Palau

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Palauko Errepublika
Beluu er a Belau
Republic of Palau
Bandera Armarria
Goiburua: Rainbow's End
Ereserkia: Belau rekid
HiriburuaNgerulmud[1]
Hiri handiena Koror
Hizkuntza ofiziala(k) ingelesa, palauera[2]
Herritarra palauar
Gobernua Errepublika
AEBekin elkarte askean
 -  Presidentea Thomas Remengesau Jr.
Independentzia
 -  Ameriketako Estatu Batuetatik 1994ko urriaren 1a 
Azalera
 -  Guztira 459 km2 (180.)
 -  Ura (%) baztergarria
Biztanleria
 -  2016[3] zenbatespena 21.503 (224.)
 -  Dentsitatea 46,7 bizt./km2
Dirua Estatubatuar dolarra (USD)
Ordu-eremua (UTC+9)
Aurrezenbakia 680
Internet domeinua pw

Palau, izen ofiziala Palauko Errepublika[4] (palaueraz: Beluu er a Belau; ingelesez: Republic of Palau) Ozeano Barean kokatutako uharte-estatu burujabea da, 340 uharte inguruk osatua. 459 kilometro koadroko eremua du, eta 21.503 biztanle zituen 2016an.[3] Hiriburua Ngerulmud da, eta hiri handiena Koror.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palau Mikronesian dago, Papua Ginea Berritik 650 kilometro iparraldera, Filipinetatik 890 kilometro ekialdera, Guametik 1.330 kilometro hego-mendebaldera eta Tokiotik 3.200 kilometro hegoaldera dago. 8 uharte nagusik eta 250 atoloi baino gehiagok osatua da; uharte nagusiak Angaur, Babeldaob, Koror eta Peleliu dira. Sumendi uharteak edo koralezkoak dira, eta erdia baino gehiago hutsik daude. Mendirik altuena Ngerchelchuus (242 metro) da, Babeldaob uhartean dagoena.

Babeldaob, Koror eta Peleliu uharri-gune berean daude. Angaur, aldiz, uharte ozeaniko bat da, hainbat kilometro hegoalderantz. Kayangel atoloia uharte hauen iparraldean kokatzen da. Uhartedi nagusitik 600 kilometrora Hego-mendebaldeko uharteak daude (sei uharte); Hatohobei eta Sonsorol estatuak osatzen dituzte.

Klima ekuatoriala dute, oso beroa eta hezea. Euria urte osoan egin dezake, guztira 3.800 milimetro, nahiz eta uztaila eta urria bitartean gehiago egiten duen. Tifoi eskualde nagusitik kanpo dago eta, hortaz, bakan izaten dira.


Datu klimatikoak (Palau Islands, 1961–1990)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 30.6 30.6 30.9 31.3 31.4 31.0 30.6 30.7 30.9 31.1 31.4 31.1 31
Batez besteko tenperatura (ºC) 27.3 27.2 27.5 27.9 28.0 27.6 27.4 27.5 27.7 27.7 27.9 27.7 27.6
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 23.9 23.9 24.1 24.4 24.5 24.2 24.1 24.3 24.5 24.4 24.4 24.2 24.2
Euria (mm) 271.8 231.6 208.3 220.2 304.5 438.7 458.2 379.7 301.2 352.3 287.5 304.3 3758.3
Euri egunak (≥ 1 mm) 19.0 15.9 16.7 14.8 20.0 21.9 21.0 19.8 16.8 20.1 18.7 19.9 224.6
Eguzki orduak 198.4 194.9 244.9 234.0 210.8 168.0 186.0 176.7 198.0 179.8 183.0 182.9 2357.4
Iturria: Hong Kong Observatory,[5]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Palauko historia»

Lehenbiziko biztanleak K. a. 3. edo K. a. 3. milurtekoan iritsi ziren Palaura, Indonesia edo Filipinetatik ziur asko.[6] Irletako hilerriak Ozeania osoko ehorzketa-zeremoniaren arrastorik zaharrenak dira.[7] Pigmeo populazio bat ere izan zen, duela 900 urte inguru desagertu zena.[6] Ehunka urtez, palauarrek gizarte matrilineala izan dute; praktika horrek aurrekariak ditu Javan. Palauko usadioaren arabera, lurra, dirua eta tituluak emakumezkoen bidez oinordetzen ziren. Klanetako lurrak emakume tituludunen eta lehen alaben bitartez jaraunsten jarraitzen dute. Hala ere, Japoniak sartutako sentimendu patrilineala indarra hartzen ari da.

Kororko buruzagiak 1915ean.

Zalantzan dago noiz gertatu zen lehendabiziko kontaktua Europarrekin . Ez dago argi Rui Lopez de Villalobos itsasgizonak 1543an irlak ikusi zituen edo ez. Erabateko frogarik ez dagoen arren, aditu batzuen ustez baliteke hegoaldeko uharteak ikusi izana. Nolanahi ere, europarrek aurkitu zuten Ozeano Bareko azken uharteetakoa izan zen Palau. Guam, Marianak, Mikronesia eta Marshall Uharteak bezala, Palau Espainiako Ekialdeko Indietako zati izan zen, eta filipinetatik gobernatu zuten, 1898ko Espainia-Estatu Batuak Gerra arte. Desagigoaren ostean, Alemaniari saldu zizkion uharteak Espainiak.

1914-1944 bitartean Japoniaren mendeko lurraldea izan zen. Hiru hamarkada horietan, Japoniak kultura aldaketa ezarri zuen, eta merkatuko ekonomiak amaiera eman zion tribuen jabetzari. Japoniarrek han ezarri zuten beren itsas base handiena Bigarren Mundu Gerran, eta Estatu Batuek base hura mendean hartu zutelarik, Nazio Batuen Erakundeak Estatu Batuen babespean jarri zuten Palau 1947an. Bigarren Mundu Gerraren amaierarako Palauko bertako biztanleen kopurua 45.000tik 6.000ra murriztu zen.

1978an, Palauk uko egin zion Mikronesiako Estatu Federatuetan sartzeari, hizkuntza eta kultura desberdintasunak zirela-eta. 1979an konstituzio bat idatzi zen; konstituzio haren arabera arma nuklearrak edo hondakin erradioaktiboen biltegiak ezartzea debekatzen zen, atzerritarrei bertako lurrak erostea eragozten zitzaien, etab. Baina, Estatu Batuen presioen ondoren, konstituzioan hainbat aldaketa sartu ziren eta Estatu Batuekiko elkartasun askeko hitzarmena onartu zen 1987an. Hurrengo urtean legez kanpo utzi zen konstituzioaren aldaketa baina, azkenean, 1994an onartu zen Estatu Batuekiko hitzarmena. Palau Estatu Batuei elkarturiko estatu burujabe bihurtu zen horrela (Estatu Batuen esku dago Palauko defentsaren ardura). Burujabetasuna lortu ondoren eta 2001. urtea arte, Kuniwo Nakamura izan zen Palauko agintaria. 2000, 2004, 2012 eta 2016an, Tommy Remengesau hautatu zuten lehendakari.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo konstituzioa 1981ean sartu zen indarrean. Konstituzio horren arabera, herrialdea errepublika demokratikoa da; presidentea da estatuburua eta gobernuburua. Aginpide legegilea Senatuak eta Ordezkarien Ganberak osaturiko Nazio Biltzarraren esku dago. 2006an hiriburua Kororretik Melekeok estatuko Ngerulmud herrixkan eraikitako bulego berrietara lekualdatu zen.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Palauko estatuak»
Palauko hamasei estatuak.

Palau hamasei estatutan banaturik dago (1984ra arte udalerri estatusa zutenak):

Estatua Eremua (km2) Biztanleria (2012)
Flag of Aimeliik.svg Aimeliik 44 281
Flag of Airai State.png Airai 59 2.537
Flag of Angaur State.png Angaur 8,06 130
Flag of Hatohobei.svg Hatohobei 0,9 10
Flag of Kayangel State.png Kayangel 1,7 76
Flag of Koror State.png Koror 60,52 11.670
Flag of Melekeok.png Melekeok 26 300
Flag of Ngaraard State.svg Ngaraard 34 453
Flag of Ngarchelong.svg Ngarchelong 11,2 281
Flag of Ngardmau State.png Ngardmau 34 195
Flag of Ngeremlengui State.png Ngaremlengui 68 310
Flag of Ngatpang State.png Ngatpang 33 257
Flag of Ngchesar State.png Ngchesar 43 287
Flag of Ngiwal State.png Ngiwal 17 226
Flag of Peleliu State.png Peleliu 22,3 510
Flag of Sonsorol.svg Sonsorol 3,1 42

Historikoki, biztanlerik gabeko Chelbacheb edo Rock Islands uhartediak ez du estaturik osatu, eta ez da inongo estaturen barruan sartua, baina Kororrekin lotu ohi da.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

21.503 biztanle zituen 2016an.[3] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %19,7 dira, 15-24 urte bitartekoak %16,6, 25-54 urte bitartekoak %45,9, 55-64 urte bitartekoak %9,7 eta 65 urtetik gorakoak %8,1. Bizi itxaropena 73,4 urtekoa da; 70,2 urtekoa gizonezkoena eta 76,8 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak).[8]

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palauarrak %73 dira, karolinarrak %2, eta asiarrak (filipinarrak, txinatarrak eta korearrak batez ere) %21,7 (2015eko datuak).[8]

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palau osoan bi hizkuntza ofizial daude: ingelesa eta palauera; azken hau ez da, inguruko hizkuntza gehienak bezala, hizkuntza polinesiarra edo mikronesiarra eta, Marianetako chamorrorekin batera, azpitaldea osa lezake familia malayo-polinesiarrean.

Palauko estatu batzuetan beste hizkuntza batzuk ere dira koofizialak[9]:

Oso hiztun gutxi dituzten azken bi hauek hizkuntza mikronesiarrak dira, eta uhartedi nagusitik aldenduta dauden uharte horietan mintzatzen dira. Arrazoi historikoengatik japonierak zabalpen handia izan du, eta tagaloa da uhartediko laugarren hizkuntza, inolako estatus ofizialik gabea; batez ere 1990eko hamarkadatik aurrera Filipinetatik etorritakoen hizkuntza da.

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katolikoak %45,3 dira, protestanteak %34,9 (ebanjelikoak %26,4, adbentistak %6,9), Modekngeiren jarraitzaileak %5,7, musulmanak %3, mormoiak %1,5 (2015eko datuak).[8]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palauko Rock Islands, turismo erakargarrietako bat.

Ekonomiari dagokionez, ez da herrialde aurreratua, eta Estatu Batuen laguntza tekniko zein ekonomikoaren mende dago. Nekazaritza bertako beharrak asetzera bideratua da; fruta tropikalak lantzen dira batez ere. Arrantza ere egiten da, eta diru asko ateratzen du estatuak atzerriko itsasontziei arrantzarako baimenak saltzetik; dena dela, legez kanpoko arrantza oso zabalduta dago. Turismoa garrantzi handiko jarduera eta atzerriko dibisen iturria da, baina eragozpen handiei aurre egin behar izan die, uharteetara iristeko eragozpenak eta azpiegitura kaskarrak zirela-eta; azken urteetan aurrerapen handiak egin dira, Ozeano Bareko hegazkin bidezko komunikazioaren garapenari esker batez ere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. 2006an gobernuko bulegoak Melekeok estatuko herrixka honetan egindako eraikin berrietara lekualdatu ziren.
  2. Palau osoan; zenbait estatutako hizkuntza koofizialez, ikus "Hizkuntzak" azpiatala.
  3. a b c World Population Prospects: The 2017 Revision, esa.un.org
  4.   38. araua - Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak Euskaltzaindia https://www.euskaltzaindia.eus/dok/arauak/Araua_0038.pdf. Noiz kontsultatua: 2010-12-29 .
  5. Txantiloi:Erreferentziak
  6. a b   Palau Historical Boys' Clothing, histclo.com http://histclo.com/country/oce/pal/co-pal.html. Noiz kontsultatua: 2018-8-21 .
  7.   Fitzpatrick, Scott M. Early human burials in the western Pacific: evidence for c.3000 year old occupation on Palau users.clas.ufl.edu http://users.clas.ufl.edu/krigbaum/6930/fitzpatrick_antiquity_2003.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-8-21 .
  8. a b c   Palau cia.gov https://www.cia.gov/library/publications/the-world-factbook/geos/ps.html. Noiz kontsultatua: 2018-8-21 .
  9. Palau Ethnologue webgunea, ethnologue.com.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Palau Aldatu lotura Wikidatan