Edukira joan

Katamotz iberiar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Iberiar katamotz» orritik birbideratua)
Katamotz iberiar
Iraute egoera

Kaltebera  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaCarnivora
FamiliaFelidae
GeneroaLynx
Espeziea Lynx pardinus
Banaketa mapa
eta

Datu orokorrak
Elikadura iturri nagusiauntxi arrunta, erbi arrunta, eper gorria, basahatea, faisai arrunta, Muxarra, Landa-sagua, Katagorri arrunta, Genetta, orkatza, Ovis orientalis musimona, Adarzabala, Felis silvestris silvestrisa, Mangosta arrunta, hegaztia, haitz-usoa, Mustela, Arratoia eta haratustela

Katamotz iberiarra (Lynx pardinus) Iberiar penintsulako katamotz mota bat da. Gaur egun galzorian dago. XXI. mendearen hasieran, euren arteko harremanik ez zuten eta 200 ale baino gutxiagoz osaturiko bi talde besterik ez zen geratzen, horietatik hogeita hamar besterik ez zen eme ugalkorra.[1]

Kontserbazio hainbat programaren bidez, 2015ean lau gune eta 320 ale ziren.[2] Hala ere, katamotz iberiarra da mundu osoan galtzeko arrisku handiena duen felido espeziea, Amurreko lehoinabarrarekin batera.

Katamotz mota hau txikiagoa da kanadar eta ipar katamotzak baino. Puntuz eta orbanez beteriko ile nabarra edo arre-marroixka du. Gorputz argalagoa du, beste katamotzekin konparatuz gero. Isatsa laburra du, katamotz guztiek bezala. Katamotz guztiek eta karakalak bezalaxe, ile sorta bana du belarri puntetan. Katamotz iberiarrak beste motek baino nabarmenago ditu belarri ondoko ile luzeak, masailen inguruan, ilaje edo adats itxura emanez.

Hortz-formula hau du: 3/3, 1/1, 2/2, 1/1 = 28

Katamotz txikia da, ipar katamotzaren erdia pisatzen baitu. Arrek 12,8 kg pisatzen dute batez beste (20 kg-ko arrak topatu diren arren); emeek, berriz, 9,3 kg.

2006an katamotz nukleo edo talde emankor bakarrak Sierra Morenako Sierra de Andújarko parke naturalean (katamotz mota hauek gehien biltzen duen gunea), Doñanako parke naturalean eta Cerdeña eta Montoroko parke naturaletan soilik zeuden. Oso populazio urriak baziren beste gune batzuetan, baina ale txikiz osatutako populazioak betiere; Madrilgo hegoaldeko, Toledoko, Ciudad Real eta Sierra de Alcarazko mendi eta lautada gunetan, besteak beste.

XX. mende amaierako populazio gehienak desagertuak dira gaur egun.

2005. urtean Doñanan eta Sierra Morenan 200 ale baino ez zirela kalkulatu zen (bi guneak batera zenbatuta). Gainera, populazioak geografikoki zatituta zeuden, eta espezieak irautea erabat zailtzen zuen horrek.

Dena den, katamotz iberiarra babesteko eta berreskuratzeko lanak direla bide, animalia honen joera iraultzen hasi da pixkanaka. Beste lan batzuekin batera, lan intentsiboak egin ziren untxiak (felido hauen oinarrizko harrapakina) ugaltzeko eta katamotz iberiarren guneetan askatzeko. Horrela, 2007. urtean 200 ale baino gutxiagotik 220-250 alera igarotzea lortu zuten (2 urtean). 2018an, 450 alez osaturiko bi populazio garrantzitsu ziren; eta, gainera, populazio txikiagoak ere baziren Gaztela-Mantxako mendiguneetan.

2024. urtean, 2401 ale aske zeudela kalkulatu zen[3], batez ere Gaztela-Mantxan (942 ale) eta Andaluzian (836 ale), baina Portugalen (354), Extremaduran (254) eta Murtzian (15) ere bazeuden. Kontserbazio-lanari eta lurralde berrietan sartzeari esker, urte horretan katamotzaren populazioak % 18,8 egin zuen gora.

Urte horretan bertan, eme ugaltzaileen kopurua % 15,76 hazi zen, baina uste da oraindik ere 750 eme ugaltzaile gehiago behar direla espeziearen etorkizuna ziurtatzeko.

Katamotz iberiarra Mediterraneoko basoetan bizi da, iberiar penintsulako gune txiki eta mugatuetan. Iberiar penintsulan, zoritxarrez, kontserbaturiko basagune gutxi geratzen dira gaur egun.

Antzina Portugalen ere bizi zen katamotz iberiarra. XX. mendean iraungi zen han, baina XXI. mendean gizakiak berriz sartu du, eta gero eta gehiago dira han bizi diren katamotz iberiarrak.

400-900 metro bitarteko garaieretan bizi ohi dira, baina 1600 metroko mendigune garaietan ere aurki daitezke. Belar altueneko basoetan bizi dira gehienbat, untxiak bizi diren lekuetan (bere oinarrizko elikadura).

Katamotz bakartia eta nomada da, ugalketa garaian soilik elkartzen dira beste sexuko katamotzekin. Katamotz hau zaratarik egin gabe inguratzen da bere harrapakinengana, eta mugimendu azkar baten bitartez ehizatzen ditu; gutxiagotan, ezkutatuta itxaroten du, eta harrapakina gertutik igarotzean eraso egiten dio.

Katamotz hauek tenperaturek gora egiten dutenean atseden gehiago hartzen dute, euria egiten duenean kontrakoa gertatzen da, aktiboagoak ikusten baitzaie.

Katamotz iberiarra egunez eta egunsenti nahiz ilunabarrean izaten da aktibo, ordu horietan ehizatzen du. Dena den, Doñana parkean egindako ikerketa batek frogatu zuen parke horretako populazio batzuk gautarrak zirela.

Katamotz iberiarra untxiak ehizatzen espezializatutako haragijale bakarra dela jotzen da, haren elikaduraren % 80-90 baitira untxiak.

Horrez gain, anatidoak, ungulatuak, eperrak, ugaztun txikiak eta beste hegazti batzuk ere ehizatzen ditu, untxiak pasiboago eta topatzeko zailago dauden aldietan. Untxia aktiboa den garaietan, ia elikadura osoa karraskari horietan oinarrituta dago.

Araldia urtarrila eta otsaila bitartean ematen da. Animalia bakartia izan arren, araldi osoan bere bikotearekin egon ohi da.

Erditzeko eta kumeak zaindu eta hazteko ondo babestutako zuloak bilatzen ditu. Ernaldiak 65-72 egun bitartean dirau eta kumeen jaiotza martxoa eta apirila bitartean ematen da. 1-4 kume bitartean izaten ditu amak, sarriena 2 kume izanik.

4 asteren bueltan, katamotz amak zuloz aldatzen ditu kumeak, eta 2 hilabete egitean kumeak amari ehizara laguntzeko gai dira.

Iraute egoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katamotz iberiarra 1986. urtean galzoriko espezietzat sailkatu zuten; 2002. urtean, arrisku maila handiagoa duen galzori larriko espeziearen sailkapenera aldatu zuten. Hortik aurrera, urteetako kontserbazio lanei esker, katamotz iberiarren kopurua poliki-poliki handituz joan da. Katamotz iberiarraren kontserbazioaren aldeko kontzientziazio lanak ere handiak izan dira XXI. mendea hasi zenetik. Horregatik guztiagatik, 2015. urtean, katamotz iberiarra galzori larriko espezieen sailkapenetik galzoriko espezieen sailkapenera aldatu zuten berriro ere.

2023an egindako berrikuspenean, katamotz iberiarra "galzorian" zegoen espezie bat izatetik "kaltebera" izatera igaro da IUCNren Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian.[4][5]

Felido iberiar honen mehatxurik handiena gizakia da; zehazki, gizakiak eragindako hilketa aktiboak (nahita eragindakoak) eta pasiboak (nahigabe eragindakoak).

Iberiar penintsula Europako gune eraikienetarikoa da, eta urtez urte basoak eta ingurune askea galtzen joan da. Urtero, katamotz iberiarrak autoek harrapatuta hiltzen dira, bai eta beste animalia batzuk ehizatzeko jarritako zepoetan harrapatuta ere. Horri legez kanpoko ehiza gehitzen zaio.

Gainera, felido hau beste ugaztun txikiren bat ehizatzeko gai bada ere (orkatza, adibidez)[3], untxia, bere dietaren oinarria ( % 90 arte), desagertzen ari da hainbat arrazoirengatik.

Erreferentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Uste baino katamotz iberiar gutxiago», Elhuyar Zientzia eta Teknologia, 2003-02-01.
  2. https://web.archive.org/web/20150816063014/http://www.wwf.es/que_hacemos/especies/nuestras_soluciones/acciones_sobre_el_terreno/proyecto_lince_iberico/
  3. a b (Gaztelaniaz) «Lince ibérico» www.wwf.es (kontsulta data: 2025-05-28).
  4. (Gaztelaniaz) «Éxito mundial de conservación: el lince ibérico baja de categoría de amenaza de “en peligro” a» www.wwf.es (kontsulta data: 2025-05-28).
  5. Alejandro Rodríguez (Estación Biológica de Doñana, CSIC). (2023-10-31). «IUCN Red List of Threatened Species: Lynx pardinus» IUCN Red List of Threatened Species (kontsulta data: 2025-05-28).