Sintoma iraunkorrak eta askotarikoak dituzten pertsonen kopurua ez dugu ezagutzen, eta aldatu egiten dira aztertzen ari diren biztanleriaren, erabilitako definizioaren eta azterketan erabilitako denboraren arabera. Erresuma Batuko Estatistikako Institutu Nazionalak egindako azterketa baten arabera, SARS-CoV-2 proban positibo eman zuten pertsonen %10ek sintoma bat edo gehiago izan zuten 12 astez.[4].
2025ean, COVID 19ren pandemia hasi zenetik bost urte igarota, 67 milioi pertsona inguruk zuten COVID iraunkorra mundu osoan. Gaixo gehienak 36-55 urte bitartekoak dira, eta %65 emakumeak [5], ziur aski alderdi hormonalek eta immunitarioek zeresan handia dutelako patologia honetan.
Gaur egun oraindik ez dira ezagutzen COVID iraunkorraren atzean dauden mekanismo patologiko zehatzak, ikerketa ugari egon arren. Patologiaren zeinu nagusiak, aldiz, hobeto ezagutzen dira. Zaila izaten ari da gaitzari buruzko definizio zehatz bat adostea ere, gehien onartutakoa hau izanik: COVID 19 izan ondoren bere sintomek hiru hilabete baino gehiago irauten dutenean hitz egin daiteke COVID iraunkorraz [6].
SARS-CoV-2 birusaren aldaera batzuen infekzioak (Delta aldaera, esaterako) gehiago lotu dira COVID iraunkorrarekin beste aldaera batzuen infekzioak baino (Omicron aldaera, kasu). Era berean, COVID-19 larriagoa zuten gaixoek aukera gehiago zituzten COVID iraunkorra pairatzeko [7].
2022an AEBetan egindako ikerketa batek agerian jarri zuen helduen %6,9 eta umeen %1,3 COVID iraunkorra pairatu zutela [8]. COVID iraunkorra pairatzeko probabilitatea txikiagoa da txertoa hartu dutenen artean [9]
Gaitz honekiko arrisku-faktore nagusiak hauek dira: adina (aurrera joan ahala, arrisku gehiago), emakumea izatea, obesitatea, asma eta COVID-19 larria pasatu izana.
Gaitzak ez du oraingoz sendabiderik, eta bere tratamendua sintomak arintzera zuzentzen da, gaixoak ahalik eta bizimodu normalena egin dezan.
SARS-CoV-2 birusa COVID iraunkorraren jatorrian izan arren, ez dago argi zergatik COVID-19 pairatu duten gaixo gehienak bi edo hiru astetan suspertzen diren eta beste batzuek sintoma iraunkorrak dituzten. Zientzialari batzuen ustez, COVID iraunkorraren jatorria multifaktoriala izango litzateke.
Gaixotasunaren iraunpenerako azalpen argirik ezean, hainbat hipotesi proposatu dira. Hauek izan litezke COVID iraunkorraren atzean dauden alderdiak (alderdi batzuen konbinazioa izan liteke ere gaitzaren kausa): [10][11]:
SARS-CoV-2 birusaren biziraupen luzea hainbat ehunetan
Sintomak oso aldakorrak dira, gaixoaren arabera, baina ohikoenak hauek dira [12]:
nekea, muturrekoa izan daitekeena eta egunerokoa asko zailtzen duena. Neke horrek enzefalomielitis mialgikoarena (neke-sindrome kronikoa ere deitua) gogorarazten du.
2020. urtean, Long Covid Euskal Herria (A.L.C.E.)[13] elkartea sortu zuten Euskal Herriko hainbat gaixok, estatu espainoleko beste toki batzuen adibidea jarraituz. Elkartearen helburua zen euskal gizartea gaixotasun horretaz kontzientziatzea eta osasun-arreta egokia eskatzea, sarritan ematen ez zitzaiena [14]. Elkarte honek osasun-erakundeei egiten dizkien eskAera nagusiak hauek dira: batetik, COVID iraunkorra dutenak zenbatzea; bestetik, gainerako autonomiekin batera eta irizpide zientifikoak kontuan hartuta, protokolo egokiak definitzea; gero, osasun-agintariek lehentasuna ematea COVID iraunkorra dutenen arretari; horrekin batera, lehen mailako arretarako bitartekoak zabaltzea eta fakultatiboen koordinazioa hobetzea; halaber, eskatzen dute ez daitezela COVID iraunkorraren jarraipenetik eta tratamendutik kanpo geratu antigorputzen eta PCR probetan emaitza negatiboa eman zuten kasuak; eta azkenik, garrantzitsutzat jotzen dute inplikatutako eragile guztiei entitate patologiko horri buruzko informazioa eta prestakuntza ematea.
↑ Al-Aly Z, Davis H, McCorkell L, Soares L, Wulf-Hanson S, Iwasaki A, et al. (2024ko abuztua) Long COVID science, research and policy Nature Medicine. 30 (8): 2148–2164
↑ Al-Aly Z, Davis H, McCorkell L, Soares L, Wulf-Hanson S, Iwasaki A, et al. (2024ko abuztua) Long COVID science, research and policy Nature Medicine. 30 (8): 2148–2164