Darth Vader
Darth Vader Star Wars film saga ospetsuko fikziozko pertsonaia da, jatorrizko trilogiako antagonista nagusia: Anakin Skywalker heroi tragikoa dela argitzen da.
Star Wars IV. Atala: Itxaropen Berria, Star Wars V. Atala: Inperioaren Kontraerasoa eta Star Wars VI. Atala: Jedi Zaldunaren Itzulera filmetan agertzen da. Anakinen eraldaketa Darth Vader bihurtu arte Star Wars III. Atala: Sithen mendekua filmean kontatzen da. Gainera, Unibertso hedatuko komiki, joko eta eleberri sail zabalean ere agertzen da.
Trilogia hartako pertsonaia ziborg beldurgarri eta galaxiako enperadore Palpatine edo Darth Sidiousen (Ian McDiarmidek eginiko papera) eskuineko esku gisako sith baten moduan irudikatzen du, galaxiaren opresio bortitza aurrera daramana Aliantza Errebeldeko aktibistak harrapatzen. Jatorrizko trilogia girotuta dagoen garaiaren aurreko gauzak kontatzen duten hiru filmetan Klon Gerretako Jedi zaldun heroi bihurtzen den mutil esklabu da. Orduan erortzen da Barne Indarraren alde ilunean, Palpatinek manipulatu eta Jediei traizio eginarazi ondoren Errepublika Galaktikoa desegiteko. Jediaren itzulera filmean (sailaren azken unean kronologikoki) Vader damutu egiten da Inperioa desegiten laguntzeko, prozesu horretan bere burua sakrifikatuz.
Irudikapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jatorrizko trilogia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Star Warseko jatorrizko trilogian Darth Vader lehen antagonista da: eskrupulurik gabeko pertsonaia ilun eta gupidagabea, Galaxia Inperio ankerretik askatzen saiatzeko gerran ari den Aliantza Errebeldea suntsitzen saiatzen den Inperioko gobernari nagusietako bat.
IV. Atala: Itxaropen berrian, kronologikoki lehen filma dena, Vaderrek Izar Hiltzailearen plano lapurtuak berreskuratzeko eta Aliantza Errebeldearen base sekretua aurkitzeko ardura du. Leia Organa printzesa (Carrie Fisherrek eginiko papera) harrapatu eta torturatzen du, estazio espazialeko komandantea den Wilhuff Tarkinek (Peter Cushingek eginiko papera) bere etxea den Alderaan planeta nola suntsitzen duen ikusten duena. Handik gutxira, Vaderrek bere argi sablea erabiliz bere antzinako irakaslea izan zen Obi-Wan Kenobiren aurka (Alec Guinessek eginiko papera) borrokatzen du, Izar Hiltzailera Leia askatzeko iritsi dena. Vaderrek Kenobi hiltzen du, Barne Indarraren izpiritu bihurtuz. Vaderrek Luke Skywalker (Mark Hamillek eginiko papera) Yavineko guduan aurkitzen du, beragan Barne Indarraren etortze handi bat sentituz honek estazio espaziala suntsitu aurreko unean. Darth Vader Luke Skywalkerren ontzia den eta Han Solok (Harrison Fordek eginiko papera) gidatzen duen Millennium Falcon suntsitzeko puntuan dagoenean, Vaderren ontzia jotzea lortzen du, suntsitu gabe baina espazioan noraezean bidaliz.
Inperioaren kontraerasoa filmean, Vaderrek Han Solo, Leia, Chewbacca (Peter Mayhewk eginiko papera) eta C-3PO (Anthony Danielsek eginiko papera) harrapatu ditu Bespin planetan (lainoetako hiria) Luke borroka batera erakartzeko. Luke, Yodak (Frank Ozek eginiko papera) Barne Indarrean partzialki entrenatu duena, Vaderren aurka borrokatu da, baina erraz garaitu du Vaderrek bere argi sableaz, eskuineko eskua moztu dionean. Une horretan adierazi du Darth Vaderrek bere benetako nortasuna: Lukeren aita da eta berarekin bat egiteko aukera eman dio Palpatine enperadorea elkarrekin suntsitu eta "galaxia aita-seme gisa gobernatzeko". Lukek eskaintza arbuiatu du eta plataforma batetik bere burua erreaktore baten amildegira bota du, zabor hodi batek xurgatua izateko eta ondoren Landok, Chewbaccak, Leiak eta C-3POk erreskatatua izateko.
Jedi Zaldunaren Itzuleran Lukek bere entrenamendu amaitu du eta Yodaren bidez Darth Vader benetan bere aita dela ziurtatzen du. Anakin Skywalkerren iragana ezagutzen du Obi-Wan Kenobiren izpirituaren bidez eta Leia bere arreba bikia dela jakiten du. Endor ilargira eginiko misio batean, tropa inperialen aurrean amore ematen du eta Darth Vaderrek enperadoreagana eramaten du. Bigarren Izar Hiltzailearen barnean, orbitan eraikitzen ari dena, Palpatine Luke Barne Indarraren alde ilunera pasatzeko limurtzen saiatzen da, baina honek eutsi egiten du eta bere haserrea azken uneraino kontrolatzea lortzen du, bere aita hiltzetik oso hurbil egon zela konturatuz.
Enperadoreak Darth Vader hiltzeko esaten dio horrela "bere patua betetzeko", Palpatinen ikastun berria bihurtzea. Lukek berriz ere ezezkoa ematen dio eta enperadoreak Barne Indar erauntsi bat askatzen du Skywalker gaztearen gainean. Hil zorian, Lukek laguntza eskatzen dio bere aitari. Vader, azkenean, bere maisuaren aurka itzultzen da eta Anakin Skywalker alde ilunetik askatua da, erreaktorearen nukleoaren barnera jaurtiz eta hilez. Prozesu honetan, Vaderri enperadorearen tximistak zauri hilgarriak eragiten dizkio. Hil baino une bat lehenago, Lukei mozorroa kentzeko eskatzen dio, bere begi propioekin ikusi ahal izateko. Lukek hala egiten du eta lehen aldiz aita-semeek euren aurpegiak elkar ikusten dituzte. Alde ilunetik erreskatatua, Anakin Skywalkerrek oraindik beragan ontasun pixka bat badagoela onartzen du eta berrerosita hiltzen da.
Sithen mendekuak Anakin Skywalker Barne Indarraren alde ilunera nola erortzen den kontatzen du. Klon Gerren azken egunetan, Palpatinek, (Errepublika Galaktikoko kantzilerra dena) Anakini Darth Sidious Jaun iluna dela esaten dio eta alde ilunera batzera tentatzen du bere emaztea, Padmé Amidala (Natalie Portmanek eginiko papera) erditzean hiltzetik salbatzeko modu bakarra zela esanez. Anakinek Palpatini laguntzen dio Mace Windu (Samuel L. Jacksonek eginiko papera) hiltzen, eta hala Darth Vader ikastun iluna bihurtzen da. Bere lehen misioa asaltu bidez Jedi tenplua hartzea eta mundu guztia hiltzea da, haurrak barne, Jedi guztiak suntsituz eta Palpatinek Errepublikaren errautsekin Inperio bat sortzeko bidea erraztuz.
Ondoren Vaderrek Mustafar planetara bidaiatzen du, non buruzagi separatistak bilduta dauden, eta gupidarik gabe hiltzen ditu. Han Vader Padméren bapateko presentziak ustekabean harrapatzen du, bere senarrak egindakoa ulertu duena eta berarekin ezkutatzeko erregutzen dio. Vaderrek, boterez gose, Padmék traditu egin nahi duela susmatzen du. Bere irakasle ohi eta laguna izan zen Obi-Wan Kenobiren agerpenak (Ewan McGregorrek eginiko papera) Vaderren buruan bere Padméri buruzko susmoak berresten ditu. Haserrearen haserrez, Barne Indarra erabiltzen du korderik gabe uzteko. Obi-Wanek eta Vaderrek euren argi sableekin borrokatzen dute bortizki, eta borroka honen amaieran Obi-Wanek Vaderri besoak mozten dizkio. Vader, orduan, labatik hurbilegi irristatzen da eta erre egiten da hil zorian geratuz. Palpatine bere ikastuna salbatzeko garaiz iristen da eta Coruscantera eramaten du, non androide medikuek armajantzi beltz batekin, mozorro batekin eta arnas aparatu batekin janzten duten, jatorrizko trilogian bilauak duen itxura ezaguna emanez.
Vader bere onera itzuli eta Padmégatik galdetzen duenean, Palpatinek gezurra esaten dio, bere haserrearen eromenean berak hil zuela argudiatuz. Benetan, Padmé Amidala bere bi seme-alabak ziren Leia Organa eta Luke Skywalker erditu ondoren hil zen. Honek, Anakinen izpirituaren hondarrak suntsitzen ditu, nahigabetuta oihukatzen du Barne Indarrarekin bere inguruko gauza guztiak suntsituz. Azkenik Palpatinen ondora joaten da, non elkarrekin Izar Hiltzailearen eraikuntza begiratzen duten.
Ekoizpena eta argitalpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sorrera eta kontzeptuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Darth Vaderren irudia Ralph McQuarrie artista kontzeptualak Vaderrek eta bere stormtrooperrek Tantive IV ontzi errebeldea erasotzen duten lehen eskena marraztu zuenean sortua izan zen. Hasiera batean, Darth Vaderrek ontzian sartzeko espaziotik hegan egin ahal izango zuela irudikatu zen, eta jantzi bat eta arnasa artzeko mozorro bat behar izango zituen.
Pertsonaiaren arnasaren soinu ospetsua Ben Burtt soinu ingeniariak sortu zuen, soinua, bere burua "snorkel" batetik arnasa hartzen grabatuz sortu zuena.
Vaderren jantzia da George Lucasek japoniar kulturagatik (batez ere samurai gerlariengatik) zuen interesa argi uzten duen arloetako bat da. John Molloren arabera, Vaderren kaskoa egiteko, eredu bezala, Lehen Mundu Gerrako alemaniarren kaskoak hartu ziren.
Antzezleak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]David Prowsek egin zuen Darth Vaderren papera Itxaropen berria izeneko filmaren filmazioan. Prowsek Darth Vader eta Chewbaccaren paperen artean aukeratu behar izan zuen, eta lehena aukeratu zuen, "jendeak gogoratuko zuela" esaten baitzuen. Filma egin ondoren James Earl Jones kontratatua izan zen Vaderren ahotsa bikoizteko Prowsenak kenduz, neurri batean Prowsen azentu gogorragatik (Ingalaterra mendebaldekoa). George Lucasek azkenik Jonesi eskaini zion Vaderren ahotsa trilogiako film guztietan egitea. Jones estuki identifikatu da paper horrekin.
Jedi Zaldunaren Itzulera filmean Lukek Darth Vaderri mozorroa kentzen dion eszenarako, Lucasek Sebastian Shaw aktorea aukeratu zuen berriki eraberritutako sitha irudikatzeko.
Darth Vaderren papera ordezko ugarik egin dute, eta horietatik nabarmenena Bob Anderson esgrima irakaslea da. Bob Andersonek Inperioaren kontraerasoa eta Jedi Zaldunaren Itzulera filmetako borroka eszena guztietan parte hartzen du. 1983an Mark Hamilli eginiko elkarrizketa batean, zera esan zuen: "Bob Anderson izan zen benetan Vaderren papera egin zuena borroka eszenetan. Ustez hori sekretua zen, baina azkenean Georgeri bidezkoa ez zela uste nuela esan nion. Bobek gogor lan egin zuen eta aitortza apur bat merezi zuen. Zentzugabea da guztia pertsona bakar batek egin izanaren mitoa mantentzea".
Sithen mendekua filmerako, Hayden Christensenek, bigarren trilogian Anakinen papera egin zuenak jantzi zuen armajantzia Prowsen ordez. Baina Christensen Prowse baino baxuagoa zen, eta perspektiba engainagarria erabili zen Hayden Prowse bezain garai ikustarazteko: jantziak luzapenak zituen botetan eta kaskoan, eta Vader Palpatinen ondoan geldi agertzen den eszenetako batzuk perspektiba behartua erabiliz grabatu ziren.
Aktoreak, ahotsak eta bikoizketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Hayden Christensen III. Atala: Sithen mendekuan.
- David Prowse IV. Atala: Itxaropen berria, V. Atala: Inperioaren kontraerasoa eta VI. Atala: Jedi Zaldunaren Itzulera ataletan
Ahotsak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- James Earl Jones (ingelesez)
- Constantino Romero (gaztelaniaz)
- Carlos Petrel (Latinoamerikako gaztelaniaz eginiko lehen bikoizketa) IV., V. eta VI. ataletan
- Federico Romano (Latinoamerikako gaztelaniaz eginiko bigarren bikoizketa) III., IV., V. eta VI. ataletan
Darth Vaderren musika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Darth Vaderren musikari Martxa Inperiala deitzen zaio. John Williamsek sortua, 1980ko apirilaren 29an estreinatu zen.