Edukira joan

Errose Bustintza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Errose Bustintza

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakErrose Bustintza Ozerin
JaiotzaMañaria, 1899ko irailaren 3a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaMañaria, 1953ko abuztuaren 20a (53 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: leuzemia
Familia
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakipuingilea, kazetaria eta idazlea
KidetzaEmakume Abertzale Batza
Mugimenduaeuskal pizkundea
Ezizena(k)Mañariko
Ideologia eta sinesmenak
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

Literaturaren Zubitegia: 395

Errose Bustintza Ozerin (Mañaria, Bizkaia, 1899ko irailaren 3a[1] - ibidem, 1953ko abuztuaren 20a) euskal idazlea, kazetaria eta etnografoa izan zen. Eusko abertzale sutsua izan zen (Emakume Abertzale Batzako kide) eta euskaltzalea, umore fin eta sarkor baten jabea.[2]

« Idazle biotz-samur ta eztia, mitxeleta egon-ezin antzera, mendi, baserri ta arkaitz-zulo zear ipuin tximel billa, iñoiz nekatu etzana dugu emakume argi au. Irudimen azkarra du, bere errikoen agotik jasoriko ipui, esaera ta elezarrez edesti ta kontaera zoragarriak eratzeko. »
Santi Onaindia[3]

Arrueta auzoan jaio zen. Gurasoak Felix Bustintza Lasuen, harrigilea, eta Marzelina Ozerin Arriaga izan ziren, biak mañariarrak. Etxanoa baserrikoa zen aita eta ama Arriaga Bekoan (Arrixa Bekue) jaioa. Gordetzen diren jaiotza-agirien arabera, sei neba-ahizpetan gaztena izan zen bera.

Erroseren bizitzaz ez dago datu larregirik. Herriko eskolara joan zela berak idatzikotik dakigu, baina gainontzeko ikasketarik egin bazuen ez dugu inolako berririk. Halaber, ezer gutxi dakigu haren bizitza-zertzelada eta gorabeherez, adiskide, izaera, zaletasun, joan-etorri eta abarrez. Era berean, gutxi dira haren argazkiak.

Mañarian jaio, bizi eta hil zen. Ebaristo Bustintza, Kirikiño idazlearen iloba eta ezkonarreba izan zen (Erroseren Basile ahizpa haren emaztea zelako) eta bikotearekin familiarena izandako Zumelaga etxean bizi zen.

Euzkadi egunkarian hasi zen kolaboratzen, herriko gertakari xumeak jasoz, baina ez zuen bere kronikarik izenpetzen. 1929an sinatu zuen bere lehen idazlana, Kirikiño zendu zenean eta hain justu haren heriotzaren berri emateko. Mañariko Errose edo Mañariko hartu zituen izen-ordekotzat. Herrian, baina, Rosale ezizenaz ezagutzen zuten, eta halaxe gogoratzen dute.

Espainiako Gerra Zibila baino lehenagoko abertzale mugimenduaren parte izan zen, eta Emakume Abertzale Batzako kide. Gerratean, hasieran Eguna egunkariko kolaboratzailea zen[4] eta ihes eginda Bartzelonan zela, Euzkadi egunkarira bidaltzen zuen egunero bere kronika. Gerora, ama Martzelina, eta Basile eta Irene ahizpekin erbesteratu zen, Donibane Lohizune eta Baionara; han zendu zen Irene eta bertan lurperatu zuten.

Zumelaga, Kirikiño kalean, Errose eta familiaren bizitoki izandako etxetzarra.

Zumelaga etxeko liburutegia aberatsa zen oso. Gerrako gorabeheren ondorioz, Bilbora lekualdatu zuten eta hantxe galdu zen. Eskuizkribu baliotsu batzuk gordetzen ziren bertan, beraiekin eraman zituztenak Basile eta Errosek Lapurdira babes bila joan zirenean.

Gerra bukatuta, Mañarira itzuli eta ahizpa biak Zumelagan bizi ziren elkarrekin. Basile ere olerkigintza generoan aritu zen, baina bere burua ez erakustearren, olerkiok ez zituen sekula bere izenarekin agertu nahi izan.

Errose ezagutu zutenek pertsona zintzo eta elizkoi gogoratzen dute, beltzaran, eder, betaurrekodun eta arropa beltz dotorez jantzia beti. Irakurriz eta idatziz, gustuko zuen horretara dedikatzeko aukera izan zuen emakume kultutzat duenik ere bada. Beste bizimodu bat zeramala agerikoa zen, bere inguruko andrazko gehienei etxeko zereginez aparte, lana batzen zitzaielako ortuan zein soloan: aitzurrean, laiaketan, ira-ebaten, artajorran, ganadu-zainen eta uzta sasoiko egin beharrekoetan, izan intxaur-, sagar- edo gerezi-batzen... baserri eta kaleko etxekoandreak lanez lepo beti. Erroseren egoera ingurumari hartan ezohikoa izan zen eta berak etekina ateratzen jakin zuen.    

Gazte jendearekin mendira joatea eta paseatzea gustatzen zitzaion, eta herriko nagusiekin ipuinak eta kontakizunak partekatzea. Berak idatzita laga zuen bezala, “… erriko atso-agura guztiakaz adiskide andi egin nintzan. Arekandik amaikatxo gauza on eta eder entzun neban”. Baserriz baserri ibiltzen zen, idazteko beharrezko tresnak hartuta, edadetuen ahotik jasoz elezahar, dantza-koplak, herri-otoitzak, esaera zahar eta baladak. Dantza-kopla sorta ugariena berak batutakoa da ezbairik gabe.[2]

Errose, Mañariko larrosa, odol-zurbil, leuzemia gaixotasunak jota zendu zen 1953ko abuztuaren 20an, Zumelaga etxean eta 54 urte egin aurretxoan. Jaioterriko kanposantuan lurperatu zuten.

Herriaren ahotik jasotakoak, berridatzi eta herriarentzat utzi zituen. Ahozkotasun hutsaren galbide arriskuari erreparatuta, han-hemenka entzundakoak biltzeari ekin zion eta afizioa ofizio bihurtuta, aldizkari eta egunkarien bitartez argira emateko bideari ekin zion. Altxor bihurtu dira bere idatziak duten balio etnografiko, folkloriko eta linguistikoagatik. Herriaren boza ipuin, olerki eta kanten bidez ezagutzera emateko ardura izan zuen eta herri-genero guztiok maite zituen.

Mañariko kanposantua: hantxe lurperatu zuten.

"Aitaitordearen leenengo ipuiña" kontakizunean, bere berbetatik jasotzen dugu ume-umetatik izan zuen "ipuin-egarria aseteko" premia:[5]

« Txikitan be, ipuin zale-zalea nintzan; eta zaletasun begiko ori zala-ta, ipuin politen bat non eta zelan entzungo, artega-samar ibilten nintzan. Eskolara joaten nintzanetan, nire laguntxoai sarritan be sarritan ixil-mixilka esaten neutsoen:¿Gaur zelako ipuiñak dakazuez, ba?” “¿Aitaita-amamak bart ze ipuin esan dautsue, ba?”. Eta bereala, nire laguntxoak, itaun orri egokiro erantzunik, sekulako ipuin politak azaltzen eustezan. Baiña nik, tamalez, nire aitaita-amamak iñoiz be ezagutu ez nebazan ezkero, nire adiskide ta lagunai ezin izaten neutsen ipuin askorik azaldu. Nire gurasoen gurasoak ni munduratu orduko bestalderatu ziran ezkero, arein agoetatik ezertxo be entzuteko zorionik ez neban izan… Ori, barriz, zoritxar anditzat joten neban. Eta zoritxar ori gogoan nebala, lagun-artean bein baiño geiagotan esan izan neban: “Neure aitaita-amamak bizi ba-ziran, orraitiño, a zelako ipuiñak azalduko leuskidezan!”. Eta ori esaten neban bakotxean, nire begitxuak malko garratzez bustiten ziran. Olakoxe ipuin-zale errimea nintzan!. »
Errose Bustintza, Mañarikoa.

Mañarikok olerkiak, kantu-letrak eta aldizkarietan kolaborazioak egin zituen: Euzkadi, Ekin Jaungoiko Zale Bazkuna´ren asterokua, Eguna, Jesusen Biotzaren Deya, Karmel... Ipuingintza landu zuen batik bat eta genero horretan nabarmendu bazen ere, poesiaz gainezka dago bere prosa eta ahozkotasunaren musikalidadiaren lorratza dakar berban-berban. Gai mitologikoak biziki maite zituen eta berak jasotakoetan laminak, sorginak, jentilak, prakagorri eta deabruak dira protagonista nagusi.[6]

Irudimen handiko idazlea izan zen, baina ez zuen bere lanak liburu bakarrean argitaratuta ikusteko aukera izan. Durangaldeko herri eta mendietan kokatuta, idatzi zituen ipuinengatik egin da ezagun Errose, eta haren 49 kontakizun Euskal Herriko Ipuiñak izenburuko liburuan bilduta daude: 1990 urtean Jaime Kerexeta Gallastegiren ekimenez, han-hemenka argitaratuta eta sakabanatuta zeudenak argitalpen bakarrera ekarrita.[7]

Erroseren idazte sasoirik oparoena gerra aurrekoa da; haren ostean, gauza gutxi eman zuen argitara.

Osaba Ebaristoren idazkari lanetan jardun zuen: hari besoa apurtu zitzaionean, Errosek idazten zizkion idatzi beharrekoak. Ilobaren biltzaile lana, osabarena baino aberatsagoa izan zen eta horrek baino kopla eta balada gehiago argitaratu zituen. Bien artean, 240 kopla eman zituzten argitara.

Idazte estiloan, Sabino Aranaren eskolakoa zen Errose, garbizalea: hitz berri ugari erabili zituen bere ipuin eta kontakizunetan. Poesia eta hizkuntzaren edertasuna bilatzen zuen une oro, baina, era berean, euskara jator eta herrikoiaren esaera eta esakunak tartekatuz, beti ere etxean jasotako Bizkaiko euskarari men eginez.[8]

Euskal Pizkundea mugimenduko parte izan zen mañariarra.

Haren ipuinek aspaldiko sasoietara daramate, hasierako esaldietara erreparatu besterik ez dago: “Gure aitaita zaarren aldietan…”, “Zuek gogotan ez dozuen bariku arratsalde baten…”, “Antxiña, gure asabak praka laburrakaz eta ule luzeakaz ebizan aldietan…”, “Beiñola…”, “Antxiña-antxiñako aldietan…”, “Urte asko be asko dirala” edo “Nik ez dakit noiz be…” bezalako ipuin-hasierak erabiliz.[5]

Errose Bustintza Kultur Etxea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 2013ko apirilean inauguratu zuten Mañariko Kultur Etxe berria. Errose Bustintza izena eman zioten herriko idazlearen omenez.[11][12]
Errose Bustintza Kultur Etxea Mañarian.
  • 1932an Kirikiño saria jaso zuen Euzkadi egunkarian argitaratutako lan literarioengatik.[7]
  • 1999an eta haren jaiotzaren 100. urteurrenaren harira atera zen haren figura eta ekarpena ordu arteko isiltasun eta ahanzturatik. Mañariko udalak eta Euskaltzaindiak haren omenezko plaka bat jarri zuten Zumelaga etxearen kanpoko horman, eta Eusko Jaurlaritzak Jabier Kaltzakorta euskaltzainak idatziriko biografia argitaratu zuen Bidegileak sailean[13]
  • 2023ko urrian eta haren heriotzaren 70. urteurrenaren kariaz, Europako Ondarearen Jardunaldien barruan Mañariko Erroseren hainbat ipuin, olerki eta dantza-kopla irakurri ziren Erroseren izena daraman Kultur Etxeko ganbaran, haren bizitza eta ekarpen literarioaren gaineko zertzeladak ere gogora ekarriz.[14]

Errose Bustintzaren idazte moldearen gainean hainbat idazlek esandakoak batu zituen Jose Gonzalo Zulaika, Aita Donostiak Ipuiñak liburuaren hitzaurrean, Jaime Kerexetak prestatutako 49 kontakizunen bilduman eta berba hauekin azaltzen digu:

 "Nik askotan esana: emakumeak ba-dabela, idazle diranean, zerbait berezi-berezia, giza-semeak ez daben zer-edo-zer apartekoa izaten dabe euren liburuetan. Beste orrenbeste diño mugaz bestaldeko Itxaro'k be. Orregaitik-edo, Errose'tzaz duinkiro idatzi izan dabe aipatu dabenak.

Mikel Zarate'k onela: "Aberatsak dira bere idazlanak etnolojia aldetik".

  Andima Ibiñagabeitia elantxobetarrak: "Trebea duzute Mañariko Errose Ipuiak idazten, gure artean garaienetakoa nik uste oraingo ontan. Ba dizu irudimena, eta ba dizu batez ere biotzondoa".

      Eta Juan San Martin'ek beste au: "Mañariko'ren liburua ikusteko pozarren nago. Asko gustatu jataz bere ipuiñak. Bere osabarenari (Kirikiño'renari) ez dautse zorrik".

      Eta nik: "Mañaria izan ere, tokiz eta jendez, orri dagokiona duzu, aukerakoa iñolaz ere, Untzillaitz, Mugarra, Urkulu, Ezkubaratz, Saibigain, sorgin-lamiña ta maitagarriz beterik, egokiak dira, berezkoak noski, elezar-gaiak eskeintzeko, leize beltz, saguxar eta baserri-jende misteriotsuz gaiñezka".

      Txalogarri egiaz Jaime Kerexeta, lanok batu, sailkatu eta argitara emoteko dauanagaitik. Sor begiskue ipuiñok, irakurleoi, poza ta eztia, Errose'k eukan poza zabal ixuriz guregan".[5][15]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» www.internet.aheb-beha.org (kontsulta data: 2025-02-15).
  2. 1 2 Xabier KALTZAKORTA: Errose Bustintza, Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritza, 1999.
  3. Santi ONAINDIA: Milla euskal olerki eder, Itxaropena, 1954.
  4. Garairik zailenean sortua Berria egunkaria (2016-12-30, Mikel Rodriguez)
  5. 1 2 3 Bustintza, Errose. (1990). Ipuiñak. Bilbo: Gero, Ediciones Mensajero ISBN 84-271-1656-X..
  6. (Gaztelaniaz) Gorriti, Un reportaje de Iban. (2023-08-14). «La escritora patriota a la que su tío hizo sombra» Deia (kontsulta data: 2023-11-01).
  7. 1 2 «Bustinza Ozerin, Errose - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2023-10-31).
  8. «Errose Bustintza Mañariko» Bizkaieraren ataria 2012-09-28 (kontsulta data: 2023-11-01).
  9. (Gaztelaniaz) Errose Bustintza (Mañariko) (1899-1953) – Día de las Escritoras. (kontsulta data: 2023-11-01).
  10. (Gaztelaniaz) «Durangaldeko ipuinak = Cuentos del Duranguesado - Bustintza, Ebaristo (Kirikiño); Lasuen Ozerin, Errose; Unzueta Zamalloa, Lourdes (ed.)» durangokoazoka.eus (kontsulta data: 2023-11-01).
  11. «'Errose Bustintza' kultur etxea, zabalik - Mañaria» Anboto.org (kontsulta data: 2020-03-04).
  12. «Errose Bustintza kultur etxeaz inkesta, zabaldu eta urtebetera - Mañaria» Anboto.org (kontsulta data: 2023-11-01).
  13. Kalzakorta Elorza, Javier. (1999). Errose Bustintza (1899-1953). Servicio Central de Publicaciones = Argitalpen Zerbitzu Nagusia ISBN 978-84-457-1443-0. (kontsulta data: 2023-11-01).
  14. (Gaztelaniaz) DURANGON. (2023-10-27). «Las Jornadas del Patrimonio se despiden con los cuentos de Errose Bustintza y gastronomía medieval» durangon.com (kontsulta data: 2023-11-01).
  15. «Errose Bustintza: Euskalerriko ipuñak» klasikoak.armiarma.eus (kontsulta data: 2023-11-01).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]