Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Euskal gramatika

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Euskal gramatika euskararen gramatika da. Kontzeptua euskara batuaren gramatikaz aritzeko erabiltzen da batez ere.

Ahaiderik gabeko hizkuntza dugu euskara. Baditu euskararen gramatikak zenbait bereizgarri nabarmen. Asko dira eta askotarikoak, ikuspuntua zein den, baina badira batzuk guztietatik bereziki gogoan hartzekoak. Atal honetan euskararen berezko ezaugarri funtsezko batzuk hartu ditugu aztergai, uste baitugu horiek ongi ematen dutela gure hizkuntzak dituen berezitasunen berri[1].

Bereizgarri tipologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahaiderik gabeko hizkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskararen jatorria»

Hizkuntzek desberdintasun handiak dituzte elkarren artean. Batzuetan, egitura dela eta, lexikoa dela eta, fonologia dela eta, elkarren artean hurbilago edo urrunago egon daitezke, baina bistakoa da hizkuntzek erakusten dizkiguten ezaugarriek berezitasunak markatzen dituztela elkarren artean[1].

Euskara, jakina denez, bakarrik dago munduan. Hizkuntza bezala ez du seniderik, ez zaio ezagutzen ez amarik ez aitarik, ez beste haurriderik ere, eta ezagutzen ditugun hizkuntzekin alderatuz gero, ez dago munduko beste batekin erlazionatzeko modurik. Jendaki ezagunik gabeko hizkuntza da. Ikerketa serio guztiek hori erakutsi digute orain arte.

Bakarrik egote horrek ez du esan nahi, jakina, ez duela inolako harremanik inguruko hizkuntzekin: hauek indoeuroparrak dira jatorriz, baina ez da holakorik gertatzen euskararekin. Hiztegi mailan, esate baterako, ehunka hitz hartu ditu euskarak latinetik, eta egunero hartzen ditu hitzak gaztelaniatik, frantsesetik edo ingelesetik. Egun ere gertatzen da hori. Batzuetan egitura osoak hartzen ditu, eta hartu izan ditu historian zehar: “orain etorri da” esaten badugu, adibidez, latinaren eraginak sortutako egitura da hori. Etengabe gertatzen dira holakoak, eta ez gara konturatu ere egiten gertatzen den horretaz. Horrekin batera, esan behar da euskarak dituen ezaugarri nagusi batzuk beste hizkuntza batzuetan ere ikus daitezkeela: esaten denean, adibidez, egitura zenbait baduela euskarak hungarieraz edo japonieraz ere aurki daitezkeenak, ez gara gezurrik esaten ari. Baina ezaugarri horiek ez dute inolako familia loturarik erakusten. Azken batean hizkuntza natural guztiek baliabide jakin batzuk erabiltzen dituzte: hots batzuk, sistema sintaktiko batzuk, hizkuntza osatzen duten elementuen arteko lotura batzuk… eta hori hola izanik, ez da harritzekoa batere, ezaugarri horiek han-hemenka errepikatzea.

Egoera hau, euskararen bakartze hau esan nahi dugu, aski berezia da, baina ez da euskararekin bakarrik gertatzen, bai baitira munduan beste zenbait hizkuntza, euskara bezain isolatu ageri direnak, familiarik gabeak. Europan ere: suomiera (finlandiera), hungariera eta Kaukaso aldeko hizkuntzak ere ez dira indoeuroparrak. Arruntean munduko hizkuntzak familiaka sailkatzen dira, taldeka. Hizkuntzen arteko erlazioen berri dokumentu historikoek ematen dute, konparazio sistemek, zeharkako datuek… horietaz baliatzen dira filologoak hizkuntzen arteko erlazio eta harremanen berri emateko orduan. Hola, hizkuntza erromanikoak, adibidez, latinetik sortu direla esaten dugu. Horregatik deitzen ditugu latin hizkuntzak. Bada lekukotasun asko testuetan hori hala gertatu dela baieztatzeko.

Euskara, pro-drop hizkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Askotariko komunztadura izan da aipatu dugun azken bereizgarria eta batzuen ustez, bederen, beste ezaugarri tipologiko batekin lot daiteke, hots, pro-drop hizkuntza izatearekin, nahiz eta bi ezaugarriak ez diren nahitaez uztartzen. Pro-drop deitura pronoun dropping-en laburdura da, hots, izenordaina isiltzeko hizkuntza batzuek erakusten duten gaitasuna. Horrela nik hari liburuak ekarri dizkiot esaten dugu, baina berdin esan dezakegu, informaziorik galdu gabe, ekarri dizkiot. Esan, horrela esaten da gainera, gehienetan, baldin testuingurutik badakigu ekarri ditugun zer horiek liburuak direla[1]..

Ekarri dizkiot adizki soileko perpausa da, eta hor ez daude agerian ez subjektuari ez zehar objektuari ezta osagarri zuzenari ere dagozkien pertsona izenordainak, nik, hari eta haiek, hurrenez hurren. Izenordain horiek guztiak isildu egin dira eta isildu arren, gramatikala da perpausa.

« Izenordainak isiltzeko gaitasuna duten hizkuntzei deritzegu pro-drop hizkuntzak: euskara eta japoniera dira bi adibide ezagun. »


Beste hizkuntza batzuetan, isildu daitekeen izenordain bakarra subjektuarena baino ez da, eta halakoetan, subjektu isileko hizkuntzez hitz egiten dugu. Gaztelania edo katalana dira halako hizkuntzak. Adibidez, vengo tarde berandu nator esan daiteke yo ni pertsona izenordaina isilduz eta perpausa gramatikala da erabat, baina hortik aurrerako osagarri zuzena edo zehar osagarria ezin daitezke isildu. Adibidez, *traigo ‘dakart’ soila jasotzen duen perpausa ez da gramatikala da, hau da, dakardana agerian adierazi behar dugu pertsona izenordaina isildu gabe: lo traigo ‘dakart’. Beste hizkuntza batzuetan, aldiz, ezin daiteke subjektua ere isildu, eta ez bestelako argumenturik, noski. Hizkuntza erromanikoen artean hori gertatzen da frantsesez, adibidez, eta hizkuntza familia horretatik kanpo, ingelesez:

  • nator
  • *viens, *come
  • Je viens, I come

Hizkuntza horietan hainbestekoa da subjektu ageriaren (“entzuten” den subjektua esan nahi dugu) premia, non izenordain espletiboen bidez bete behar baita subjektuaren egongune hori.

  • gaur euria egingo du
  • *today will rain, *aujourd’hui pleura
  • today it will rain, aujourd’hui il pleura

Subjektu betegarri bat eman behar da perpaus gramatikala izango bada.

Aditz laguntzailea txandakatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikusten denez, asko dira euskarak dituen bereizgarriak: besteak beste, SOA hizkuntza da, hizkuntza ergatiboa, baita pro-drop hizkuntza ere. Horiek guztiak euskararen ezaugarriak dira, eta beste hizkuntza asko guztiz desberdinak dira puntu horietan. Hizkuntzen arteko desberdintasunak parametroen bidez azaltzen ditugu, parametroak baitira hizkuntzen arteko aldakortasun ardatzak: adibidez, hitz hurrenkeraren parametroari zor zaio euskara SOA hizkuntza izatea (buru-parametroa da bere izen teknikoa), ergatibotasunaren parametroari hizkuntza ergatiboa izatea, pro-drop parametroari pro-drop izatea. Alabaina, aldakortasunaren parametroak ez dira nahikoa izan hizkuntzen alderdi bereizgarriak azaltzeko, eta parametro horietatik kanpo bilatu behar ditugu euskarak eta beste hizkuntza batzuek erakusten dituzten zenbait ezaugarri berezi. Horietako bat da, adibidez, aditz laguntzailea txandakatzea[1].

Bereizgarri horietaz (eta gainerakoez ere), ez gara jabetu ere egiten, baina esanguratsua da euskara beste hizkuntza batzuekin alderatzen dugunean. Ikus ondoko perpaus hauek, esate baterako:

  • zu berandu etorri zara
  • zuk trena galdu duzu

Izatez, bi perpaus ditugu hor, aditz iragangaitzekoa lehena (etorri) eta iragankorrekoa bigarrena (galdu), eta aditz mota bakoitzarekin aditz laguntzaile bat edo bestea darabilgu: izan laguntzailea etorri aditz iragangaitzarekin eta *edun laguntzailea galdu aditz iragankorrarekin. Ohartzen garenez, *edun laguntzaileari aurretik izartxoa jartzen zaio, ez delako berez dagoen-dagoenean, forma horrekin, ager daitekeen aditza, izan ager daitekeen bezala (etxean izan da / *arazoa edun du): datu morfologikoen arabera berreraikitako forma da. Beraz, izan/*edun aditz laguntzaileen artean hautatzen du euskarak, aditz nagusia eta perpausa nolakoa den:

  • txakurra etorri da
  • esan duena entzun dugu

Kontura gaitezen, zer adierazi nahi dugun argi uzteko, ez dela hori gertatzen gaztelaniaz, adibidez:

  • ha venido el perro
  • hemos oído lo que ha dicho

Bietan haber aditza dugu, ez euskaraz bezala bi aditz.

Datiboa erants dezakegu batzuetan, eta aditz berak erabiltzen ditugu orduan ere:

  • txakurra etorri zaigu
  • esan duena entzun diogu

Batzuetan aditzek berez eskatzen dute datiboa:

  • niri kakaoa gustatzen zait
  • nik zuri katilua eman dizut

Adibidez, gustatu aditz psikologikoa dugu lehen perpausean, datibo eta absolutibo argumentuak hautatzen dituena, eta zait adizkian ikus daitekeenez, izan bera da aditz laguntzailea, nahiz eta datibo komunztadura ere biltzen duen. Eman aditz iragankor datibodunarekin (ditrantsitibo ere deituak), berriz, dizut adizkia dago. Adizki horretan ez dugu morfologikoki agerian *edun-en aditz erroa, hots, -u-, dut forma datibo komunztadurarik gabean ez bezala. Alabaina, printzipioz *edun bera dela uste izan dute gramatikari batzuek. Beste batzuek, aldiz, kontuan izanik euskalkien arabera deutsut, dautzut, derautzut, deizüt… bezalako adizkiak erabiltzen direla, -i- horretan (dizut) aditz baten erroa ikusi dute. Zernahi gisaz aditz laguntzailearen hautaketa, hemen ikusten den gisan, zabaldu egiten da datiboa gaineratzen duten egituretara ere. Azkenik, hautaketa hori are konplexuagoa gertatzen da: izan eta *edun aditz laguntzaile iragangaitz eta iragankorraz gain, *edin eta *ezan aditz laguntzaileak ere erabiltzen baitira euskaraz, denbora eta modua zein den, geroago xehetasunez azalduko dugun bezala.

Italierak ere bereizten ditu aditz laguntzaileak, eta banaketa hori antzematen da baita aditza inakusatiboa edo inergatiboa denean ere, euskararen antzera:

  • je suis venu
  • j’ai skie
  • sono venuto
  • ho sciato

Beste hizkuntza batzuek, ordea, aditz laguntzaile bakarra erabiltzen dute forma analitiko batzuetarako (adizki perifrastikoak, esan nahi dugu): gaztelaniak, esaterako, haber aditz laguntzailea erabiltzen du predikatu iragangaitz (he venido ‘etorri naiz’) zein iragankorrekin (he leído un libro ‘liburu bat irakurri dut’). Baina egituraz aldatzean posible da beste aditz laguntzaile bat aukeratzea: berriz ere gaztelaniara itzuliz, ser aditz laguntzailea ageri da egitura pasiboetan, adizkietan (fue arrestado ‘atxilotua izan zen’).

Beste hizkuntza batzuek, ordea, ez dute halako aditz laguntzaile hautaketarik erakusten: hori gertatzen da txekieraz edo bulgarieraz, adibidez, eslabiar hizkuntzen arteko bi aipatzeagatik.

Ondoko bi perpaus hauek dira, orain arte esana kontuan hartzen badugu, euskararen egitura arruntenak:

  • jendea etorri da
  • jendeak gezurrak esaten ditu

Iragangaitza lehenbizikoa, iragankorra bigarrena. Aditz laguntzailea izan da lehenbizikoan, eta edun bigarrenean. Aditz laguntzaileez ari garenez, aipa ditzagun beste zenbait kasu, non ikus baitaiteke laguntzailearen aldaketa hori beste egitura batzuetan.

  • jendeak gezurrak esaten ditu
  • orain gezurrak esaten dira (Izatez inpertsonala da, baina hemen egitura interesatzen zaigu)

Aurrekoarekin erkatuz, han objektu zuzena zena (gezurrak) orain subjektu bihurtu da. Ikus daitekeenez, honek pasiboen itxura hartzen du. Pasiboen eredu garbia duten hizkuntzetan (gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez…) gramatikariek aldaera horren berri eman dute: nolabait esateko, objektu zuzena subjektuaren tokira igo dela esaten da, eta aktiboan subjektu zena orain “por, par edo by” bezalako preposizioek osatutako sintagma batean biltzen dela: por el profesor; par le professeur; by the teacher. Egia da gezurrak esaten dira bezalako perpaus batean ez dugula holako postposizio sintagmarik (*gezurrak esaten dira jendeaz), eta irakurketa beti inpertsonala dela, ez baitute egile gauzaturik onartzen. Argumentuen kopurua murriztu egiten da, eta haien nolakotasuna aldatu. Bestela, egitura pasiboen aski antzekoa dela esan daiteke. Hor ere laguntzailea aldatu da: *edun =⇒ izan.

Dakigun gisan, hala ere, euskal literaturan, batez ere ipar-ekialdeko idazleen lanetan, badira euskaraz beste hizkuntzetako pasibo “arruntak” bezalakoak:

  • Jainkoa deabruak tentatu zuen
  • Jainkoa deabruaz tentatua izan zen =⇒ pasiboa

Beste hauek ere parekoak dira:

  • Nehork, tentatzen denean, ezterrala Jainkoaz tentatzen dela; ezen Jainkoa ezin tenta daite gaizkiz, eta nehor eztu tentatzen = ‘Inork ere, norbaitek tentatzen duenean ez dezala esan Jainkoak tentatzen duela; ezen Jainkoa ezin tenta dezake gaitzak, eta berak ez du inor ere tentatzen’.

Jainkoaz (edo deabruaz, gorago) postposizio sintagma sintaktikoki adjuntu bat da (deabruak ez bezala), baina horrek ez ditu gauzak gehiegi aldatzen. Literatura tradizioko adibide gehienak (ez dira gehiegi) tankera horretakoak dira:

  • deabruaz poseditua
  • deabruaz tormentatua
  • deabruaz tentatua…

Egitura hori duten perpausak ikus daitezke testuetan, batez ere testu klasikoetan, esan bezala, baina aise gutxiago hizkera mintzatuan. Ez dute gramatikarien artean izen ona izan holako egiturek, eta hizkuntza kalkotzat hartuak izan dira. Bestetik, Jainkoa deabruagatik tentatua izan zen gisako perpausak, itxuraz pasiboen beste aldaera bat, geroago ikusiko dira.

Egitura pasiboak haien kideak diren egitura aktiboekin daude harremanetan:

  • Deabruak Jainkoa tentatu zuen ⇒ egitura aktiboa
  • Jainkoa deabruaz tentatua izan zen ⇒ egitura pasiboa

Bi esaldi horiek esanahi bera dute, baina egituraz ezberdinak dira. Egitura aktiboan bi argumentu daude, subjektua eta osagarria; aldiz, egitura pasiboan, lehengo osagarria, hots, Jainkoa oraingo subjektua da eta lehengo subjektua, deabruak, forma aldetik aukerakoa den (eta hortaz, isil daitekeen) adjuntu bat izatera igaro da. Kontuan izan behar dugu, esaten dugunaz jabetzeko, argumentuak (subjektua, osagarria eta zehar osagarria) perpauseko partaide nagusiak direla eta adjuntuak, ordea, sintaktikoki periferikoak. Esan nahi baita, aditzek ezinbestean eskatzen dituztela argumentu batzuk beren sare tematikoan: “norbait” etortzen da, “norbaitek” “norbaiti” “zerbait” erosten dio, “norbaitek” “norbait” tentatzen du, eta abar. Hori zehaztea ezinbestekoa dute etorri, erosi eta tentatu aditzek. Baina aditz horiek ez dute eskatzen “gaur” erostea edo etortzea edo tentatzea, “honenbestean” erostea, “diruarekin” edo beste zerbaitekin tentatzea, “norbaiten laguntzarekin” edo ez tentatzea, eta abar. Aditzek sare estu batean inguratzen dituzte beren argumentuak. Ordea, sare estu horretatik kanpo daude adjuntu deitzen ditugun sintagmak: gaur, adiskidearekin, goizik, hamar eurotan, deabruaz… Horregatik, azkeneko horiek, muineko partaideak ez direnez, isil daitezke edo besterik gabe ez dute zertan agertu.

Pasiboen multzo honetan bada beste egitura bat ere aski deigarria:

  • etxe hau deabruak egina da.

Aurrekoak bezalakoa da:

  • etxe hau deabruaz egina da
  • etxe hau deabruagatik egina da

Komunztadura eta sintagmen kokapena berdina da: badugu subjektu bat (etxe hau), izan aditza (da), komunztadura arrunta (etxe hau handia da esaten dugunean bezala), baina orain bada argumentu bat ergatiboan, berari legokiokeen laguntzailerik gabe: ergatiboak edun eskatzen du, baina hor izan dugu. Ohart gaitezen etxe hau deabruak egina da edo etxe hau deabruak egina du, bietara esaten dugula. Ez gara hemen barneko egituraz ari: segur aski ere, egitura diferenteak daude hor perpausean, egitura konplexuak nolanahi ere, Trask-ek (1980:301), Brettschneider-ek (1979: 371-384), eta Wilbur-ek (1979) esan duten gisan, hori ere azalduko da. Hemen aditz laguntzailearen aldaketen berri eman nahi dugu, ez besterik. Eta, ikusten denez, aditz laguntzaile desberdinak ditugu.

Ez dira horietan bukatzen eredu hedatuenetik (iragangaitz/iragankor arruntak) urruntzen diren egiturak. Badira etorri naiz/etorria naiz bezalakoak, eta ikusi ditut/ikusiak ditut bezalako bereizketak. Baina perpaus horien egitura edozein dela ere, ez da hor aditz laguntzailea aldatzen, eta ez ditugu, hortaz, hemen azalduko. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, beste bikote honekin:

  • (nik) gauza asko ikusi dut / (ni) gauza asko ikusia naiz

Hor bai, aditza aldatu egin da. Rebuschik (1984:437-448) antipasibo deitu zituen holako egiturak, 1972an Silverstein-ek (1972) proposatutakoari jarraiki.

Laguntzailea aldatu da baina komunztadura ez du abiapuntuko objektu zuzenarekin egiten (pasiboetan: objektu zuzena ⇒ subjektu), baizik lehenago ere subjektua zenarekin (antipasiboetan: subjektu ergatiboa ⇒ subjektu absolutibo)
Egitura aktiboa Egitura antipasiboa Egitura pasiboa
nik gauza asko ikusi dut ni gauza asko ikusia naiz etxea deabruak egina da
subjektu ergatiboa + objektua subjektu ergatiboa ⇒ subjektu absolutibo objektu zuzena ⇒ subjektu

Hor aldaketa bat gertatu da, baina aldaketa hori ez da pasiboetan gertatzen dena bezalakoa. Horregatik deitu zitzaien “antipasibo” egitura hauei, pentsatzekoa da. Gero euskal gramatikariek ere terminologia hori erabili dute (EGLU 20012:18, lekuko, edo Zabala 2003: 431). Baina handik urte batzuetara Rudolf de Rijk irakasleak kritika egin zion Rebuschiri, kontzeptu hori beste zerbaitetarako –itxuraz antzekoa, ez ordea, edukiz–, proposatu baitzuen Silversteinek. De Rijkek egitura parapasiboak deitzen ditu holakoak: gauza asko ikusia naiz. Egiazko antipasiboak txuktxieraz eta maiar hizkuntzetan aurki daitezke.

Baina gauza asko ikusia naiz bezalakoak ez badira antipasiboak, badira, hala ere, egitura antipasiboak euskaraz? Bai, R. De Rijken ustez (2008: 766-769). De Rijkek dioenez, (Ortiz de Urbina 1989: 203, 15. oinoharra) izan zen lehenbiziko ikertzailea egitura hauek zuzen kokatu zituena. Holako egitura gutxi ditugu, egia da. Segur aski aditz iragankorretatik sortuak dira, baina prozesua ez da emankorra. Antipasiboak dira baliatu aditzarekin sortutakoak, adibidez:

  • liburu horretaz baliatuko dira

Aditz hori erabili izan da historian, eta gaur ere Iparraldeko euskalkietan, aditz iragankor arrunta bezala:

  • liburu hori baliatuko dute

Badirudi egitura iragankor arrunt horretatik sortzen dela liburu horretaz baliatuko dira egitura antipasiboa. Antipasiboak gertatzen dira beste aditz batzuekin ere:

  • ahaztu › Andoni ahaztu dut / Andoniz ahaztu naiz
  • gogoratu › Andoni gogoratu dugu / Andoniz gogoratu gara
  • oroitu › oroituko zaitugu / zutaz oroituko gara
  • gozatu › film hori gozatu dugu / film horretaz gozatu gara

Baina prozesua ez da egun emankorra, eta ezin da esan hortaz egungo euskaran egitura antipasibo hauek sistematikoki aditz iragankorretatik sortzen direla. Ikusten denez, hauetan guztietan ere gertatzen da aditz laguntzailearen aldaketa.

SOA hizkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen oinarrizko ordena, ez markatua, alegia, SOA da[2]:

« Subjektua - Objektua - Aditza »


Horrek ez du esan nahi euskal perpaus guztiak, hitz egitean, ordena horretan ematen ditugula. Inondik ere ez. Baina esan daiteke badirela argumentu batzuk (argumentu sintaktikoak, hizkuntzaren prozesamenduak ematen dizkigunak, eta abar) hori onartzera makurtzen gaituztenak. Horretan ere bereizten da, argi eta garbi, inguruko hizkuntzetatik (gaztelania, frantsesa, ingelesa... SAO baitira oro har. Honek badu eragina hizkuntzaren prozesamendu kontuetan. Informazio honetaz “Hitz ordenaren kanonikotasuna eta buru parametroa” izeneko atalean ikus daiteke.

Euskararen hitz hurrenkera ez-markatua Subjektua-Objektua-Aditza (SOA) da, baina egia da euskaraz gazte horrek auto berria erosi du esaten badugu, perpaus horretan ageri diren hitzek beste hurrenkera asko onartzen dituztela:

  • auto berria erosi du gazte horrek ⇒ (OAS)
  • gazte horrek erosi du auto berria ⇒ (SAO)
  • erosi du gazte horrek auto berria ⇒ (ASO)…

Lehenbiziko hurrenkera bezain egokiak dira euskaraz, testuingurua nolakoa den eta zer adierazi nahi den. Gauza bera gertatzen da zeharkako osagarria sartu nahi izanez gero:

  • aitak amari gona gorria erosi dio
  • amari ekarri dio aitak gona gorria
  • gona gorria ekarri dio aitak amari

Denak dira euskara, eta horiek bezala, hemen ezarri nahi ditugun hurrenkera guztiak (Goenaga 1978).

Hala ere, lehenbiziko hurrenkera (gazte horrek auto berria erosi du) naturalago bezala sentitzen du hiztunak. Ez da kontua bigarrena (auto berria erosi du gazte horrek), adibidez, ezin dela erabili, arazorik gabe erabiltzen ahal baitugu. Baina badirudi bigarren hurrenkera horretan zerbait bereziagoa adierazi nahi dugula, zerbait markatuagoa. Ez gara zerbait neutroa kontatzen ari (zer gertatu da gaur?), baizik galdera bereziago bati erantzuten (zer erosi du gazte horrek?). Bigarren hurrenkera horrek badu bere gainean lehenbizikoak ez duen informazio gehigarri bat. Lehenbizikoarena, SOA, hurrenkera ez-markatua dela esaten dugu. Egia da hemen perpaus sinpleez ari garela, eta gauzak ez direla hain garbi perpausak luzatu eta mendeko perpausak ere erabiltzen ditugunean:

  • Hemen dauden guztiek Jaunak ez duela ezpatarik ez lantzarik behar gu salbatzeko jakingo dute

Esaldi hori baino naturalago erabiltzen dugu beste hau, osagarri luzea aditzaren eskuin aldera eramanez (Mujika, 2002: 51):

  • Hemen dauden guztiek jakingo dute Jaunak ez duela ezpatarik ez lantzarik behar gu salbatzeko

Ikus dezagun beste perpaus hau: zuk gizonari sagarra kendu diozu. Hori ere, aurrekoan bezala, modurik neutroenean eman dugu, nahiz bestelako hurrenkera asko onartzen dituen, denak gramatikalak, aldi bakoitzean dagokien erara molda daitezkeenak. Perpaus hori beste baten barnean txerta dezakegu, perpaus erlatibo baten barnean, esaterako:

  • zuk sagarra kendu diozun gizona gure osaba da

Hor ez da hain erraza bururatzen zaizkigun hurrenkera guztiak erabiltzea. Ezin dugu esan, adibidez;

  • *zuk kendu diozun sagarra gizona gure osaba da.

Perpaus erlatiboetako sintagmak ezin ditugu nolanahi jarri, eta hurrenkera batzuk bakarrik onartzen dituzte, ez besteak. Perpaus horretan, esate baterako, aditzak amaieran joan behar du:

  • [[zuk sagarra kendu diozun] gizona] gure osaba da

Zenbait argudiobide erabili izan dituzte gramatikariek (Gramatika Batzordea 1987) euskara SOA hurrenkerako hizkuntza dela erakusteko: “naturaltasuna”, hurrenkera ez askea mendeko perpaus batzuetan -azken adibidea bezalakoetan-, hurrenkeraren estatistikak[oh 1], ordena bateko edo besteko perpausen prozesamendua burmuinean[oh 2]), eta abar. Euskara SOA dela baieztatzen badugu ere, ez ditugu beste hurrenkerak baztertzen, euskarak, inguruko hizkuntzekin erkatuz gero, aise askatasun handiagoa baitu perpaus barneko hitzak (azken batean, osagaiak) ordenatzeko. Esan nahi duguna beste hau da: hurrenkera posible anitz izanik ere, badira argudiobideak baieztatzeko horietako bat oinarrizkoagoa dela, besteak baino: hurrenkera horretan perpausak subjektuarekin hasten ditugu eta tartean osagai gramatikalak sarturik, aditza amaierara eramaten dugu (hala ere, badira salbuespenak, jakina[oh 3]).

Hizkuntza ergatiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen beste bereizgarri bat, eta euskaldunen arreta ez ezik, kanpoko hizkuntzalariena ere jaso duena ergatibotasuna da. Izan ere euskara hizkuntza ergatiboa da eta auzoko hizkuntzak, frantsesa eta gaztelania, adibidez, hizkuntza akusatiboak dira[3]. Hizkuntza bat ergatiboa den edo jakiteko, bere kasu sistemari begiratzen diogu eta sistema hori nola atontzen den ikusten dugu.

  • Jon etorri da
  • Jonek Mikel ikusi du

“Jon etorri da” eta “Jonek Mikel ikusi du” perpausetan, subjektuak marka desberdinak erakusten ditu, ondoko hizkuntzetan gertatzen ez den bezala. Eta, gainera, batzuetan objektuaren morfologiak bat egiten du subjektuarekin ere: “Mikel etorri da”, “Mikel ikusi dut”. Munduan badira, jakina, beste hizkuntza ergatibo asko “nominatibo-akusatibo” motako hizkuntza ez-ergatiboak kopuruz errazago aurkitzen badira ere. Hizkuntza ergatiboak dira “diyrbala” eta beste hizkuntza batzuk Australian. “Pastunera” eta “hindiera” ere, ergatiboak dira eta Kaukasoko hizkuntza gehienak ere. “Navajoa” eta “Maia” hizkuntzak ergatiboak dira eta Iparraldeko “Inuit” hizkuntzaren dialektoak. Beraz, euskararen ezaugarri hau nabarmena izanik ere, ez da euskararena bakarrik eta beste toki horietan ere aurkitzen ahal da. Beraz, ergatibitateaz jardungo dugu, hori baita, esan bezala, euskararen ezaugarri nagusienetako bat.

Jo dezagun bi perpaus hauek ditugula:

  • zu berandu etorri zara
  • zuk ni ikusi nauzu

Lehen perpausean, etorri aditza dugu eta bigarrenean ikusi, eta bi perpausetako subjektuak desberdinki markatzen dira: batean zu forma dugu eta bestean zuk. Bada, zu pertsona izenordainari gaineratu zaion -k marka morfologikoa kasu marka bat da eta ergatibo esaten zaio. Aldiz, lehen perpauseko zu pertsona izenordainak zero kasu marka duela esan ohi da eta kasu honi absolutibo esaten zaio. Euskara bezalako hizkuntza ergatiboetan, perpauseko subjektuak kasu marka bat edo bestea jasotzen du, aditza zein den: etorri edo beste aditz iragangaitz izanez gero, orduan subjektuak absolutiboa jasotzen du; aldiz, ikusi edo halako beste aditz iragankor bat izanez gero, orduan subjektuak ergatiboa erakusten du. Labur esanda, ergatiboa den hizkuntza batean, subjektuak bi kasu erakusten ditu (ergatiboa edo absolutiboa), nolakoa den aditza. Baina ez da hori bakarrik gertatzen: bi kasu horietatik bat, hots, absolutiboa, aditz iragankorreko osagarriari ere ezartzen zaio: nik zu ikusi zaitut.

Horrenbestez, absolutiboa (zu), batzuetan osagarri zuzena da eta beste batzuetan subjektua: pertsona izenordain hori ikusi aditz iragankorraren osagarria bada kasu absolutiboa ezartzen zaio, zero marka morfologikoa (∅) baitu; baina aldi berean, zu berandu etorri zara bezalako perpausetan subjektua da. Batean objektua, bestean subjektua. Eta bietan kasu absolutiboa. Beraz, hitz gutxitan esateko, subjektuak bi marka har ditzake, aditzaren arabera, ∅ (absolutiboa) edo –k (ergatiboa), eta aditz iragankorretako osagarri zuzenak eta aditz iragangaitzen subjektuak marka bera hartzen dute: ∅. Bi funtzio, subjektua eta osagarri zuzena, marka berarekin (∅), batetik; eta funtzio bera, subjektua, bi marka desberdinekin (-k eta ∅):

  • Ikusi —> NIKerg ZUabs ikusi zaitut
  • Etorri —> ZUabs etorri zara

Halako kasu sistema duen hizkuntzari ergatibo deritzo. Euskararekin alderatzen badugu, tipologikoki bestelako kasu sistema dute gaztelaniak edo frantsesak, subjektuak beti markatzen baitituzte kasu marka berarekin, nominatibo kasua deritzanarekin, eta osagarria beste batekin: akusatibo deritzanarekin. Egia da hizkuntza hauek galdu dituztela neurri handi batean kasua adierazten duten marka morfologikoak, baina batzuetan, pertsona izenordainetan bereziki, geratzen dira aztarna batzuk: 'yo he venido / je suis venu; yo te he visto / je t’ai vu. Bietan subjektua (batean iragangaitza, bestean iragankorra) berdin markatua: yo eta je. Aldiz, (tu) me has visto / tu m’as vu esaten dugu, eta hor ageri da akusatiboaren seinale zaharra: me (izan ditzakeen aldaera fonologikoekin, jakina).

Arrazoi horregatik, beharbada, hobe litzateke latinera jotzea, hobeki ikusten baita arazoa:

  • EGOnom video TEakus —> nik ikusten zaitut
  • EGOnom veni —> ni etorri nintzen
  • Hots:
    • Videre —> EGOnom video TEakus
    • Venire —> EGOnom veni

Latina bezalako hizkuntza batean mota bateko aditzen subjektuen eta beste motakoen artean ez da bereizketarik egiten: bata zein bestea nominatiboan. Euskaraz, batzuen subjektua eta besteen objektua berdintzen dira, biak absolutiboan. Beraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez… subjektua nominatiboan doa (lehen pertsona denean: yo, je, I), eta osagarri zuzena akusatiboan (me). Euskaraz, subjektua absolutiboan edo ergatiboan (ni, nik), eta osagarri zuzena absolutiboan (ni). Noski, latina bezalako hizkuntza batean hori aise nabarmenago gelditzen da: ego video te (‘nik zu ikusten zaitut’), ego venio (‘ni nator’).

Beste ohar bat egitea ere komeni da hemen: deskribatzen ari garen fenomeno honek aditzean ere badu isla. Dakigunez, aditz laguntzaileak kasu ergatibo, absolutibo eta datiboarekin (azken hau ez beti) egiten dituen komunztadura-markak biltzen ditu morfologian. Hola, eman dizkiet' entzuten badugu, badakigu dizkiet horrek perpausaren gaineko informazio asko ematen digula:

  • badakigu subjektua lehen pertsona singularrekoa dela —> dizkie-t'
  • badakigu ere pluraleko hirugarren pertsona ageri dela datiboan, zehar osagarri gisa —> dizki-e-t
  • eta badakigu osagarri zuzena pluralekoa dela —> di-zki-et

Informazio hori guztia aditz laguntzailearen morfologian bildua da. Horregatik diogu deskribatzen ari garen fenomenoak baduela isla aditzean: 'ni etorri naiz; nik egin dut'. Baina zuk ni ikusi nauzu. Hor ere deskribatu dugun paralelismo bera ageri da, aditzaren morfologian. Berehala itzuliko gara kontu honetara.

Ergatibotasunaren gaiak askotariko gertakariak erakusten ditu eta guk hemen oinarri-oinarrizkoa baino ez dugu jaso. Alabaina, gako nagusiak behintzat aipatu ditugu:

  • ergatibotasunak kasu sistema jakin batekin du zerikusia eta kasu sistema horretan, bi subjektuak, aditz iragangaitz eta iragankorrekoak bereizi egiten dira, absolutiboaren eta ergatiboaren marken bidez, hurrenez hurren:
  • Jone etorri da, Mirenek Jone ikusi du
  • bi subjektuetatik bat, aditz iragangaitzekoa, osagarria bezalaxe markatzen da, absolutibo kasuaz:
  • Jone etorri da, Mirenek Jone ikusi du

Hala ere, konfigurazio hori (iragangaitza ⇒ subjektu absolutiboa; iragankorra ⇒ subjektu ergatiboa-objektu absolutiboa) ez da beti horrela gertatzen euskal sintaxian. Batzuetan hautsi egiten da, eta euskarak, zenbait agerralditan, ez du konfigurazio ergatibo kanonikoa erakusten. Jo ditzagun adibide hauek:

  • Zu Pirinioetan egon zara
  • Zuk Pirinioetan eskiatzen duzu.

Argumentu kopuruaren aldetik, biak pareko dira. Alta, eskiatu aditzak ergatiboa eskatzen du daukan argumentu bakarrean, ez absolutiboa. Aditz hori (eskiatu) berria da, baina aditz klasiko batzuekin ere gertatzen da zenbaitetan holako zerbait:

  • mota guztietako lanetan jardun zen Aitziber
  • mota guztietako lanetan jardun zuen Aitziberrek.

Egon eta eskiatu aditzek argumentu bana dute, iragangaitzekin gertatzen den gisan, eta hortaz, biak iragangaiztzat hartu behar ditugu. Geroago xehekiago azalduko bada ere, aditzen “argumentu” esaten diegu aditzek duten sare semantikoan ageri diren osagaiei. Sare semantiko horiek eredu jakin bati jarraiki eratzen dira arruntean. Esate baterako, etorri aditzak norbait etortzea eskatzen du, bestela ez luke zentzurik: izeba etorri da. Argumentu hori beharrezkoa du. Ikusi aditzak norbaitek zerbait ikustea eskatzen du eta, beraz, aditz horren sare tematikoan (edo tematikoan, esanahi bera dute bi terminoek azalpen honetan) bi argumentu daudela esaten dugu: norbait eta zerbait, adibidez, 'alabak aita ikusi du. Era berean, eman aditzak bi argumentu eska ditzake, esanahia nolakoa duen: 'ikertzaileak hitzaldia eman zuen. Edo hiru, ezinbestean: 'Itziarrek musu eman dio alabari'. Horiek dira, esan dezagun, aditzen sare arruntenak, sare horietan parekotasuna baitago, gainera, kasu markekin: argumentu bat bada, kasu absolutiboa ageri da (izeba), bi badira kasu ergatiboan eta absolutiboan doaz (alabak, aita).

Baina aditz guztiek ez diote eredu horri segitzen, eta argumentuen eta kasuen arteko parekotasun hori hautsia gelditzen da zenbaitetan. Batzuetan, aditz batek eskatzen dituen bi argumentuak ez ditugu kasu ergatiboan eta absolutiboan ikusten: txokolatea gustatzen zait esaldian bi argumentu ageri dira (gustatu aditzak zerbait eta norbaiti gustatzea eskatzen du ezinbestean), baina bi argumentu horiek ez daude kasu ergatiboan eta absolutiboan, espero genezakeen gisan, baizik absolutiboan eta datiboan. Iritzi eta eutsi modukoek ergatiboa eta datiboa eskatzen dute, nahiz aditz laguntzailea dio sailekoa duten. Bada, goian aipatu eskiatu eta jardun ere sail horretakoak dira, argumentu bakarra izanik ez baitoa argumentu hori kasu absolutiboan, baizik ergatiboan (jardun aditzaren kasuan, aukeran, ergatiboan nahiz absolutiboan). Inoiz “deponente” ere deitu izan zaie holako aditzei euskal gramatiketan. Dimititu eta iraun ere tankera berekoak dira:

  • Jonek aspaldi dimititu zuen
  • Erauntsiak lau ordu iraun du

Ageri den argumentu bakar hori batzuetan agentea da (eskiatu), beste batzuetan esperimentatzailea (sufritu, pairatu) eta beste batzuetan ikusmena, usaimena edo entzumena estimulatzen duen gertakari batekin lotzen da[4]:

  • ezkilak jo du
  • Eguzkiak dirdiratzen du
  • Gehien distiratzen duen izarra da
  • goiz argitu du gaur
  • atzo hamarretan ilundu zuen…

Holako asko euskaraz egin aditzaz baliaturik ematen ditugu: ulu egin, intziri egin

Horregatik diogu aditz horiek ez diotela eredu arruntari segitzen eta, goian aipatu konfigurazio hedatuenekin erkatuz gero, oso konfigurazio diferenteak eratzen dituztela. Hori gertatzea ezustekoa da hizkuntza ergatibo batean. Izan ere, euskara hizkuntza ergatiboa izanik, printzipioz espero genezake lehen perpausean dagoen konfigurazio bera egotea baita bigarrenean ere, hots, *zu Piriniotan eskiatu zara bezalako zerbait gramatikala izatea, baina, jakina denez, prpaus hori ez da gramatikala. Eta horren antzeko zerbait gertatzen da jardun aditzarekin, nahiz egia den aditz honek bi konfigurazioak onartzen dituela: hamaikak arte jardun zuten/ziren lanean. Badira, hortaz, absolutibodun intrantsitiboak (gehienak) eta ergatibodun intrantsitiboak (gutxiago). Hola deituko ditugu.

Beharbada horregatik sortu dira ohitura eta erabilera desberdinak zenbait aditzen inguruan: dantzatu, esate baterako. Aditz hori zu Pirinioetan egon zara esaldiko eredu berarekin erabili izan da gehienbat tradizioan: dantzatu naiz eredukoa da, iragangaitz arrunta, alegia. Hola erabili izan da euskalki guztietan. Nahiz badiren eskiatu-ren ereduari segitzen dioten idazleen adibideak ere: Jaunaren aurrean dantzatuko dut; ez duela dantzatzen zortzikoan gaizki; dantza ezazu eta horien pareko zenbait ageri dira literatura klasikoan. Eta gaurkoan ez dira falta: denek dantzatu dugu musika horretan… baina adibide gehienak laguntzaile gisa izan hartzen dutenen eredukoak dira, edo bestela konfigurazio iragankor arruntekoak, subjektua eta osagarri esplizituarekin: aurreskua dantzatu zuen. Horren antzekoa da borrokatu aditza ere. Literaturako adibide gehienak egon eredukoak dira: arratsalde osoan borrokatu da, baina ezin izan du konpondu; etsaien kontra borrokatzen ziren, eta abar. Gaurko literaturan borrokatzen dute, borrokatzen zutenek ez zekiten… bezalakoak nahiko arruntak dira. Horretan eskiatu-ren ereduari segitzen diote.

Itzul gaitezen berriz ere egon eta eskiatu aditzetara eta ikus dezagun diferentziak zertan diren. Lehenean, egon aditzaren argumentu bakarrak (zu) kasu absolutiboa du. Oso bestela, bigarrenean, eskiatu aditzaren subjektuak kasu ergatiboa erakusten baitu, perpausean osagarri zuzenik ez dagoen arren. Diferentziak ez dira kasu absolutibo eta ergatiboen banaketara mugatzen eta dagokien komunztadurara ere zabaltzen dira, adizkiaren morfologiara. Izan ere, lehen perpausean, subjektu komunztadura z- aurrizkiaren bitartez gauzatzen da ('zu… egon zara) eta bigarrenean, -zu atzizkiaren bidez ('zuk… eskiatzen duzu'). Horretaz gain, izan eta *edun aditz laguntzaileen arteko banaketa dago bi perpausen artean, eta bigarren perpausean ageri den laguntzailea da aditz iragankor arrunt batekin, ikusi aditzarekin adibidez, hautatzen dugun bera. Beraz, argumentu bakarra (hortaz, iragangaitza), baina kasu desberdina (absolutiboa batean, ergatiboa bestean). Horregatik esan dugu lehenago konfigurazioa hausten dela holakoetan. Iragangaitzen eta iragankorren subjektuak berdin markatzen dituzten hizkuntzak akusatiboak dira: yo (subj)… iragangaitza; yo (subj) / me (obj) iragankorra. Aldiz, hizkuntza ergatiboen ezaugarria da subjektuaren marka desberdina izatea aditz iragangaitzetan eta aditz iragankorretan: 'Mikel etorri da / Mikelek Jone agurtu du. Baina ikusten ari garen adibide hauetan iragangaitzen subjektua da aldatzen dena: 'Jone etorri da / Jonek eskiatu du.

Aditzen arteko bereizketa mota hauek beste hizkuntza askotan ere gertatzen dira. Hori kontuan izanik, hizkuntzalariek perpaus iragangaitz mota nagusi bi bereizten dituzte:

  • inakusatiboak
  • inergatiboak

Euskaldunentzat guztiz nahasia gertatzen da terminologia hori, berehala ikusiko den gisan. Iragangaitzetan ageri den argumentu bakar horrek duen rol tematikoan oinarritzen dute hizkuntzalariek bereizketa. Ikus ditzagun perpaus hauek:

  • Itziar gaixotu da
  • Koldo esnatu da
  • irakaslea mintzatu da
  • gazteak eskiatu du

Perpaus horiek guztiak iragangaitzak dira, argumentu bakarra dute. Baina aditzaren esanahia kontuan hartzen badugu, eta aditzak hartzen duen argumentuak aditzarekin duen erlazio semantikoa kontuan hartzen badugu, berehala ohartuko gara erlazio semantiko desberdinak sortzen direla hor puntu bati dagokionez. Perpaus horietako batzuetan subjektua ez da ekintzaren borondatezko egilea (gaixotu, esnatu), baina beste batzuetan egiazko egilea da (eskiatu, mintzatu). Beste adibide honetan argiago ikusiko da kontua:

  • edalontzia hautsi da
  • Mirenek edalontzia hautsi du

Bietan harreman semantiko antzekoa da edalontzia eta hautsi-ren artean, batean subjektua eta bestean objektua bada ere. Bietan, nolabait esateko, edalontzia argumentua gaia edo jasalea (pazientea) da. Hori dela eta, aditz iragaintzen artean bi mota bereizten dira: ageri den argumentu bakar hori prozesuaren egilea izan daiteke (Miren mintzatu da) edo beste zerbait, ez, nolanahi ere, egilea (Miren gaixotu da). Horri deitzen diogu paper tematiko desberdinak ezartzea.

Bada, hizkuntzalariek ikusi dute rol tematiko desberdinak ezartzeaz gain, iragangaitzetan sortzen diren bi multzo horiek propietate sintaktiko eta morfologiko diferenteak dituztela, nahiko modu koherentean ageri direnak hainbeste hizkuntzatan. Eta hortik sortu dira bi multzoak: inakusatiboak eta inergatiboak. Inakusatiboek argumentu bakarra dute, eta jasalea edo gaia ere deitzen da. Eta hor sartzen dira Jon gaixotu da bezalakoak. Aldiz, inergatiboen argumentua egilea da, eta multzo horretakoak dira Jonek eskiatu du bezalakoak. Honek sortzen du lehenbiziko zailtasuna euskaldunentzat, zail egiten baitzaigu ergatiboa agerian duen Jonek eskiatu du bezalako bati inergatibo deitzea. Egokiago da, hortaz, euskararen kasuan, ergatibodun iragangaitzak deitzea ‘inergatibo’ direlakoei eta absolutibodun iragangaitzak deitzea, berriz, ‘inakusatiboei’, gorago proposatu dugun gisan. Hori dela eta, baliokideak dira, gure terminologian inakusatiboak eta absolutibodun iragangaitzak batetik, eta inergatibo edo ergatibodun iragangaitzak, bestetik.

inakusatibo —> absolutibodun iragangaitz
inergatibo —> ergatibodun iragangaitz

Desberdintasun gehiago ere badira: kasu absolutiboa/inakusatiboa/jasalea eta kasu ergatiboa/inergatiboa/egilea ez datoz beti bat. Hola, Miren gaixotu da perpausa inakusatiboa baldin bada ere, Miren mintzatu da inergatiboa litzateke, bi perpausetan rol tematikoa aski desberdina baita: jasalea batean, egilea bestean (Miren mintzatu da, eta Mirenek hitz egin du aski parekoak dira, bietan eragilea da argumentua). Eta alderantziz ere gauza bera gertatzen da: Jonek eskiatu du inergatiboa bada ere, Jonek sufritu du esaten badugu ez da hor borondatezko egilerik, subjektu gisa dagoen argumentuak hartzen duen rol tematikoa esperimentatzailearena baita, esan bezala.

Perpausak
Iragankorrak irakasleak eskola eman du
Iragangaitzak irakaslea gaixotu da
-Absolutibodun iragangaitzak neska esnatu da
-Ergatibodun iragangaitzak neskak eskiatu du

Esan dezagun, hortaz, eta laburtuz, euskaraz baditugula perpaus iragankorrak (irakasleak eskola eman du), alde batetik, eta iragangaitzak (irakaslea gaixotu da), bestetik. Orobat, iragangaitzen artean baditugu absolutibodun iragangaitzak (neska esnatu da), eta ergatibodun iragangaitzak (neskak eskiatu du). Sailkapen hau ez dator bat ez orain arte euskal gramatikek (EGLU barne) egin duten sailkapenarekin, ez eta hizkuntzalari askok egin duten inakusatiboen eta inergatiboen arteko sailkapenarekin. Utz dezagun kontua oraingoz hemen, beste nonbait hobeki azaltzeko kontu hau.

Hizkuntza eranskaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara hizkuntza postpositiboa da. Honekin esan nahi dugu euskarak, inguruko hizkuntzek ez bezala, postposizioen bidez osatzen dituela sintagma batzuk, eta ez preposizioen bidez. Postposizio horietako batzuk postposizio itsatsiak dira, eta “deklinabidea” osatzen dutela esan ohi da, nahiz ez den egia hori, euskaraz ez baita deklinabiderik. Egia da batzuetan hitz laburrak behar direla zerbaiti izena emateko, baina “deklinabide” hitza ez da batere egokia, hala ageri baldin bada ere gramatika guztietan. Zer desberdintasun dago “etxean” eta “etxe ondoan” sintagmen artean. Badira batzuk, baina puntu honi dagokionez hau esan daiteke: “etxean” horretan postposizio itsatsi bat ikusten dugula (“-n”), artikuluaren ondotik. Postposizio hori ez da beregaina, ezin dugu bakarrik erabili, eta zerbaiti lotua ageriko da, baina aurreko izena beti bere osotasunean mantentzen da, aldatu gabe (deklinabidea duten hizkuntzetan izen horrek forma desberdinak hartzen ditu kasuen arabera). Bigarren sintagman, “etxe ondoan” sintagman, alegia, beste postposizio bat ageri da, “ondo-an”, baina hori postposizio askea da, eta ez itsatsia. Postposizio horrek badu berak ere bere postposizio itsatsia (“etxe ondotik” edo “etxe ondora” esan daiteke, besteak beste), eta marka gabeko izena gobernatzen du (kontuan hartu ez dela hori postposizio guztiekin berdin gertatzen (“etxetik hurbil”, ez “*etxe hurbil”, adibidez). Beraz, horixe da esan nahi dena: postposizioak ikusten ditugu euskaraz, postposizio itsatsiak eta postposizio askeak, guztiz paraleloak. Eta ez dago deklinabiderik, kontuak erraztearren “kasuez” mintzatuko bagara ere[5]

Hizkuntza postpositiboa dela diogu, eta hori erakusteko adibide batzuk eman ditugu izenarekin lotuak. Hala ere, postposizioaren kontu hori ez da hor amaitzen, eta sintaxian ere ikus daiteke, perpausaren hitzen ordenean, esate baterako: oinarrizko hurrenkeran, aditzarekin bukatzen dugu perpausa, jakina denez. Hori ikusten da ondoko ezaugarrian.

Hizkuntzak era askotakoak dira, baina tipologoek hizkuntza bakartzaileak, malgukariak eta eranskariak bereizten dituzte, haien arteko bereizketak egitea anitzetan aski zaila baldin bada ere. Hizkuntza bakartzaileek (txinera estandarra, vietnamiera, hizkuntza austronesioak, eta abar) joera dute forma bakarreko hitzak erabiltzeko, eta ez dute, horregatik, hitz eratorpen edo elkarketa prozesu asko erabiltzen. Beste hizkuntza batzuk malgukariak dira. Latina da hor kasu argia. Izenekin, adibidez, hau gertatzen da: dominus, domini, dominorum… Ikusten denez, izenaren oinarrizko erroak deklinabideko kasuen markak hartzen ditu, izenaren itxura aldatuz: dominus da nominatiboa, baina gero domini ageri da, edo domino, eta gainerako kasu guztiak, nahiz domin- horrek ez duen berezko izaerarik hiztegian hitz laxo gisan. Hizkuntza horiek dute benetako deklinabidea. Beste hizkuntza batzuk, euskara tarteko, eranskariak dira: hizkiak (artikulua, pluralgilea, eta abar) gaineratzen zaizkio hitzari (adiskide-a), eta azkenean postposizioak eransten zaizkio aurreko sintagmari (adiskidea-rentzat). Latinez ez bezala, hizkuntza hauek hiztegiko hitz bat hartzen dute oinarri, bere osotasunean (horregatik diogu euskaraz ez dela deklinabiderik, ikus beherago), eta hitzaren itxura aldatu gabe, kasu markak nahiz postposizioak eransten dizkiote hitzak osatzen duen sintagmari: adiskidea, adiskidearen, adiskidearentzat, eta abar. Izenekin, adjektiboekin eta izenordainekin gertatzen da hori. Gaztelania eta frantsesa ere hizkuntza malgukaritzat hartzen dira.

Hizkuntza tipologiak
Bakartzaileak txinera estandarra, vietnamera, hizkuntza austronesioak forma bakarreko hitzak
Malgukariak latina erroa+deklinabideko kasu marka
Eranskariak euskara hitza+artikulua+postposizioa

Euskara gaztelaniarekin eta frantsesarekin erkatzen badugu, euskara, beste biak ez bezala, postposizionala dela esaten dugu (preposizioen ordez postposizioak ditu), eta eranskaria (postposizio hauek hitzari gaineratzen zaizkio). Hola, andre hitza hartzen badugu, artikuluarekin andrea egiten du, eta postposizioarekin andrearentzat, edo andrearekin. Postposizio horiek guztiak izenaren ondoren idazten ditugu, izenarekin (edo dagokion sintagmarekin) elkarturik. Gaztelaniaz edo frantsesez elementu horiek guztiak aurretik jartzen ditugu, bereiz idatziak: mujer, la mujer, de la mujer, con la mujer; femme, la femme, de la femme, avec la femme. Euskarak erabiltzen dituen elementuak baliokideak dira baina eskuinaldean kokatzen ditugu eta, gainera, itsatsiak. Horrek guztiak hitz hurrenkerarekin ere badu zerikusia, jakina. Hori da euskara inguruko hizkuntzetatik bereizten duen ezaugarrietako bat.

  • Erantsitako postposizio horiek itsatsiak ditugu batzuetan: Jonekin, menditik, lurrean, zuretzat, Ainhoari, Izarorengan, eta abar.
  • Beste batzuetan, ordea, postposizioak bereiz jartzen ditugu, askeak dira: maldan behera, zure ordez, etxe aurrean, lanari buruz, gizona baitan, goitik behera, eta abar.

Ohart gaitezen postposizio aske hauek arau zehatz batzuen agindupean eratzen ditugula. Batetik, postposizioari berari behatzen badiogu, horietako askok –ko genitiboaren marka har dezakete: etxe aurreko, maldan beherako, zure ordezko, lanari buruzko, goitik beherako. Beste batzuetan beste kasu marka batzuk ere har ditzakete: etxe aurretik, etxe aurrean, gizona baitatik'… Badirudi horietan toki markak erants daitezkeela arazorik gabe. Ez, ordea, beste batzuetan: *lanari burutik'. Hortaz, esan daiteke postposizioak behe, orde, aurre, baita… direla hor. Eta postposizio aske horiek beste postposizio itsatsi batzuk har ditzaketela. Hori batetik. Bestetik, postposizio bakoitzak aurreko sintagma gobernatzen du: maldan behera, baina ez *maldako behera. Beste hitz batzuetan esateko: postposizioak agintzen du nolako markak hartu behar dituen aurreko sintagmak: behera postposizioak inesiboa (-n) eskatzen du: maldan behera. Baina postposizio horren barneko egiturari behatuz gero, berehala ohartzen gara hor behe izena dagoela –ra kasu marka harturik. Horregatik gauza bera gertatzen da etxe ondoan' bezalako sintagmetan: hor ondo izenak hartzen du inesiboaren marka. Postposizio asko izenak dira jatorriz, baina erabilera horretan guztiz adberbializatu direla esan daiteke. Horregatik diogu postposizioak berak markak har ditzakeela, eta aldi berean aurreko sintagmak hartu behar dituenak zein diren agintzen duela.

  • Batzuetan sintagma soila eskatzen du, hutsean: 'erreka alboan, herri barruan.
  • Edo absolutiboa: 'hirurak inguruan, ordu bata arte.
  • Aski arrunta da genitiboa eskatzea: 'gure aitzinean.
  • Edo datiboa: lanari buruz.
  • Ablatiboa ere, edo inesiboa: eskolatik at; maldan goiti.
  • Instrumentala da batzuek nahi dutena: honetaz gain, elizaz landa.
  • Beste zenbaitetan partizipioa eskatzen du postposizioak, edo aditzoina: 'etorri artean; ekarri beharrean; ebats arau.
  • Adjektibo sintagma ere eska dezake: 'makal antzean.
  • Edo zenbatzaile sintagma: 'bi ordu barru.

Sintagmek burua azkenean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Postposizioak eransten zaizkio sintagma osatzen duen azken hitzari (etxe ederrean, mendi gainean dagoen herrira'…). Postposizioak gobernatzen du sintagma eskuin aldetik, eta gauza bera gertatzen da postposizio askeekin ere: eskuinetik gobernatzen dute aurreko sintagma (maldan behera') eta, aldi berean, batzuetan postposizio aske horrek berorrek postposizio itsatsiak ere hartzen ahal ditu (etxe ondotik')[6].

Hau guztia ondoren azalduko den beste ezaugarri batekin loturik dago: Euskarak burua azkenean duela esaten dugu. Zer esan nahi dugu horrekin? Lehenago aipatu dugu euskara SOA hizkuntza dela: neskak mutila besarkatu du. Aditza azkenean jartzen duela, alegia. Aditza da aditz sintagmaren muina. Aditzaren barnean dago -edo aditzarekin lotua, barnean biltzen ez badu ere, hori trinkoetan bakarrik gertatzen baita- perpausaren burua (laguntzailea edo, hobeki esan, inflexioa deritzana, zehatzak izan nahi badugu, ikus beherago). Aditz nagusiaren eta laguntzailearen arteko bereizketa zertan oinarritzen den geroxeago azalduko da xehekiago. Esan dezagun oraingoz, aski da hori, perpausaren azkenean aditza doala, eta aditzak biltzen duela perpausaren gunea. Ikusten dugu, hortaz, inguruko hizkuntzetan ez bezala, osagai hori amaieran uzten dugula.

Koherentea da hori, halaber, hizkuntza postpositiboa izatearekin, kasuetan ageri diren marka horiek (-n, -tik, -ekin…) baitira, berez, sintagma buruak, eta burua azkenean ageri baita (ondoko hizkuntzetan: 'en casa/at home/ à la maison; de casa, con el amigo). Mugatzaileak (artikulua eta erakusleak) ere beti amaieran jartzen ditugu: etxea, herri horiek…, eta ez aurretik, inguruko hizkuntzetan bezala ('la casa; la maison; the house).

Aditz laguntzailea ere arruntean aditz nagusiaren eskuinean dago: egin dute, ikus dezagun' (ondoko hizkuntzetan: lo han hecho, hemos venido, Marie est venue,…). Badira hemen salbuespenak, jakina, baina horiek, gramatika honetan, dagokion tokian adizki laguntzaileen atalean argituko dira. Hola, etorri da bezalako sintagma baten osagaiak aditz laguntzailearen inguruan biltzen dira: Mirenekin etorri da. Edo, bestela esateko, sintagma horren burua aditz laguntzailea da eta hori ere azkeneko tokian doa (baiezkoez ari gara, jakina).

Euskarak, bestetik, menderagailuak ditu, eta menderagailu gehienak ere laguntzailearen eskuinean jartzen dira: entzun dugula, ikusi duten, delako, eta abar (ondoko hizkuntzetan: 'que hemos oído, que han visto, porque es pequeño…).

Euskarak, azkenik, atzizkiak ditu, ez aurrizkiak (edo, aurrizki batzuk baldin baditu ere, gutxiago dira, eta berriagoak, arruntean –nahiz ez denak– mailegu berrien analogiaz sortuak direnak). Nolanahi ere, bistan da gaztelaniak eta frantsesak aurrizkiak dituztela, eta euskarak atzizkiak.

Gramatikan geroago ikusiko dugunez, hurrenkera horiek guztiek, azken batean, gauza bat erakusten dute, euskal sintagmen burua sintagmaren amaieran ageri dela.

Izen-sintagmak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen izen-sintagma, geografikoki alboan dituen indoeuropar hizkuntzekin alderatuta, oso desberdina da.

Artikuluak, determinatzaileak eta zenbatzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Determinatzaileek eta zenbatzaileek garrantzi handia dute euskararen esaldien egituran. Artikuluak determinatzaileen azpimultzotzat har daitezke.

Determinatzaile eta zenbatzaile arruntenak
Determinatzaileak Zenbatzaileak
  • -a, -a(r)- artikulu singularra
  • -ak, -e- artikulu plurala
  • -ok, -o- artikulu plural erakuslea
  • -(r)ik artikulu polar negatiboa
  • hau, hon-
  • hauek, haue-
  • hori, horr-
  • horiek, horie-
  • hura, har-
  • haiek, haie-
  • zein
  • zer, ze
  • beste
  • batzuk, batzue-
  • zenbait
  • asko
  • anitz
  • gutxi
  • guzti
  • zenbat
  • hainbeste
  • bat
  • bi
  • hiru
  • lau
  • bost

Artikuluek atzizkien forma hartzen dute. -a, -ak, -ok formek kasu absolutiboa osatzen dute; beste kasu batzuetan -a(r)-, -e-, -o- erabiltzen dira, atzean kasu atzizki bat dutelarik. Artikulu polar negatiboa, sarritan partitibo deitzen dena, ez da konbinatzen kasu atzizkiekin.

Artikuluak (-a, -ak, -ok, -(r)ik), erakusleak (hau, hori, hura) eta zenbatzaileetako batzuk, izenaren atzean kokatzen dira.

  • etxea
  • etxeak
  • etxe hau
  • etxe horiek
  • etxe bat
  • etxe batzuk

Beste determinatzaile eta zenbatzaile batzuk, beste barne, galdetzaileak eta zenbakizkoak, azken horiek bat edo bi baino gehiago direnean (euskalkiaren arabera), izenaren aurrean kokatzen dira.

  • zein etxe?
  • zenbat etxe?
  • zenbait etxe
  • hiru etxe
  • bi etxe/etxe bi

Nukleo modura izen propio bat duen izen sintagma batek determinatzaile bakar bat edo zenbatzaile bakar bat, baina ez biak, izan behar ditu, goiko adibideetan ikusi den bezala. Zenbakizkoak, ordea determinatzaile batekin ager daitezke.

  • hiru etxeok
  • hiru etxe haiek
  • zein hiru etxe?

Beste eta guzti hitzek ez dute determinatzaile edo zenbatzaile gisa jokatzen eta, beraz, artikulu bat, beste determinatzaile bat edo beste zenbatzaile bat behar dute.

  • beste etxea
  • beste etxe bat
  • etxe guztiak

-a, -ak artikuluak determinatzaile lehenetsi gisa jokatzen du, eta ezinbestekoa da izen arruntekin, ez badago beste determinatzaile edo zenbatzaile bat.

  • etxea
  • etxeak
  • Nola esaten da euskaraz "house"? — "Etxea".

Tradizioz atzizki partitibo deitu den -(r)ik artikuluak, berriz, -a, -ak ordezten ditu testuinguru polar negatiboetan, batez ere izen mugagabeekin. Inoiz ez da hartzen pluraltzat.

  • etxerik
  • Ba al daukazu etxerik?
  • Hemen ez dago etxerik.
  • Not: *Hemen ez daude etxerik.

Nukleo gisa izen berezia edo izenordaina duen izen sintagmak gehienetan ez du determinatzailerik edo zenbatzailerik izaten.

  • Andoni
  • Tokio
  • Wikipedia
  • ni
  • nor?

Determinatzaileen edo zenbatzaileen absentzia ez da posible izena nuklotzat duen izen sintagmetan, zenbait testuinguru jakinetan salbu, esaterako zenbait predikatu motetan edo zenbait osagarri zirkunstantzialetan.

  • Lehendakari izendatuko dute.
  • Bilbora joan zen irakasle.
  • eskuz
  • sutan

Genitiboa eta adjektibozko adierazpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izen sintagma genitiboak jabetza adierazten du.
  • Koldoren etxea
  • nire etxea
  • basoko etxea

Jabetzako izen sintagmek gainerako izen sintagmen ezaugarriak dituzte, oro har, determinatzaileen eta zenbatzaileen erabilerari dagokionez.

  • Koldoren etxeak
  • Koldoren etxe hori
  • Koldoren etxe bat
  • Koldoren zein etxe?

Jabetzako izen sintagma bateko nukleoa aipatu gabe utz daiteke. Kasu horretan, artikulua edo beste edozein determinatzaile mantendu egiten da, baina genitiboa osatzen duen elementuari lotuta.

  • Koldorena
  • Koldorenak
  • Etxe hau Koldorena da.
  • Nireak gorriak dira.

Izen sintagmak genitibo bihurtzen dira atzizki genitiboetako bat (alegia, -(r)en edo -ko) eransten bazaio (ikus beherago deklinazio atzizkiak).

  • KoldoKoldoren
  • ParisParisko
  • etxe-a 'house' → etxearen, etxeko

Pertsona izenordainen genitiboa modu irregularrean eratzen da.

  • ninire

-Ko (edo -go) hitz eta esaldi askotan erabil daitezke atzizki modura, askotan osagarri zirkunstantzialaren funtzioa dutenetan, sintaxiaren ikuspuntutik genitibo gisa jokatzen duten adjektibozko adierazpenak sortuz.

  • atzoko lana
  • hemengo etxeak
  • oinezko bidaia bat
  • Tokiorako bidaia bat
  • bi urteko haur hori

Adjektiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adjektibo lexikalak, goian azaldutako adjektibozko adierazpenek ez bezala, nukleoa den izenaren atzetik doaz, baina beste edozein artikulu, determinatzaile edo zenbatzaileren aurretik.
  • etxe gorri bat
  • etxe txikia
  • etxe zuriak
  • nire etxe txikia

Adjektiboak, adjektibozko adierazpenak edo genitiboak predikatu gisa erabiltzen direnean, gehienetan artikulua hartzen dute (-a singularra edo -ak plurala).

  • Etxe hau txikia da.
  • Etxe hauek txikiak dira.
  • Ogi hau atzokoa da.
  • Etxe hau nirea da.

Numeroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarak hiru numero ditu: singularra, markagabea eta plurala. Markagabea deklinatzerakoan ageri da, singularra edo plurala adieraztea beharrezkoa ez denean, esaterako izen berezia delako edo determinatzaile/zenbatzaile baten alboan dagoelako. Markatzaile pluralak bi tokitan ageri dira: zenbait izenordain, determinatzaile eta zenbatzailetan, eta aditzaren argumentuan. Izenak eta adjektiboak beti dira aldaezinak numerorako: esaterako, etxe singularra zein plurala izan daiteke. Hala ere, etxe bezalako izen bat gutxitan ageri da isolatuta eta gehienetan determinatzailea edo zenbatzailea duen izen sintagma batean dago txertatuta eta, beraz, elementu horrek adieraziko du etxe hitzaren numeroa:

etxea

(singularra -a)

etxeak

(plurala -ak)

etxe hau

(singularra hau)

etxe hauek

(plurala hauek)

etxe bat

(singularra bat)

etxe batzuk

(plurala batzuk)

hiru etxe

(plurala hiru)

Adit iragankorrek atzizki bat edo artizki bat eransten dute, esaterako -it-, aditzaren objektua plurala denean.

osaba bat dut|

hiru osaba ditut

Determinatzaile askok, artikuluek barne, forma singular eta plural desberdinak dituzte (azkena k letrarekin adierazten da kasu abosolutiboan). Zenbatzaile gehienek (bat vs batzuk salbu) ez dute erakusten aldaketa morfologiko handirik, baina batzuk esanahian daramate plurala (bat baino handiagoak diren zenbakiek barne, jakina).

Singularra:

  • -a (artikulua)
  • hau, hori, hura (erakusleak)
  • bat (zenbatzailea)

Plurala:

  • -ak, -ok (artikuluak)
  • hauek, horiek, haiek (erakusleak)
  • batzuk (zenbatzailea)
  • bi, hiru, lau... (zenbakiak)

Zenbaitetan, izen sintagma baten numero gramatikala testuinguru orokorretik edo aditzetik soilik ondoriozta daiteke

  • zein etxe? (singularra edo plurala izan daiteke)

edo izenaren mota lexikaletik edo semantikotik:

  • zenbat esne?
  • zenbat etxe?

Izenordainak eta adberbioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsona izenordainak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsona izenordainetan hiru pertsona eta bi numero bereizten dira. Jatorriz, zu hitza bigarren pertsonako izenordain plurala zen, baina egun singular modura erabiltzen da eta jatorrizko hi izenordain singularra ordeztu du askotan, eta azken hori hurbiltasunezko harremanetarako geratu da. Zuek, berriz, zu izenordainaren pluralizatutako deribazio bat da eta gaur egun bigarren pertsonako izenordain plural bakarra da.

Bigarren pertsonako izenordainen garapen diakronikoa
Berreraikitako protohizkuntza Gaur egungo hizkuntza

hi 'bigarren pertsona (singularra)'

zu 'bigarren pertsona (plurala)'

hi 'bigarren pertsona (familiarteko singularra)'

zu 'bigarren pertsona (errespetuzko singularra)'

zu-ek 'bigarren pertsona (plurala)'

Hirugarren pertsonako izenordainen funtzioa betetzeko, izenordain erakusleak edo ber- aurretik daramatzaten pareko enfatikoak erabil daitezke.

Pertsona izenordaiak
Singularra Plurala

ni 'lehen pertsona singularra'

hi 'bigarren pertsona singularra (familiartekoa)'

zu 'bigarren pertsona singularra (errespetuzkoa edo neutrala)'

hau, hori, hura, bera 'hirugarren pertsona singularra'

gu 'lehen pertsona plurala'

zuek 'bigarren pertsona plurala'

hauek, horiek, haiek, bera(ie)k, eurak... 'hirugarren pertsona plurala'

Pertsona izenordain arrunt horiez gain, badaude enfatikoak direnak. Euskalki batetik bestera asko aldatzen dira. Adibidez, lehen pertsona singularrerako: neu, nerau, neroni edo nihaur.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Estatistiken kontua eztabaidatua izan da. Gai honetaz Rudolf de Rijk, besteak beste (1969) mintzatu da. Bittor Hidalgok (1994) zalantzan jarri ditu Rudolf de Rijken emaitzak. Geroago K. Erdociak (2009, 65) erakutsi du bere tesian Hidalgo ez zebilela zuzen, batez ere O kategoria objektu zuzenari deitzen baitzaio eta ez, Hidalgok egiten duen gisan, aditzaren ondotik datorren edozein osagai sintaktikori. Horrek aldatzen ditu emaitza estatistiko guztiak. L. Pastor eta I. Laka (2013) ere mintzatu dira gai honetaz. Nolanahi ere, gaurko testuetan, egitura sinpleenetan bederen, “andreak gizona ikusi du” (SOA) bezalako esaldiak hamar aldiz gehiago ageri dira “gizona andreak ikusi du” (OSA) baino, eta hiru aldiz gehiago “andreak ikusi du gizona” (SAO) baino, EHUko Euskara Institutuak egin dituen azterketen arabera.
  2. Hemen honako lan hauek aipa daitezke: Erdocia et al (2009); Laka et al (2010); Laka I. eta K. Erdocia (2012); Laka et al (2012); Laka (2012) eta Erdocia et al (2012
  3. Altubek (1930) eragin handia izan du eta haren arauak zurrunegi ezarri izan dira askotan. Euskal hitzen hurrenkera, batez ere perpaus luze eta elkartuetan, ez dator bat askotan perpaus bakunetako hurrenkerarekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d CC-BY-SA. Euskara Institutua, EHU, "Bereizgarri tipologikoak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg. ISBN: 978-84-693-9891-3
  2. CC-BY-SA Euskara Institutua, EHU, "SOA hizkuntza", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg. ISBN: 978-84-693-9891-3
  3. CC-BY-SA Euskara Institutua, EHU, "Hizkuntza ergatiboa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg ISBN: 978-84-693-9891-3.
  4. Rappaport & Levin 2000: 269-304
  5. CC-BY-SA Euskara Institutua, EHU, "Hizkuntza eranskaria", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg. ISBN: 978-84-693-9891-3.
  6. CC-BY-SA Euskara Institutua, EHU, "Sintagmek burua azkenean", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg. ISBN: 978-84-693-9891-3.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]