Israel-Palestina gerrari buruzko protestak eta elkartasuna (2023-2024)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Israel-Palestina gerrari buruzko protestak eta elkartasuna (2023-2024) gerra horri buruz Euskal Herrian eta munduan piztu diren mobilizazioak eta elkartasun adierazpenak dira. Hor sartzen dira hala urriaren 7-10eko Hamasen eta erakunde politiko-militarren erasoei buruzkoak nola hurrengo urte erdiko Israelen Gazako eta Zisjordaniako kanpainari buruzkoak. Israelgo zibilen zein militarren kontrako hasierako erasoak erreakzioak eragin zituen munduko politikari eta agintari ugariren artean, baita Israelen aldeko kale protesta batzuk ere; bigarren fase luzeagoan, berriz, palestinar herriaren aldeko herri mobilizazioak nabarmen areagotu ziren, Israelen gerra krimen eta genozidio salaketa gero eta gehiagoren erdian. Euskal Herrian, Israelen kanpaina militar luzearen kontrako eta palestinarren aldeko protestak eta jarrerak nagusitu dira, hala kalean nola kulturan eta, are, politikan.

Nazioartean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriaren 7an Hamasek Israeli eraso egin zionetik, askotariko protestak eta elkartasun ekitaldiak antolatu dira munduan. Protestak Israelen zein Palestinaren aldekoak izan dira, baina gerrak aurrera egin ahala eta Al-Ahli Arabi ospitala leherrarazi ondoren, areagotu dira munduan Israelen bonbardaketak salatzeko protestak, batez ere Ekialde Hurbilean, baina baita Europan eta Estatu Batuetan, bertako buruzagi politikoen kontra, Israel babestearren. Hainbat ahotsek garbiketa etnikoa salatu dute.[1] Parisen, milaka bildu ziren urriaren 22an, baita 19an ere, agintariek debekatu zutena.[2] Pariseko prefetaren arabera, «Palestinaren aldeko ekitaldiak debekatzeko arrazoia ez [zen] politikoa, morala baizik». Madrilen, Bartzelonan eta Zaragozan, milaka pertsona atera ziren kalera, «genozidioaren» kontra.[3] Kontrako aldean, urriaren amaieran, Espainiako hiriburuko udalak Ohorezko Domina esleitu zion Israeli; alkateak adierazi zuen ezin dela onartu Israelen eta Hamasen arteko «ekidistantziarik».[4] Alemaniako alderdi politiko nagusiek, ezkertiarrek ere bai, hala palestinar nola palestinarren aldeko adierazpenak eragotzi dituzte, «Israelen kontrako izua» eta «terrorismoa» babesten dutelakoan.[5]

Urriaren 19an, Washingtonen, protestari juduak Kapitoliora sartu ziren, «Ez nire izenean» goiburu harturik, Israelek Gazaren kontra zeraman kanpaina militarraren kontra; ehunka protestari atxilotu zituzten.[6] Urriaren 28an, New Yorkeko Grand Central geltokian, «palestinarren genozidioa amaitzearen» aldeko juduek eta atxikitako beste protestari batzuek elkarretaratzea egin zuten berehalako su-etena eta bakea erreklamatzeko; poliziak ehunka atxilotu zituen.[7] Estatu Batuetako unibertsitateetan, hautsak harrotu zituen Gazako palestinarren kontrako Israelen operazioak, bereziki ikasleen protestak harrotuz. Aldiz, hainbat erakunde publikok zein pribatuk, Alderdi Demokratako sektore handi bat eta Anti-Defamation League erakundea tartean, «antisemitismo» akusazioak atera zituzten.[8]

Apirilaren hondarrean, berpiztu egin ziren AEBko unibertsitateetako protestak, New Yorkeko Columbia erdigunean zela. Ikasleek Occupy Wall Street antzeko mugimendu bati ekin zioten. Polizia campus horretan sartu zen, eta ikasle protestarien kontra jo, 130 ikasle atxilotuz. Irakasleek gogor salatu zuten poliziaren oldarraldi hori, eta haietako 400 unibertsitateko togaz jantzirik agertu ziren ikasle protestariei babesa adierazteko, baita Columbiako presidentearen dimisioa erreklamatu ere.[9] AEBko beste unibertsitateen artean ziren Berkeley, Barnard, Yale eta beste. Bakearen aldeko Juduak mugimenduak protagonismoa hartu zuen protesta horietako batzuetan.[10] Interneti dagokionez, urriaren 26an, Meta korporazioak Gazako irudiak plazaratzen zituen jarraitzaile ugariko palestinarren aldeko Instagrameko kontu bat itxi zuen, adieraziz «segurtasuna kolokan» jartzen zuela.[11] Iranen, berriz, 2023ko azaroan, milaka atera izan dira kalera Gazako hilketengatik eta AEBren zein Israelen kontra protestan.[12]

Laguntza humanitarioa eta elkartasuna uztartuz, Istanbulen hainbat astez kaian pausaturik egon zen "Askatasunaren Ontzidia", hiru itsasontziz osatua. 2024ko apirilaren 6rako, prest omen zegoen, antolatzaileek ziotenez. Akdeniz itsasontziak, zehazki, laguntza humanitarioa zeraman eta, antolatzaileek esan dutenez, baimena zuen bidaia apirilaren 26a hasteko, portuko agintaritzek «beharrezkoa den dokumentazio guztia» baitzuten, eta haien oniritzia jasoa zuten. Ontzidiak laguntza humanitarioko 5.000 tona zituen prest Gazara garraiatzeko. Laguntza hori «hil ala bizikotzat» jo zuten antolatzaileek. Aldiz, Israelgo exekutiboaren nazioarteko presioek beren helburua lortu zuten: Guinea Bissauk bere banderako ontzidiari eragotzi egin zion itsasoratzea, sine die atzeratuz. Gutxienez, hiru euskal herritar zeuden ontzidiko bultzatzaileen artean.[13]

Urriko nazioarteko mobilizazioen irudi sorta

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian, manifestazio ugari egin dira, besteak beste Iruñean, Donostian, Bilbon edo Baionan. Urriaren 19an, Baionan 120 pertsona elkarretaratu ziren, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren deiari erantzunez. Herriko etxe aitzinean antolatua zuten bilkura debekatu du suprefeturak, eta poliziak plaza hartu zuen.[14] Urriaren 27an, halaber, prefeturak Palestinaren aldeko Mauleko eta Baionako manifestazio bana debekatu zituen[15]. Dena den, antolatzaileek 27ko Mauleko protesta[16] eta 28ko Baionakoa[17] mantentzea erabaki zuten eta biak egin ziren presentzia polizial nabarmenarekin.

Donostian, milaka herritarrek elkartasuna adierazi zioten Palestinari urriaren 21ean egindako manifestazio nazionalean.[18] Hainbat pertsonaia ezagunek sinatutako Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak deitu zuen manifestazioa eta Gazako «genozidioa» eteteko eta Palestinaren kontrako «okupazioa» bukatzeko eskatu zuten.[19] Egun berean, Real Sociedad eta Osasunaren arteko futbol partidan, zaleek ehunka Palestinako bandera atera zituzten harmailetan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren debekuari aurre eginez.[20] Donostian, Ertzaintzak PSEren Prim kaleko egoitzaren aurreko protestarien kontra kargatu zuen, zaurituak eraginez, elkarretaratzearen GKS erakundeko deitzaileek segurtatu zutenez.[21]

Iruñean, hainbat manifestazio eta elkarretaratze egin ziren urrian Israelen erasoaren eta «genozidioaren» kontra.[22][23][24] Urriaren 28an milaka herritar bildu zituen beste manifestazio nazional bat egin zen Bilbon «Gora palestinar erresistentzia! Sionismoa genozida» lelopean, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak antolatuta.[25][26] Azaroaren 7an, hainbat sindikatuk eta gizarte eragilek elkarretaratzeak deitu zituzten udaletxeen aurrean, eta milaka pertsona bildu ziren Gazaren kontrako Israelen erasoaren eta genozidioaren aurka.[27]

2023ko abenduaren 8an, 3.000 pertsona elkartu ziren Gernikan, Gernika-Palestina herri ekimenari erantzunez. Elkarretaratze horretan, bildutakoek Palestinako bandera bat eta Picassoren Guernica koadroaren zati bat osatu zuten.[28] 2024ko urtarrilaren 28an, berriz, milaka manifestarik martxa bat egin zuten Ordiziatik Beasainera, Israelekin harremanak dituzten euskal enpresen eta erakundeen «konplizitatea» salatzeko, CAF enpresarena «bereziki».[29]


Euskal Herriko zenbait mobilizazio

Kulturako erantzuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra hasi eta hamar egunera, Erresuma Batuko 2.000 inguru aktorek gutun bat zuzendu zioten gobernuari, leporatuz Israeli «gerra krimenak» egiten laguntzea eta horiek hauspotzea, eta menia bat eskatu zuten.[30] Urriaren 20 inguruan, AEBko hainbat aktorek, Susan Sarandon, Kate Blanchet eta Joaquin Phoenix tartean, hamarka aktorek Gaza gaineko bonbardaketak etetearen eta meniaren alde indar egiteko eskatu zioten Joe Biden AEBko presidenteari, gatibu israeldarrak salbu atera zitezen.[31] Hala Sarandonek nola Melissa Barrerak ondorio profesionalak pairatu zituzten Israelekiko posizio eta iruzkin kritikoengatik, baita «antisemitismo» akusazioak ere.[32]

Urriaren 25ean, PEN Internationalek berehalako su etenera, herritar zibilen babesera, gatibu guztien askapenera eta Gazaren setioa amaitzera deitu zuen.[33] Urriaren 27an, 93 artista frantsesek, Juliette Binochek eta Annie Ernauxk, besteak beste, berehalako su etena erreklamatu zuten Gazan, «gizateriaren izenean».[34] Espainian, azaroaren 7an, 300 artistak baino gehiagok manifestu bat idatzi zuten «Gazako sarraski, apartheid eta genozidioaren kontra» eta herrialde horretako gobernuaren utzikeriaren kontra.[35] Azaroaren 13an, Residente Puerto Ricoko rap-kantariak iragarri zuen utzi egingo ziola bere azken diskoa eta bideoak aurkezteari eta musika itzulia egiteari Gazan gertatzen ari zen «sarraski makabroarekin» ondoezak jota.[36]

2024ko otsailaren 29an, Euskal Herriko hainbat sortzailek eta artistak bat egin zuten Palestinako «genozidioa» eteteko eskatzeko, tartean zirela Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Maia eta Igor Otxoa, besteak beste.[37] 2024ko martxoaren 17an, milaka lagunek egin zuten bat kulturgileen deiarekin. Donostian egindako manifestazio horretan, Palestinari elkartasuna adierazi zioten, eta «genozidioa» eteteko eskatu. Haizearen Orrazian, protestariek performance bat antzeztu zuten, lurrean hilotz plantan sarraski bat irudikatuz.[38][39]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «‘This is genocide, not war’: Gaza destruction sparks protests across world» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2023-10-22).
  2. (Frantsesez) «A Paris, une foule propalestinienne se rassemble « pour la paix »» Le Monde.fr 2023-10-22 (Noiz kontsultatua: 2023-10-22).
  3. (Gaztelaniaz) EFE, Agencia. (2023-10-21). «Miles de personas claman contra el "genocidio" del pueblo palestino» COPE (Noiz kontsultatua: 2023-10-22).
  4. (Gaztelaniaz) EP. (2023-10-31). «Almeida defiende que Israel merece "reconocimiento" por parte de Madrid: "Es la única democracia en esa zona"» elDiario.es (Noiz kontsultatua: 2023-11-01).
  5. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2023-11-03). «Berlín otorga carta blanca a Tel Aviv en su guerra contra Palestina» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  6. (Ingelesez) Tait, Robert. (2023-10-19). «Hundreds arrested as US Jews protest against Israel’s Gaza assault» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-10-22).
  7. (Ingelesez) «'Never Again for Anyone': Jewish Protesters Demanding Gaza Cease-Fire Arrested in Grand Central Station» www.commondreams.org (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
  8. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2023-12-18). «Gaza sacude las tensiones en las universidades de EEUU» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  9. (Frantsesez) «États-Unis: l'université de Columbia, point de départ des manifestations étudiantes pour Gaza» RFI 2024-04-23 (Noiz kontsultatua: 2024-04-24).
  10. (Ingelesez) «People taken into custody at NYU as pro-Palestinian campus protests escalate across U.S.» NBC News 2024-04-23 (Noiz kontsultatua: 2024-04-24).
  11. (Ingelesez) Farah, Hibaq; reporter, Hibaq Farah UK technology. (2023-10-26). «Pro-Palestinian Instagram account locked by Meta for ‘security reasons’» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-11-18).
  12. (Ingelesez) «Thousands rally across Iran to protest Gaza deaths, slam Israel and US» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  13. «Askatasunaren Flotilla ezin da irten Turkiatik, Israelen blokeoaren ondorioz» Berria 2024-04-26 (Noiz kontsultatua: 2024-04-27).
  14. Beloki, Ekhi Erremundegi. (2023-10-22). «Debekuaren gainetik, Palestinari elkartasuna erakutsi diote Baionan» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-22).
  15. Beloki, Ekhi Erremundegi. (2023-10-28). «Palestinaren aldeko bi manifestazio debekatu ditu prefeturak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-28).
  16. «Suprefetak ezarri debekuaren gainetik, Palestinar herriak jasaten duen sarraskiaren kontrako elgarretaratzea egin dute Maulen. Presentzia poliziala handia da.» X (Twitter) (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
  17. «300 pertsona bildu dira Baionan Palestinaren aldeko manifestaldian. Prefeturak debekatu zuen gaurko mobilizazioa, eta hainbat pertsona identifikatu dituzte geltoki inguruan, martxa abiatu aitzin. Azkenean karriketan barna egin dute manifestaldia. #PalestinaLibre» X (Twitter) (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
  18. «Ekinklik Argazkiak - Llamamiento a la solución de la masacre de Gaza, desde Euskal Herria a la comunidad internacional.» ekinklik.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  19. Beloki, Mikel Elkoroberezibar. (2023-10-22). «Elkartasun oldeak gainezka egin du» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-22).
  20. Uralde, Jon Ordoñez Garmendia-Pettan. (2023-10-22). «Realaren eta Osasunaren zaleek Palestinako dozenaka bandera atera dituzte harmailetan» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-22).
  21. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2023-11-04). «Porrazos y disparos de la Ertzaintza en una protesta por Palestina ante el PSE en Donostia» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  22. «Ekinklik Argazkiak - Tengo un sueño...Un día Palestina será libre. Concentración en Iruñea.» ekinklik.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  23. «Ekinklik Argazkiak - Exigen en Iruñea la paralización del genocidio contra el pueblo palestino.» ekinklik.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  24. «Ekinklik Argazkiak - Concentración en Iruñea de apoyo al pueblo palestino.» ekinklik.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  25. Rada, Iñaut Matauko. (2023-10-29). «Milaka pertsonak Israel Gazan egiten ari den «genozidioa» gaitzetsi dute Bilbon» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-29).
  26. «Ekinklik Argazkiak - Denuncia masiva de la masacre de Gaza en las calles de Bilbao» ekinklik.org (Noiz kontsultatua: 2023-11-06).
  27. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2023-11-07). «Gernika-Palestina extiende la movilización por el fin del ataque israelí a Gaza» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-11-08).
  28. «Giza mosaiko erraldoia egin dute Gernikan Palestinako herriaren alde» EITB 2023-12-08 (Noiz kontsultatua: 2023-12-10).
  29. «CAFek Israelekin duen «konplizitatea» salatu dute Goierrin» Berria 2024-01-27 (Noiz kontsultatua: 2024-01-28).
  30. (Ingelesez) «Tilda Swinton and Steve Coogan among 2,000 artists calling for Gaza ceasefire» The Independent 2023-10-17 (Noiz kontsultatua: 2023-12-21).
  31. (Ingelesez) «Hollywood stars urge Biden to push for ceasefire in Israel-Hamas war» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2023-12-21).
  32. (Ingelesez) «Susan Sarandon, 'Scream' actor Melissa Barrera dropped by Hollywood companies after remarks about Israel-Hamas war» NBC News 2023-11-23 (Noiz kontsultatua: 2023-12-21).
  33. (Ingelesez) «OPT/Israel: PEN International calls for an immediate ceasefire, the protection of civilians, the release of all hostages and an end to the siege of Gaza» PEN International (Noiz kontsultatua: 2023-12-21).
  34. (Frantsesez) «Adèle Haenel, Waly Dia, Juliette Binoche et 90 autres artistes appellent à un « cessez-le-feu immédiat » à Gaza» Le HuffPost 2023-10-23 (Noiz kontsultatua: 2023-12-21).
  35. (Gaztelaniaz) infoLibre. (2023-11-07). «Un manifiesto del mundo de la cultura critica "la inacción" del Gobierno por los ataques israelíes en Gaza» infoLibre (Noiz kontsultatua: 2023-12-21).
  36. (Gaztelaniaz) EFE, NTM /. (2023-12-13). «Residente pospone su disco en solidaridad con Palestina: "Debemos parar y denunciar este genocidio macabro"» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2023-12-13).
  37. «Euskal Herriko kultur egileek bat egin dute Palestinako «genozidioa» eteteko eskatzeko» Berria 2024-02-29 (Noiz kontsultatua: 2024-02-29).
  38. «Kulturgileek Palestinako «genozidioa» eteteko eskatu dute, milaka lagunen babesarekin» Berria 2024-03-17 (Noiz kontsultatua: 2024-03-18).
  39. (Ingelesez) «Spanish protesters’ tribute to Gaza war victims» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-03-21).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]