Edukira joan

Ehun urteko gerra Palestinaren aurka

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ehun urteko gerra Palestinaren aurka
Jatorria
Egilea(k)Rashid Khalidi
Argitaratze-data2020
IzenburuaThe Hundred Years' War on Palestine, Ehun urteko gerra Palestinaren aurka eta حرب المائة عام على فلسطين
ArgitaletxeaMetropolitan Books (en) Itzuli
OCLC1150009229
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara
Euskaraz
IzenburuaEhun urteko gerra Palestinaren aurka
ItzultzaileaIñaki Alegria
Argitaratze-data2024
Orrialdeak335
ISBN9788484388968

Ehun urteko gerra Palestinaren aurka Rashid Khalidi irakasle AEB-palestinarrak 2020an idatzitako liburua da.[1] Jatorriz ingelesez argitaratu zen (The Hundred Years' War on Palestine: A History of Settler Colonialism and Resistance, 1917–2017) eta hainbat hizkuntzatara itzuli da. Euskaraz 2024an argitaratu zuen UEUk "Ehun urteko gerra Palestinaren aurka. Kolonialismo eta erresistentzia. 1917–2017." izenburuarekin.[2]

Liburuaren mezu nagusia da Palestinaren auzia aspalditik datorrela, otomandar inperioa desegin garaitik hain zuzen, eta kolonialismoa dela auzia ulertzeko gakoa. Ildo horretan egileak beste kolonizazio-prozesu batzuei egiten die erreferentzia: Aljeria, Hegoafrika, India, Irlanda, Zeelanda Berria.... Era berean, sionismoak bultzatutako kolonizazio okupatzaileari palestinar herriak egin dion erresistentzia eta herri moduan birsortzeko izan duen gaitasuna dira azpimarratzen diren beste gako batzuk.

Palestinako historia ohiko moduaz kontatu beharrean, egileak sei funtsezko momentu hautatzen ditu, sei gerra-adierazpen egilearen hitzetan. Kapitulu bakoitzean egileak bizipen pertsonalak eta familiarrak txirikordatzen ditu gertaerekin eta analisiarekin. Historiako liburu konbentzionalen mugak gainditzen ditu, kronikari lekua emanez eta analisian sakonduz. Rashid Khalidi egilea Edward Said katedraren titularra da New Yorkeko Columbia unibertsitatean, Beiruten bizi zen Libanoko gerraren garaian eta Palestinako ordezkaritzan aholkulari aritu zen Madrilgo eta Washingtongo negoziazioetan. Senide ezagunak izan ditu, aitona Jerusalemgo alkate, osaba erbesteratua egon zen britaniarren garaian, aita NBEko itzultzaile...

Esan bezala kapitulu bakoitza momentu historiko bati dagokio, egileak gerra-adierazpen batekin lotzen duena. Hauek dira sei kapitulu nagusiak:

  1. Lehen Gerra Adierazpena, 1917-1939. Balfour adierazpena, britaniar kolonizazioa eta kolonizazioaren aurkako matxinada dira kapituluko gertaera aipagarrienak.
  2. Bigarren Gerra Adierazpena, 1947-1948. NBEk erabakitako zatiketa eta Nakba delakoa dira kapituluan aipatzen diren gakoak.
  3. Hirugarren Gerra Adierazpena, 1967. Sei eguneko gerra da, abiatzeko modua, arabiarren porrota, eta izan zituen ondorioekin, kapituluaren ardatza. Ondorioz, Israelek Jerusalem ekialdea, Zisjordania, Gaza, Sinai eta Golango gainak eskuratu zituen.
  4. Laugarren Gerra Adierazpena, 1982. Sabra eta Xatilako sarraskia eta Libanoko gerran zentratua.
  5. Bosgarren Gerra Adierazpena, 1987-1995. Palestinar kulturaren pizkundea eta Lehen Intifadaren nondik norakoak dira kapituluaren gakoak.
  6. Seigarren Gerra Adierazpena, 2000-2014. Bigarren Intifada, Hamasen sorrera eta garapena eta hamarkada batez Gazan gertatutako erasoetan zentratua.

Euskarazko bertsioan kapitulu gehigarri bat dago, Azken Hitza deritzona, non 2023ko Hamasen erasoaren ondoren Israelek Gazan egindako inbasioa eta sarraskia analizatzen baita.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Berasategi Otamendi, Gorka. (2023-05-14). ««Gizarte zibila geroz eta pisu handiagoa hartzen ari da Palestinako erresistentzian»» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-06-18).
  2. Europa Press. (2024). «'Ehun urteko gerra Palestinaren aurka' liburuaren euskarazko itzulpena aurkeztuko du UEUk asteazken honetan» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2024-06-27).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]