Kolonbiako geografia
Kolonbiako mapa topografikoa. (San Andrés eta Providencia gabe) | |
Azalera | |
Osoa | 1.138.910 km² |
Lehorra | 1.038.700 km² |
Ura | 100.210 km² |
Latitudea | 4°0' N |
Longitudea | 72°0'W |
Mugak | |
Venezuela | 2.341 km |
Brasil | 1.790 km |
Peru | 1.494 km |
Ekuador | 708 km |
Panama | 339 km |
Itsas erreklamazioak | |
Ondoko eremua | 24 itsas milia |
Ekonomia-eremu esklusiboa | 200 itsas milia |
Jurisdikziopeko urak | 12 itsas milia |
Muturreko garaierak | |
Puntu beherena | 0 m (Pazifikoan eta Karibe itsasoan) |
Puntu gorena | 5.775 m (Pico Colón) |
Kolonbia Hego Amerikako ipar-mendebaldeko estatua da. Ekialdean Venezuela eta Brasilekin du muga, hegoaldean Ekuador eta Perurekin, iparraldean Ozeano Atlantikoarekin (Karibe itsasoa) eta mendebaldean Panama eta Ozeano Barearekin. 1.141.748 kilometro koadroko azalera du, hots, Hego Amerikako herrialdeetan laugarrena eta munduko 26.a.
Ekuatoreak herrialdea zeharkatzen du baina lurraldearen %90 ipar hemisferioan dago. Muturreko puntuak Guajira penintsulako Punta Gallinasen (12° 30’ 46” N) eta Amazoniako trapezioan, Leticiaren hegoaldean, (4° 13’ 30” S) daude.
Eskualde naturalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kolonbian bost eskualde natural daude, gehi uharteetako eskualde naturala.
- Andeetako eskualdea. Ekuadorko mugatik hurbil Andeak hiru mendilerro paralelotan banatzen dira (Mendebaldekoa, Erdialdekoa eta Ekialdekoa), herrialdea, hego-mendebaldetik ipar-ekialdera, ia Karibe itsasoraino zeharkatzen dutenak. Gailurrik gorenak erdialdeko mendilerroan daude: Nevado del Huila (5.365 m) eta Nevado del Ruiz (5.321 m). Mendilerroen artean Cauca eta Magdalena ibaien haranak daude.
- Karibeko eskualdea. Herrialdearen iparraldean dago. Gehienbat Karibe itsasoaren ertzeko zabaldiak, batzuk zingiratsuak, dira, baino badira mendigune batzuk ere, hala nola Montes de María eta Sierra Nevada de Santa Marta. Azken hau munduko itsasbazterreko mendigunerik garaiena da eta bertan dago Kolonbiako puntu gorena: Pico Cristobal Colón (5.775 m)
- Pazifikoko eskualdea. Herrialdearen mendebaldean dago. Ozeano Barearen eta Andeeen arteko lur zerrenda bat da, Panamako mugatik Ekuadorko mugaraino hedatzen dena. Batezbeste 150 km eskaseko zabalera du. Iparraldean mendigune batzuk daude (Baudó mendilerroa), baina gainerakoan itsasertzeko zabaldiak eta mangladiak nagusi dira.
- Orinocoko eskualdea. Herrialdearen ipar-ekialdean dago. Orinoko ibaiaren arroko ordokia da, Los Llanos eskualdearen Kolonbiako zatia.
- Amazonasko eskualdea. Herrialdearen hego-mendebaldean dago. Amazonas ibaiaren arroko ordoki zabala da.
- Uharteetako eskualdea. Karibe itsasoko San Andrés, Providencia eta Santa Catalina uhartedia eta Pazifikoko Malpelo uhartea sartzen dira eskualde honetan.
Hidrografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kolonbian bi isurialde nagusi daude: Ozeano Barekoa eta Ozeano Atlantikokoa[1].
- Pazifikoko isurialdea. 88.000 kilometro koadroko eremua du guztira. Iturriak Mendebaldeko mendilerroan eta Baudón daude. Ibai motzak baina emaritsuak dira. Arro nagusiak, hegoaldetik iparraldera, Mira (11.000 km²), Patía (24.000 km²), San Juan (20.000 km²) eta Baudó (8.000 km²) ibaienak dira.
- Atlantikoko isurialdea:
- Karibe isurialdea. 363.878 kilometro koadroko eremua du. Ibaien iturriak Andeen hiru mendilerroetan daude. Arro nagusia Magdalena-Cauca sistemarena da (270.000 km²). Erdialdeko eta Ekialdeko mendilerroen arteko harana zeharkatzen duen Magdalena ibaia Kolonbiako ibai nagusia da. Honen adarrik handiena Cauca da, Erdialdeko eta Mendebaldeko mendilerroen arteko haranetik behera datorrena. Isurialde honetako beste ibai garrantzitsu batzuk Atrato (35.000 km²-ko arroa) eta Sinú (17.000 km²-koa) dira. Karibe itsasotik 40 km eskasera dagoen eta 4.000 m baino gehiagoko gailurrak dituen Sierra Nevada de Santa Martatik behera oso ibai motzak eta lasterrak jaisten dira.
- Maracaibo isurialdea. Ibai txikiak dira, Venezuelako Maracaibo lakura isurtzen direnak. Denetara 18.700 km²-ko azalera du eta ibai nagusia Catatumbo da (16.626 km²-ko arroa Kolonbian).
- Orinoko isurialdea. 328.000 km²-ko azalera du. Ibai nagusia Orinoko da, 250 kilometroan Kolonbia eta Venezuelaren arteko muga egiten duena. Ibaiadar nagusiak Arauca (8.000 km²-ko arroa Kolonbian), Guaviare (140.000 km²-koa), Meta (112.000 km²-koa) eta Vichada (26.000 km²-koa) dira.
- Amazonas isurialdea. 332.000 km²-ko azalera du. Ibai nagusia Amazonas da, 116 kilometroan Kolonbia eta Brasilen arteko muga egiten duena. Arroko ibai nagusiak Putumayo (54.000 km²-ko arroa Kolonbian), Caquetá ((200.000 km²-koa), Vaupés (38.000 km²-koa) eta Guainía dira.
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herrialde osoa tropikoen artean badago ere, oso klima desberdinak daude altitudearen arabera. Eskuarki klima eremu hauek bereizten dira[2]:
- Lurralde beroak (tierras calientes), itsas mailatik 1.000 metroraino. Urteko batezbesteko tenperatura 24 °C-tik gorakoa izaten da. Lurraldearen %80 hartzen du: Pazifiko eta Karibe itsasoaren ertzeko zabaldiak, Cauca, Magdalena, Cesar eta Catatumbo ibaien haranak eta Amazonas zein Orinocoko ordoki zabalak.
- Lurralde epelak (tierras templadas), 1.000 eta 2.000 metro artean. Urteko batezbesteko tenperatura 17 °C eta 24 °C artean izaten da. Lurraldearen %10 hartzen du.
- Lurralde hotzak (tierras frías), 2.000 eta 3.000 metro artean. Urteko batezbesteko tenperatura 12 °C eta 17 °C artean izaten da. Lurraldearen %7,9 hartzen du.
- Andeetako mortuak (páramos), 3.000 eta 4.500 metro artean. Urteko batezbesteko tenperatura 6 °C y 12 °C artean egoten da eta gauez zero azpiko tenperaturak izaten dira.
- Elur iraunkorrak (nevados), 4.500 metrotik gora. Tenperatura hotzak (urteko batezbestekoa 6 °C-ren azpitik), euri urriak, haize izoztu azkarrak eta elur-jasak izaten dira.
Gertakari naturalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lurrikarak izaten dira maiz, Andeetako eta Pazifikoko eskualdeetan batez ere. Izan ere Andeak Hego Amerikako eta Pazifikoko plakek talka egitean sortu ziren.
Sumendi ugari dago, batzuk aktiboak. Galeras sumendiak (4.276 m) 2009 eta 2010ean izan zituen erupzioak eta biztanle askok etxea utzi behar izan zuten[3][4]. Bogotatik 129 km mendebaldera dagoen Nevado del Ruiz sumendia (5.321 m) 1985ean piztu zen. Gailurreko izotza urtzean sortutako lohi isuriak 23.000 lagunen heriotza eragin zuen Armero herrian[5].
Datu orokorrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kokapena: Hego Amerikako ipar-mendebaldean, ekuatoreak zeharkaturik. Karibe itsasoarekin, Panama eta Venezuela artean, eta Ozeano Barearekin, Panama eta Ekuador artean, du muga.
Koordenatu geografikoak:
Azalera:
- osoa: 1.138.910 km²
- lehorra: 1.038.700 km²
- ura: 100.210 km²
Herrialdearen mugak:
denera: 6.672 km
Erresuma mugakideak:
Itsasbazterra: 3.208 km (Karibe itsasoan 1.760 km, Ozeano Barean 1.448 km)
Lurraldea: itsas bazterreko zabaldiak, mendiguneak erdialdean, Andeak, eta ordokiak ekialdean.
Muturreko garaierak:
- puntu beherena: Ozeano Barea, 0 m
- puntu gorena: Pico Cristobal Colón 5.775 m
Baliabide naturalak: petrolioa, gas naturala, ikatza, burdina, nikela, urrea, kobrea, esmeraldak, hidroelektrizitatea
Lurren erabilera: (2018)
- laborantza lurrak: % 37,5
- baso lurrak: % 54,4
- beste: % 8,1
Lur ureztatua: (2012) 10.900 km²
Ur baliabide berriztagarriak: (2000) 2.132 km³
Ur kontsumoa (etxeko-ura/industria-ura/nekazaritza-ura): (2000)
- denetara: 10,71 km³/urte (%50/%4/%46)
- per capita: 235 m³/urte
Arrisku naturalak: Mendialdean sumendi erupzioak; noizbehinkako lurrikarak; aldian behingo lehorteak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Vertientes hidrográficas de Colombia, todacolombia.com
- ↑ Pisos térmicos en Colombia, todacolombia.com
- ↑ Alerta gorria, Galeras sumendiaren erupziogatik[Betiko hautsitako esteka], eitb.eus
- ↑ La erupción del volcán Galeras provoca la evacuación de 8.000 personas, europapress.es
- ↑ Arrojeria, Eustakio, Mendiak eztul egin duenean, aldizkaria.elhuyar.eus
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) CIA-The World Factbook: Colombia