Eugenie Clark

Wikipedia, Entziklopedia askea

 

Eugenie Clark

Bizitza
JaiotzaNew York1922ko maiatzaren 4a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaSarasota (Florida)2015eko otsailaren 25a (92 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: birikako minbizia
Familia
Ezkontidea(k)ezezaguna  (1943 -  1947)
ezezaguna  (1950 -  1967)
Chandler Brossard (en) Itzuli  (1967 -  1969)
Igor Klatzo (en) Itzuli  (1970 -  1970)
ezezaguna  (1997 -  2000)
Hezkuntza
HeziketaNew Yorkeko Unibertsitatea
Hunter College (en) Itzuli
William Cullen Bryant High School (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakbiologoa, zoologoa eta iktiologoa
Enplegatzailea(k)Marylandeko Unibertsitatea
Lan nabarmenak
Jasotako sariak

Eugenie Clark (New York, AEB,1922ko maiatzaren 4aSarasota, Florida, 2015eko otsailaren 25a) Marrazoen Dama (The Shark Lady) izenez ere ezaguna, iktiologo estatubatuarra izan zen, itsaso tropikaletako arrain eta marrazoen portaerari buruz egindako ikerketengatik ezaguna. Aitzindaria izan zen urpekaritzan helburu zientifikoekin.[1]

Haurtzaroa eta hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Clark New Yorken jaio eta hazi zen. Bere ama, Yumico, japoniarra zen; aita, estatubatuarra, 2 urte bete baino lehen hil zen.[2] Yumico gero New Yorkeko enpresari gastronomiko batekin ezkondu zen, Masatomo Noburekin. 9 urte zituenean, Clark liluratuta geratu zen arrainekin New Yorkeko akuariora egindako bisiten ondorioz, eta arrainak, anfibioak eta narrastiak biltzen hasi zen familiaren sail txikian.[3]

Bachelor of Arts titulua jaso zuen Hunter Collegen (1942), non zoologian graduondoko bat egin zuen. Bere lehen maisutza (1946) eta doktorego titulua (1950) New Yorkeko Unibertsitatean lortu zituen, non bereziki baleztarrainetan eta lixetan interesatu zen. Bere Bachelor of Arts jaso eta gutxira, Clark Jideo Umaki izeneko pilotu batekin ezkondu zen. Bere ezkontzak 7 urte iraun zuen.[4]

Goi-mailako ikasketak egin zituen urteetan, ikerketa-jarduerak egin zituen La Jollako Scripps Institute of Oceanographyn, New Yorkeko Natur Historiaren Amerikar Museoan, Massachusettseko Woods Hole-ko Marine Biological Laboratoryn eta Biminiko Lerner Marine Laboratoryn. 1949an hasi zuen bere ikerketa-bidaiarik luzeena, Itsas Ikerketa Bulegoak Mikronesian ikerketa zientifikoak egiteko babestutako programa batean parte hartu zuenean. Urte batean, gutxi gorabehera, Guameko arrain-populazioari buruzko ikerketak egin zituen, baita Marshall uharteetan, Palau uharteetan, Iparraldeko Mariana uharteetan eta Karolina uharteetan ere. Mikronesian egindako ikerketek eta bidaiek osatu zuten bere lehen liburuaren gaia, Lady with a Spear (1953). Liburuak oso harrera ona izan zuen, hainbat edizio eta beste hizkuntza batzuetarako itzulpenekin.[3]

Doktoretza-ikasketak ezpata-buztaneko arrain-espezieen ugalketari buruzko ikerketara bideratu zituen.[5] 1950ean, doktoretza lortu ondoren, Fulbright Programako beka bat jaso zuen iktiologia ikasketak jarraitzeko Hurghadako Marine Biological Station-en, Egiptoko Itsaso Gorriaren iparraldeko kostaldean. Hurgadako egonaldian, bigarren aldiz ezkondu zen Ilias Papakonstantinou mediku greziarrarekin. Bi alaba eta bi seme izan zituzten: Hera, Aya, Themistokles Alexander, eta Nikolas Masatomo.[3]

Karrera akademikoa eta zientifikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Clark Sarasotako Cape Haze Marine Laboratory zenaren (orain Mote Marine Laboratory) zuzendari sortzailea izan zen (1955etik 1967ra).[6] 1968an, Clark College Parkeko Marylandeko Unibertsitateko fakultatean sartu zen. Irakaskuntzatik erretiratu zen arren, Ikertzaile Zientifiko Senior eta Zoologiako irakasle emeritu tituluak mantendu zituen hil zen arte. Hitzaldiak eman zituen Estatu Batuetako 60 ikastetxe eta unibertsitatetan eta 19 herrialdetan baino gehiagotan.[7]

Clarkek arrainen portaera, ekologia eta taxonomia aztertu zituen 50 urte baino gehiagoz, batez ere marrazoei buruz. Hainbat erakundek babestu dituzte bere ikerketak, hala nola Zientziarako Fundazio Nazionalak, Smithsonian Institution-ek, National Geographic Society-k eta Ozeano eta Atmosferaren Administrazio Nazionalak. Zientzietako ohorezko hiru doktorego jaso zituen (Massachusettseko Unibertsitatetik, Long Islandeko Unibertsitatetik eta Guelpheko Unibertsitatetik), eta sari ugari National Geographic Society, Explorers Club, Underwater Society of America, American Littoral Society, Women Divers Hall of Fame eta beste erakunde batzuen eskutik. 1976an Zientziaren Aurrerapenerako Elkarte Estatubatuarreko kide bihurtu zen, eta 1994an Ozeanografoen Elkarte Amerikarrak Bikaintasunaren Domina eman zion. Hainbat arrain espeziek bere izena daramate bere omenez: Callogobius clarki, Sticharium clarkae (George and Springer), Enneapterygius clarkae (Holleman), Atrobucca geniae (Ben-Tuvia and Trewavas) eta Squalus clarkae, Genie's dogfish bezala ere ezaguna.[8]

Clarkek 40 urte baino gehiagoz egin zuen igeri marrazoekin. Bere ikerketaren fase batean, Pardachirus marmoratus arrain zapalak ukitzean jariatutako esne-likido batek marrazoen uxagarri gisa balio zuela ikusi zuen. Itsasoan egindako probetan, marrazoek janari bezala eskainitako Pardachirus marmoratus jatea saihesten zutela egiaztatu zen.[9][3]

Jendeak galdetzen zion ea inoiz marrazoek eraso ote zioten, eta Clarkek erantzuten zuen behin bakarrik, baina uretatik kanpo: eskola batera zihoan marrazoei buruzko hitzaldi bat ematera, eta hiru metro eta erdiko tigre-marrazo baten masailezur disekatu bat zeraman laguntzailearen eserlekuan. Semaforo batean bat-batean frenatuz, besoa luzatu zuen, masailezurrak kotxea kaltetu ez zezan. Hortzak besoan hondoratu zitzaizkion, eta Clarkek zirkuluerdi itxurako hozkada bat lortu zuen.[7][3]

Clarken ikerketek munduan barrena eraman zuten. Etiopiara eraman zuen Emakume Geografoen Elkartearen bandera, eta uraren azpitik Japonian eta Egipton. National Geographic Societyren bandera Egipto, Israel, Australia, Japonia eta Mexikora eraman zuen. Bizitza osoan jarraitu zuen arrainak ikertzen urpean igeri eginez.

Clark-ek bere ikerketa zientifikoen abenturak eta emozioa partekatzen zituen argitalpen akademikoetan, hitzaldietan eta telebistako agerpenetan, eta National Geographic eta Science Digest-en gisako aldizkari herrikoietako artikuluetan. Gainera, hiru liburu idatzi ditu: Lady with a Spear (1951), Mikronesian eta Itsaso Gorrian izandako abenturak deskribatzen dituena; The Lady and the Sharks (1969), Cape Haze Marine Laboratory-ren hasierak kontatzen dituena; eta The Desert Beneath the Sea (1991), Ann McGovernekin idatzitako haurrentzako liburua, itsasoaren hondar hareatsua ikertzeko lan zientifikoa deskribatzen duena.[3]

Clark 2015eko otsailaren 25ean hil zen 92 urterekin, Sarasotan (Florida).[10]

2020an, José I. Castro zientzia-doktoreak "Genie The Life & Recollections of Eugenie Clark" liburua idatzi zuen, Eugenie Clarken bizitzari eta lorpenei buruzkoa.[11]

2022ko maiatzaren 4an, Clark-en 100. urtebetetzea izango zenean, Estatu Batuetako Posta Zerbitzuak zigilu batekin omendu zuen. Bertan marrazo bat eta Clark urpekari jantzita agertzen ziren.[12]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Stadler, Marta Macho. (2016-05-04). «Eugenie Clark, ictióloga» Mujeres con ciencia (Noiz kontsultatua: 2024-05-13).
  2. Clark, Eugenie. (1953). Lady with a spear. New York, Harper (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  3. a b c d e f (Gaztelaniaz) Stadler, Marta Macho. (2021-06-01). «Eugenie Clark, la dama de los tiburones» Mujeres con ciencia (Noiz kontsultatua: 2024-05-13).
  4. «Eugenie Clark , MSA SC 3520-13574» msa.maryland.gov (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  5. «Remembering Mote’s “Shark Lady”: The Life and Legacy of Dr. Eugenie Clark | News & Press» mote.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  6. «Dr. Eugenie Clark Home Page» web.archive.org 2014-03-02 (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  7. a b «Eugenie Clark, Maryland Women's Hall of Fame» web.archive.org 2012-10-03 (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  8. «Kinder, Gentler Shark Deterrents» www.elasmo-research.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  9. Helm, Thomas. (1961). Shark! Unpredictable killer of the sea. New York, Dodd, Mead (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  10. (Ingelesez) Andrea Stone. (2015). ««'Shark Lady' Eugenie Clark, Famed Marine Biologist, Has Died»» National Geographic (National Geographic) (Noiz kontsultatua: 2024-05-12).
  11. «The life and recollections of Eugene Clark». Save Our Seas Foundation.
  12. Montgomery, Ben. (2022). "Shark Lady" Eugenie Clark honored with Forever stamp". . Axios (website)/Axios Tampa Bay..

Irakurketa gehiago[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Balon, E.K., Michael N. Bruton, and David L.G. Noakes (eds.). 1994. An Anthology in Honour of Women Ichthyologists ET, Ro, and Genie. Kluwer Academic Publishers. (Dedicated to Clark)
  • Butts, Ellen & Joyce Schwartz. 2000. Eugenie Clark: Adventures of a Shark Scientist, Linnet Books, Connecticut. (Biography of Clark)
  • Brown, R., and J. Pettifer. 1985. The Nature-Watchers, Collins, London, pp. 17–22 and 37–45.
  • Castro, Jose I. 2020. Genie: The Life & Recollections of Eugenie Clark. Save Our Seas Foundation.
  • Ellis, R. 1976. The Shark Book, Grosset and Dunlap, New York.
  • Emberlin, D. 1977. Contributions of Women in Science, Dillon Press.
  • Facklam, Margery. 1978. Wild Animals, Gentle Women, Harcourt Brace Jovanovich.
  • Garber, N. 1967. Your Future In Oceanography, Rosen Press, New York.
  • Hauser, H. 1976. Women in Sports, Harvey House, New York.
  • Hauser, H. 1987. Call to Adventure, Bookmaker Guild, Longmont, CA. pp. 137–145.
  • Hauser, H. 1990. The Adventurous Aquanaut, pp. 201–216.
  • Keating, Jess. 2018. "Shark Lady: The True Story of How Eugenie Clark Became the Ocean's Most Fearless Scientist", Sourcebooks, Illinois. (Picture book)
  • Kenny, Katherine, and Eleanor Randrup. 2010. Courageous Women of Maryland, Schiffer Publishing, pp. 27–31, 103–104.
  • LaBastille, Ann. 1980. Women and Wilderness, Sierra Club.
  • McGovern, Ann. 1978. Shark Lady, True Adventures of Eugenie Clark, Four Winds Press, New York. (Biography of Clark)
  • McGovern, Ann. 1998. Adventures of the Shark Lady: Eugenie Clark Around the World, Scholastic Book Services, New York. (Biography of Clark)
  • Polking, Kirk. 1999. Oceanographers and Explorers of the Sea, Enslow Publishers.
  • Rappaport, D. 1991. Living Dangerously, Harper & Collins, pp. 71–86.
  • Stone, Andrea. "'Shark Lady' Eugenie Clark, Famed Marine Biologist, Has Died." National Geographic. National Geographic Society, 25 Feb. 2015.
  • Taylor, V. 1979. Great Shark Stories, Harper and Row, New York.
  • Trupp, Phil. 1998. Sea of Dreamers, Fulcrum Publishing, Colorado, pp. 164–187.
  • Yount, Lisa. 1994. Contemporary Women Scientists, Facts on File, New York, pp. 54–71.

Kanpo estetak[aldatu | aldatu iturburu kodea]