Giltzurruneko kalkulu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Giltzurrun-kalkulu» orritik birbideratua)
Giltzurruneko kalkulu
Deskribapena
MotaLitiasia
Litiasia
Espezialitateaurologia
Nefrologia
Identifikatzaileak
GNS-10N20
GNS-9592.0, 592.1 eta 592.9
DiseasesDB11346
MedlinePlus000458
eMedicine000458
MeSHD007669
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Giltzurruneko kalkuluak edo giltzurruneko harriak[1] (edo nefrolitiasia, urolitiasia) giltzurrun barruan eratzen diren materia solidozko formazioak dira. Formazio hauek gernuko berezko osagaiez osaturik daude, kaltzioz %85ean (oxalazetato forman) azido urikoz %10ean eta zistinaz %2an (zistinuriadun pertsonetan) besteak beste; baina kontzentrazio altuetan, non gernuan ezin diren behar bezala diluitu, kristaldu eta solidotu egin daitezke, harriak eratuz eta litiasia sortuz. Harri txikiek ez dituzte sintomak ematen, baina harria 5 milimetro baino handiagoa bada, ureterra oztopatu dezake eta honek min zorrotza ematen du abdomen edo bizkarraren beheko aldean. Horrez gain, harriek gernuan odola, oka egiteko gogoa edo txiza egitean mina sor dezakete.

Estimatzen da, noizbait giltzurruneko harria izan duten pertsonen erdiak beste bat izango duela hurrengo 10 urteetan zehar.

Harri gehienak faktore genetiko eta ingurumeneko faktoreen konbinazioaren ondorioz sortzen dira. Hainbat arrisku faktore daude:

  • Deshidratazioa: ur nahikoa ez edatea.
  • Obesitatea
  • Elikagai batzuk, besteak beste proteina, sodio (gatza) eta azukre handiko dietek harriak edukitzeko arriskua handitu dezakete. Izan ere, honek giltzurrunak iragazi behar duen kaltzio kontzentrazio handitzea eragiten du, kristalen eraketa erraztuz. Hari beretik jarraituz, kaltzio suplementua duten medikamentuak hartzeak ere arriskua suposa dezake.
  • Zenbait gaixotasun: hiperparatiroidismoa, gota, zistinuria… izanak.  

Epidemiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

%1-%15 tarteko prebalentzia dago giltzurun harriak izateko bizitzan zehar. Gizonezkoek %13ko prebalentzia duten bitartean, emakumeek txikiagoa dute, %7 hain zuzen ere.

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Konposizio kimikoaren arabera

1) Kaltzio harriak

Ohikoenak dira. Hezurrek eta muskuluak erabiltzen ez duten kaltzioa giltzurrunetara igarotzen da. Egoera fisiologiko batean, kaltzioa gerunuarekin batera eliminatzen da baina pertsona batzuek kaltzio hori giltzurrunetan metatzen dute eta beste substantzia batzuekin batera harriak eratzen dira.

Giltzurrun harrien %75 eta %85 artean kaltzio metaketaren ondorioz sortzen dira eta gizonezkoetan ohikoagoak dira.

Harri mota hauek 20 eta 39 urte arteko pertsonengan sortzen hasten dira.

2) Azido uriko harriak

Azido urikoa odolean metatzen denean gertatzen da. Azido urikoa purina nukleotidoen desponposizioaren ondorioz sortzen da, beraz, azido urikoaren metaketak zelulen lisiaren ondorioa izango dira. Hau dieta hiperproteiko baten ondorioa edo tumore baten aurkako tratamenduaren ondorioa izan daiteke, esaterako.

Giltzurrun harrien %5 eta %10 artean azido uriko harriak dira eta ohikoagoak dira gizonezkoetan.

Azido urikoaren metaketek "gota" izeneko gaixotasuna eragiten dute. Azido urikoa lotailu eta giltzaduretan metatzen da eta kristalak eratzen ditu, hauek minduz. Gaixotasun honen ondorio tipiko bat lehenengo behatzaren hantura izan ohi da. Hau dela eta normala da azido uriko harriak dituzten pertsonek gaixotasun hau ere pairatzea (harriak dituztenen %50 gutxi gorabehera)

3) Cistina harriak

Ez dira oso ohikoak. Zistina izeneko aminoazidoa muskulu, nerbio, larruazal eta antzeko ehunetan agertzen da (keratinaren osagaia da). Substantzia hau gernuen metatu daiteke harriak sortuz. Gaixotasun honen kausa hereditarioa da. Gaixotasunaren ondorioz aminoazido dibasikoak (cistina adibidez) ezin dira garraiatu hestean eta giltzurrun tubuluan.

4) Estrubita harriak

Estruvita fosfato-mineral mota bat da. Magnesio, fosfatoa eta amoniakoa dauzkate.  Harri hauek iraitz-aparatuko infekzio bakteriano baten ondorioa izan ohi dira. Bakterioek hauek ureasa askatzen dute eta honek harriak sorrarazten ditu. Harri hauek heterogeneaoak dira, izan ere, estruvita ez ezik, kaltzio karbonatoa ere badaukate.

Ezaugarri morfologikoen arabera

  • Tamaina

Harri batzuk harea ale bat bezain txikiak dira eta beste batzuek perla baten tamaina eduki dezakete. Badaude ezohiko kasuak non harriek golf pilota baten tamaina hartzen duten.

  • Forma

Harrien gainazala leuna izan daiteke edo irtenuneak izan ditzake.

Giltzurrun pelbisean kokatzen diren harriek koral itxurako forma hartu dezakete.

  • Kolorea

Normalean kolore marroia edo horia daukate

Patogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giltzurrun harriak

Nefroliatiasia gatzen hauspeaketa eta solubilitatea ekiditen dituen oreka puskatzean sortzen da. Giltzurruneko harriak sortzeko honakoa gertatu dadin behar da.

  1. Gainasetasuna:

Litogenikoen kontzentrazioa gernuak soluzioan mantendu dezakena baino handiagoa denean sortzen da. Gernuak soluzioan mantendu dezaken litogenikoen kontzentrazioaren muga, faktore askoren menpe dago:

  • pH-a: igotzen denean, fosfato ionizatuaren kantitate totala igotzen da, eta hau, Ca+2-ari lotzen zaionez, brushita eta apatita hauspeatzea eragingo du. Aitzitik, pH < 5,5 denean, fosfato kristalen frekuentzia jaisten da eta azido urikoarena igo.
  • Beste konposatu batzuen presentzia: Oxalatoa, fosfatoa eta zitratoa (zitratoaren jaitsiera)
  • Ur falta gernuan (kristalen formazioa errazten du).

2. Kristalizazioa:

Kristalen nukleoen eraketarekin hasten da. Hauek zelula arrastoak edo beste kristal batzuek ere izan daitezke (nukleo heterogeneoak). Nukleo hauek giltzurrun pelbisean gordetzen dira, pilatu. Hau giltzurrun papiletan dauden apatita plaketan sortzen diren proliferazioengatik da posible. Giltzurrun papiletako apatita plaka hauek Randall-en plakak dira, Henleren zati leuneko mintz basalean kokatzen dira eta interstizioan barrena pasatzen dira, mintz basaleruntz zelula endotelial hauek lesionatzen direan. Honek plakak agerian uzten ditu, kaltzio oxalatoaren kristalizaziorako oinarri gisan.

Kristalen eraketaren inhibitzaileak:

  • Pirofosfato inorganikoa: kaltzio fosfato kristalen kontra eragin handiagoa.
  • Zitratoa: kaltzioarekin konplexu disolbagarriak osatzen ditu.
  • Glukoproteinak: kaltzio oxalatoaren kristalizazioa inhibitzen dute.
  • Fitatoa: Kaltzio oxalatoaren nukleazioa inhibitzen du, zitratoarena baino mila aldiz handiagoa den potentziarekin. Kaltzio fosfatoaren nukleazioa inhibitzen du. Kaltzio oxalatoaren hazitze kristalinoa inhibitzen du.

Etiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1. Hiperkaltziuria ideopatikoa: Ustez jatorri heredagarria. Kaltzioa ez da ondo birxurgatzen eta gernuan kaltzio kontzentrazioa asko handitzen da.

2. Hipozitraturia: Jatorri dietetikoa (azidosi metabolikoa) eta heredagarria. Gernuan zitrato kontzentrazioa jaitsiko denez, kaltzio oxalatoa sortzeko aukerak igoko dira.

3. Hiperoxaluria alimentarioa: Oxalazetatoan aberatsa eta kaltzioan pobrea den elikadura. Kaltzio oxalatoa sortuko da.

Sintomak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giltzurrun harriek askotan ez dituzte sintomarik agertzen giltzurrun edo ureterretik mugitu arte eta sintomak tamainaren, konposizioaren eta kokapenaren araberakoak dira. Agertzen direnean sintomak hauek izan daitezke:

  • Koliko nefritikoa: saihets azpiko mina, gorputzaren albo bietan. Abdomeneko beheko aldera eta iztaira zabaltzen da, giltzurruneko pelbisean oztopoa baitago gernua kanporatzeko eta min oso bizia eragiten du.
  • Arrosa, gorri edo marroi koloreko gernua.
  • Hematuria: odola gernuan, 0,5cm baino diametro txikiagoa duten harriak eliminatzean sortutako zaurien eraginez.
  • Gernu uherra eta usain txarrarekin.
  • Goragalea eta okadak.
  • Mina pixa egiterakoan.
  • Pixa egiteko etengabeko gogoa.
  • Kantitate gutxitan pixa egitea.
  • Sukarra eta hotzikarak infekzioa baldin badago.
  • Zistitis edo gernuko infekzioa.
  • Tenesmoa, polakiuria eta disuria.

Giltzurrun harriek eragindako minaren intentsitatea eta kokapena alda daiteke harria bide ezberdinetatik pasatzen den neurrian.[2][3][4]

Diagnostikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harri txikienek ez dutenez sintomarik ematen, kasualitatez aurki daitezke gernu analisi batean. Harri handiagoen diagnostikoa ordea, minarekin hasten da; izan ere, harriek mina sorrarazten dute abdomenaren beheko aldean, lunbar aldean edo genitaletan. Harriak izateko susmoaren aurrean hiru analisi egiten dira:

  • Odol analisia: gehien bat azido uriko eta eta kaltzio mailak aztertzen dira.
  • Gernu analisia: lehenengo 24 ordutan egiten da eta mineral gehiegi askatzen ari direla ikus daiteke adibidez. Bi analisi eskatu ohi dira, bi egun desberdinetan.
  • Irudi probak: erradiografia abdominalaren bidez harriak ikus daitezke giltzurrunean, nahiz eta txikienak ez nabarmendu. Tomografiaren bidez ordea, txikienak ere aurki daitezke. Egin daitezkeen beste proba batzuk: urografia endobenosoa edo ekografia abdominala.

Batzuetan harri batzuk gernuaren bidez kanporatzen dira beren tamaina txikia dela eta, eta gernu hau iragaziz harrien konposizioa aztertu daiteke, prebentzioa hobetzeko asmoz.

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ureterrean kokatutako harrien %95a 3-4 astetan kanporatzen dira berez tamaina eta kokapenaren arabera eta 2 hilabetetan kanporatzen ez bada tratamendua beharrezkoa izango da. Kolikoen maiztasunaren edo bide urinarioan izango dituen ondorioen arabera, medikuak tratamendurik egokiena aukeratuko du, mina tratatuz edo interbentzioa eginez.%90-95a metodo ez agresiboekin kanporatzen dira.


  • Gorputz kanpoko litotrizia. Metodo honen bidez uhinak erabiliz harriak zati txikietan apurtzen dira errezago kanporatzeko, %90eko eraginkortasuna izanez. Anestesia erabil daiteke.
  • Ureteroskopia bidezko harrien erauzketa endoskopikoa. Lehenengo zitoskopioa harria bilatzeko erabiltzen da eta ureteroskopioarekin irudi argiagoak lortzen dira. Harria aurkitzen denean erauzi edo zati txikietan apurtzen da. Anestesia erabiltzen da.
  • α1 blokeatzaile adrenergikoak muskulu ureterala erlaxatzeko dira eta harriaren erauzketa minik gabe emateko erabiltzen.
  • Nefrolilotimia perkutaneoa. Gune kaltetuan ebakidura egin eta nefroskopioa erabiltzen da harria aurkitu eta erauzteko. Harri handiagoetan ultrasoinuzko edo holmiozko  laserreko transduktorea erabiltzen da harria apurtzeko. Anestesia erabiltzen da.

Tratamendu hauen ostean urologoak stent ureterala utzi dezake gernuko fluxua errazteko. Harria laborategi batean analisatuko da zein motatakoa den ikusteko eta harria erauzi eta 24 ordutara gernua analisatzen da mineralen kontzentrazioa neurtzeko. Helburu nagusia harri berrien agerpena saihestea da eta horretarako aurreko giltzurrun harriak sortutako kausak ezagutu behar dira.

Dieta ere erabil daiteke gaixotasun honen kontrolerako: likido (ura) asko edatea (mineralak diluitzeko), 2000Kcal baino gehiagoko dietak saihestea, gatz gutxi hartzea eta animalietatik lortutako proteinak, azukrea eta alkohola mugatzea.

Harri berrien agerpena saihesteko medikuak farmako batzuk errezeta ditzake harri motaren arabera:

Giltzurrun harri mota Farmakoak
Kaltziozko harriak
  • Potasio zitratoa, gernuko zitrato eta pH maila igotzeko.
  • Diuretikoak, gorputzeko ura gernuaren bidez kanporatzeko.
Azido urikoko harriak
  • Alopurinol, gorputzeko azido urikoaren maila altuak tratatzeko.
  • Potasio zitratoa.

* Batzuetan azido urikoko harriak gradualki disolbatzen dira.

Estrubitazko harria
  • Antibiotikoak, bakterioei aurre egiteko.
  • Azido azetohidroxamikoa, infekzioa prebenitzeko epe luzeko antibiotikoa.
Zistinazko harriak
  • Merkaptopropionil glizina, bihotzeko arazoetarako erabilitako antioxidatzailea.
  • Potasio zitratoa.

Egoera berezietan oztopoa eragiten duten harri handiagoak erauzteko kirurgia erabiltzen da.

Hiperparatiroidismoa duten pertsonek kaltzio gehiegi sortzen dutenez kaltziozko harria sortzeko arriskua dago. Paratiroide guruina kentzeko kirurjia egin daiteke giltzurrun harria saihestuz, baina infekzio arazoak egon daitezke

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskalterm: [Nefrourologia Hiztegia] [2016]
  2. (Ingelesez) «Symptoms & Causes of Kidney Stones | NIDDK» National Institute of Diabetes and Digestive and Kidney Diseases (Noiz kontsultatua: 2019-11-05).
  3. «Cálculos renales - Síntomas y causas - Mayo Clinic» www.mayoclinic.org (Noiz kontsultatua: 2019-11-05).
  4. (Gaztelaniaz) «Litiasis Renal: Síntomas, Tratamientos, Causas e Información» CuidatePlus 2009-03-26 (Noiz kontsultatua: 2019-11-05).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]