Lankide:Anehurtado/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Uraren gatazka terminoa erabiltzen da herrialdeen, estatuen edo talde jakin batzuen artean ur baliabideetarako sarbidea dela-eta sortzen den gatazka deskribatzeko.[1] [2]Nazio Batuen Erakundeak aitortzen du urarekin zerikusia duten gatazkak ura erabiltzen duten pertsonek dituzten interes kontrajarrien ondorio direla. Erabiltzaile horiek publikoak nahiz pribatuak dira.[3] Historian zehar urarekin erlazionatutako hainbat gatazka egon dira, nahiz eta gerrak ez diren urarekin zerikusia duten arazoengatik bakarrik sortzen.[4] Hala ere, historikoki, ura tentsio-iturri izan da, eta, gatazkak beste arrazoi batzuengatik hasi izan badira ere, faktore horietako bat ura izan da. Nolanahi den, askotarikoak dira urarekin zerikusia duten gatazkak sortzeko arrazoiak, besteak beste, lurraldeen arteko eztabaidak, baliabideak lortzeko liskarrak eta abantaila estrategikoak lortu nahiagatik.[5] Pacific Institute ikerketa zentroak uraren gatazken inguruko online datu base bat sortu du (The Water Conflict Chronology), eta, horren arabera, uraren gatazkak duela 6000 urte inguru hasi ziren.[6]

Gatazka hauek ur gezarekin nahiz gaziarekin gertatzen dira, nazioen artean nahiz horien barruan. Hala ere, gatazkak ur gezarekin gertatzen dira gehienbat. Izan ere, ur gezaren baliabideak beharrezkoak dira, baina oso urriak. Horregatik, ur geza da edateko, ureztatzeko eta energia sortzeko beharren ondorioz sorturiko uraren gatazken erdigunea. Ur geza ezinbestekoa den baliabide natural bat da, nahiz eta modu ez parekidean banatuta egon, eta uraren erabilgarritasunak herrialde edo eskualde baten bizi-baldintzetan eta baldintza ekonomikoetan du eragina. Ekialde Hurbila[7] bezalako tokietan, ura erabiltzen duten pertsona guztiak (erabiltzaile horiek enpresak, gobernua edo banakakoak izan daitezke) presiopean egotea eragin dezake, ur-horniketarako aukera errentagarrien falta dela-eta, besteak beste. Egoera horrek tentsioa sortzen du; are, gatazkak[8] ere sor ditzake. Duela gutxi gertaturiko hondamendi humanitarioak uraren gatazkekin erlazionatu dira, Ruandako genozidioa edo Darfurko gatazka, adibidez.

Strategic Foresight Group aditu taldeak «Water Cooperation for a Secure World» (mundu seguru baten aldeko ur-lankidetza) izeneko txosten bat argitaratu zuen duela gutxi. Bertan ondorioztatu zuen herrialdeen arteko uraren lankidetza aktiboak gerra hasteko arriskuak murrizten dituela. Ondorio horretara iritsi ziren 148 herrialde[9] mugakideren 200 arro hidrografiko baino gehiagotako ur harremanak aztertu eta gero. Baina aurrerago azaltzen den moduan, nazioartekoak baino, gero eta gehiago dira estatu barruan gertatzen diren uraren gatazkak.

Kausak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1992. urtean egin zen Uraren eta Ingurumenaren Nazioarteko Konferentziaren[10] arabera, ura ezinbesteko elementua da bizitzeko, eta giza-jarduerak oso lotuta daude uraren erabilgarritasunarekin eta kalitatearekin. Zoritxarrez, ura baliabide mugatua da, eta, Roger Harrabin-ek[11] idatzi zuen moduan, etorkizunean «klima-aldaketa dela-eta, egoerak okerrera egin dezake, nahiz eta adituen euriari buruzko aurreikuspenak dagoeneko beltzak izan». Gainera, Lester R. Brown-ek ondorengo hau esan zuen Estokolmoko uraren konferentzian[12]: «Uste dugu etorkizunean Ekialde Hurbilean egongo diren gerrek petrolioa lortzea baino, ura lortzea izango dutela helburu».

Uraren gatazka gertatzen da, batik bat, ur baliabideen eta edateko uraren eskariak eskaintza baino handiagoak direlako, edo uraren sarbidearen kontrola eta uraren banaketak liskarrak sortzen dituelako. Ur-krisia eragiten duten elementuek bultzatuta, interesa duten aldeak saiatzen dira elkarbanatzen duten ur-baliabidearen zati handiagoa eskuratzen. Horrek, tentsio diplomatikoak edo zuzeneko gatazkak sortzen ditu.

Munduko biztanleriaren % 11k (783 milioi pertsona inguruk) ez du aukerarik edateko uraren iturri egokituez disfrutatzeko. Egoera hori uraren gatazkak areagotzeko faktore bat izan daiteke. Ura, bizitzeko beharrezkoa izateaz gain, higiene egoki bat edukitzeko, zerbitzu komertzialetarako eta ondasun komertzialak sortzeko beharrezkoa da[13]. Horregatik, talde mota ezberdin askok parte har dezakete uraren gatazketan. Adibidez, enpresek komunitate batek partekatzen dituen ur baliabideak kutsa ditzakete edo gobernuek erabaki dezakete zeinek erabil dezakeen nazioarteko edo estatuen arteko muga bezala funtzionatzen duen ibai bat.

Uraren gatazkak hain dira askotarikoak, horiek jorratzea zaila baita. Tokiko eta nazioarteko legeak, interes komertzialak, ingurumenarekiko kezkak eta giza-eskubideen inguruko auziak direla-eta, oso zaila da uraren gatazkak konpontzea. Gainera, interesa duten aldeak asko direnez, auzitegiek eta legegileek ebatzi beharreko eskaera zerrenda luzea ekar dezake gatazka bakar batek.

Ekonomia eta merkataritza arazoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uraren bideragarritasun komertzialak, zeinak bere barne hartzen dituen arrantza, nekazaritza, manufaktura, aisialdia eta turismoa, tirabirak sor ditzake, edateko uraren eskuragarritasuna arazo bat ez denean ere. Batzuen ustez, ura baliabide bat denez, petrolioa bezain baliagarria da, ia industria guztiek egunerokotasunean behar baitute.[14] Ur eskasiak industria suntsi dezake, biztanleria suntsi dezakeen bezala. Gainera, herrialde garatuetan eragin dezake, ur-azpiegitura ez hain garatua duten herrialdeetan eragin dezakeen bezala. Uraren gatazkak merkataritzako eremu guztiei eragiten die, baina, batez ere, ura lehengai gisa erabiltzen duten enpresei.

Nazioarteko gatazka komertzialak MME Munduko Merkataritza Erakundearen bidez konpon daitezke, Fisheries Center bezalako talde bereziak baititu. Talde horiek protokolo judizial bateratu bat eskaintzen dute gatazka komertzialen ebazpenerako. Hala ere, nazio mailan gertatzen diren gatazkak zein guztiz komertzialak ez direnak ezegokiak suerta daitezke MMEren arbitrajerako.

Arrantza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historikoki, arrantza guneak gatazka-sorburu nagusiak izan dira, nazioek, hedatzen joan diren heinean, ozeano zatien gaineko kontrola aldarrikatu baitute barne arrantza komertzial. Gune errentagarri batzuek, Bering Itsasoa esate baterako, gatazka historia luzea daukate; 1886. Urtean, Britainia Handiaren eta Estatu Batuen arteko gatazka egon zen itsas-txakur ehiza-guneak zirela eta.[15] Gaur egun, gainera, Errusiak nazioarteko uren zati bat inguratzen du, Bering Itsasoko Donut Zuloa bezala ezagutzen dena. Arrantza guneen eta zulorako sarbidearen inguruko gatazka 1995. urtean konpondu zen hizkera arruntean Donut Zuloaren akordioa bezala ezagutzen den batzarrean.[16]

Kutsadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enpresa pribatuen interesak, askotan, merkataritza interesen zein ingurumenari loturiko kezken kontrakoak izan daitezke. Horrek beste mota bateko gatazkak sor ditzake. 1960ko hamarkadan, Erie aintzira kutsatua izan zen, baita gainontzeko Aintzira Handiak ere, nahiz neurri txikiago batean. Horrek arrain askoren heriotza eragin zuen. Tokiko biztanleriak kalitate txarreko urarekin bizi behar izan zuen, AEBetako Kongresuak 1972. urteko Clean Water Act (ur garbiaren akordioa) berretsi zuen arte.[17]

Uraren kutsadura osasunerako arrisku handia da, gune industrializatuetan edo biztanleria handiko guneetan bereziki, hala nola, Txinan. Hiri askok ez zuten edateko urik ere, eta, egoera horri aurre egiteko, Txinak Uraren Kutsadurarako Prebentzio eta Kontrol Legea berrikusi eta onartu zuen.[18] Nazioarteko mugen uraren kutsadurak, baita herrialde txiroetan aitortu gabeko uraren kutsadurak ere, auzitan jartzen ditu hainbat giza eskubideren inguruko galderak, eta nazioarteko elkarlanaren beharra sortzen da ur kutsaduraren arazoari aurre egiteko. Ez dago kutsadurari aurre egiteko egituratik, ez tokian tokiko mailan ezta nazioarte mailan ere.

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aaron Wolf et al.-en iritziz,[19] 1950-2000 urteen bitartean mugaz bestaldeko arro hidrologikoen inguruko 1831 gatazka egon ziren. Horrela sailkatu zituzten gertakariak:

  • Urari loturiko gertakari muturrekorik ez.    
  • Interakzio gehienak lankidetzan oinarritzen dira.
  • Interakzio gehienak baketsuak dira.
  • Ura gatazka faktore da.
  • Urak bateratzailea da.
  • Nazioek elkarlanean arazo ezberdin asko jorratzen dituzte.
  • Nazioen arteko gatazkak daude, ur-kantitatea eta azpiegituragatik.

Pacific Instituteren baitan dagoen Water Conflict Chronology sailak uraren gatazkarekin lotutako kronologia zehatza osatu du. Kronologia horretan modu librean erabil daitezkeen datuak daude, mapa interaktibo bat, eta baita aipuei buruzko informazioa ere.[20] Adibide historiko horiek 4500 urte egiten dute atzera. Datu horien arabera, honela sailkatzen dira uraren gatazkak:[21]

  • Ur baliabideen kontrola (eragile estatalak eta ez estatalak izan daitezke): ur hornidura edo ura eskuratzeko aukera dira tentsioaren iturburu.
  • Tresna militarra (eragile estatalak): estatu edo nazio batek ur baliabideak edo ur sistema osoa arma gisa erabiltzen ditu ekintza militar batean.
  • Tresna politikoa (eragile estatalak eta ez estatalak): nazio, estatu edo eragile ez estatal batek ur baliabideak edo ur sistema osoa helburu politiko bat lortzeko erabiltzen ditu.
  • Terrorismoa (eragile ez estatala): eragile ez estatalek indarkeria edo hertsadura eragiten dute ur baliabide edo ur sistemetan.
  • Helburu militarra (eragile estatalak): nazio edo estatuek ur baliabideen sistemak ekintza militarren helburu bihurtzen dituzte.
  • Garapenari buruzko liskarrak (eragile estatalak eta ez estatalak): ur baliabideak edo ur sistemak garapen ekonomiko eta sozialerako liskarbide dira

Erantzuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarteko erakundeen jarduna ezinbestekoa da uraren gatazken bitartekotzan eta uraren kudeaketan. Gaur egun, askotariko ur gatazkei egin dakiekegu aurre. Hala, esaterako, ur kutsadura neurtzeko ikerketa zientifikoak egin dira eta Munduko Merkataritza Erakundea nazioen arteko merkataritza-arazoak konpontzen saiatzen ari da. Hala ere, konponbiderik gabeko uraren gatazkak gero eta arriskutsuagoak izango dira, ura baliabide eskasa bihurtzen den eta munduko biztanleria hazten den heinean.

Nazio Batuen Erakundea (NBE)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

NBEren Nazioarteko Programa Hidrologikoak ur baliabideen kudeaketa hobetzea du helburu.[22] Baina, inolako zalantzarik gabe, uraren arazoan diharduen NBEren programarik aktiboena  Potential Conflict to Co-operation Potential da (gatazka handitik kooperazio handira). Orain hirugarren fasean lan egiten ari dira: Ekialde Hurbilean uraren profesionalak trebatzen, eta beste leku batzuetan arazoaren berri ematen diplomazialariei, legegileei, biztanleria zibilari eta uraren gatazka lantzen ari diren ikasleei.[23] Uraren gatazkari buruzko informazioa zabalduz, programa horren helburua nazioen elkarlana sustatzea da, gatazkari aurre egin ahal izateko.

Unescok mugaz bestaldeko akuiferoen mapa bat argitaratu du.[24] Oraindik ez da lortu uraren gatazkari aurre egiteko metodo eraginkor bat, ez nazioarteko gatazkak ez tokian tokikoak konpontzeko. Dena den, Unescok uste du zenbat eta ezagunagoa izan gatazka, orduan eta aukera gehiago egongo direla etorkizunean irtenbide bat topatzeko. Gainera, arazoa larriagoa bihurtzen den heinean, interes handiagoa egongo da konponbidea aurkitzeko.

Munduko Merkataritza Erakundea (MME)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko Merkataritza Erakundeak uraren gatazkan bitartekotza lanak egin ditzake estatu kideek horrela eskatuz gero, eta baldin eta oinarrian merkataritza-arazo bat badago. MME hainbat taldez osatuta dago, esaterako, Fisheries Center delakoez. Talde berezi horiek kasurik esanguratsuenak arautzen eta kontrolatzen dituzte, baina ez dira inolaz ere autoritate bat uraren gatazkari buruzko kontuetan.

Nekazaritzaren merkataritzan ura ezinbesteko baliabidea denez gero, MMEren eskumena izan ohi da mota horretako gatazkei irtenbide bat bilatzea, batez ere ur birtuala tartean dagoenean, hau da, ondasun eta zerbitzuen ekoizpenerako erabiltzen den ura, baina herrialdeen arteko merkataritzan erabiltzen ez dena.[25][26] Ur baliabide gehien dituzten herrialdeek krisi egoeran daudenek baino arazo gutxiago izango dituzte, eta ezberdintasun horrek gatazka bat sor dezake. Uraren gabezia duten herrialdeak haserre daude nekazaritza-dirulaguntzek tokian tokiko produktuak ordezkatu dituztelako. Horregatik, askotan laguntza eske doaz MMEra.

MMEk berebiziko eginkizuna betetzen du ur-iturri jakin batean oinarritzen diren nekazaritzako gatazketan. Gainera, etorkizuneko uraren gatazkei irtenbide bat bilatzeko jarraibideak zehazten ditu. Pentsalari talde batek uraren ondorioz sor litekeen gerrari buruz hausnartu du, konpondu gabeko arazoaren ondorio gisa. Izan ere, ur baliabideen eskasia dela-eta eta populazioa erritmo ikaragarrian hazten ari dela-eta, MMEk arazoa konpontzeko gaitasuna gal dezake.[27]

Gatazka nabariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uraren gatazkak estatu barruan eta estatuen artean gerta daitezke. Estatuen arteko gatazkak ondoan dituzten herrialdeekin gertatzen dira, bi herrialde horiek mugaz bestaldeko ura banatzen dutenean, ibaia, itsasoa edo lurpeko ur arroa, esaterako. Adibidez, Ekialde Hurbilak munduko ur gezaren % 1 du, eta kopuru hori munduko biztanleriaren % 5en artean banatu behar du.[28] Estatu barruko gatazkak herrialde bereko bi aldeen artean gertatzen dira: adibidez, nekazarien eta industriaren artean (ura nekazaritzarako edo industriarako erabili).

Unescoren arabera, estatuen arteko gatazka nagusiak gehienbat Ekialde Hurbilean gertatzen dira: Eufrates eta Tigris ibaiengatik gatazkak daude Turkiaren, Siriaren eta Iraken artean; eta Jordan ibaiaren inguruan Israelen, Libanoren, Jordaniaren eta Palestinako Estatuaren artean. Afrikan, Nilo ibaia dela eta, gatazkak sortzen dira Egiptoren, Etiopiaren eta Sudanen artean, eta Erdialdeko Asian Aral Itsasoaren inguruan gatazka dago Kazakhstanen, Uzbekistanen, Turkmenistanen, Tajikistanen eta Kirgizistanen artean. Estatu mailan, adibide adierazgarria da Boliviako Cochabamban 2000. urtean gertatu zen protesta. Iciar Bollaín zuzendariak También la lluvia (2010) film espainiarrean irudikatu zuen bertan gertatutakoa.

Analista batzuek uste dute gizakiak ur baliabideen kontsumoa areagotu duenez, uraren inguruko gatazka gero eta gehiago hasiko direla etorkizun hurbilean.[29]

1979an,  Anwar Sadat Egiptoko presidenteak esan zuen Egipton berriro gerra hasten bazen, urarengatik izango zela. Bestalde, Etiopiako Lehen Ministroak, Meles Zenawi-k, Egipto eta Etiopiaren arteko harremanari buruz honako hau esan zuen: «Ez nau kezkatzen Egiptoarrek bat-batean Etiopia inbaditzeak. Saiatu den inor ez da bizirik atera istorioa kontatu ahal izateko».[30]

Uraren gatazkari buruzko azkenaldiko ikerketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

International Water Management Institute-k  (uraren gestiorako nazioarteko institutuak) eta Oregongo Estatu Unibertsitateak egindako ikerketaren arabera, aukera gehiago daude estatuen arteko lankidetza gertatzeko, haien arteko uraren gatazka gertatzeko baino, ehunka itun eta hitzarmen baitaude abian.  Uraren inguruko gatazkek gora egiten dute beste gizarte-kontu batzuk direla eta. Aitzitik, Pacific Instituten arabera, estatuen arteko uraren gatazka murriztu bada ere, nazio barruan gatazka sortzeko arrisku handiagoa dago, uraren erabiltzaileen artean, eskualdeen artean, talde etnikoen artean eta lehian dauden interes ekonomikoen artean. Water Conflict Chronologyk dio estatu barruko arazoek uraren inguruko gatazkak areagotzen dituztela eta nazioarteak horiek ebazteko erabili ohi duen moduak, hitzarmen aldebiko eta aldeaniztuna esaterako, ez direla eraginkorrak.[31]

Suitza eta Suediako Gobernuarekin lankidetzan, Strategic Foresight Group taldeak Blue Peace izeneko estrategia bat garatu du; helburua mugen arteko ur gatazkek kooperaziorako bidea hartzea da. Blue Peace estrategiak orain arte erabili ez den egitura politiko bat proposatzen du: ur baliabideen kudeaketa jasangarria bultzatzen du, eta bakerako lankidetza. Lankidetzaren bidez, elkarbanatutako ur baliabideei ahalik eta etekin handiena ateratzen bazaie, ez da izango soilik herrialdeen arteko esleipena, eta, hala, bakea lortzeko aukerak handitu egingo dira. Blue Peace estrategia eraginkorra dela frogatu da hainbat kasutan, Ekialde Hurbilean eta Niloko arroan, esaterako.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Water Conflicts: Fight Or Flight? | | Allianz Knowledge» archive.fo 2008-08-29 (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  2. «Wayback Machine» web.archive.org 2010-07-06 (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  3. «World Water Assessment Programme | United Nations Educational, Scientific and Cultural Organization» www.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  4. (Ingelesez) International Security (journal). 2019-05-03 (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  5. (Ingelesez) Heidelberg Institute for International Conflict Research. 2018-07-12 (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  6. (Ingelesez) «Water Conflict» World's Water (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  7. «Managing water for peace in the Middle East» archive.unu.edu (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  8. «World Water Assessment Programme | United Nations Educational, Scientific and Cultural Organization» www.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  9. Water Cooperation for a Secure World. .
  10. «International conference on water and the environment : development issues for the 21st century, 26-31 January 1992, Dublin, Ireland : the Dublin statement and report of the conference» www.ircwash.org 1992 (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  11. (Ingelesez) Harrabin, Roger. (2012-06-19). Shortages: Water supplies in crisis. (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  12. «EPI Releases - How Water Scarcity Will Shape the New Century | EPI» www.earth-policy.org (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  13. (Ingelesez) Pentland, William. «The Water-Industrial Complex» Forbes (Noiz kontsultatua: 2019-05-09).
  14. .
  15. .
  16. .
  17. .
  18. .
  19. .
  20. .
  21. Brooks, Nina. Impending Water Crisis in China. Arlington Institute.
  22. .
  23. .
  24. .
  25. Morrisette, Jason J. eta, Douglas A. Borer. (2004). Where Oil and Water Do Mix: Environmental Scarcity and Future Conflict in the Middle East and North Africa.. Parameters, 94-96 or..
  26. .
  27. Morrisette., 99 or..
  28. (Ingelesez) Water shortages 'foster terrorism'. 2003-03-18 (Noiz kontsultatua: 2019-05-15).
  29. (Ingelesez) Worldwide battle for water. 2008-08-19 (Noiz kontsultatua: 2019-05-15).
  30. Malone, Barry. «Next on Egypt's to-do: Ethiopia and the Nile» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-15).
  31. (Ingelesez) «Water Conflict» World's Water (Noiz kontsultatua: 2019-05-15).