8-13 urtekoentzako bertsioa ikusteko, klikatu hemen.

Klima tropikal

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Munduko klimen mapa:

██ Klima tropikala

Klima tropikala tropikoetan izaten den klima mota da, ipar-hego 15-25 graduko latitudea arte. Ekuatoretik hurbil dauden eskualdeetan klima ekuatoriala izaten dute.

Urte osoan zehar tenperaturak handiak dira, baina urteko bi urtaroetan aldaketak daude: udan 25/30 °C eta neguan 20/23 °C. Euri garaia batez ere udan izaten da, uda baita urtaro hezea. Negua aldiz, urtaro lehorra da. Dena den, urtean 1000 mm-tik gorako euria izaten da.

Ibaiak, urtaroen arabera, izugarri aldatzen dira, emaria aldatu egiten baita. Urtaro hezean uhaldi handiak izaten dira eta, ondorioz, askotan uholdeak gertatzen dira. Ibai hauen artean ezagunenak hauxek dira: Niger eta Zambezi Afrikan, Orinoko Amerikan eta Ganges Asian.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima ekuatorial oso euritsuen eta klima subtropikal lehorren artean klima tropikal asko daude. Guztiek izaten dituzte urtaro euritsua eta urtaro lehorra txandaka, baina laburragoak dira batzuetan eta luzeagoak besteetan, eta beraz euri kopuruak gorabehera handiak izaten ditu batetik bestera.

Euri kopuruaren gorabehera hori haize alisioen jokoak sortua da, eta aise esplikatzen da, eurialdia udan izaten baita, hain zuzen ere ekuatoreko presio beheragunea Iparbururantz mugitzen denean eta alisioek itsasoko aire masa oso ezegonkorrak mugiarazten dituztenean; urtaro lehorra neguan izaten da, kontinenteko alisioen eraginez, eta [[antizikloi]i subtropikalak beheko latitudeetara mugitzen direnean, eguratsari egonkortasuna ematen diotela. Esplikazio horrek ez du eremu batzuetarako baizik balio, eta zerikusia du eguzkiak bere puntu gorenetik behereneraino egiten duen itxurazko mugimenduarekin, baina eskema orokor horrek aldaketak izan ditzake meridianoetako zirkulazioen eraginez, eta orduan arestian aipatu den euri errejimenaren oso bestelako errejimena izaten da nagusi. Adibidez, Habanako behatokiak (23°ra dago iparraldeko latitudean) eta Honolulukoak (21°ra dago Iparraldeko latitudean) euri errejimen desberdinak dituzte; Habanan euri gutxiago egiten du urtarrilean eta otsailean, eta hilabete horietan bertan egiten du euri gehien Hawaii uharteetan.

Tenperaturak beroak izaten dira hil guztietan, eta urteko zikloan bi izaten dira tenperatura gorenak eta bi beherenak; tenperatura beheren nagusia eguzki izpien intzidentzia-angelua txikiagoa denean izaten da, eta beste tenperatura beherena, berriz, eurien urtaroan, hodeien eta airearen hezetasun handiaren eraginez. Nolanahi ere, tenperaturak ez du gorabehera handirik izaten urtean zehar, ez baita hamar gradu zentigradutatik gorako aldaketarik izaten.

Kontinenteetako ekialdean eta alde horretako uharteetan aldatu egiten dira arestian aipatu diren ezaugarri horiek, ekialdeko haize ozeaniko eta ezengokorren eragin handia baitute, eta horrenbestez euri asko egiten du urte osoan, klima ekuatorialean gertatzen den bezala; baina euri jasa horiek ez dute jatorri berbera, hil batzuetan ekuatoreko presio beheragunearen mende egoten dira eta gainontzeko hiletan, berriz, alisio hezeen mende. Gertaera horiek guztiak Karibeko kostaldean, Brasilgo hego-ekialdean, Afrikako hegoaldeko ekialdeko kostaldeetan, Indiako ozeanoko uharteetan eta Australiako iparekialdean gertatzen dira. Eskualde horietan mila milimetrotatik gorakoak dira euri kopuruak, alisioek etengabe jotzen dutelako, ekialdeko uhinen perturbazioengatik eta urakanek sorrarazten dituzten ekaitz gogorren eraginez. Hala eta guztiz ere, alisioak dakartzan euriak orografikoak dira izatez eta haizaldeko isurialdeetara joaten dira (haizeak jotzen duen aldera, alegia), haizebeko isurialdeetara joan ordez (haizeak jotzen ez duen aldera, alegia), haizebean euri gutxiago egiten du izan ere, haizeen gerizpean baitago eta aire berolehorrak behera egiten baitu. Hawaii uhartea da disimetria horren adibide garbia; Hiloko behatokian 3.470 milimetro neurtu izan dira, haizeek eragin handia baitute alde horretan, baina Honolulun berriz, kontrako kostaldean alegia, 556 milimetro baizik ez dituzte neurtu. Ozeanoko alisioak eguratsera ekarri ohi duen ezegonkortasunak gero eta indar gutxiago izaten du, zenbat eta mendebaletik ekialderantzago joan, alegia, ozeanoetako ekialdeko erdialdean dauden presio subtropikal handietara zenbat eta gehiago hurbildu, klima orduan eta lehorragoa izaten da, ozeanoaren beste aldeko itsas ertzean ez bezala. Antizikloiaren eraginez airea beheratu izanak tenperaturaren azpikozgoratzea eragiten du ehundaka metroko lodieran; alisioen azpikozgoratzea esaten zaio horri; airearen mugimendu bertikalaren eragozpide gisako bat da azpikozgoratze hori, eta euria eragozten du orobat. Gogoratu beharra dago alisioaren airea ez dela bere masa guztian berdina, azalean airea freskoa baita eta latitude epeletatik etorria, gero eta gehiago berotzen da zenbat eta latitude epelagoetara joan, eta gero eta hezeagoa izaten da ozeanoan barrena zenbat eta aurrerago egin; goiko aldean aire tropikalez dago eratua masa hori, eta presio handien beheratzearen eragina duenez, beroa, lehorra eta egonkorra izaten da; beraz, bi aire mota horien artean geruza azpikozgoratu bat eratzen da, lurrean baino bost eta hamar gradu zentigradu gehiagoko tenperatura izaten duena. Azpikozgoratze maila hori 500 metrotatik behera egoten da antizikloi subtropikalen ekialdeko ertzetan, han airearen beheratze mugimendua handiagoa baita, eta ekuatorerantz joz gero igo egiten da, zenbat eta antizikloiaren eraginpetik gehiago urrundu, eta azkenik desagertu egiten da. Era horretara konbekzioaren eragina areagotu egiten da, hodei sistema gero eta indartsuagoa izaten da, eta euri jasa handiak botarazten ditu ozeanoetako mendebalean.Geruza azpikozgoratu horrek beste ondorio nabarmen bat ere sorrarazten du: tropikoko mendi batzuetan ez du euri kopuru bera egiten gailurrean eta hegalean. Izan ere, mendia alisioaren eten eremua baino garaiagoa denean, mendiaren gailurra lehorra izaten da, eta mendiaren hegalean berriz euri asko egiten du. Gertaera hori aise sumatzen da Kanarietako uhartedian: uharte garaienetan, haize alisioak gora egiten du ipar eta ipar-ekialde isurialdeetan, eta orduan hodeiak eratzen dira azpikozgoratzearen oinarriraino, 900 eta 1.500 metro bitartean; «hodei itsasoa» esaten zaio horri, eta hezetasun handia eta euri ugari eragiten ditu. Maila horretatik gora, aitzitik, eguratsa egonkorra izaten da eta airea lehorra, eta giroa guztiz elkorra izaten da orduan. Eguratseko hodei kopurua oktatan adierazten da; zero oktak zerua oskarbi dagoela esan nahi du, 8 oktak, berriz, zerua hodeiez estalita dagoela.

Sistema mesoskalikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sistema mesoskalikoak eskala sinoptikoko perturbazioak baino txikiagoak eta laburragoak dira (bigarren mailako zirkulazio ere esaten zaie, lehen mailako edo zirkulazio nagusitik bereizteko), xehetasun handikoa dute geografiazko eskala, baina haiekin batera eguraldi aldaketa handiak izaten dira. Sistema mesoskalikoa ez ezik, badira sistema meteorologiko mugikorrak, etengabe bilakaeran daudenak, eta iragankorrak, eta perturbazio handiak sortzen dituztenak eguratsean; beraz, eguraldia egunero aldarazten dute igarotzen diren eskualdeetan. Meridianoetako zirkulazioa Haize lasterra meridianoen noranzkoan: iparretik hegora edo hegotik iparrera.

Tenperaturaren azpikozgoratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Troposferaren egoera jakin bati esaten zaio, non aire geruza jakin bat zenbat eta gorago joan, tenperaturak orduan eta gorago egiten baitu orobat, gradiente adiabatikoaren eraginez behera egin ordez. Azpikozgoratzeak egonkortasuna eragiten du eta goratze oro oztopatzen du, aire geruza «ez ohiko» horrek goranzko difusio oro mugatzen duelarik (gai kutsagarriak, adibidez). Batzuetan, gaueko irradatzeak sortzen du egoera hori (neguan, antizikloia dagoenean eta zerua oskarbi dagoenean), eta bestetan, aire bero masa bat aire hotz masa baten gainean zeharretara mugitzeak.

Gradiente adiabatikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Airea zenbat eta gorago igo, orduan eta gehiago dilatatzen da, eta tenperaturak ere gora egiten du dilatatze horren eraginez: aire asegabean tenperaturak gradu bat egiten du gora ehun metroko eta aire hezean edo asean tenperaturak 0,5° C egiten du gora ehun metroko; nolanahi ere, aireak gora egiten duenekoa da batez besteko teoriko hori, ez ordea behera egiten duenekoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]