Leonore Davidoff

Wikipedia, Entziklopedia askea
Leonore Davidoff
Bizitza
JaiotzaNew York1932ko urtarrilaren 31
Herrialdea Erresuma Batua
 Ameriketako Estatu Batuak
Heriotza2014ko urriaren 19a (82 urte)
Familia
Ezkontidea(k)David Lockwood (en) Itzuli
Hezkuntza
HeziketaOberlin College (en) Itzuli
London School of Economics
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jardueraksoziologoa, historialaria, akademikoa, saiakeragilea, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea eta arte-historialaria
Enplegatzailea(k)Essexeko Unibersitatea
Oberlin College (en) Itzuli
KidetzaGender & History (en) Itzuli

Leonore Davidoff (New York, AEB, 1932ko urtarrilaren 31 - 2014ko urriaren 19a) soziologo eta historialari feminista estatubatuarra izan zen, aitzindaria emakumeen historiari buruzko ikerketetan eta genero-harremanei buruzko ikerketan, eremu publiko eta pribatuko genero-rolen banaketaren analisia txertatuz.[1][2] 1987an Catherina Hall-ekin Fortunas familiares: hombres y mujeres de la clase media inglesa (1780-1850) lan eragingarria argitaratu zuen, klase ertain ingelesari buruzko lehen ikerketetako bat bihurtu zena, familiako lanaren banaketa sexuala, espazio publiko eta pribatuaren arteko harremana eta familia barruko harremanak edo garaiko erritual sozialak aztertuz.[3]

Essexeko Unibertsitateko irakaslea izan zen, Paul Thompson soziologoarekin Historia Tailerretan parte hartu zuen eta 1975ean Londresko Liburutegi Feminista bihurtu zen Emakumeentzako Ikerketa eta Baliabideen Zentroa zuzendu zuen. 1989an Gender & History aldizkari akademikoaren sortzaileetako bat izan zen.[4][5][6]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Davidoff New Yorken jaio zen. Lau seme-alabetatik bigarrena zen, Idarena eta Leo Davidoffena, Ekialdeko Europako etorkin judu pobretuena. Connecticuteko komunitate protestante zuri batean hazi zen, eta horrek "marjinazioaren lezio goiztiar" gisa balio izan zion. Bere aita, Letoniako etorkina, neurokirurgialari bihurtu zen eta Albert Einste Medikuntza Fakultatearen sortzailea izan zen. Bere ama, Bostonen jaioa eta emigrante lituaniarren alaba, emakumeen eskubideen lehen defendatzaileetako bat eta ezkon-aholkularia izan zen. Neba eta ahizpa zaharrena ere medikuak izan ziren.[1][4]

Davidoffek lehen mailako musika ikasketak egin zituen Oberlin College Ohion, eta ondoren soziologia. 1956an London School of Economics-en (LSE) maisutza egin zuen.[2] Bere tesia emakume ezkonduen enpleguari buruzkoa izan zen ("Employment of Married Women"), eta emakumearen historiaren alorrean geroago egin zituen lanetarako oinarri izan zen, nahiz eta une hartan ez zen argitaratu, "Ez zegoen mugimendu feministarik harremanak izateko, eta berak ezin zuen inolako etorkizunik ikusi horretan".[6]

LSEn egin zuen lehen urtean, Davidoffek David Lockwood ezagutu zuen, garai hartan soziologiako doktoregoko ikaslea, Britainia Handiko klase-izaerari buruzko ikerketa garrantzitsu bat egingo zuena. 1954an ezkondu ziren. Bere hiru seme-alabak jaio eta denbora batera, 1956tik aurrera, Leonorek bere familiarengan jarri zuen arreta eta ikerketa instituzionalerako edozein oinarri galdu zuen. Bizitza osorako eta ezkontza bikaina izan arren, Lockwood eta biak "ez zuten gizarte intelektual bat sortu": senarrak bere lana klase gaietan zentratzen jarraitu zuen, eta ez zion jaramonik egin generoari dimentsio sozial kritiko gisa.[7]

Urte batzuk isolatuta sentitu ondoren, eta "unibertsitateen inguruan baina ez haietan", Davidoffek emakume helduentzat zen Cambridgeko Lucy Cavendish Collegen, babesa eta konexioak aurkitu zituen. Lockwood 1968an Essexeko Unibertsitatera joan zenean soziologiako irakasle gisa, Davidoff han hasi zen ikerlari lanetan. Eta 1975ean historia sozialeko irakasle bihurtu zen, eta Erresuma Batuko emakumeen historiako lehen masterrean irakatsi zuen. 1990ean ikerketa-irakasle izendatu zuten, eta urte batzuk geroago erretiratu egin zen. David Lockwood Davidoff baino hilabete batzuk lehenago hil zen, 2014ko ekainean. Bizirik diraute hiru seme-alabek, Ben, Matthew eta Haroldek, eta haien familiek. Berak eskatuta, 2014ko azaroaren 3ko hileta-elizkizuna Robert Frosten The Road Not Taken (Hartu gabeko bidea) poemarekin hasi zen.[6]

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Davidoff Catherine Hallekin batera 1987an idatzitako Family Fortunes liburuagatik ezaguna da.[1] Paul Thompson soziologoak eta ahozko historialariak adierazi zuen bezala: "Genero-ikuspegiek ekar ditzaketen ideia berrien erakustaldi bikaina da". Birminghameko hiriguneetako eta East Angliako landa-eremuetako familia-harremanen eta klase ertaineko negozioen kasuei buruzko ikerketak erabiltzean, Davidoffek eta Hallek XVIII. mendearen amaieran Ingalaterrako enpresa kapitalistaren bilakaera taxutu zuten. Lana sexuaren arabera banatzen zela erakutsi zuten, familia, ekonomia eta erlijio-sinesmenak aztertuz: gizonek eremu publikoan eta emakumeek eremu pribatuan, hau da, eremu bereizietan, nola jarduten zuten. [1][4] Davidoffek eta Hallek honela deskribatu zuten Family Fortunes: "... XVIII. mendearen amaieratik XIX. mendearen erdialdera arteko klase ertain ingelesaren ideologiei, erakundeei eta praktikei buruzko liburua [...] Argudio nagusia sexua eta klasea beti elkarrekin aritzen direla da, klase-kontzientziak beti forma sexuatua hartzen duela, nahiz eta bien artikulazioa inoiz ez den perfektua ".[8]

Argitalpen batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1999, Doolittle, M., J. Fink eta K. Holdenekin. The Family Story: Blood, Contract and Intimacy (Familiaren historia: odola, kontratua eta intimitatea) 297 p. Londres eta New York: Longman. ISBN 0582303508 ISBN 9780582303508
  • 1987, Hall, Catherinerekin. Family Fortunes: Men and Women of the English Middle Class 1780-1850 (Familia aberastasunak: Ingalaterrako klase ertaineko gizon eta emakumeak 1780-1850) 576 orr. Chicago: University of Chicago Press. ISBN 0226137333 ISBN 9780226137339
  • 1986, Westover, B-rekin. Our Work, Our Lives, Our Words: Women’s History and Women’s Work (Gure lana, gure bizitza, gure hitzak: emakumeen historia eta emakumeen lana) 189 p. Totowa, New Jersey: Barnes & Noble Books. ISBN 1349183768 ISBN 9781349183760

Itzulpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Hall, Catherinerekin. Fortunas familiares: hombres y mujeres de la clase media inglesa, 1780-1850, 17. ber., Feminismos (Madril), 358 or. Valentziako Unibertsitatea, ISBN 843761256X ISBN 9788437612560

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d (Ingelesez) «Leonore Davidoff obituary» the Guardian 2014-11-06 (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
  2. a b (Ingelesez) «Leonore Davidoff, 1932-2014» Times Higher Education (THE) 2014-11-13 (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
  3. Emakumeen egutegia 2022. .
  4. a b c (Gaztelaniaz) «Independent en Español» Independent Español (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
  5. «University of Essex :: Department of Sociology :: Emeritus Professors :: Professor Leonore Davidoff» web.archive.org 2014-11-29 (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
  6. a b c (Ingelesez) «Leonore Davidoff (1932-2014)» STORIESofESSEXSOCIOLOGY 2014-11-04 (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
  7. (Ingelesez) «Leonore Davidoff: An Obituary by Paul Thompson» STORIESofESSEXSOCIOLOGY 2014-11-13 (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).
  8. (Gaztelaniaz) Davidoff, Leonore; Hall, Catherine. (1994). Fortunas familiares: hombres y mujeres de la clase media inglesa, 1780-1850. Universitat de València ISBN 978-84-376-1256-0. (Noiz kontsultatua: 2022-02-04).

 

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]