Joseph Cook
Sir Joseph Cook (Silverdale, Staffordshire, 1860ko abenduaren 7a - Sydney, 1947ko uztailaren 30a) australiar politikaria izan zen. Australiako 6. lehen ministroa izan zen 1913tik 1914ra.
Ingalaterran jaio zen eta bederatzi urterekin ikatz meategietan hasi zen lanean. 1885ean Australiara emigratu zuen eta meatzari lanetan jarraitu zuen eta sindikatu mugimenduan sartu zen. 1893an Hegoaldeko Gales Berriko parlamentuko kide hautatu zuten, Alderdi Laborista ordezkatuz. Hurrengo urtean Alderdi Laborista utzi eta George Reiden Merkataritza Libreko Alderdiarekin bat egin zuen.
1901ean Parlamentu Federaleko kide hautatu zuten, eta 1908an Reid ordezkatu zuen oposizioko buru gisa. 1909an bere alderdiak Alfred Deakinen Alderdi Protekzionistarekin bat egin zuen eta Alderdi Liberala osatu zuten. Defentsa ministro izan zen 1909tik 1910era. 1913an Deakin ordezkatu zuen liberalen buru bezala eta hauteskundeak irabazi zituen, senatuan gehiengorik izan ez arren. 1914ko irailean hauteskundeak deitu eta oposiziora igaro zen porrotaren ondoren.
1917an bere Alderdi Liberala Billy Hughesen Alderdi Laborista Nazionalarekin elkartu eta Alderdi Nazionalista sortu zuen. Itsas Armadako eta Ogasuneko ministro izan zen Hughesen gobernuan. Biek sinatu zuten Versaillesko Ituna Australiaren izenean 1919an. Cook Australiako enbaxadorea izan zen Erresuma Batuan 1921etik 1927ra.