Tigre
| Tigre | |
|---|---|
| Pleistozeno-gaur egun | |
| Iraute egoera | |
| Invalid status (IUCN 3.1) | |
| Sailkapen zientifikoa | |
| Klasea | Mammalia |
| Ordena | Carnivora |
| Familia | Felidae |
| Generoa | Panthera |
| Espeziea | Panthera tigris (Linnaeus, 1758)
|
| Azpibanaketa | |
| Banaketa mapa | |
| Datu orokorrak | |
| Ernaldia | 107 egun |
| Kolorea | laranja, beltz eta zuri |
| Elikadura iturri nagusia | Ungulatua, tximinoa, Phasianidaea, Leporidaea eta arraina |
| Habitat | baso |
| Masa | 1,19 kg |
| Haginkadaren indarra | 127 |
| Kumaldiaren tamaina | 2,5 |
| Eguneko zikloa | gaueko |
| Genomaren kokapena | dnazoo.org… |
Tigrea (Panthera tigris) Panthera generoko eta Felidae familiako animalia espeziea da, hizkera arruntean felido handi deritzen taldeko kideetako bat. Asiako ekialdean eta hegoaldean bizi da jatorriz. Alfa harraparia dute eta haragijaleak dira. Lau metroko luzera izan dezake eta 300 kilogramo arteko pisua; tigre azpiespezierik handienak inoiz izan diren felido handienak dira. Beren pisua eta botereaz gain, beren ezaugarririk ezagunena azal gorri-laranjan dituzten marra bertikal ilunak dira. Azpiespezierik handiena Siberiako tigrea zela pentsatu izan da gaur egunera arte, baina egungo datuek Bengalako tigrea azpiespezierik handiena izan litekeela iradokitzen dute, biek antzeko pisua izan dezaketela aintzat hartuta.
Oso moldakorrak izanik, tigreak ingurune askotan bizi dira, Siberiako taigan belardi zabaletan zein mangladi tropikaletan. Lurraldekoiak eta gehienetan bakartiak dira, eta lurralde-azalera handiak behar dituzte beren harrapakin-eskakizunak betetzeko. Horri lotzen bazaio giza populaziorik handienak dituzten munduko zenbait tokitan bizi direla, erraz ulertzen da gizakiekin dituzten gatazkak. Tigre modernoaren bederatzi azpiespezieetatik hiru iraungi egin dira eta beste seiak iraungitzeko arriskuan daude. Arriskuaren lehen arrazoia beren habitataren suntsiketa eta zatikatzea da, eta ondoren, ehiza.
Tigrea munduko megafaunako espezierik karismatikoenetakoa eta ezagunenetakoa da. Antzinako mitologian eta folklorean leku nabaria bete du, eta oraindik ere film eta literatura modernoan askotan aipatzen da. Tigrea armarri eta bandera askotan ageri da; halaber, kirol talde zenbaiten maskota gisa eta Asiako herrialde batzuetako animalia nazional gisa.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tigreen tamaina eta beste ezaugarriak azpiespezie batetik bestera aldatzen dira. Egoera basatian, arrek 147 eta 218 kg tarteko pisua izaten dute eta 190-330 cm-ko luzera, isatsa barne (hori 60 eta 110 cm inguru luze da) eta 60 eta 122 cm arteko altuera soin gurutzera. Emeak, bestalde, txikiagoak dira, 124-167 kg-koak eta 177-275 m luze dira. Gaur egun, subespezierik txikiena Malaysiakoa da eta handiena, Bengalakoa.
Tigre gehienek ilaje laranja edo horia eta marra marroi ilunak edo beltzak dituzte, eta erdialdeko eta sabelaldeko zonaldea, zurixka. Marren kopurua sexuaren araberakoa da (emeek marra gutxiago dituzte), baina tigre gehienek 100 marra baino gutxiago dituzte. Marren marrazkia banako bakoitzarengan ezberdina denez, banakoak ezberdintzeko erabil daiteke, pertsonok hatz-aztarna erabiltzen dugun moduan. Hala ere, hori ez da tigre bat identifikatzeko erabiltzen den metodoa. Seguruenik, marren funtzioa kamuflajea da, ehizan dabiltzanean, haien harrapakinetatik ezkutatzeko. Marren marrazkia haien azalean ere dago; beraz, ilea mozten bazaie, oraindik ere marrak ikusten zaizkie.

Felido gehienak bezala, tigreak ere zenbait kolore ikusteko gai dira. Beste alde batetik, gauez ikusmen zorrotza dute, erretinako mintz espekularrari esker, gaueko argitasun txikia fokalizatzen dute.
Bere motako beste kideak bezala, orro egiteko gaitasuna du; baina beste felido batzuk ez bezala, oso igerilari ona da: harrapakinak uretan ustekabean harrapatu eta ehiza ditzake.
Lurraldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Helduak lurraldekoiak dira eta asko ehizatzen dute. Beraz, tigre bakoitzak bere lur eremua du. Emeek 20 km2koa dute, baina arrena askoz zabalagoa da, 80 km2-ko batez besteko azalera baitu; hala ere, lurraldearen zabalera tigreen populazioaren araberakoa da. Arrek hainbat emeren sarrera baimen dezakete beren lurraldeetan, baina ez arrena. Emeekin harrapakin bat partekatzeko eta emearen ondoren elikatzeko gai dira (lehoien kasuan, alderantziz gertatzen da, izan ere ar menderatzailea da elikatzen den lehenengoa). Beren izaera erasotzailea dela eta, tigreen arteko lurralde gatazkak bortitzak izaten dira eta ar baten heriotzarekin buka daiteke, baina hilketa horiek urriak dira, lurralde gatazka gehienetan arrak ia kalterik gabe bukatzen dutelako. Lurraldea markatzeko, arrak gernua eta beste jariakin batzuk zuhaitzen gainean zipriztintzen ditu.
Tigre basatia ikertzeko hainbat teknika daude duela zenbait urte tigreen populazioa haien oinatzetako igeltsu moldeak erabiliz kalkulatzen zen. Gaur egun, irrati transmisore lepokoa tresna erabilgarria bihurtu da, tigre basatien ikerketarako.
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Emeak soilik egun batzuetan zehar ugalkorrak dira; estalketa egun horietan zehar hainbat aldiz gerta daiteke. Umealdiak 107 eguneko dirau, eta denboraldi hori igaro ondoren, emeak, gehienez, sei kumez erditzen da, kilogramo batera iristen ez direnak.
Ar helduak kumeak hiltzera iris daitezke, emeak harkorrak egiteko.
Zortzi aste betetzean, kumeak beren gordelekutik irteteko eta haien amari jarraitzeko prest daude.
Tigre gazteak, gutxi gorabehera, 18 hilabeterekin independente izaten hasten dira, baina bi urte edo bi urte eta erdi bete arte ez dira amengandik guztiz banantzen. Hiru edo lau urterekin sexu heldutasunera heltzen dira. Gazteek eskuarki haien ametatik gertu kokatzen dute haien lurraldea, helduek berriz, gatazken bidez zabaltzen dute beren lurraldea. Emeak ar eta eme kume kopuru berdintsuaz erditzen ohi dira beren bizitza guztian zehar.
Dieta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Askatasunean, tigreak batez ere tamaina handiko ungulatuez elikatzen dira, nahiz eta, beste predatzaile asko bezala, tigreak ere oportunistak izan eta ez diete harrapakin txikiei muzinik egiten, esaterako tximinoak, paumak, erbiak eta arrainak. Siberian, harrapakin nagusiak wapitia, sika oreina, oreina, orkatza eta basurdea dira; Sumatrako uharteetan, berriz, Timorreko oreina, basurdea eta tapir malayoa. Belarjale handiak ehizatzeko gai dira, gaurrak, bufalo urtarra eta altzea esaterako.
Haien harrapakinen artean, harrapakari handiak ere daude, adibidez, marradun hienak, otsoak, cuoiak, erretikuludun pitoiak, indiar pitoiak, tibetar hartzak, bezudun hartzak, malaysiar hartza, siamdar krokodiloak, gabialak; eta batzuetan gepardoak, lehonabarrak eta padurako krokodiloak. Azken horiek soilik urritasun momentuetan jaten dituzte, normalean arriskutsuak direla uste dutelako eraso egiten diete.
Indian sanbarra eta basurdea ditu harrapakin ohikoenak; noizbehinka, asiar elefanteak eta Indiako, Javako eta Sumatrako errinozeroak ere bai. Sanbarraren, gaurraren edo bufalo urtarraren tamainako animaliak ehizatu nahiago du, hainbat egunez haragia ematen dielako, beste ehizaren bat saiestuz.
Ehiza metodoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Normalean belarjaleak ehizatzen dituzte. Tigre zaharrek edo zaurituek etxeko ganaduari eta gizakiei eraso egiteko joera handiagoa dute, tigre osasuntsuek baino.
Bere indarra erabiltzen du haien harrapakinak jo eta lurrera botatzeko. Tigreak tamaina handia izanda ere, 90 km/h-ko abiadura har dezake. Tigrearen orroak erasoa hasterakoan funtzio garrantzitsua hartzen duela uste da; orroak soinu-uhin autemagarriez gain, gizakiontzat entzungaitzak baina harrapakinengan beldurra sortzen eta geldiarazten dituen infrasoinu uhinak ere baditu. Animalia lurrera botatzen du eta behin lurrean dagoela, lepoko atzeko aldean kosk egiten dio, orokorrean bizkarrezur-muina hautsiz, edo trakea zulatuz, bere harrapakinaren heriotza eraginez.
Tigre helduak 5 metroko altuerako saltoak eta 9 edo 10 metroko luzerakoak emateko gai dira.
Atzaparrak (7,5 cm-ko luzera dute), kolpatzeko erabili dezakeen indarrarekin konbinatuta, hausnarkari bat kolpe batez hiltzeko gaitasuna ematen dio.
Antropofagia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Normalean tigreek belarjaleak ehizatzen dituzte, baina beharrezkoa badute, gizakiak ere bai. Portaera hori izateko arrazoia Afrikako lehoienaren antzekoa da, eta predatzailearen zahartasuna, kumeen babesa edo arrazoi ohikoenak harrapakin errazen eta ugarien erosotasuna dira soilik.
Galtzeko arriskua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gaur egun, etsairik handiena gizakia du. Hezurrak, eta ia gorputzaren zati guztiak Txinako medikuntzan erabiliak ziren, baina egun praktika hori debekatuta dago.
Tigreen larrua lortzeko legez kontrako ehizak eta haien lurraldeen suntsipenak ale basatien populazioa nabarmen jaitsi du. 1900. urtean 100.000 tigre basati zeudela uste da, Anatoliako penintsulatik Bali uharteraino; 1993an, 7.000 geratzen ziren, bi herenak Indian; 2013an, tigre basatien populazioa 3.000 alekoa zela kalkulatu zen, baina egun 20.000 bat daudela esaten da.
Berriki WWFaren txosten batek adierazi duenez, azken ehun urteotan, lehen aldiz tigre basatien kopurua igo da, 2010eko 3.200 aleetatik 2016ko 3.890 aleetara. Kontserbazionisten helburua 2022rako kopuru hori bikoiztea zen.
Eboluzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tigrearen eboluzioa oraindik nahasia denez, ez dago haren fosil erregistroari buruzko informazio askorik. Panthera generokoko fosilik zaharrenak 2010en aurkitu ziren Tibeten eta 2013an Panthera blythea izenaz sailkatu: 4,1 eta 5,9 milioi urte arteko antzinatasuna dute. Fosil horien garrantzia tigrearen jatorriko lekuan datza; hau da, Pantherinae taldeko subespezieko felidoak Asiatik datozela eta ez Afrikatik. Aurkitu diren tigre aztarnarik zaharrenak Txinakoak dira, Gansun hain zuzen ere, eta Palistozenoaren hasieran, Panthera zdanskyi (felido primitiboa, tigrea baino txikiagoa, Longdango tigre izenaz ezaguna) baten fosilak dira. Oraingo tigreen aztarnak Javan aurkitu ziren eta 1,6 eta 1,8 milioi arteko aintzintasuna dute. Tigrea India eta Asiako iparraldera Pleistozenoaren bukaeran iritsi zen, duela 10.000 urte.
Azpiespezieak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Tigrearen bederatzi azpiespezie Asian bizi izan dira azken aldiotan; horietatik, hiru galdu dira eta beste bat arrisku larrian dago. Haien banaketa historikoa (oso murriztuta dago egun) nagusiki Errusiatik, Irandik, Afganisandik, Indiatik, Txinatik eta Asiako hego-ekialdetik, Indonesiako irlak barne, pasa zen. Oraindik bizirik dauden azpiespezieen zerrenda hurrengoa da, populazio basatiaren arabera ordenatuak:
- Bengalako tigrea (Panthera tigris tigris), errege tigre edo Indiako tigre izenez ere ezaguna da. Indian, Bangladeshen, Nepalen, Bhutanen eta Birmanian bizi da. Bengalako tigrearen populazio basatia 2.000 alekoa dela uste da, eta haietako 1706 Indian dira. Indiakoa handienetarikoa da, 175-260 kg-ko pisua baitute arrek eta 100-160 kg emeek.
- Indotxinako tigrea (Panthera tigris corbetti), Corbetteko tigre izenaz ere ezaguna. Kanbodian, Txinan, Laosen, Thailandian, Birmanian eta Vietnamen bizi da. Ez dago horren populazio basatiaren zenbaki zehatzik, baina 700-1.300 ale daudela esaten da. Bengalako tigrea baino txikiagoa da eta ile ilunagoa du, arrak 150-190 kg-ko pisua hartzen du eta emeak, 100-130 kg.
- Tigre malaiarra (Panthera tigris jacksoni), Malaysiar penintsulan bizi da. Haren populazio basatia 500 alekoa dela uste da. Arren batez besteko pisua 120 kg-koa da eta emeena, 100 kg-koa.
- Sumatrako tigrea (Panthera tigris sumatrae), Sumatra uhartean bizi da. Tigre horren populazio basatia 400-500 alekoa da.
- Tigre siberiarra (Panthera tigris altaica), Amurreko tigre eta Mantxuriako edo Ipar Txinako tigre izenez ere ezaguna. Siberiako ekialdean bizi da, Amurreko eskualdean. Egoera basatian soilik 400 tigre geratzen dira. Munduko felidorik handiena dela uste da (ligrea baztertzen bada), batez beste, arrek 225 kg-ko pisua baitute eta emeek, 127 kg-koa. Gantz geruza bat, ilaje horia eta marra kopuru txikiagoa izateagatik bereizgarriak dira.
- Hego Txinako tigrea (Panthera tigris amoyensis), Amoyko edo Xiamengo tigre izenekin ere ezaguna. Hegoaldeko Txinan bizi da. Aspiespezie mehatxatuena da eta galtzeko zorian dago. Azpiespezie txikienetakoa da, arrek 130-175 kg-ko pisua baitute eta emeek, 100-115 kg-koa.
-
Bengalako tigrea
-
Indotxinako tigrea
-
Tigre malaiarra
-
Sumatrako tigrea
-
Tigre siberiarra
-
Hego Txinako tigrea
- Distribuzio eremuak
-
Bengalako tigrearen habitata
-
Indotxinako tigrearen habitata
-
Tigre malaiarraren habitata
-
Sumatrako tigrearen habitata
-
Tigre siberiarraren habitata
-
Hego Txinako tigrearen habitata
Galdu diren azpiespezieak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XX. mendean zehar beste hiru aspiespezie galdu ziren, ehiza eta haien habitaten hondaketa zirela eta:
- Baliko tigrea (Panthera tigris balica), Bali uhartean bizi zen. Espeziea galdu arte ehizatua izan zen, 1937ko irailaren 27ra arte. Azpiespezierik txikiena zen, arrek 100 kg-ko pisua zuten eta emeek, 80koa.
- Javako tigrea (Panthera tigris sondaica), Java uhartean bizi zen. Beharbada azpiespeziea 1970eko hamarkadatik galdura dago, ehiza eta habitat suntsiketa zela eta; hala ere, galera gertagarria zen 1950eko hamarkadatik. Azken alea 1979an ikusi zen.
- Tigre kaspiarra (Panthera tigris virgata) mendebaldeko Asian bizi zen tigre bakarra izan zen, Afganistan, Iran, Pakistan eta Turkian. Azken alea 1959an ehizatu zuten, Iranen. Tamaina handikoa izan zen, ia Bengalako tigrea bezainbeste, eta Atlaseko lehoiarekin eta beste animaliarekin batera, erromatarrek gladiatoreekin borrokatzeko erabiki zituzten.
-
Baliko tigrea
-
Javako tigrea
-
Tigre kaspiarra
-
Baliko tigrearen habitata
-
Javako tigrearen habitata
-
Tigre kaspiarraren habitata
Historiaurreko azpiespezieak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Panthera tigris acutidens: subespezie hori Asian bizi zen Pleistozeno garaian. Haien matapodialak askoz konstituzio masiboagoa izateagatik nabari zen, beste edozein tigre baino.
- Panthera tigris soloensis: egun Sondako eskualde izenaz ezagutzen dugun lurraldean bizi izan zen (Indonesian), duela 195.000 bat urte.
- Panthera tigris trinilensis: duela 1,2 milioi edo 700.000 bat urte bizi izan zen.
Beste barietate ez-taxonomikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Badira tigre-barietateak beren ezaugarri fisikoak eskuratu dituztenak, subespezierik edo talderik osatu gabe. Barietateon artean, hurrengoak daude:
- Tigre zuriak: ezaugarri genetiko bat daukate, haien koloredun pigmentua ia guztiz ezabatzen duena, baina marra beltzak dituzte, tigreak gene errezesiboaren bi ale heredatzen dituelako: sudur arrosa, begi urdinak eta kolore zuriko azala, marra beltz, gris edo marroiekin.
- Urre koloreko tigreak: oso kolore arraroa dute, gene errezesiboaren eraginaren ondorioz.
- Tigre urdina edo maltesa, ilaje grisa duena, mutazio baten ondorioz.
-
Tigre zuria
-
Urre koloreko tigrea
-
Tigre urdina
Hibridoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hibridoon gehiengoa gatibutasuneko animaliekin gertatzen dira, baina animalia basatiekin ere bai.
- Ligrea: lehoi ar baten eta tigre eme baten arteko gurutzaketa da. Bi gurasoen ezaugarri fisiko eta portaerakoak dituzte, baina gurasoak baino handiagoak izaten dira. Ligre arrak antzuak dira, baina emeak, normalean emankorrak.
- Tigroia: tigre ar baten eta lehoi baten arteko gurutzaketa da. Tigroia txiki samarra izaten da, arrak gutxi gorabehera 150 kg-ko pisua du, eta lehoi arra baino % 20 txikiagoa izaten da. Ligrea bezala, tigroi arra ere antzua da.
-
Ligre bikotea
-
Tigroia
Tigrea nazio animalia gisa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun tigrea Asiako herrialde batzuetako nazio animalia da:
- Bangladesh (Bengalako tigrea)
- Txina (herensugearekin eta pandarekin batera, ikur ezofiziala da)
- India (Bengalako tigrea)
- Malasia
- Nepal (Bengalako tigrea)
- Ipar Korea (tigre siberiarra)
- Hego Korea (tigre siberiarra)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ https://web.archive.org/web/20110721160222/http://india.gov.in/knowindia/national_animal.php
- ↑ https://www.iucnredlist.org/species/15955/50659951
- ↑ https://www.thedailystar.net/news-detail-156957
- ↑ https://academic.oup.com/mspecies/article-abstract/doi/10.2307/3504004/2600559?redirectedFrom=fulltext
- ↑ http://fishowls.com/Slaght%20et%20al%202005.pdf
- ↑ http://news.bbc.co.uk/hi/spanish/science/newsid_7357000/7357817.stm
- ↑ https://royalsocietypublishing.org/doi/full/10.1098/rspb.2013.2686