EZLN

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
EZLNren bandera

Nazio Askapenerako Armada Zapatista (EZLN), Chiapaseko (Mexiko) talde iraultzaile armatua da. Nahiz eta gehienbat indigenez osatua egon, erakundeak bere burua kapitalismoaren aurkako mugimendu zabalago baten zati ikusten du. Taldearen izena Emiliano Zapata iraultzailearenetik dator, eta inperialismoaren aurkako 500 urteko erresistentziaren oinordeko gisa ikusten dute beren burua.

Tzotzil, tzeltal, tojolabal, txol eta lakandon indiarrez osatua dago bereziki. 1994tik, Marcos subkomandantea izenaz ezagutzen den buruzagiaren zuzendaritzapean izan da.

Iraultza Indigenarako Komite Klandestinoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iraultza Indigenarako Komite Klandestinoa (CCRI), EZLNren buruen batura da. Bere izena gehienak indigenak direlari zor zaio.

EZLNren lidergotza kolektiboa 23 komandantez eta subkomandante batez (Galeano subkomandantea, bozeramaile gisa jokatzen duena) osatuta dago. Comandante Sergio, Comandanta Susana, Comandante Tacho, Comandanta Yolanda, Comandante Zebedeo

Komandante gehienei euren gerra izenengatik ezagutzen zaie soilik: Brunel Komandantea, Abraham Komandantea, Alejandro Komandantea, Bulmaro Komandantea, Daniel Komandantea, David Komandantea, Eduardo Komandantea, Esther Komandantea, Fidelia Komandantea, Filemon Komandantea, Gustavo Komandantea, Isaias Komandantea, Ismael Komandantea, Javier Komandantea, Maxo Komandantea, Mister Komandantea, Moises Komandantea, Omar Komandantea, Ramona Komandantea, Susana Komandantea, Sergio Komandantea, Tacho Komandantea, Yolanda Komandantea eta Zebedeo Komandantea.

Matxinada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zapatisten matxinada 1994ko urtarrilaren 1ean hasi zen, Chiapasko estatuan, Alderdi Iraultzaile Instituzionalaren gobernuaren kontra, egun hartan Mexiko Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Itunean sartzen zela baliaturik. Zapatistak matxinatzera bultzatu zituen arrazoien artean honako hauek aipa daitezke: herrialde osoko indiarren eta nekazarien txirotasuna, indiarrei kendutako lurren jabetza berreskuratzeko aldarrikapena, eta aberastasunaren banaketa zuzenago bat eta Mexikoko etniek estatuaren eta errepublikaren organizazioan parte hartzeko eskubidea izatea aldarrikatzea, Mexikon bizi diren etnia guztien kultura-ezaugarriak onartuak eta aintzat hartuak izan zitezen. Nahiz eta baliabide naturaletan Chiapas den Mexikoko estaturik aberatsenetako bat (petrolioa, zurak, meak eta nekazaritzarako lur emankorrak), gizarte-sektoreen arteko gorabeherak eta desberdintasunak ere beste inon baino handiagoak dira Chiapasen, oraindik ere estatuko antolakuntza soziopolitikoa antzinako egitura autoritario latifundistetan oinarritzen delako. Hala, zapatisten armadak zenbait udalerri hartu zituelarik, gobernuak Mexikoko armada federaleko soldaduak bidali zituen haiei aurre egitera, eta guduak izan ziren estatuko hiri nagusietan, San Cristóbal de las Casas eta Ocosin hirietan, besteak beste. Aurrerago, Mexikoko gobernuaren bitartekaritzaz, Barruti Federaleko alkate ohi Manuel Camachok eta San Cristóbal de las Casasko apezpiku Samuel Ruiz Garcíak bake-elkarrizketak hasi zituzten, gatazkari irtenbide edo konponbide baketsua eman nahiz. Chiapasko Elizak bake-elkarrizketak bultzatu zituen indiarren eta nekazarien alde, haien oinarrizko eskubideak defendatuz. Meniak menia, baina, gatazkak bere horretan iraun zuen.

Negoziazioak eta gatazka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1996ko urtarrilean, Mexikoko gobernuak eta zapatistek Konstituzioak indiarren autonomia ezagutzea hitzartu zuten. Handik hilabete batzuetara, zapatisten armadak (EZLN) talde politiko bihurtzea erabaki zuen, herrialdearen demokratizazio-prozesuan parte hartu ahal izateko, baina erabaki hura ez zen 1997ko iraila arte gauzatu, Mexikoko hiriburuan, manifestazio jendetsu baten ondoren Nazioaren Askapenerako Fronte Zapatistaren sorrera iragarri zuten arte, alegia. Ernesto Zedillo Ponce de León lehendakariaren gobernuarekin izenpeturiko hitzarmen-prozesua bertan behera gelditzeak sorrarazi zuen frontea, baina Marcos subkomandanteak berehala aldarrikatu zuen aurreko zapatismoaren borrokari eusteko beharra. 1997ko abenduaren 22an talde paramilitar batek ehunka nekazari hil zituen Acteal herrian, Chiapasen, zapatistek kontrolatzen zuten eremutik hurbil. Zedillo lehendakariak negoziazio-prozesua azkartzeko agindua eman zuen, eta kargutik kendu zuen barne-ministroa. Bien bitartean, Mexikoko gudarosteak zapatisten kuartel nagusia inguratu zuen Lacandonako oihanean, baina ez zuen lortu Marcos subkomandantea atxilotzerik. 1998an, Julio César Santiago Díaz jenerala atxilotu zuten Actealko sarraskian parte hartu izanaz akusaturik, haren mendeko armadak erasotuei laguntza eskaini ez izanaz, hain zuzen. Bi hilabete geroago, ekainean, Samuel Ruiz García apezpikuak bertan behera utzi zuen gobernuaren eta zapatisten arteko bitartekaritza-lana, lehendakariari trabak jartzea leporatu ondoren. Hilabete hartan bertan, bederatzi pertsona hil ziren Mexikoko gudarostearen eta zapatistenaren arteko borrokan, zapatistek berek sortu zuten eta Mexikoko armada desegiten hasi zen San Juan de la Libertad udalerrian.

Etapa historikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dokumentu zapatisten arabera, EZLN-ren historia zazpi etapatan banatzen da. Lehenengoan, erakundearen hasierako zelula politiko-militarra osatuko zuten matxinatuak aukeratu ziren (bost gizon eta emakume bat). Bigarren fasean, ofizialki fundatu zen Nazio Askapenerako Armada Zapatista, lehenengo kanpamendu zapatista Chiapasen ezarri ondoren, "La Pesadilla" izenekoa. Hirugarren etapa estrategia prestatzeko izan zen, gidaliburu estatubatuar eta mexikarren bitartez egin zutena; kanpamendu berriak ere sortu zituzten; hala nola, "El Fogón", "Reclutas", "Baby Doc", "De la Juventud eta "Margaret Tatcher". Laugarren fasean, 1985 inguruan, taldeak lehenengo harremanak egin zituen inguruko herriekin. Bosgarren fasea "aparteko hazkundea" izan zen, izan ere, euren influentzia zonaldea Lacandona Oihanetik haratago, Los Altos eta Chiapaseko iparraldera zabaldu ziren. Seigarrenak erakundearen barnean hauteskundeak suposatu zituen gobernu mexikarraren aurkako gerrara joan edo ez erabakitzeko. Baietz atera ondoren, 1993ko abenduan, orduko presidente zen Carlos Salinas de Gortari kargutik botatzea planteatu zuen honi hauteskunde iruzurra leporatuz. Honekin batera, Armada federalari gerra deklaratu zioten. EZLN-ren arabera, hauteskundeetan hainbat iruzur egin ziren; jada hilda zegoen jendearen izenean bozkatzea, adibidez.

Kronologia politiko eta militarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1993ko abenduaren 18ko goizaldetik abenduaren 31ko arratsaldera arte, EZLN-k programatua zeukan zazpigarren etapak hartu zuen lekua. Etaparen helburua lau buru munizipalei batera eraso egitea, tropa polizial eta militarrak gutxitzea eta Armada federaleko bi kuartel handi asaltatzea ziren.

Zapatisten presentzia azaltzen zuten hainbat informe egon arren, EZLN-k ustekabean harrapatu zuen Gobernu federala, hau Estatu Batuak, Kanada eta Mexikoren arteko Ipar Amerikako Merkatu Librearen Itunean sartzeko prozesua prestatzen ari baitzen.

Chiapaseko estatu federala, Mexiko.

1994[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1994ko urtarrilaren 1ean, Nazio Askapenerako Armada Zapatistak, aurrez abisatu gabe, altxamendu armatu bat jarri zuen abian Chiapaseko estatuan, "altxamendu zapatista" bezala ezagutzen dena. Okupazioak burutu ondoren, Lacandona Oihaneko Deklarazioa emititu zuten, non gobernu mexikarrari gerra deklaratu eta "lana, lurra, bizitokia, osasuna, elikadura, hezkuntza, independentzia, askatasuna, demokrazia, justizia eta bakea" eskatu zuten[1]. 1994ko lehen orduetan, errebeldeek San Cristobal de Las Casas, Altamitano, Las Margaritas, Ocosingo, Oxhuc, Huixtán eta Chanal-eko egoitza munizipalak erasotu eta okupatu zituzten.


Urtarrilaren 1ean, erakundeak XXXI Zona Militarra erasotu zuen, hamar ordu baino gehiago iraun zituen konbate batean, nahiz eta Gastón Menchaca Arias generalak jaieguna eman zien bere tropei Urte Berria zela eta. Azkenean, EZLN-k ez zuen bere helburua lortu eta oihanera itzuli zen.

Aldi berean, Ocosingoko batalla gertatu zen, odoltsuenetariko bat izan zena. Gobernuko iturrien arabera, Armada federalak EZLN-aren kontra borrokatu zuen zibilak babesteko aginduarekin. Ekintza hauetako batean, Pedro Subkomandantea hil egin zen, EZLN-ko buruzagia.

Urtarrilaren 3an, errebeldeek Absalón Castellanos Domínguez generala, Chiapaseko gobernadore ohia, atzeman zuten. Urtarrilaren 4rako, armadak Ocosingoren eta EZLN-k hartu zituen egoitza munizipal guztien kontrol totala zuen. Hurrengo 8 egunetan, EZLN-ren eraso gaitasuna ia baliogabea zen. Informe militarrek EZLN-ren porrota baieztatzen zuen. 57 hildako eta 40 zauritu egon ziren.

Hasierako sorpresaren ondoren, Mexikoko Errepublikako presidentea zen Carlos Salinas de Gortarik mezu bat eman zion nazioari urtarrilaren 6ean. Bertan, altxamendu indigena bat ematea ezeztatu zuen eta barkamena eskaini zien armak uztea erabakitzen zutenei. Gobernutik, EZLN-ari babes atzerritarra jasotzea leporatu zitzaion. Hauek berriz, salaketa horiek errefusatzen eta militarren gehiegikeriak salatzen zituen adierazpena egin zuten.

Euren helburuak lortu gabe, errebeldeen irtenbidea negoziazioa proposatzea izan zen, bitartekari gisa San Cristobal de las Casaseko obispoa, Samuel Ruiz, Rigoberta Menchú Tum eta Julio Scherer García kazetaria jarri zituzten. Egun batzuk geroago, EZLN-k bere baldintzak ezarri zituen. Gobernuak Manuel Camacho Solís Bakea eta Adiskidetzearen ordezkari izendatu zuen urtarrilaren 10ean eta EZLN-ri "bakea, justizia eta demokrazia" eskaini zizkion.

Erakundeak bere ekintza gerrilleroekin jarraitu zuen, eta hilaren 8an XXXI Zona Militarreko kuartela tirokatu zuen. Elektrizitate dorreen eta Petróleos Mexicanosen gasbideen aurkako atentatuak erregistratu ziren. Zapatistatzat hartu ziren batzuk Puebla eta Michoacángo bi elektrizitat dorre bota zituzten; hurrengo egunean bonba auto bat lehertu zen hiriburuan eta bonba bat jaurti zen Acapulcoko gobernuaren jauregian. Horren ondoren, hiriburuan eta Hidalgon beste bonba auto batzuk izan ziren. Errebeldeek beste atentatu batzuk izateko arriskuaz ohartarazi zuten.

Urtarrilaren 12an, Salinas de Gortari presidenteak su-eten bat agindu zien bi alderdiei dialogoa hasteko lehen pausu gisa eta Kongresuko Komisioa bidali zuen Amnistia generalaren legearen proposamenarekin. Momentu hartarako, hildakoak 108 ziren ia; urte batzuk geroago Marcos subkomandanteak baieztatu zuen 46 errebelde hil zirela gerrillaren eta armadaren arteko guduak irau zituen 12 egun horietan.

Politika esparruan,urtarrilaren 18an Elmar Setzer Marseille bitarteko gobernadoreak dimititu egin zuen eta Javier López Morenok hartu zuen bere kargua. Bere aldetik, EZLN-k, Manuel Camacho onartu zuenak, negoziatzeko lau puntuko agenda bat proposatu eta ezarri zuen. Errebeldeek gobernadore ohia trukatzeko intentzioak iragarri zituen, gainera. Camachok proposamena onartu zuen. 70.000 pertsona inguru atera ziren kalera Mexiko hirian bakearen alde.

Altxamendua hasi eta hilabete batera, EZLN-k Guerreroko indigenei dei bat egin zien bakarrik ez uzteko. Gobernuz kanpoko erakundeak ere deitu zituzten bake-uhal bat sortzeko dialogoaren baitan. Gurutze Gorriak, gizarte zibilak eta polizia militarrak perimetroak eratu zituzten negoziaketak babesteko 19 ordezkari zapatista San Cristobal de las Casasera iristen ari zirelarik. Gauzak horrela, otsailaren 16an hasi ziren EZLN eta gobernu federalaren arteko elkarrizketak.

Martxoaren 1ean, EZLN-k bere eskariak adierazi zizkion gobernuari; honek berriz, aldaketa politiko batzuk proposatu zituen legearen barnean. Elkarrizketa martxoaren 22an amaitu zen, adostasunik gabe, eta zapatistek kontsulta bat iragarri zuten komunitate indigenen gobernuko dokumentuak berrikusteko kazetariei zonalderako sarbidea isten zietelarik. Hala ere, martxoaren 23an Luis Donaldo Colosio Murrieta Errepublikarako hautagaia eraildua izan zen Lomas Taurinasen, Tijuanako kolonia batean. Erailketaren baldintzek susmoak piztu zituen goi-kargu politiko eta militarren artean.

1994 erdialdereko, Armada federalak 12 mila soldadu eta ehundaka base militar zituen kokatuta. Iritzi publikoaren ustez, momentu batetik bestera sinatuko zen bakea. Gobernua kontrol politikoa berreskuratzen joan zen apurka-apurka. Ez zuten oztoporik ikusten hauteskunde federalak ospatzeko urte hartan. EZLN-ak, aldiz, bakea lortzeko esfortzu bat eginez, elkarrizketak hasi zituen otsailean; zapatistek, Manuel Camachok eta Samuel Ruiz obispoak tributoa egin zioten elkarrekin bandera nazionalari.

Ekainaren 10ean, "Lacandona Oihaneko Bigarren Deklarazioa" emititu zen, non boterearen, askatasunaren eta justiziaren arazoak birplanteatzea proposatzen zuten kultura politiko berri bat jaio zedin. Bi egun geroago, gobernuaren proposamenak errefusatu zituzten, Manuel Camachoren dimisioa eragin zuen; Jorge Madrazo ipini zuten bere lekuan.

Abuztuaren 6ean, EZLN-k deituta, San Cristobal de las Casasen Konbentzio Demokratiko Nazionala (CND) hasten da. Epe ertainerako erabakia "trantsizio gobernu bat ezartzea" eta "Konstituzio berri bat" sortzea izan zen. CND-a desmobilizatu egin zen 1994ko hauteskundeen ondoren, non Ernesto Zedillo Ponce de Leónek irabazi zuen. Chiapaseko estatuan, Eduardo Robledo Rincón atera zen irabazle protesta eta iruzur akusazioen erdian. Adibidez, indigena eta nekazariei bozka ezeztatzea, koakzioa, mehatxuak edota aktak aldatzea.

Urriaren 13an, Samuel Ruiz obispoak ekimen berri bat azaldu zuen berriro elkarrizketak irekitzeko taldearen eta gobernuaren artean, EZLN-ak onartu zuena. Hala ere, abenduaren hasieran, zapatistek Eduardo Robledoren inposaketak su-etena apurtzen dute eta Amado Avedaño Figueroa, El Tiempo egunkariko zuzendaria, "izendatzen" dute "gobernadore errebelde" gisa. Hala ere, abenduaren 14an Elkarrizketa eta Bake Komisioa ezartzen da, legegilez osatuta. EZLN-ren erantzuna itxitura militarrarekin amaitzea eta ofentsiba politikoa egoztea izan zen; 38 udalerri berri deklaratu ziren territorio errebelde abenduaren 19an. 23an, Gobernuko Idazkaritzak bitartekari berriak izendatzen ditu elkarrizketak hasteko zapatistekin. Hauek, euren tropen atzera-egite bat eta tregoa bat agintzen dute 1995eko urtarrilaren 6ra arte.

1995[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marcos subkomandantea ekitaldi batean.

1995. urtearen hasieran, taldeak "Lacandona Oihaneko Hirugarren Deklarazioa" argitaratu zuen, non gizarteari Nazio Askapenerako Mugimendu bat proposatzen zion. Urtarrilaren erdialderako, Esteban Moctezuma gobernuko idazkaria zapatisten ordezkariekin bildu zen eta su-etena egitera konprometitu ziren soluzio politikorako prozesua berriro hasteaz gain. Otsailean egin zen Konbentzio Demokratiko Nazionalaren hirugarren saioa, hiru egunetan zehar, Querétaron.

Otsailaren 9an, Ernesto Zedillo Ponce de León presidenteak zapatisten buruen identitateak zekizkiela iragarri zuen, eta horretaz gain, hauek harrapatzeko aginduak aurrera eramaten ari zirela ere esan zuen. Gauzak horrela, gobernu federal mexikarrak gerrillaren burua, Marcos subkomandantea, Rafael Sebastián Guillén Vicente bezala identifikatu zuen, irakasle ohia eta filosofoa, 38 urtekoa. Haren atxiloketa agindu zuen armen erabilera eta terrorismoa leporatuz. Marcos subkomandanteak agerraldi batzuk eginak zituen, baina beti buru-berokia soinean zeramala. Bi egun beranduago, Armada mexikarrak Chiapaseko hainbat herriren kontrola berreskuratu zuen. 15 egunetan soilik, 20 mila pertsona baino gehiago mugitu ziren euren bizitokietatik oihanera, armadak hutsik geratutako espazioak okupatzen zituelarik. Era honetara, gobernu federalak estrategia bikoitz bat jarraitzen zuen matxinatuen aurka: alde batetik, negoziazio politikoa burutzen zen idazkatien bitartez, baina beste aldetik, zapatistak atxilotzeko aginduak ematen ziren.

Otsailaren erdialdean, EZLN-ak ezin izan zion presio militarrari aurka egin, beraz, gerra eteteko deialdia egin zuen. Ezker alderdi eta erakundeek mobilizazio handiak hasi zituzten maila nazional zein internazionalean gobernua elkarrizketa berri bat hastera behartzeko. Egoera horretan, zapatistek armada mexikarra oihanetik ateratzeko baldintza ezarri zuten, atxiloketa ordenak ezeztatzeaz gain.

Martxoan, Zedillo presidenteak eta Elkarrizketa Komisioak Elkarrizketarako, Kontziliaziorako eta Bakerako legea sinatu zuten, hilabete amaieran EZLN-ari bidali zitzaiona eta apirilaren 9an sinatu zutena. Horren ondoren, EZLN-ak Bakea eta Demokraziarako Kontsulta Nazional eta Internazionala ospatu zuen.

Apirilaren 22an, zapatisten eta gobernu federalaren arteko elkarrizketa hasi zen berriro, Marco Antonio Berna bitartekari gisa edukita, baina ez ziren adostasun batera iritsi. Maiatzaren 12an, EZLN-ak gobernuaren distentsio proposamenak errefusatu zituen; ondorioz, hilaren 14an gobernuak 7 bide proposatu zituen zapatistek euren kideak, armak eta antolakuntza mantenzeko. Ekainaren 7an, hirugarren elkarrizketa fasea jarri zen abian. Egun batzuk geroago, abuztuan Bakea eta Demokraziarako Kontsulta Nazionala egitea adostu zen. Uztailean negoziaketek aurrera jarraitu zuten, hilabete horretako 4. eta 5. egunetan zehazki. Zapatisten lau eskari aurkeztu zituzten eta 15 lan-mahai eratzea proposatu zuten. Abuztuaren 27an ospatu zen Kontsulta Errepublikako erakunde orotan.

Irailaren 5ean, Ernesto Zedilloren argibideak jarraituz, Cocopak EZLN-a gonbidatu zuen Estatuaren erreforman eta negoziazio mahai nazionalean parte hartzera. EZLN-ren buru batzuk eta Cocopako kideak bildu ziren, Óscar González Yáñez diputatua, adibidez. Lan mahaiak ezartzeko arauak eta antolaketa erabaki ziren eta denbora gutxi barru martxan jarri ziren lehenengo mahaiko lanak ("Eskubide eta Kultura Indigena"). Bestalde, EZLN-a eta gobernuaren artean erabakitako sei taldeak ezarri ziren. Gobernuak Fernando Yáñez Muñozen atxiloketa iragarri zuen, Germán komandantea izatea leporatuta, elkarrizketak eteteko arrazoia izan zena. Hurrengo egunean askatu zuten gizona. Urriaren 20ean, Chamulako gatazkek 6 hildako utzi zituzten.

1996[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtero bezala, "Lacandona Oihaneko Laugarren Deklarazioa" argitaratu zuten. Bertan, "EZLN-an oinarritutako eta botereagatik borroka egiten ez duen politika independiente, autonomo eta baketsu" berri bat eratzeko erabakia azaltzen zuten. Urtarrilaren 5ean, Marcos komandanteordeak bere oihaneko ezkutalekua utzi zuen eta San Cristobalera bidaiatu zuen Kultura eta Eskubide Indigenen Foru Nazionalean parte hartzeko. Hilaren 10ean amaitu zen topaketa erakunde berri bat Otsailaren 16an, zapatistek eta gobernu federalek Eskubide eta Kultura Indigenen Akordioak sinatu zituzten, non gobernua herri indigenak konstituzioan aitortzera konprometitzen zen.


Maiatzaren 2an, Javier Elorriaga Berdegue eta Sebastian Etzin Gomezi 13 eta 6 urteko kartzela-zigorra ezarri zitzaien terrorismoagatik. EZLN-a hortaz jabetu zenean, ekintza hori bakearen aurkako probokazioa zela erabaki zuen eta elkarrizketa bidea itxi zuen. Ekainaren 6an, atxilotutakoen askapena aldarrikatzen zuen kanpaina nazional eta internazionalaren ondoren, lortu zuten sententziak ezeztatzea. EZLN-ak bere tropen alerta egoera eten zuen.

Ramona Komandantea

Ekain eta uztail bitartean, San Cristobal de las Casasen, Estatuaren Erreformarako Forua egin zen. Abuztuan, Oventic, La Realidad eta gainerako Aguascalientesen, EZLN-ak Humanitatearen aldeko eta Neoliberalismoaren Aurkako Lehen Topaketa Interkontinentala antolatu zuen. 42 herrialde desberdinetako 3 mila pertsona, gehienak mexikarrak, elkartu ziren La Realidaden. Jendea 5 lan mahaietan banatu zen eta Marcos komandanteordeak Humanitatearen aldeko eta Neoliberalismoaren aurkako La Realidadeko Deklarazioa argitaratu zuen.

Irailaren 2an, Armada Zapatistak elkarrizketetara itzultzeko bost baldintza ipini zituen:

  • Ustezko zapatista guztiak askatzea.
  • Erabaki politikoak hartzeko ahalmena duen eta erakunde zapatista errespetatzen duen gobernu erakundea.
  • Jarraipen eta Egiaztatze Komisioa eratzea.

Urrian, EZLN-ak Ramona komandantea (giltzurruneko minbizia zuena) Mexiko Hirira bidaltzea erabaki zuen, urriaren 12an ospatu zen Kongresu Nazional Indigenan parte hartzeko. Kongresuan zehar, Ramona komandanteak "gu gabeko Mexiko bat inoiz gehiago egon ez dadin" esaldiarekin amaitu zen hitzaldia eman zuen.

1997[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gobernuak euren bost baldintzak arbuiatu zituela ikusita, EZLN Cocoparekin elkartu zen eta gobernuaren kontraproposamenari uko egin zion. Bestalde, baldintzak onartu arte, elkarrizketek ez zutela jarraituko baieztatu zuten. Gobernuari presioa egiteko ekintzak hasi zituzten; hala nola, Ramona komandanteak egin zituen mitinak. Uztailean, errebeldeek Chiapaseko hainbat hauteskunde zentroetako hauteskundeak eragotzi zituzten. Irailean, mila zapatista baino gehiago hiriburuan bildu ziren mitin handi bat egiteko.

Abenduaren 22an, EZLN begiko zuten 45 tzotzil erailduak izan ziren talde paramilitar baten eskuetan Acteal-en, San Cristobaletik 50 km-tara. Ekintza hauek Actealeko Sarraskia bezala ezagutzen dira eta zigorgabe geratu ziren. Biolentzia ekintza hauek bultzatu zituzten 8 ofizialak 3 urte soilik egon ziren giltzapean.

1998[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtarrilean, emakume bat Chiapaseko polizia munizipalak tirokatuta hil zen Ocosingon, indigena martxa batean.

Otsailean, gobernuaren idazkaritzak kanpaina bat hasi zuen atzerriko aktibista politikoak Chiapasetik aldentzeko. Hilaren 25ean, Reuters albiste agentziari eskaini zion elkarrizketa batean, Vicente Foxek, presidente izateko hautagaiak, esan zuen Marcos komandanteordeak Chiapasen, herrialdearen eta indigenen ongizatea nahi bazuen, adostasun batera iritsi beharko zirela lehenbailehen.

Apiriletik aurrera, Chiapaseko gobernua zapatistekin bat egiten zuten udalerriak deuseztatzen hasi zen. Ekintza hauetan, Belgika, Estatu Batuak eta Espainiako 12 atzerritar atxilotuak eta euren herrialdera bidaliak izan ziren[2]. Kanpamendu militar bat eta muntai polizial bat ezarri ziren Taniperlasgo komunitatean eta Mugimendu Indigena Iraultzaile Antizapatista (MIRA) talde paramilitarraren eragina zabaldu zen. Maiatzaren 1ean "Tierra y Libertad" udalerri autonomo zapatista deuseztatu zen Las Margaritasen. Guztira 63 atxilotu, 3 zauritu eta 140 desplazatu izan ziren; 3 bortxaketa salaketa izan ziren gainera. Militarrak eta poliziak udalerriaren sarreretan eta erdigunean egokitu ziren. Ekainaren 3ko goizeko 6etan, Nicolas Ruiz udalerria eraitsi zuten 2.000 polizia eta militarren artean. Gas negar-eragilea eta biolentzia erabili zuten EZLN-ren jarraitzaileen aurrean. Informazio iturri askoren arabera, hainbat emakume haurdun astinduak izan ziren, hamarnaka haur zaurituak eta intoxikatuak izan ziren, etxeak erregistratu zituzten ordenik gabe eta bertan aurkitu zuten diru eta baliozko gauza oro lapurtu zuten. Azkenean, ekainaren 10ean, Armada mexikarrak, polizien laguntzaz, Chavajeval eta Unión Progresoko komunitateetan (El Bosque) sartu ziren. Egintza horretan EZLN-ko 9 kide hil ziren eta herritarrek ihes egin zuten mendietara, gutxi gorabehera mila pertsona. Lapurreta, arpilatze eta tenplu eta kapera profanazio salaketak jarri ziren. Animalia asko hil egin zituzten eta uzta pila bat suntsitu zen. Poliziak etxeetan aurkitu zituzten identifikazio dokumentu guztiak ere hartu egin zituen.

Uztailaren erdialdera, Marcos subkomandanteak "Lacandona Oihaneko Bosgarren Deklarazioa" emititu zuen, eskubide eta kultura indigenen legeak berrikusteko kontsulta nazional bat proposatuz.

1999[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martxoan egin zen bosgarren deklarazioan proposatutako kontsulta, baina ez zuen erantzun politikoa ekainera arte izan. Guanajuatoko gobernadoreak elkarrizketa batean esan zuen "Marcos subkomandantearekin hitz egiteko presa zeukala herrialdearen etorkizunaz hitz egin eta adostasun batera iristeko". Abuztuan, errebeldeen eta Armada Federalaren arteko borroka berriro hasi zen. 9 soldadu hil ziren, baina kasu bakana izan zen. Denbora gutxi barru, gobernuak Chiapasen preso zeuden zapatista batzuk askatu zituen elkarrizketa berriro hasteko eskari bezala.

2000[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Apirilean, Vicente Fox hautagaiak proposamen berri bat bidali zion Marcos komandaneteordeari, baina ez zuen erantzunik lortu. Maiatzean, zibil batzuek bi indigenei eraso egin zieten Polhó udalerrian. PFPko kideak bidali ziren zonaldeko segurtasuna bermatzeko. Koordinatzaile zapatistak eta gobernuz kanpoko hainbat erakundek "EZLN-arekiko probokazio garbi" gisa hartu zuten.

Vicente Fox presidente kargurako hautatu zuten, eta bere lehen aginduetako bat armada gatazka gunetik kentzea izan zen. Gertakari honen ondoren, Marcos komandanteordeak elkarrizketa berrartzea onartu zuen. Bakea lortzeko baldintzak jarri zituen, adibidez, gobernu federalak gainerako talde armatu edo paramilitarrak desegitea.

2001[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtearen hasieran, Marcos komandanteordeak Informazio-gune Zapatistaren sorrera iragarri zuen, non gerrilleroen bidaien inguruko informazioa partekatu edota mobilizazioak abian jarriko ziren.

Vicente Foxek urtarrilaren 9an eskatu zion EZLN-ari gobernuarekin hizketaldi bat mantentzeko, baina hauen erantzuna negatiboa izan zen. Eskatutako zazpi posizio militarrak itxi ezean, ez zutela eurekin hitz egingo. Bien bitartean, Armada federala Cuxuajal, Ocosingoko komunitatetik irten zen.

2005[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005ean igorri zen "Lacandona Oihaneko Seigarren Deklarazioa". Bertan, armak utzi eta politika egingo zutela adierazten zuten.[3]


Abuztuaren 5tik irailaren 18ra, EZLN-k Seigarren Deklarazioaonetsi zuten ezker alderdiko erakunde politiko, erakunde indigena, erakunde sozial, gobernuz kanpoko erakunde, erakunde edo talde kulturalekin, adineko, heldu eta haurrekin bilerak izan zituen. Bilera horietan, sei puntu eztabaidatu ziren: kanpainaren aldaketak, zein konbokatu eta zein ez, kanpainaren antolaketa egitura, beste antolaketa ahaleginak eta berehalako lanak.

2012[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2012ko abenduaren 21ean, hamar milaka pertsona EZLN-ri babesa emateko Chiapaseko 5 hiritan zehar ibili ziren isiltasunean: Ocosingo, Las Margaritas, Palenque, Altamirano eta San Cristobal. Martxa amaitu eta ordu batzuetara, adierazpen bat zabaldu zen poema forman, Marcos subkomandanteak sinatuta.

2012ko abenduaren 21a

A quien corresponda:

¿Escucharon?

Es el sonido de su mundo derrumbándose.

Es el del nuestro resurgiendo.

El día que fue el día era noche.

Y noche será el día que será el día.

¡DEMOCRACIA!

¡LIBERTAD!

¡JUSTICIA!

Hegoekialdeko mendietatik, EZLN, Marcos Komandanteordea.

Itzulpena:

Dagokionari:

Entzun al duzue?

Zuen mundua eraisten ari den soinua da.

Geurea suspertzen ari dena.

Eguna izan zen eguna, gaua zen.

Eta gaua izango da eguna izango den eguna.

DEMOKRAZIA!

ASKATASUNA!

JUSTIZIA!

Mobilizaio honek 40 mila zapatista inguru bildu zituen, ugaritsuena izan zen 1994ko altxamenduaz geroztik. La Jornadaren arabera, horietatik erdiak San Cristobalen ibili ziren, 7 mila Las Margaritasen eta 8 mila Palenquen. Bestalde, El País-en arabera, San Cristobalen 10 mila bildu ziren.[4] Zifrez agin, isiltasuna faktore adierazgarria izan zen ekintza hartan. Hermann Bellinghausen poeta eta kazetariak horrela amaitu zuen bere kronika:

Bat-batean "agertzeko" tebeak, indigena errebealdeak "desagertu" egin ziren modu txukun eta isilean, goizaldean hiri honetara iritsi ziren modu berean. 1994. urteko EZLN-aren altxamendutik bi hamarkadetara, arduraturik, kuriositatez eta inongo gutxiespenik gabe harrera egin dion hirira. Alkatetzaren arkuen azpian, gaur bere lanak eten dituenak, hamarnaka okosingar bildu ziren mugikor eta kamerekin kaputxadunen kontzentrazio harrigarriari argazkiak ateratzeko. Tetriseko jolasean bezala bete zuten parkea, jardineren artetik aurrera eginez, koreografia bat zirudien antolamenduaz, goizean jarritako eszenatokira igo, ukabila altxa eta isilka esateko, "hemen gaude". Beste behin ere.

2015[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2015eko ekainean, EZLN-ak El Rosarion indigena batzuek aurkako ekintzak salatu zituen. Salaketa Moisés subkomandanteak sinatu zuen eta erasoa urte horretako hilabete horretan gertatu zela baieztatu zuen. Bestalde, Las Abejas Gizarte Zibilaren Erakundeak ekainaren 23an indigena tzotzil bat eraildua izan zela salatu zuen.

Oinarrizko printzipioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EZLN-ren ekintzak hiru oinarrizko printzipio minimoren gainean planteatzen dira:

  • Historikoki Mexikoko herri indigenei ezeztatu zaizkien eskubide kolektibo eta indibidualen defentsa.
  • Demokrazia, askatasuna eta justizia printzipio fundamental gisa dituen nazio eredu berri bat erakitzea.
  • Humanismoaren izenean eta neoliberalismoaren kontra, erresistentzia sare bat sortzea.

EZLN-ren Politika Adierazpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

EZLN-k komunitate multzo bat eratzea erabaki zuen, Aguascalientes eta Caracoles izenekin bataiatu zituztenak.

Aguascalientes[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1994 aldera, Konbentzio Nazional Demokratikoaren markoan, EZLN-k topaketa politikoak eta kulturalak egiteko espazio bat eraikitzeari ekin zion. Espazio horri Aguascalientes deitu zion. 1995 amaieran Aguascalientes berrien eraikuntza proposatzen dute, erresistentzia eta errebeldia sinbolo gisa. 1996rako  Aguascalientes I (La Realidad), Aguascalientes II (Oventic), Aguascalientes III (La Garrucha), Aguascalientes IV (Morelia) eta Aguascalientes V (Roberto Barrios) izango ziren EZLNren sede politiko-kulturalak. Zentro hauek auditorioak, osasun-klinikak, komunak, bainerak, liburutegiak, gradak eta logelak zituzten. Chiapasetik kanpo, beste Aguascalientes batzuk inauguratu ere egin ziren.

1996ko urtarrilean, Chiapaseko “gobernadore” insurgenteak, Amado Avedaño Figueroak, beste Aguascalientes bat ireki zuen Tijuana, Kalifornia Beherean. Hiriaren erdigunean, ikasleek eraiki zuten nagusiki. Xochimilco-n ere antolakunde indigena batzuen artean ere beste Aguascalientes bat sortu zuten.

Caracoles[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003ko abuztuaren 8tik 10era bitartean, ordura arte Oventic-eko Aguascalientesen, Caracoles eta Juntas de Buen Gobierno neo-zapatisten sorrera festa ospatu zen EZLN-n gertatu ziren aldaketa batzuen ondorioz.

Erabakia Aguascalientesen funtzionamenduari buruzko analisi kritiko eta autokritiko luzearen ondoren hartu zen. Zapatismoa herrialdeko komunitate eta herri indioengana gerturatu zen Gobernu Federalarekin sinatu zuten San Andresgo Akordioekin, nahiz eta hauek ez zituen legeak jaso 2001ean onetsi zen kultura eta eskubide indigenen atalean.

Gauzak horrela, Caracolek Aguascalientesak ordezkatu zituzten, baina hauek zituzten lurraldeak errespetatuz. Juntas de Buen Gobierno-ak Caracol Zentrua izenekoan kokatu ziren.

Lehen Intergalaktikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1996ko uztailean, Ana María Maior Insurgenteak Aguascalientes II-an, Oventic-en irakurri zuen ongietorri diskurtsoa, “I. Humanitateagatik eta Neoliberalismoaren aurkako Topagune Interkontinental”-ean. Mundu-mailan, 4 mila pertsona inguru joan ziren topagunera. Bost hitzaldi eskaini zituzten: 1-Zein politika daukagu eta zein politika behar dugu? 2-Kuestio ekonomikoa, beldurrezko-istorioa 3-Kultura guztiak denontzat, eta medioak? Pintetatik ziberespaziora 4-Baden zein gizarte ez da zibila? 5-Mundu honetan mundu asko kabitzen dira.

Lanetan pertsona ospetsu askok parte hartu zuten; hala nola, Danielle Mitterrand, Eduardo Galeano, Daniel Viglietti, Alain Touraine, Yvon Le Bot, Carlos Monsivais, Adolfo Gilly, Octavio Rodriguez Araujo, Gisèle Halimi, Tessa Brisac, James Petras, Douglas Bravo, Pablo Gonzalez Casanova, Luis Villoro, Ofelia Medina edota Leon Gieco-k. Konklusio gisa, EZLN-k Errealitatearen Bigarren Adierazpena igorri zuen. Bertan, humanitatearen izenean eta neoliberalismoaren aurkako erresistentzia sare interkontinentalak sortzea proposatu zuten, egiturarik, nagusirik eta hierarkiarik gabekoak. Horrez gain, Topagunean parte hartu zuten herrialde eta nazioetan Humanitatearen aldeko eta Neoliberalismoaren aurkako Kontsulta Interkontinentala egitea proposatu zuten. Azkenik, Bigarren Intergalaktikoa Europan egitea ere bai.

Bigarren Intergalaktikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1997ko martxoan, Humanitatearen Aldeko eta Neoliberalismoaren kontrako Topagune Europarrean, Pragan, Bigarren Intergalaktikoa gauzatzeko erabakia hartzen da. Sedeak Madrilen, Katalunian, Arrostan (Aragoi), Almuñecarren eta El Indianon (Andaluzia) zeuden; gainera, Mendebaldeko Saharan Hirugarren Intergalaktiko bat burutzeko proposamena egiten da.

1997ko komunikatu batean, Lehen Intergalaktikotik urte bat igaro ondoren, EZLN-k manifestatu zuen Topagunearen helburua “Mexikoren beste aurpegia erakustea zela; Mexiko indigena, Mexiko errebeldea eta beste herrialdeen parean historian bere lekua okupatzeko borrokan dirauena, amore ematen ez duen Mexiko, bere iragana onartzen eta etorkizuna eraikitzen duen Mexiko”, alegia.

48 herrialde desberdinetako 3 mila pertsona baino gehiagok hartu zuten parte Bigarren Intergalaktikoan. Topagunetik atera ziren konklusioak Munduko Merkataritza Erakundearen eta Maastrichteko Itunaren aurka borrokatuko zuten sare interkontinentalak sortzea izan ziren. Denbora bat igaro ondoren Herrien Akzio Globala (AGP) sortu zen 71 herrialdeetan; euren borroka nagusia Inbertsioen Akordio Multilateralaren (AMI) aurka egitea zen.

"La Digna Rabia" festibala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2008ko abenduko eta 2009ko urtarrileko hainbat egunetan “La Digna Rabia” festibala ospatu zen. Abenduaren 26tik 29ra “Charros Reyes”, Iztapalapan; abenduaren 31n Oventick-eko Caracolesen, Chiapasen eta urtarrilaren 2tik 5era San Cristobal de las Casasen. Festibalaren helburua EZLN-ren 5. urteurrena ospatzea zen eta bide batez, euren ideiak zein ziren erakustea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: EZLN Aldatu lotura Wikidatan
  1.   «Primera Declaración de la Selva Lacandona - Wikisource» es.wikisource.org . Noiz kontsultatua: 2019-05-23 .
  2. (Gaztelaniaz)  «Expulsarán a más extranjeros transgresores*Rosario Green: autoridades paralelas aquí. no» Columna Pulso Político 1998-04-13 . Noiz kontsultatua: 2019-05-23 .
  3.   «Diario EL PAIS - Montevideo - Uruguay» web.archive.org 2010-06-28 . Noiz kontsultatua: 2019-05-23 .
  4. (Gaztelaniaz)  C.V, DEMOS, Desarrollo de Medios, S. A. de (2012-12-22) «La Jornada: Se movilizan más de 40 mil zapatistas en 5 municipios de Chiapas» www.jornada.com.mx . Noiz kontsultatua: 2019-05-23 .