Edukira joan

Larrahe

Wikipedia, Entziklopedia askea
Larrahe
baskoi
Ezaugarriak
Sexuagizonezkoa
Domeinualarrea

Larrahe (bere forma datiboan) antzinako baskoien jainko baten idatzizko izena da[1]. Lau idazkunetan agertu da bere izena, lau aratan: Muruzabal Andionen, Iruxon, Errezun eta Larunben, laurak Nafarroa Garaian eta baskoien eremuan[2].

Larrahe izena gizonezko dibinitate bati dagokio, Iruxoko aldarean deo (gizonezko jainko) hitza idatzita baitauka[3]. Bestela, ez dakigu bere ezaugarrien inguruko ezer gehiagorik. Hau da, ez dakigu jainko nagusia zen ala jainko txikia: lar, penate edo man bat.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Javier Velaza eta Joakin Gorrotxategik proposatu dute -he hori datiboaren forma izan zitekeela eta, beraz, Larra izan daiteke dibinitatearen izena. Hau dela eta, Larrahe idatzitakoa gaurko euskaraz Larrari litzatekeela uste da. Larra balitz jatorrizko izena, larreei lotutako dibinitatea izan zitekeela proposatu da[4]. Luis Mari Zalduak proposatu zuen jainko honen izena Larrani izan zitekeela[3].

Baskoieraz eta akitanieraz h hizkiak hasperena markatzen omen zuen, eta inguruko beste hizkuntzek ez zuten ezaugarri hori[2]. Horregatik Larrahe jainko izen baskonikoa zela uste da.

Idazkunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Muruzabal Andiongo aldarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Larrahi (forma hori datiboan/Nori forman dago) jainkoari eskainitako aldarea. Mendigorriako Muruzabal Andionen aurkitua eta Andeloseko museoan ikusgai.

1940ean aurkitu zen Andiongo lur-sail batean, nekazaritza lanetan ari zirela. Gaur egun Andelosko museoan dago ikusgai. Aldarearen data ez da ziurra, baina K.a. 50. eta K.o. 50. urteen artean egindakoa dela proposatu dute adituek[3]. Aldarea kareharrizkoa da, goian focus bat du eta 61 cm x 32 cm x 27,5 cm neurtzen ditu. Promesa bat du, sei lerrotan idatzia, eta teonimoa azken errenkadan dago, LARRAHI moduan idatzia.

«

MANILI
US MAR
TIALIS
VOTU RE
TULIT
LARRAHI.

»


Amaierako I hori akaso II zen, hau da, E irakurri beharrekoa[3].

Errezuko aldarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hau da aurkitutako aldarerik txikiena, 27,5 x 15 x 12 cm. baino ez baititu. Gainera, golde batek emandako kolpeak erdiko zati guztia desitxuratu du. Aldarea Errezun aurkitu zen, baina ez zen argitaratu[3]. Testua oso hondatuta dago, baina teonimoa ondo ikusten da azken lerroan (honek ere marra bakarra du E letrari dagozkion bi marren ordez):

«

++VS+
N++Q
TVP[.]+
LARAHI

»

Iruxoko aldarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1996an aurkitu zen Iruxon; badirudi etxe batean berrerabili zela uneren batean. Gaur egun Goñerriko etxe batean dago gordeta. 38 cm x 28cm x 20 cm ditu eta kareharrizkoa da. Epigrafian oinarritua, Erromatar Inperioaren hasierakoa dela uste da[3]. Testuak honela dio:

«

DEO
LARAHE
FELIX
V S L M

»


Velazaren ustez, hasierako "deo" horrek iradokitzen du interpretatio gertatu zela, hau da, erromatarren panteoiko gizonezko jainkoren batekin parekatu zela teonimo indigena[3].

Larunbeko aldarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Larunbeko aldarea»

Larunbeko aldarea 2022an aurkitu zuen Aranzadi Zientzia Elkarteak, XI. mendeko Doneztebeko monasterioaren putzuaren barruan[5]. Kalkarenitazko bloke monolitiko batean egindako pieza da, eta 47 x 18 x 18 cm ditu. Goiko aldean focus biribil bat du, zeina erritualak egiteko erabiltzen zen, eta bi moldura soilek banatzen dute gorputza goiko partetik eta oinetik. Testu epigrafikoa lau idazketa lerrotan banatua dago[2].

«

VAL(ERIA)·V[I]-
TEL·LA
M(ERITO?)·LA·R-
A·HE·VO(TUM)
L(IBENS)·S(OLVIT)

»


Testua, beraz, Valeria Vitella izeneko emakume baten eskaintza da, eta I. mendean datatu dute adituek[5].

Audeko hiru inskripzioekin antzekotasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkenik, aipagarria da "Larrasoni" datibozko teonimoak ere agertzen direla Mouxen, (garai artako Narbo hiriaren jurisdikzionalean) aurkitu ziren hiru inskripziotan, bi latinez eta hirugarren bat grezieraz, nahiz eta horren benetakotasuna zalantzan jarri zen hasieratik, eta gaur egun desagertuta dago[6][7]:

  • CIL 12, 05369 (P(ublius) Cornelius / Phileros / Larrasoni / v(otum) s(olvit) l(ibens) m(erito));
  • CIL 12, 05370 (T(itus) Valerius C(ai) f(ilius) Senecio / P(ublius) Usulenus Veientonis l(ibertus) / Phileros / T(itus) Alfidius T(iti) l(ibertus) Stabilio / M(arcus) Usulenus M(arci) l(ibertus) Charito / magistri pagi ex reditu fani / Larrasoni cellas faci<e=V>nd(um) / curaverunt idemque probaverunt)[8] [9] .

Bigarren inskripzioen, Larrasoni cellas aipatzen da, ha da, "Larrasoren cella"; epigrafistek uste dute Mouxen Larraso jainkoari eskainitako santutegia zegoela. Inskripzio hauek ez daude Akitaniarren eskualdean, baina Michel Christolek nabarmentzen du Moux Narbona eta Bordeleko (Akitaniako) bide nagusian kokatuta zegoela[10].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Velaza, Javier. (2012). «El vasco antiguo y las lenguas vecinas según la epigrafía» Euskara eta inguruko hizkuntzak historian zehar (Argitalpen Zerbitzu Nagusia): 75–84. ISBN 978-84-457-3286-1. (Noiz kontsultatua: 2024-06-16).
  2. a b c «'Larrahe' baskoien dibinitateari eskainitako aldare bat aurkitu dute Larunben» Berria 2024-06-15 (Noiz kontsultatua: 2024-06-16).
  3. a b c d e f g Zaldua Etxabe, Luis Maria. (2022). Euskal Herriko Antzinaroko jainko eta jainkosen izenak. Euskaltzaindia, 51-54 eta 139-148 or. ISBN 9788412546392. (Noiz kontsultatua: 2024-06-16).
  4. Gorrochategui Churruca, Joaquín; Ramírez Sádaba, José Luis. (2013-11-10). «La religión de los Vascones. Una mirada comparativa. Concomitancias y diferencias con la de sus vecinos» Cuadernos de Arqueología 21: 113–149.  doi:10.15581/012.21.376. ISSN 2387-1814. (Noiz kontsultatua: 2024-06-16).
  5. a b Aranzadi. «Aranzadik K.o. I. mendeko baskoien aldare bat aurkitu du Larunben» Aranzadi (Noiz kontsultatua: 2024-06-16).
  6. (Frantsesez) Christol, Michel. (2003). «Le patrimoine des notables en Gaule méridionale. Apports et limites de l'épigraphie» Histoire & Sociétés Rurales 19 (1): 133–150.  doi:10.3917/hsr.019.0133. ISSN 1254-728X. (Noiz kontsultatua: 2024-06-25).
  7. Decourt, Jean-Claude. (2004). «Inscriptions grecques de la France (IGF)» MOM Éditions 38 (1): 0–0. (Noiz kontsultatua: 2024-06-25).
  8. «Epigraphik Datenbank» db.edcs.eu (Noiz kontsultatua: 2024-06-23).
  9. Christol, Michel. (2012). «Notes d’épigraphie 13-16» Cahiers du Centre Gustave Glotz 23 (1): 283–314.  doi:10.3406/ccgg.2012.1783. (Noiz kontsultatua: 2024-06-25).
  10. Christol, Michel. (2012). «Notes d’épigraphie 13-16» Cahiers du Centre Gustave Glotz 23 (1): 283–314.  doi:10.3406/ccgg.2012.1783. (Noiz kontsultatua: 2024-06-25).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]