Oliba Gorriak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Oliba Gorriak
Datuak
JatorriaMarkina-Xemein, Bizkaia
Musika motaPunk rock, Hardcore
Instrumentuakgitarrak, baxua, bateria
Urteak2001 - gaur egun
Produkzioa
Diskoetxea(k)MusikHerria (2005-2008)
Taldekideak
Eneko, Ezkerra, Unai, Egia, Gaizka.
Lehengo taldekideak
Oregi, Koldo
Informazio gehigarria
Badok: oliba-gorriak Musicbrainz: 3f413f51-4ab8-4379-8742-c9fa7fa71c7d Musikasten: oliba-gorriak Edit the value on Wikidata

Oliba Gorriak Markina-Xemeingo punk rock musika taldea da, 2001 urtean sortu zena.

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran koadrila bereko hiru lagunen arteko jolas modura hasi ziren abestiak sortzen Eneko Ostolaza, Josu Egia eta Koldo Larrinaga. Hasi eta gutxira lagun arteko jaialdi batean jo zituzten abesti gutxi batzuk, bateria-jolerik ez zutenez Kenari Arrate aritu zen egun horretan bateria jotzen. Honen ondoren, Xabat Oregi taldera batu eta lehen zuzenekoa emateko abestiak sortzen jarraitu zuten. Berriatuan jo zuten lehen kontzertua Su Ta Gar eta Soziedad Alkoholika taldeekin batera, eta orduan erakutsi zuten zuzeneko jarrera taldearen konstante bat izan da taula gainean, sua, kea eta gonbidatuak besteak beste. Estetikoki ere, kaiku eta txapelekin ateratzen zen taldea lehen etapa honetan. Taldearen eragin musikalei dagokienez, Kortatu, La Polla, Negu Gorriak, Inadaptats, Habeas Corpus, Kop edo Banda Bassotti aipa daitezke beste askoren artean. Hitzen eta taldearen jarreraren aldetik, politikoki ezkertiar eta independentistak dira, gatazka sozialei buruz, internazionalismoari buruz, errepresioari buruz pasibitatea salatuz edo askapen borrokari buruz mintzatzen dira beste gai askoren artean. Taldekideek egindako adierazpenetan beti azpimarratu izan dute komunikaziorako tresna dela taldea, kontzientzia sortzeko eta politikoki eragiteko baliabidea.

Lehen kontzertuak ematen ari zirela, bigarren gitarra bat gehitzea erabaki zuten punk doinuei indar gehiago emateko asmoz. Funtzio hori betetzeko Iban Etxebarria Ezkerra batu zen taldera. Ia 40 kontzertu eman ostean, lehen diskoa grabatzea erabaki, 11 abesti bildu eta Ondarroako Santos Records estudioan sartu ziren. 2005 urte hasieran grabatu zuten eta produkzio lanetan ari zirela, urte bereko martxoan Eneko atxilotu zuen Guardia Zibilak operazio zabal baten baitan. Gertakari honek ez zuen oztopatu “Ogi gogorrari, hagin zorrotza!” izeneko lehen diskoa kaleratzea, uztailean, herriko festetan salgai jartzea erabaki zuten. Markina-Xemeingo taberna eta txosnetan diskoa salgai jarri zuten egun berean, bat-batean, Eneko askatu zuten baldintzapean. Argitaratutako 500 aleak agortu egin ziren hilabete gutxian. Disko honetan punk rock doinuak ziren nagusi, abesti batzuk ska musikarekin uztartuz eta beste abesti batzuk hardcore doinuetara hurbilduz. Hitzen aldetik, aldarrikapenak dira nagusi. Aipatzekoak dira Telesforo Monzonen Txikia abestiaren bertsioa, diskoari izena ematen zion abestia, Dos Pobles Una Lluita edo Pennywise taldearen musika bertsionatzen zuen Iragana, Oraina eta Geroa abestia. Kolaborazioz betetako diskoa zen, Tuboskapi taldeko haizeak, Inadaptats taldeko Alex, Aterkings taldeko Txurruka, Txato Plato taldeko Maiztegi, Markina-Xemeingo Gazte Asanbladako kideak, Gorka Ostolaza Potxis eta Lander Baltza bertsolariak, Maria Aramaio pandero-jolea…

Lehen diskoa zuzenean aurkezteari uko eginda, taldea bigarren diskoa osatzeko abestiak sortzen hasi zen. Etapa berri honetan, Oregik taldea uztea erabaki zuen eta bere lekua betetzeko, Kloratita taldeko lagunen bidez ezagutu zuten Unai Bergara batu zen taldera. Garai honetan sortu zen MusikHerria Herri Disketxea eta Oliba Gorriak kolektibo honetan sartu zen hastapenetatik. Diskoetxea aurkezteko, 2006ko martxoaren 4an jaialdi berezi bat antolatu zen Durangon eta egun honetarako diskoetxearen aurkezpen abestia osatu zuen taldeak. Estudio berean grabatutako “MusikHerria” abestian ska eta punk-rock doinuak hautatu zituzten eta kolaborazioz beteta dago, Tuboskapi taldeko haizeak, Amaiur taldeko Naroa Gaintza eta Konter taldeko Torro. Abesti hau diskoetxeak kaleratutako bigarren bilduman aurki zitekeen soilik. Jaialdi honetan, taldea oholtzara igo zen abesti berria aurkeztu eta kantu gutxi batzuk jotzeko. Handik hilabete batzuetara, 8 abesti berrirekin Santos Records estudioan sartu ziren hirugarrenez. 2006ko abenduan argitaratu zuten “Bake faltsuari gerra” izeneko bigarren diskoa, Durangoko Azokan hain zuzen. Argitaratu zituzten 1000 aleetatik gehienak agortuak daude baina taldeak ez du datu zehatzik, salmenten kontrola galdu baitzuen. MusikHerriaren zigilupean kaleratutako lan honetan ere punk-rocka zen nagusi baina oraingoan haizeak albo batera utzi eta gehiago hurbildu ziren hardcore doinuetara, nahiz eta reggae eta ska soinuak entzun daitezkeen abesti batean. Hitzei dagokienez salaketa da nagusi eta kolaborazioen aldetik El Corazon del Sapo eta Kuraia taldeetan aritutako Fernando Sapo eta Dirties taldeko Moin izan zituzten lagun. Bigarren lan hau zuzenean aurkezteko, eta bide batez lehen diskoa defendatzeko, lan bien izenak nahasten zituen birari ekin zioten. 2007ko urtarrilean Durangoko Plateruenan abiatu zuten “Bake faltsuari hagin zorrotza´07” bira.

Etapa berri honetarako kaikua eta txapelak kamuflajedun praka eta matxinadarako deia zeramaten kamisetekin ordezkatu zituzten eta besteak beste hanka-paloak, bideo proiekzioak eta dultzaineroak txertatu zituzten zuzenekoetan. Bira honek urtebete iraun zuen, horrela, Gasteizko Gaztetxean, Gazte Martxan Laudion, Ziburuko Gaztetxean, Ikasle Egunean Usurbilen edo San Ferminetan Iruñean joz. Bira horretan Euskal Herritik kanpo ere jo zuten lehen aldiz, Manresako festetan hain zuzen, Herrialde Katalanetan. Taldearen orain arteko azken zuzenekoa ere Herrialde Katalanetako Roda de Ter herrian izan zen, 2007ko abenduan. Etapa hau itxi eta berri bat irekitzeko asmoz, taldekideak hirugarren diskoan pentsatzen hasi ziren, baina sortze prozesua hastearekin batera, hau eten egin behar izan zuten. Izan ere, 2008ko urtarrilean Eneko eta Ezkerra atxilotu zituen Espainiar Poliziak. Bi urte eta erdira, sarekada honetako lau kide absolbitu zituen Auzitegi Gorenak, horien artean Ezkerra.

Oliba Gorriak-en X. urteurrena ate joka zelarik, zerbait berezia egitearen burutapena gorpuzten hasi zen taldekideen artean eta ideiak landuz, osatuz, sakonduz eta kontrastatuz pertsona eta musikari bezala pendiente zuten ataka pertsonal eta kolektibo bat gorpuzteko hautua hartu zuten. Abeslaria espetxean zela ezintasunak sukoi bihurtu, isolamendua, interbentzioak… gainditu eta ziega zulotik bozgorailuetara hitzak eta idatziak eramanaz, utopia gorpuzteko erabakia gorpuzteko erabakia forma hartzen joan zen. Koldoren ordez Gaizka Muñoz talderatu eta prozesu luze eta sinestezin baten ondotik, sei urteko ixiltasuna antolatu, ahotsik gabeen ahots bilakatutako 22 abeslariekin osagarritu, 402 kooperatibisten finantziaketarekin, ezagutu den gerrilla musikal metaketa garrantzitsuena antolatu eta, Oliba Gorriak kolektibo bihuru ostean… 2013ko abenduan eta 2014ko urtarrilean Arratzuko Korturec estudioetan Jon Urriolabeitiaren eskutik Ideien Guda taldearen 3. lan luzea argitaratu berri da. Lan landua eta mardula, diska kontzeptuala eta osoa… esentzia eta sustraiak mantenduz, ate berriak irekitzen dituen lana… Norbanakoak eta abangoardiak,Iraultzaren norabide galduaSorkuntza II edota Pravda kantuak dira esandakoaren adierazgarri.

Koperatibisteei distribuzioa bermatu eta salmenta puntuak finkatu ostean, eskura dugu Oliba Gorriak-en lan berria eta taldeak dioenaren arabera “Laster arte batekin agurtzen hasiko gara, jakinarazten dizuegu abeslaria berriro gurekin izaki berregokitzeko barne prozesu pertsonal eta kolektibo batetan murgilduta gaudela eta gure hurrengo urrats eta erritmoak geure behar izanen arabera emango ditugula… Hori bai, gutxien uste duzuen momentuan eta formatuan aurkituko dugu berriro elkar… Oliba Gorriaken suak pizturik dirau ideien gudak bizirik darrai! Adi egon seinaleari!”.

Taldekideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Eneko: ahotsa
  • Ezkerra: gitarra
  • Gaizka: gitarra
  • Unai: bateria
  • Egia: baxua

Diskografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolaborazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]