Euskal literatura eta kartzela

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskal literatura eta kartzela oso lotuta egon dira historian zehar. Euskal idazle askok kartzelan idatzi dute, eta historian zehar egondako gatazken ondorioz, baita euskal gatazkaren ondorioz ere, kartzela izan da askotan agertu den gai literario bat[1].

Kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal literaturaren hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1545ean argitaratu zen euskarazko lehen liburua, Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae alegia. Haren Kontrapas eta Sautrela kartzelan idatzi zirela pentsatzen da, bereziki Mosan Bernat Etxepareren kantuiak jasotzen duenez:

«

Mosen Bernat, pensa ezak kartzel´hori gaitz bada,
Nonbait ere infernuia are gaitzago dela;
Heben hik badukek bana, haiek ez nork konsola;
Penak heben fin dik sarri, haienak ez sekulan.

Libertatia nola baita gauzetako hobena,
Gatibutan egoitea hala pena gaitzena.
Ni bezala ez dadila, otoi, ehor engana,
Ez eta´re hitz orotan fida ere gizona.
Jangoikua, zuk begira niri ere zuzena.

Amen.

»


1564an Joan Amenduzek espetxean (Lizarra eta Tuterako kartzeletan egon zen) idatzi zuen Hemen natza ehortzirik poema:

«

Hemen natza ehortzirik, noizbait gozo eritzirik,
 Herioak uste gabe dolorezki egotzirik,
 ene anima Jangoikoagana beldurrekin partiturik,
 lagun gabe bide luzean peril asko pasaturik,
 onak eta honrak bertan munduak edekirik,
 plazerak azkeneraino atsekabe bihurturik.
 Ahaideak eta adiskideak, arte gutxiz atzendurik,
 ikusten ditut itsusirik, harretxe guztia deseginik,
 argi gabe ilunbetan, ustel eta kirasturik.
 Negar begi bat bederak bere aldiaz oroiturik,
 nehork ere izanen ez du nik ez dudan partidurik,
 Ene anima gomenda ezazue garitatez mobiturik,
 zarraizkidate gero bertan hitz hauek ongi notaturik:
 Josafaten baturen gara Judizion elkarrekin;
 bitartean lo dagigun, bakea izan dadila guztiekin.

»


1806an Joan Ignazio Iztuetak Kontxesiri bertso sorta idatzi zuen, Logroñoko espetxean. Hara eraman baitzuten Azpeitikotik. Hauxe sortako azkena:

«

Esperantzetan bizi, maite gozoa,
 noizbait kunplituko da gure plazoa.
 Eta orduan,
 gauza txarrik ez hartu buruan
 lehengoai utzi,
 ez degu pasatzen pena gutxi
 preso sei urtez!
 Ondoko gaituzte nere ustez.

»


XIX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Euskal Herrian ere idatzi ziren XIX. mendearen hasieran, hainbat. Martin Larralde Bordaxurik, besteak beste idatzi zuen Galerianoaren Kantuia. 1827an Etxahun Barkoxek Etxahunen bizitziaren khantoria. Kartzelako gaia dauka ere 1855ean Jose Maria Iparragirre Urretxuarrak Negar egingo luke nire amak baleki bertsoak ipini zituen.

XIX. mendea aberatsa da espetxea, urkamendia zehazkiago, motibotzat duten bertsoetan; mende horretakoak dira Hamalau heriotzarena, Estudiante kondenatuarena eta abar. Kasu hauetan ez dago argi atxilotuak berak jartzen ote zituen bertsoak, kasu gehienetan haren enkarguz besteren batek ipiniak izango ziren. Badakigu, Belateko lapurrena bertso sorta idatzi zuen bertsolaria preso zegoela, adibidez[2].

Espainiako Gerra Zibila eta gerraostea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldi honetan ere jarraitzen du bertsoaren tradizioak. Bertso eta poesia bitartez bakarrik egin da kasik ordura arteko kontaketa, testigantza edo dena delakoa. Eta gerra honetan eta ondoren ere jarraitzen du bertsoaren tradizio horrek, salbuespen batzuekin. Badira gerraoste honetan, eta gerra denboran ere, bertso sorta benetan bikainak.

Luis Rezola Tximela tolosarrak Duesoko espetxearen aipamenak, eta Puerto de Santa Maríarenak, ugariak eta aberatsak xehetasunetan dira:

«

Astera nua kantuan
 Santa Mariko Puertuan,
 onela ditut penak aztutzen
 etxe giltzatuan.
 Gordetzen badet buruan,
 ezta jakingo munduan
 ogei ta iru urte ederrekin
 gaur nola naguan.

»


Eta Estepan Urkiaga, “Lauaxeta” ere nabarmena da. Gernikan atxilotu eta Gasteizko Santa Isabel hilerrian fusilatu zuten 1937ko ekainaren 25ean. Lauaxetaren poemetan aberriarekiko maitasuna, gudarien irudi kasik idilikoa eta, hori guztiaz gain, fedea eta garrasi desesperatu bat ere bada. “Azken oyua” poematik zati batzuk:

«

 (Zubillaga’tar Karla’ri )
 Goiz eder onetan erail bear nabe
 txindor baten txintak gozotan naukela?
 El naiten leyora begiok intz gabe.
 Gorbei barna yatort kañoi-ots itzela:
 or egazkin-egak odei-lapur doaz.
 Guda-gotzon baltzak odolez dakustaz,
 euren oin aurrean beredin gudari.
 Gaste argi orreik, eutsi lur amari!
 Bera baizen onik eztauko ludiak.
Eta poema eder honen azken zatitxoa:
Eta bake deuna sortuko danean
 neure azur utsak besteenakin batu;
 eresi gurenaz lagundu bidean
 obi bakar-arte.
 Baña, arren, bukatu
 oroigailluaren maitasun itzala
 Kistoren gurutzat; Beragan ditxarot.
 Josu’ren fedea besterik eztaukot.
 Erri zintzo-onenak zaindu dagiala
 il gintzanen atsa, il gintzanen ala.

»


Bertsotan ez ezik prosan ere egin zen aldi honetan literatura, edo kronika nahiago bada, kontzentrazio esparruetatik. Gurseko kontzentrazio barrutitik Ander Garate Gesalibarrek Euzko Deyarako idazten zituen artikuluak esparru horretan nabarmenak dira. Nikolas Ormaetxea Orixek ere hantxe idatzi zuen Idorreria poema.

1937-1941 bitartean Espetxeko lehen aldizkari kolektiboak Espetxean zuen izena eta 11 zenbaki egin zituzten, hiru espetxetan: Santoñako Dueson 2; Larrinagan 5; eta Burgosen 4. 4-6-8 orrialdekoak ziren aldizkari hauek, eta bakoitzetik bost kopia egin zituzten.

Gerra honetan heriotza zigorrera kondenatuen azken eskutitzak, testamentu modura edo idatziak ere badaude, Larrinagako kartzelan.

Euskal gatazkaren baitan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Euskal gatazka»

1960-1970 hamarkadetan ez zen, ez dirudi, lan kolektiborik idatzi, barne-aldizkaririk eta horrelakorik alegia. Aipatzekoak dira, dena dela, Gotzon Alemanen poemak, Julen Kaltzadaren Herriak eta gizonak historia lana, eta Xabier Amurizaren bertsogintza eta bertsolaritzaren teorizatze lanak. Zamorako konkordatu-espetxean egon ziren euskal apaizak. Amurizak han jarritako bertsoetako asko nabarmenak dira, egin zuten motinari buruzkoak eta beste hainbat. Baina bertsoez gain, prosa ere idatzi zuen Amurizak espetxean, nobela bat zehazki: Hil ala bizi, Elkar argitaletxeak atera zuena 1973an Larraun goitizenarekin. Baserri-munduaren irudi idilikoari buelta ematen dio Xabier Amurizak Hil ala bizi honetan. Baserriko bizimodu gogorra, urria, beldurpekoa eta gizarte osoaren morrontza morala eta materiala ageri da eleberrian zehar. Nobela honek Euskal Herri erruralaren tripak bistaratzen ditu, erlijioa, beldurra, politika, grinak, gorroto-maitasunak, umorea, esplotazioa...

Lan kolektiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980ko hamarkadatik gaur arteko espetxe urteetan literatura ugari sortu dute euskal presoek. Lan kolektibo batzuk: 1980. Hamarkadaren hasierak aberatsak dira kartzelako literatura ariketan: Soria, Puerto de Santa Maria eta Herreran egiten dira barne aldizkariak: Sorian eta Herreran Martxan, Kixmi eta Halankarri. 1982an atera zuten Puertoko presoek liburu kolektiboa: Intxaur azal baten barruan, Eguberri amarauna goiburua zeramana. Sasoi hartako Puertoko egoera: “Euskal Herritik urrun, denbora hain astiro eta mingarri iragaiten den leku honetan…” dio. Kalean argitaratuko den kartzela literaturaren lehen liburu kolektiboa izan liteke.

1982an Sorian idatzi zuten Xake liburua ere aipagarria da. Ez da literatura liburua, baina bai espetxeko sormen kolektiboaren adierazgarria. Xakeari buruz euskaraz argitaratu zen lehen liburua da seguru asko, eta espetxeko lan kolektiboaren adierazgarria. Maximo Aierbe ataundarrak eta Jon Esturo debarrak idatzi zuten, eta J. K. Alberdi Krakasek egin zion hitzaurrea.

1989an aterako du Susak Itzalpeko ahotsak, Herreran idatzitako lanekin batik-bat, hurrengo liburu kolektiboa. Prosa, poesia, bertsoak… daude liburu honetan, batzuk egilearen izenez sinatuak, besteak goitizenez edo sinatu gabeak.

Saiakera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasketak baliatuz ere egiten dira batzuetan idazlanak, lan akademikoak, espetxeari edo espetxeratua izateari lotuak daudenak. Julen Zabalok Euskal nazionalismoa eta nazio lurraldea —1996, UEU—, Europako (zein?) Batasuna —1997, BBK—, eta Abertzaleak eta Ezkertiarrak —2000, Elkar— lanak idatzi ditu, besteak beste.

Jose Antonio Etxebarri Aiesta, Frantzisko Jabier Martinez Apeztegieta eta Fernando Arburua Iparragirre euskal presoek espetxe instituzioari buruz lekuan lekuko ikerketa lana egin zuten 1985-1986 ikasturtean Jokin Apalategi irakaslearen esanetara.

1989-1993 urteetan Barrutik aldizkari kolektiboa atera zen, baina oraingoan literatura baino gehiago kronika eta salaketa izango da batez ere helburua. Urte hauetarako espetxe ugaritan sakabanatua dago euskal preso politikoen kolektiboa, eta ia ezinezko bihurtzen da barne aldizkariak lehen bezala egitea, barne literatura ariketa moduan alegia.

Banakako lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertso idatziak, bakarka norberarentzat, edo kideen artean trukatuz, egiten dira. Horietako batzuk geroago argitaratuko dira, Jon Tapia, Xabier Aranburu Xomorro eta beste batzuenak, baina espetxean egindako bertso asko eta asko argitaratu gabe, norberarentzat edo lagunentzat, geratuko dira.

Poesia landuko dute beste batzuek, Xabier Izagak, adibidez. Joseba Sarrionandiak ere kartzelan idatzi zituen bere lanetako batzuk, nabarmenenak Narrazioak eta Izuen gordelekuetan barrena.

1996an, Giltzapeko sukaldaritza liburua argitaratu zuen Josu Urrutikoetxeak. 1999 urtean Haizea mindu gabe ipuin liburua argitaratu zuen Jon Gaztelumendik. 2004an Filipe Bidartek, Bakartasunaz bi hitz liburua argitaratu zuen.

Badira autore gehiago ere urte hauetan bakarkako literatur lanak eginez, edo lan akademikoekin, liburuak atera dituztenak, gaztelaniaz: Mario Onaindia, Karlos Gorrindo, Txelis Alvarez, Karmen Gisasola

Ataramiñeren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2002an hasita eta gaur arte urtero atera da Ataramiñe literatura koaderno kolektiboa. Ataramiñek askotariko lanak jasotzen ditu: marrazkiak, eskulanen argazkiak, bertsoa, poesia, prosa... Eta idazlanen artean bada itzulpena, sormena, salaketa, kronika edo narrazioa. Ataramiñen 14 urte hauetan parte hartu duten preso eta iheslari edo deportatuen zerrenda luzea litzateke, oso luzea: Oskar Barreras, Joxe Blanco, Argi Perurena, Olatz Caminos, German Urizar, Marixol Iparragirre, Teresa Toda, Naiara Mallabia, Markel Ormazabal eta Jon Etxeandia kasu.

Koaderno edo liburu kolektibo horrez gain, presoen lanekin banakako beste hainbat liburu atera ditu Ataramiñek urtez urte. Eta badira beste argitaletxe batzuekin liburuak argitaratu dituzten presoak ere. Hemen ere aipatzeko autore zerrenda luzea legoke:

  • Mikel Antza (Ospitalekoak, Bakarmortuko kronikak, Atzerri…); Iker Morenoren irudiei testua eginez atera zuen Mikel Antzak beste liburu bat.
  • Ibon Muñoa: bertsoak egin ditu batez ere, bertso ekoizpen handia du Ibon Muñoak, eta bertso liburuak atera ditun Ataramiñerekin.
  • Mikel Orbegozo: komikiak egin ditu, Preso Nago, Ilargipean
  • Kepa Etxeberriak marrazkiak egin dizkie Belen Gonzalez edo Xabier Ugarteren testuei.
  • Urtzi Zubizarretak Kartzelako neurriak liburua argitaratu zuen.
  • Segapoto kolektiboa izen anonimoarekin idatzi zuten Gosea lagun, laguna.
  • Xabier Aranburu Xomorrok, bertso liburua argitaratu zuen Aurrera nekez egiten baitu herdoildutako orratzak.
  • Jon Tapiak ere bertso eta poema liburua atera zuen Gartzelatik izenburupean.
  • Ekhiñe Eizagirreren Alde erantzira nabil poema liburua.
  • Jesusmari Zalakainen Kartzelako kronikak.
  • Mikel Ibargurenen Hemen gauak lau ertz ditu eta Deserriko karrikak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. cc-by-sa lizentziapean: Urain, Jokin. Espetxeko euskal literatura kronologia moduko bat. (Noiz kontsultatua: 2020-06-04).
  2. «Belateko lapurrak» ZUZEU 2020-02-04 (Noiz kontsultatua: 2020-06-04).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]