Elur-antzara (eleberria)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Elur-antzara
Snow goose 2.jpg
Datuak
Idazlea Paul Gallico
Argitaratze-data 1940
Jatorrizko izenburua The Snow Goose: A Story of Dunkirk
Herrialdea  Ameriketako Estatu Batuak
Orrialdeak 64
ISBN 9780394445939
Euskaraz
Izenburua Elur-antzara
Itzultzailea Ane Urrestarazu
Argitaratze-data 2012
ISBN 978-84-939883-0-2

Elur-antzara (jatorrizko izenburua, ingelesez: The Snow Goose) Paul Gallicok idatzitako eleberri laburra da. Euskaraz, 6.000 hitz ditu. Orrialde gutxikoa izan arren, autoreak gai anitz garatzen ditu, eta narrazio sakona eta hunkigarria osatzen du. 1940an argitaratu zen lehen aldiz, The Saturday Evening Post aldizkarian, kontakizun laburtzat; gero, 1941ean, luzatuta eta eleberri laburtzat argitaratu zen. Geroztik, Elur-antzara ez da inoiz falta izan ingeles hizkuntzako herrialdeetako liburu-dendetan. Liburuaren betiereko gai unibertsalek —bazterkeria eta amodioa, bakardadea eta elkarlana, gerra eta izadia— eta idazlearen trebetasun narratiboak arrakasta iraunkorra eman bide diote liburuari.

1971n, BBCk The Snow Goose telebistarako pelikula filmatu zuen, Richard Harris (Cromwell, Zaldi izeneko gizona, Gladiadorea) eta Jenny Agutter (Trenbideko umeak, Walkabout, Logan’s Run) antzezleekin, besteak beste.

1975ean, Camel rock progresiboko taldeak Music Inspired by The Snow Goose albuma plazaratu zuen, liburuaren istorio oinarri zuena.

Liburua oraingoz oso hizkuntza gutxitara itzuli da, eta baliteke istorioaren kokapena eta garaia oztopoak izatea ingeles hizkuntzako herrialdeetatik kanpo ezagutarazteko. Izan ere, istorioa Essex konderriko kostaldean kokatzen da (Ingalaterra), 1940an.

Euskaraz 2012an argitaratu zen, Ane Urrestarazuk itzulia, Aitziber Alonsok irudiztatua eta Uxue Alberdik irakurrita.

Aitziber Alonsok libururako egindako irudi bat.

Istorioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Phillip Rhayader, asko bidaiatutako gizon elbarria da, Ingalaterrako hego-ekialdean bizi da, Essex konderriko kostaldean, eta gizarteratzen saiatzen den arren, gizartetik at dago. Izan ere, gizarteari ekarpen handia eman nahi dio Rhayaderrek, baina inork —gizonezkoek zein emakumezkoek— ez du onartzen, itsusia eta itxuragabea delako. Antza denez, inor ez da gizonaren itxuratik harantz ezer ikusten saiatzen.

Leku bakartia eta basatian bizi da, Lokazti Handian, itsasargi abandonatu batean. Udaberrian hara migratzen duten hegaztiak zaintzen ditu, eta artista ere badenez, ingurua eta hegaztiak margotzen ditu. Askotan, txalupa ateratzen du itsasora, handik ere hegaztiak aztertzeko. Nahiz eta baztertuta egon eta pertsonekin oso harreman gutxi izan, Rhayaderrek ez ditu gizakiak gorroto. Baina maitasun berezia zuen izaki basatiekiko, eta, oro har, izadiarekiko.

Rhayader Lokazti Handira iritsi eta hiru urte geroago, hamabi urteko neska bat hurbiltzen zaio. Hegazti bat darama besoetan: zaurituta dago, ehiztariek tiro egin diotelako. Neska, Fritha izenekoa, beldur dio Rhayaderri, eskualdean gizonari buruz esaten dutenarengatik. Hala ere, badaki Rhayaderrek hegaztia senda dezakeela, eta, horregatik, harengana hurbiltzen ausartzen da. Rhayaderrek hegaztia elur-antzara dela azaltzen dio Frithari, Kanadatik ekaitz itzel batek ekarritakoa. Nahiz eta zaurituta egon, sendatzea badagoela eta hurrengo udaberrian hegan ahal egingo duela berriro esan zion.

Negu eta udaberri horretan zehar, Rhayaderrek elur-antzara zaintzen du, eta Fritha hegaztiaren bilakaera ikustera doa, gizonarenera. Ekaineko goiz batean, elur-antzara, erabat sendatuta jada, migratu egiten du iparralderantz, beste hegazti batzuekin batera. Rhyaderrengana gerturatzeko arrazoia behin desagertuta, Frithak itsasargira joateari utzi egiten dio. Rhayader, berriro ere, bakardadea zer den ikusten du, eta horretara ohitu beharko du berriz.

Hurrengo urrian, miraria gertatzen da: elur-antzara itsasargira itzultzen da. Rhayaderrek Frithari mezua bidaltzen dio herrixkara, eta, hiru egun pasa ondoren, Fritha itsasargian agertzen da.

Urte horretan, 1934an, Europan istiluak pil-pilean daude: nazien buruzagi eta Alemaniako lehendakari den Adolf Hitlerrek Labana luzeen gauean ehunka etsai politiko hilarazi zituen, Espainiako bigarren errepublikaren egoera okertuz doa eta komunismoa zein faxismoa gero eta indartsuagoak dira kontinentean zehar. Askoren iritzitan, Europa gerrara zioan.

Baina Lokazti Handian, oraindik ere ez dute arazo horien eragina pairatzen. Fritha handitzen doan heinean, gero eta konfiantza handiagoa du Rhayaderrengan. Gizonak gauza asko egiten irakasten dio neskari: txalupa gobernatzen, hegaztien ohiturak ikasten, pinturak nahasten. Haien arteko harremana gero eta sendoagoa da. Aitzitik, berriro ere, elur-antzarak migratzen duenean, Frithak itsasargiari joateari uzten dio, eta Rhayader bakarrik geratzen da: gizonak hegazkiekin eta margolanekin pasatu behar du negua.

Udazken batean, elur-antzara ez da itzultzen Lokazti Handira. Rhayaderrentzat, hori hondamena da: elur-antzara eta Fritha gabe, negua, udaberria eta uda bakarrik pasatu behar ditu.

Zorionez, hurrengo udazkenean hegaztia itzuli egiten da berriro. Rhayaderrek Fritharentzat mezua uzten du herrixkan, eta, aste batzuk beranduago, Fritha agertzen da itsasargian. Ordurako, neskatu egin dela konturatzen da Rhayader: umea neska bihurtu da.

Hurrengo udaberrian, elur-antzara ez da Lokazti Handira joaten, nahiz eta Rhayaderren esanetan hegaztiak itsasargia etxetzat hartuta zuen. Elur-antzara ez joateak ondorio mingarria du gizonarentzat: Frithak maiz etortzeari utziko zion, orain Rhayader ez dela lehen bezain bakarrik sentituko esanez. Gizonak ezer ez esaten ez badu ere, neskak gizonak harengan dituen sentimenduak hautematen ditu, eta sentimendu horiek beldurtzen dute.

Hiru aste beranduago, Fritha bisita egitera joaten da Rhayaderrenera, eta gizona txalupa elikagaiekin kargatzen aurkitzen du. Harrituta, nora joan behar duen galdetzen dio, eta gizonak Dunkirkera joan behar zuela erantzun. Hasieran, neskak ulertzen ez zuen modu batean azaltzen dio bidaiaren zergatia:

Janari bila joana zen herrixkara, eta entzun zuen alemaniar naziek armada britainiarra harrapatuta zutela Frantziako hondartza batean, Dunkirken. Soldaduak handik salbatzeko, Britainiar Gobernuak itsasontzi guztiak, baita txikiak ere, hara joateko agindua emana zuen, eta Rhayaderrek ere soldaduen bila hara joan behar zuela erabaki zuen. Azkenik, Rhayaderrek gizartearen partaide bihurtuko da, eta gizakiengan zuen maitasuna erakustea izango du.

Alabaina, Frithari azalpen horrek ez dio gauza handirik argitzen, eta, ondorioz, Rhayaderrek gertu zuten adibide baten bidez azaltzen dio egoera: “Ehiztariek harrapatutako hegaztiak bezala daude gizonak hondartzan uzkurtuta, Fritha, aurkitu eta babeslekura ekartzen genituen hegazti zaurituak bezala”. Frithak Rhayaderrekin joan nahi du, baina hark esaten dio ez dela komenigarria, soldadu bati lekua kenduko diolako bidaia bakoitzean. Neskak hura ulertu eta erabakia onartzen du. Rhayaderrek itsasargiko hegaztiak zaintzea eskatzen dio Frithari. Gizonak txalupa Dunkirkerantz abiatzen du, elur-antzara zeruan lagunduta, Frithak Rhayader zaintzeko eskatzen baitio hegaztiari.

Gallico-ren hitzetan, “une horretan gure istorioa zatitu egiten da”. Lehenengo zatia soldadu apal batek –Potton soldadua- kontatzen du, Londresko taberna umil batean:

Dunkirkeko hondartzan daudenean bera eta armada-kideak, alemaniarrek hegazkinez eraso egiten diete. Tiroz eta kez inguratuta daude. Gertu dauden gerra-itsasontzietara joateko eta Ingalaterrara ihes egiteko, itsasontzi txikitan joan behar duten. Halako batean, Rhayaderren txalupa ikusten dute, eta, airean, txaluparen inguruan biraka, elur-antzara, “antzara madarikatu bat”. Rhayaderrek soldaduak itsasotik txalupara igotzen ditu, besoak erabiliz, eta gerra-itsasontzi batera eraman. Salbatu egiten ditu.

Bigarren zatia Keith Brill-Oudener komandanteak kontatzen du:

Gabarra bat eramaten du Dunkirkera, soldaduen bila. Hirugarren bidaian, haren kide batek txalupa abandonatu bat ikusten du. Txaluparen karelean, elur-antzara bat dago, eta, barruan, gizon baten hilotza.

Txaluparaino hurbiltzera doazenean, alemaniarren mina bat ikusten dute. Mina leherrarazi eta arriskua ezabatzeko, soldadu batek tiro egiten dio. Minak lehertzea lortzen dute; baina horren ondoriozko olatuen poderioz, txalupa hondoratu egiten da, gizonaren gorpuarekin batera. Elur-antzara hegaz inguratzen du lekua “hegazkin baten agurra balitz bezala”. Brill-Oudener komandantearentzat, “oso esperientzia bitxia izan zen. Tragikoa ere bai, nolabait. Eta guretzat, zorionekoa.” Hil ondoren ere, Rhayaderrek soldaduak salbatzen ditu.

Lokazti Handian, Frithak itsasargira egunero joaten da hegaztiak zaintzeko. Senak esaten zion Rhayader ez dela itzuliko; badaki hil egin dela, nolabait. Elur-antzara itsasargira itzultzen ikusten du, baina Frithak ez du itxaropen alferrik. Hegaztia agertzea gizonaren heriotzaren baieztapentzat jasotzen du, eta harekin sufritu. Elur-antzara Rhayaderren ordezko balitz bezala, Frithak maite duela esaten dio hegaztiari azken aldiz itsasargitik aldentzen denean.

Hortik aste batzuetara, hegazkin alemaniar batek itsasargia helburu militartzat hartzen du, eta lehergailuak botatzen dizkio. Suntsitu egiten du, erabat. Itsasoak Lokazti Handiak garai batean hartutako lursail hura bereganatu egiten du betirako.

Pertsonaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira “Elur-antzara”-ren hiru pertsonaia nagusiak:

Phillip Rhayader Margolaria eta sentsibilitate handiko gizona da. Itxuragabea denez, asko saiatu arren, ez du gizarteratzea lortzen, eta, azkenik, Essex konderriko Lokazti Handira —eremu basatia eta bakartia— joaten da bizitzera.

Izadia eta izaki basatiak bereziki maite ditu, eta Lokaztiko hegaztiak zaintzen ditu, haientzat prestatu duen itxituran. Rhayader gizarteak baztertuta bizi den arren, ez ditu gizakiak gorroto, eta munduaren parte izan nahi du.

Fritha Arrantzale herrixka bateko neska da, eta eskola gutxikoa. Umezurtza da, eta —nahiz eta Gallico-k hori zehazki ez esan— uler dezakegu bakarrik bizi dela: “arrantzaleekin, Wickaeldrothen” bizi dela esaten dio Rhayaderri.

Rhayaderrek bezala, izadiarekiko sentsibilitate handia du.

Elur-antzara Nahiz eta bitxia izan pertsona ez den izaki bat pertsonaia izatea, elur-antzararen garrantziak sail honetan kokatzen du animalia. Liburuaren haria da: haren aitzaki, Rhayader eta Fritha elkar ezagutzen dute, eta Rhayaderren heriotza elur-antzarak baieztatzen dio Frithari.

Gallico-k liburuaren izenburuan protagonismoa eman zion elur-antzarari, ipuinaren ardatza delako nolabait: elur-antzararen agertzeari esker, Rhayader and Fritha elkar ezagutzen dute; hori desagertzean, Rhayader bakarrik geratzen da berriro; eta hegaztia bigarrenez agertzen denean, Fritha eta Rhayader berriz elkartzen dira...

Hala ere, ingelesez idatzitako beste liburu askotan ez bezala — esaterako, Kipling-en “Oihaneko liburua”, Kenneth Grahame-n “Haizea sahatsetan” eta Gallico beraren “Mirari txikia”—, elur-antzara benetako animalia da. Alegia, ez du hitz egiten, ez ditugu haren hausnarketak entzuten... Errealismo horri esker, Gallico-k hegaztiaren presentzia haritzat erabil dezake ipuina sentimentalegia izan gabe.

Bestalde, bi pertsonaia hauek kontatzaileak dira 7. eta 8. kapituluetan, hurrenez hurren:

Potton soldadua Londresko Erregearen Musketari Erregimentuko soldadua zen —erregimentua ere fikziozkoa da—, eta Rhayaderrek Dunkirken egin zituen ekintzen bertsio bat kontatzen digu. Ahoskeragatik, Potton Londreskoa eta langile-klasekoa dela argia dago. Duela gutxi arte, behintzat, ingelesen gizarte-klaseak azentuetan nabaritzen ziren, eta Potton-en azentua, Gallico-k deskribatu bezala, oso markatua da. Rhayaderren balentriak miresten ditu, eta soldaduaren kontaketak irakurlea hunkitzen du.

Keith Brill-Oudener komandantea Armadako ofizial erretiratu horrek hirurogeita bost urte ditu, eta gizarte-klase altuagoakoa da —abizen bikoitzak, besteak beste, gizonaren klase soziala agerian uzten du—. Dunkirken ikusi zuena Londresko elkarte aristokratiko batean kontatzen du. Ez zuen Rhayader bizirik ikusi, baina bai haren txaluparen hondoratzea. Txalupa desagertu ondoren, elur-antzarak Rhayaderri egin zion omenaldia kontatzen du Brill-Oudenerrek ia elezahar baten gertaera izango balitz bezala.

Izadia eta hegaztiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Essex konderriko kostaldean dagoen Lokazti Handiak garrantzi handia du liburuan. Bi kapitulu kenduta —7.a eta 8.a—, istorio osoa han gertatzen da.

Gallico-ren hitzetan, “Ingalaterrako azken leku basatietako bat da”. Lehenengo bi kapituluetan, Gallico-k ingurua eta inguruko izakiak —batez ere hegaztiak— xehetasunez deskribatzen ditu.

Liburuaren giro lirikoa edota onirikoa izadiaren deskribapenetan datza neurri handi batean. Liburuaren amaieran, lirismo horrek konparaketa isila egiten du gizakion basatikeriarekin eta basatikeriaren muturrarekin, gerrarekin, hain zuzen ere.

Hirugarren kapitulua hasi baino lehen, Fritha agertu baino lehen, alegia, irakurleak ingurua ondo irudika dezake jada, eta liburua erabat girotuta dago.

Kontakizunari dagokionez, idazleak inguru basati hori hautatu izana ez da zorizkoa. Rhayader haraino joaten da oso biztanle gutxi bizi direlako han. Pertsona gutxi daudenez, hegazti asko daude, eta Rhayaderrek haiek zaintzen ditu. Elur-antzara ere han lurreratzen da, leku basatia delako, eta, elur-antzarari esker, Rhayaderrek eta Frithak elkar ezagutzen dute.

Elur-antzaraz gain, hegazti hauek bizi dira lokaztian:

Elur-antzara izan ezik —Ipar Amerikako hegaztia da, eta Lokazti Handira ekaitz itzel baten ondorioz iristen da—, ohikoa d abeste hegazti-mota guztiak Essexeko kostaldean neguan pasatzea.

Gaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bazterkeria Rhayader elbarria denez —konkorra eta esku okertua ditu—, gizartetik baztertuta bizi da, Lokazti Handian. Bazterkeria hori biziki sentitzen du, eta gizartean parte hartzeko grina itzela du, Dunkirketiko ebakuazioan parte hartzen duenean ikusten dugun bezala.

Amodioa Rhayader eta Fritharen artean sortzen den harremana amodio bihurtzen da liburuaren amaieran. Horraino iritsi baino lehen, adiskideak direla esan dezakegu, hau da, elkarri laguntasuna ematen diote. Gizartearen ikuspuntutik, ziurrenik, haien harremana kanpotik ikusita, espero ez den amodioa bitxia da, gaitzesgarria; irakurleok, aldiz, gertuago ikusten dugunez, harreman aratza dela ulertzen dugu.

Bakardadea Bi protagonistek, gizonak zein neskak, bakardadea ezagutzen dute. Rhayaderren lagunarterik ohikoena —ia bakarra, Fritha agertu arte— Lokaztiaren hegaztiak dira. Bakardadea ondoegi ezagutzen du, eta horrek sufriarazten du. Nahiz eta hitza ez erabili, Fritha umezurtza dela ulertzen dugu (“arrantzaleekin, Wickaeldrothen” bizi dela esaten du, gurasorik eta seniderik aipatu gabe).

Elkarlana Frithak harengana elur-antzara eraman ondoren, Rhayaderrek hegaztia sendatzen du. Neska eta gizonaren harremana sendotzen den bitartean, neskak gizonaren bakardadea arintzen du, eta gizonak gauza asko irakasten dizkio neskari, besteak beste: txalupa gobernatzen, hegaztien ohiturak ezagutzen, pinturak nahasten eta janaria prestatzen.

Elkarlanaren adibiderik handiena ipuinean Dunkirkeko ebakuazioa da: ehunka itsasontzi txiki itsasoa zeharkatu zuten britainiar eta frantziar soldaduak naziengandik salbatzeko. Elkarlan hori oso garrantzitsua izan zen britainiarrentzat Bigarren Mundu Gerran zehar, baita eredugarria ere. Gaur arte, “Dunkirkeko espiritua” aipatzen da Ingalaterran gizarteak egoera zailei aurre egin behar izaten dienean.

Izadia “Elur-antzara”-ren lehenengo kapituluan ingurua, hots, Lokazti Handia, deskribatzen du, ia beste ezer aipatu gabe. Hango pasaia eta hegaztiak ikusten eta entzuten dira liburuan zehar. Narrazioari dagokionez, hango hegaztiak gabe, elur-antzara ez zatekeen hor lurreratuko, eta elur-antzararik gabe, Frithak eta Rhayaderrek ez zuketen elkar ezagutuko.

Gerra Hastear zegoen Bigarren Mundu Gerra aipatzen da laugarren kapituluan, eta, seigarrenean, gerra jada abiatuta, Rhayader gerrara joaten da. Zazpigarren eta zortzigarren kapituluetan, Dunkirkeko sarraskia eta hango ebakuazioa deskribatzen dira. Hamargarren kapituluan, aldiz, gerra-hegazkin batek itsasargia, Rhayader zenaren etxea, suntsitzen eta desagerrarazten ditu. Ikur ditugu itsasargia, gizartearen alde ona gisa, eta gerra, alde txartzat.

Estiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburuaren lirismoa lehenengo orritik nabaria da.

Lehenengo kapituluan, Gallico-k gertaera gehienen kokapena deskribatzen du, Lokazti Handia, alegia. Inguru basati horren bakardadeak Rhayaderren bakardadea islatzen du. Hango izakiek, batez ere hegaztiek, aukera ematen die pertsonaia nagusiei –Rhayader eta Fritha- elkar ezagutzeko.

Kontalari orojakilea da istorioan sartzen gaituena: “Gure istorioa gizon horri buruzkoa da, baita pixkanaka-pixkanaka hura ezagutu zuen neska bati buruzkoa ere.” Kontuan hartu behar dugu gu pertsona erabiltzea, euskaraz ez bezala, ezohikoa dela ingelesez, eta, horri esker, Gallico-k elezahar baten edo herritar guztiok jakin behar dugun istorio baten giroa sortzen duela ipuinaren hasieratik amaieraraino.

Kontalari orojakileaz gain, beste bi kontalari agertzen dira liburuan: Potton soldadua eta Keith Brill-Oudener komandantea.

Gallicoren esanetan, “Istorioa ezin da modu errazean eta segidan kontatu, iturri askotatik eta pertsona askorengandik bildu da”. Kontakizun koral horren poderioz, Gallico-k ipuinaren elezahar sentsazioa edo giroa areagotzen du. Hala ere, haien hitzek —batez ere, Potton-en herriko hizkera— elezahar estiloa aldatzen dute nolabait, eta, horri esker, istorioa ez da sentimentalegi bihurtzen.

Estiloari dagokionez, Gallico-k egiten ez duen gauza bat ere aipatu behar dugu. Nahiz eta elur-antzara istorioaren nolabaiteko haria izan, benetako animalia denez —hots, ez du hitz egiten, beste liburu askotan ez bezala—, liburua ez dago sentimentaltasunez blai.

Eta sentimentalismoaren zepoetan ez erortzeko, idazleak hautatu zituen kokapen eta garai zehatzak ere garrantzitsuak dira. “Elur-antzara” elezaharraren antza du; baina, aldi berean, istorio zehatza da, erreala.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gallico-k istorioa gertatu zen garaian idatzi zuen ipuina. Nahiz eta gure ikuspuntutik benetako gertaerak denboran urruti egon —Bigarren Mundu Gerra eta Dunkirketiko ebakuazioa—, “Elur-antzara” ez da eleberri historikoa.

Hala ere, Gallico-rentzat iraganekoak ziren gertaerak aipatzen dira liburuan ere: zehazki, Britainiako erromatarren, saxoien eta normandoen inbasioak. Aipamen horiek, istorioa kokatu eta giroa sortzeaz gain, denboraz kanpoko kutsua ematen diote kontakizunari: badirudi Rhayaderri eta Frithi gertatzen zaizkienak edozein garaitan gerta litezkeela.

Dunkirkeko ebakuazioa:

Liburuko gertaera historikorik garrantzitsuena —nahiz eta Gallico-rentzat historikoa ez izan, garaikidea baizik— Dunkirkeko ebakuazioa da.

Bigarren Mundu Gerra 1939an hasi eta hurrengo hilabeteetan, ez zen gerra-ekintza handirik gertatu Europako mendebaldean —poloniarrek, ordea, alemaniarren inbasioa eta konkista odoltsua pairatu zuten—. Ingalaterran, garai horrek “Gerra faltsua” izena hartu zuen.

1940ko maiatzaren 10ean, alemaniarrek aliatuen —Erresuma Batua eta Frantzia— armadei eraso egin zieten. Bi aste bakarrik behar izan zituzten naziek aliatuak Frantzia iparraldeko hondartza batean txokoratzeko, Dunkirken.

Aliatuen 400.000 bat soldadu harrapatuta zeuden Dunkirken. Erresuma Batuko itsas armadak ez zuen itsasontzi nahikorik soldaduak Ingalaterrara eramateko, eta, horregatik, gobernuak herriari edozein motako itsasontzietan eramateko eskatu zuen.

700 itsasontzi zibil inguru —atoiontziak, txalupak, salbamentu-ontziak...— haraino joan ziren. Hurrengo zortzi egunetan, itsasontziek 340.000 soldadu Ingalaterrara eraman zituzten. Aliatuen 10.000 soldadu hil ziren gutxi gorabehera, eta alemaniarrek beste 40.000 atzitu egin zituzten. Aliatuek ibilgailu eta tanke guztiak galdu zituzten, baita milaka arma ere.

Itsasontzi txikien parte-hartzea mitiko bihurtu zen berehala. Bigarren Mundu Gerran zehar, britainiarren elkarlanaren ikurra izan zen Dunkirkekoa. Gaur egun ere, elkarlan handia adierazterakoan, “Dunkirkeko espiritua” aipatzen da Ingalaterran.

Edizioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Michael Joseph-ek “Elur-antzara” 1941ean argitaratu zuen lehenengo aldiz. Peter Scott-ek —itsas armadako ofizial ohia, ornitologoa eta artista— lehenengo edizioaren ilustrazioak egin zituen. Fritharen erretratua —hasieran Rhayaderrek egin ziona— margotzeko, Scott-ek bere emaztea erabili zuen modelo.

Orduz geroztik, askotan plazaratu da “Elur-antzara”, AEBetan zein Ingalaterran. Random House-en 2007ko edizioa bereziki aipagarria da, Angela Barret-en ilustrazioak direla eta.

Pelikula[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1971n BBC-k The Snow Goose telebista-filma igorri zuen. Kostu handiko ekoizpena zenez, antzezle protagonistak garaiko oso aktore ezagunak izan ziren: Richard Harris (Cromwell, Zaldi izeneko gizona, Gladiadorea) eta Jenny Agutter (Trenbideko umeak, Walkabout, Logan’s Run).

Pelikulak liburuaren istorio nagusiari eta espirituari eutsi arren —esperokoa zen bezala, Gallico-k gidoia idatzi zuela kontuan hartuta—, kontakizunaren hainbat xehetasun aldatzen ditu, batez ere Bigarren Mundu Gerraren hasieran. Rhayader-ek gizartean parte hartzeko duen ezintasuna eta horrek eragiten dion frustrazioa adierazteko, pertsonaia herrixkako errekrutatze-bulegora joaten da, baina ez diote uzten izena ematen. Bestalde, Dunkirkeko gertaerak ez dira Londresen kontatzen, herrixkan baizik.

Musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Camel rock progresiboko talde ingelesak Music Inspired by The Snow Goose albuma plazaratu zuen 1975ean. Ez zuen Gallico-ren onespena izan, eta abestiek letrarik ez duten arren, 100.000 ale baino gehiago saldu ziren Erresuma Batuan bakarrik.

Euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elur-antzara 2012an argitaratu zen euskaraz, Ane Urrestarazuk itzulia eta Aitziber Alonsok irudiztatua. Audio-bertsioa ere plazaratu zen, Uxue Alberdik irakurritakoa.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]