Gregorio Larrañaga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gregorio Larrañaga
Gregorio Larrañaga Mañukorta 2010.jpg
Bizitza
JaiotzaMarkina-Xemein1943ko abenduaren 1a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaMarkina-Xemein2022ko uztailaren 25a (78 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakbertsolaria eta nekazaria
Izengoitia(k)Mañukorta

Gregorio Larrañaga Mandiola (Markina, 1943ko abenduaren 1a - Markina, 2022ko uztailaren 25a), Mañukorta izengoitiaz ezaguna, bizkaitar bertsolaria izan zen. Bertsogintza molde baten ordezkari izan zen, eta haren etorri, imintzio eta ahoskera bereziek bertso mundutik harago ere egin zuten ezagun. 1990eko hamarkadaren hasieran, plazarik gehien egin zuten bertsolarietako bat izan zen.[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gregorio Larrañaga 1943ko abenduaren 1ean jaio zen Mañukorta baserrian, Markina-Xemeingo Larruskain auzoan. Oso gaztetik ibilia baserriko lanetan laguntzen, 14 urterekin baso-mutil hasi zen, pinuak botatzen eta garbitzen. Amaren familia bertsozalea zen, eta bere kasa ikasi zituen bertso zaharrak. 1960an hasi zen bertsotan jendaurrean, Markinan bertan, Abel Muniategirekin besteak beste.[2][1]

Soldaduska egitera Galiziako Ferrolera joan behar izan zuen; bi urte egin zituen han. Bertan zegoelarik, Alfonso Irigoienen bitartez baimena lortu zuen 1966ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean parte hartzeko. 1967an, soldaduska amaitu orduko, Nevadara (AEB) joan zen osaba batekin, artzain. Sei urte eman zituen. Haren erranetan, "dirua egitera joan nintzen, baina egin nuen apurrak ez zuen batere balio itzuli nintzenean... hala ere, ez naiz hara joanaz inoiz damutu, Euskal Herria maitatzen han ikasi bainuen".[3] Handik itzulitakoan, Danobat lantegian hasi zen beharrean, eta Cicautxon gero, erretiroa hartu arte.[1]

1980ko hamarkadan egin zen ezagun bertso munduan. 1989ko Txapelketa Nagusian finalaren atarian geratu zen,[4] eta Orixe eta Xenpelar sariak irabazi zituen. Konplexutasun handirik gabeko bertsokera zerabilen, baina maiz lortzen zuen entzulea piztea, besteak beste gorputz imintzioak eta antzezpenerako zuen gaitasuna baliatuz.[1] Joxean Agirrek idatzi zuen bezala, "tontotik ezer gutxi zuen arren, askotan tokatzen zitzaion tontoaren papera egitea, listo usteko bertsolarien artean".[3] 1989tik 1993ra bitartean, gutxi gorabehera, saio gehien egiten zuten bertsolarien artean ibili zen.[5]

2021eko uztailaren 17an, omenaldi beroa eskaini zion Markina-Xemeingo Bertso Eskolak; besteak beste, Andoni Egañak, Julio Sotok, Jone Uriak eta Iratxe Ibarrak abestu zuten bertso saio hartan.[6] Urtebete geroago, 2022ko uztailaren 25ean zendu zen; 78 urte zituen[7][8] Hileta elizkizuna Larruskain auzoko elizan egin zen.[1]

Mañukorta, "bertsonajea"[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mañukorta bertsotarako konpromisoaz (Ahotsak proiekturako)[9]

1990eko hamarkadaren hasieran, Mañukorta, Jainkomendiko mutila, Euskal Herriko bertsolaririk popularrena izatera iritsi zen. Garai hartan, bertsozale ez zirenek ere zuten haren berri, eta baita erdaldun askok ere. Mañukorta, bertsonajea liburuan arrakasta horren arrazoiak aztertu zituen Xabier Amurizaren arabera, "edozein lekutan ikusi eta gogoan gelditzen zen. Dena zuen ezberdina, gorpuzkera, keinuak, kantatzeko modua, arrazoitzeko modua, pertsonaia bat zen. Gero bazuen legenda bat ere, enteratzen zarenean ez zuela ia-ia eskolarik, ozta-ozta irakurtzen zuela edo irakurtzen bazekiela baina ez zuela batere irakurtzen, oraindik ere harrigarriagoa egin zaizu".[10]

"Nereak ez du esplikaziorik, "Mañu" fenomeno bat da, kito!" esan zion Mañukortak berak 1991n Joxean Agirreri. "Egia da jendeak maite nauela, baina hori izakera kontua da erdia eta beste erdia nere meritua. Bertsolari izatea ez da bertsoak kantatzea bakarrik. Jendeari leku bat egin behar zaio; agurtu, beren kontuak entzun eta zureak kontatu. Harremanen mundu hori zaintzen jakin behar da. Nik badakit bertsotan badaudela ni baino hobeak, baina jendearekiko zeregin honetan onenen pare naiz".[3]

Bertsolari aldizkariak hari eskaini zion lehenbiziko zenbakiko azala; bere jaiotetxean ageri zen, Mañukortako atarian, bizarra egiten. ETB 1eko saio batzuetan ere agertu zen: marrazki bizidunetako pertsonaia bihurtu zuen Juanba Berasategik, Lazkao Txikiren eta Jon Azpillagaren alboan, eta Txoko latex-eko panpinetako bat izan zen. Wazemank saioan lehiaketa berezi bat egiten zuten, haren esaldiak asmatzeko, hitz egiteko zuen era berezian oinarriturik. Euskadi Irratiko Goizean behin irratsaioan ere antzera erabili zuen Iñaki Perurena tolosarrak. Imitatzaileei buruz galdetuta, haiek ez ziotela baimenik eskatu kexatu izan zen, baina ez zegoela minduta gaineratu ere bai.[1]

Sariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Amuriza, Xabier, Mañukorta, bertsonajea, Andoain: Lanku Bertso Zerbitzuak, 2014[11][5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f Iruretagoiena, Hodei, Sarasola, Ainhoa. Umorea eta txinparta lagun. Berria, 2022ko uztailak 26, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-27).
  2. Xenpelar Dokumentazio Zentroa. «Gregorio Larrañaga "Mañukorta" - Biografiak - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Bertsozale Elkartea) (Noiz kontsultatua: 2022-07-26).
  3. a b c Agirre, Joxean. Robinson bat Mañukortan. Bertsolari aldizkaria, 1. zenbakia, 1991ko maiatza, issuu.com (Noiz kontsultatua: 2022-07-27).
  4. «Gregorio Larrañaga 'Mañukorta' hil da» Bertsozale Elkartea (Noiz kontsultatua: 2022-07-25).
  5. a b Elkartea, Xenpelar Dokumentazio Zentroa-Bertsozale. «Mañukorta bertsonajea - Liburutegia - BDB. Bertsolaritzaren datu-basea» bdb.bertsozale.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-26).
  6. Omenaldi beroa jaso du Mañukortak. Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2021eko uztailak 19, lea-artibaietamutriku.hitza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-27).
  7. (Gaztelaniaz) Redondo izenburua=Fallece el bertsolari Gregorio Larrañaga ‘Mañukorta’ a los 78 años, Maite. (2022-07-26). Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2022-07-27).
  8. (Gaztelaniaz) «Mañukorta, un bertsolari inolvidable» EITB 2022-07-25 (Noiz kontsultatua: 2022-07-27).
  9. «Larrañaga Mandiola, Gregorio - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-25).
  10. Agirre, Joxean. Mañukorta edo bertsolari ezberdin baten kasua. Gaur8, 2015eko martxoak 28, naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-28).
  11. Amuriza, Xabier. (2014). Mañukorta bertsonajea. Lanku Bertso Zerbitzuak PMC 920319569. (Noiz kontsultatua: 2022-07-25).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]