István Dobi
István Dobi (Szőny, 1898ko abenduaren 31 – Budapest, 1968ko azaroaren 24a) hungariar politikari komunista izan zen. Hungariako lehen ministroa izan zen 1948tik 1952ra eta estatuburua 1952tik 1967ra.
Nekazari txiroen familia batean jaio zen eta lehen hezkuntzako sei urte besterik ez zituen egin nekazari lanetan hasi aurretik. Lehen Mundu Gerran esku hartu zuen eta Hungariako Sobietar Errepublika babestu zuen. 1919ko Hungria-Errumania Gerran preso hartu zuten. Askatu ondoren, nekazaritzako langileen sindikatuan eta Hungariako Alderdi Sozialdemokratan inplikatu zen. Poliziaren zaintzapean egon zen eta hainbat aldiz atxilotu zuten. Bigarren Mundu Gerran, hungariar erresistentziako buruetako bat izan zen.
1945ean Jabe Txikien Alderdiko burua zen eta 1945eko hauteskundeak irabazi zituen. Komunistekin kolaboratzearen aldekoa izan zen, eta 1946an eta 1948an Nekazaritza ministro izan zen gobernu komunistetan. 1948an lehen ministro izendatu zuten eta hurrengo urtean SESBren antzeko konstituzio berria onartu zuten. Jabe Txikien Alderdia desegin egin zen.
1952an Mátyás Rákosiri eman zion lehen ministro kargua eta Presidentetzako Kontseiluko presidente izendatu zuten. 1956ko Hungariako Iraultza zapaltzearen alde egin zuen, eta 1959an Hungariako Langile Alderdi Sozialistarekin bat egin zuen.