (Ingelesez) Palagi, Elisabetta; Paoli, Tommaso; Tarli, Silvana Borgognini. (2004-01). «Reconciliation and consolation in captive bonobos (Pan paniscus)» American Journal of Primatology 62 (1): 15–30. doi: . ISSN 0275-2565. (kontsulta data: 2020-12-16).
- ↑ «2. Reconstructing the Last Common Ancestor of Chimpanzees and Humans» Chimpanzees and Human Evolution (Harvard University Press): 22–141. 2017-12-31 ISBN 978-0-674-98264-2. (kontsulta data: 2020-12-10).
- ↑ (Ingelesez) IUCN. (2016-03-24). Pan paniscus: Fruth, B., Hickey, J.R., André, C., Furuichi, T., Hart, J., Hart, T., Kuehl, H., Maisels, F., Nackoney, J., Reinartz, G., Sop, T., Thompson, J. & Williamson, E.A.: The IUCN Red List of Threatened Species 2016: e.T15932A102331567. doi: . (kontsulta data: 2020-12-10).
- ↑ Society), Fiona Maisels (Wildlife Conservation; Society), John Hart (Wildlife Conservation; Hart, Terese; Stirling), Elizabeth A. Williamson (University of; André, Claudine; Fruth, Barbara; Furuichi, Takeshi; Hickey, Jena et al.. (2016-03-24). «IUCN Red List of Threatened Species: Pan paniscus» IUCN Red List of Threatened Species doi: . (kontsulta data: 2020-12-10).